ENEKO GARCÍA eta AIERT COBO: Telezorroza

“Saiatuko gara ahal dugun heinean gure bi atalak mantentzen: berriak eta DJa”

Azken urteotan auzoko saltsa guztietan bi gaztetxo dabiltza Zorrotzan gertatzen den oro argazki eta bideoen bidez kontatzen. Hori ez ezik, Aiert eta Eneko DJ lanetan hasi dira, adin guztietako auzotarrak dantzan jarriz beraien alaitasun kutsakorrarekin. Gaur Zorrotza Eguna da eta soinu ekipoaz arduratu ondoren Trapagara joango dira, auzotik kanpoko beren lehen emanaldia egitera. 

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Zenbat urte dituzue eta noiztik ezagutzen duzue elkar?

Aiert: Txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolako lagunak gara. Biak gara 2009koak.

Eneko: Ni denboraldi batez Deustuko ikastolan ikasi banuen ere, Zorrotzako Institutuan nabil orain. DBHko 4. mailan gaude, bukatzear.

Nondik dator Telezorroza sortzearen ideia?

Eneko: Nire familiaren herrian, Azagran (Nafarroan), bada tokiko komunikabide bat jaietan eta horrelakoetan bideoak egiten dituena, Internetera igotzeko. Orduan, pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela Zorrotzan antzekoren bat egitea eta Aierti proposatu nion.

Aiert: Bere ideia orain dela asko kontatu zidan, artean Lehen Hezkuntzan geunden. Pixkanaka-pixkanaka ideiari forma ematen joan ginen eta, azkenean, 2021eko otsailaren 20an, Telezorroza profila sortu genuen sare sozialetan.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Aiert: Hasieran auzoko berriak ipintzen genituen baina bere herrian bezala egin nahi genuen, auzoko jaietan bideoak grabatu eta abar.

Eneko: 2021ean pandemia zegoenez, aukerak apurka-apurka iristen hasi ziren. Hala ere, txikitatik Gure Lurran ibili garenez, erraza izan dugu auzoan zer mugitzen den jakitea eta hortik hasi ginen, auzoko berriak gure sare sozialetan zabaltzen.

2023ko irailetik hona hamar DJ saio eman ditugu jada

Nola egiten duzue hori guztia?

Aiert:  Hainbat eragileren sareetan dauden berriak, deialdiak, irudiak, bideoak eta abar gure sareen bidez hedatzen ditugu. Bestalde, ekitaldietatik pasatzen gara irudi eta bideoak hartuta, gure argitalpen propioak eginez.

Eneko: Auzoko ekitaldietako argazki eta bideoak bildu eta sailkatzen ditugu argitaratzeko eta, batzuetan, bideomuntaiak ere egiten ditugu. Gainera, elkarrizketa batzuk grabatu ditugu, esaterako Zorrotzako Futbol Sala taldeari eta Zorrotza Futbol Taldeari.

Auzoko zenbait talderekin elkarlanean ere aritzen zarete …

Eneko: Zorrotzako Areto Futboleko argazkilari ofizialak gara eta 2023tik Zorrotzako Jaietako komunikabide ofiziala ere bagara.

Aiert: Gainera, Gure Lurrakoak izanda jarduerak antolatzen laguntzen diegu eta iaz Txinbotarrak konpartsan parte hartzen hasi ginen, txosna montatzen eta DJ kalejira egiten. Zorrotza Futbol Taldeari ere lagundu genion, Errege Kopa auzora ekarri zutenean. Jai Batzordean ere ahal dugun guztian laguntzen dugu, esaterako, gaur sonorizazioaz arduratu gara.

Nola sortu zenuten DJ atala?

Eneko: Nik musika oso gustokoa dut; eta Aiertek, berriz, soinu eta irudi kontrola. Jai Batzordeak 2023ko jaietarako DJ leihaketa bat antolatu zuen eta erabaki genuen izena ematea. Uste dut ni ondo moldatzen naizela jendea animatzen eta Aiert musika nahasten.

Aiert: Bideo bat grabatu behar zen leihaketarako eta irabazleen artean geratzeagatik jaietako lehenengo gauean jo genuen, kioskoan. Izugarria izan zen, gure estreinaldia eta kriston soinuarekin gainera!

Eta geroztik ez zarete gelditu…

Eneko: Ez, urte horretan bertan Gure Lurrak eta Jai Batzordeak Auzokan antolatutako Gau Beltzan ere DJ animazioa egin genuen. Eta 2024an ere saio eskerga izan dugu. Inauterietan jaitsiera ondoko jaia alaitu genuen. Zorrotza Egunean, berriz Gaztetxean jo genuen. Eta Aste Nagusian, gure lehen DJ kalejira egin genuen Areatzako kaitik, Marijaia, pregoilari eta txupinerarekin, Txinbotarrak konpartsaren egitarauaren barruan.

Aiert: Gero, Zorrotzako Jaietan berriro atera ginen kalejiran eta azaroan beste behin ere, Harrapari Taldearen 15. urteurrenerako. Aurten, otsailean, Telezorrozaren 4. urteurrena ospatzeko saio bat antolatu dugu Gaztetxean eta Txinboegunean auzotik atera gara kalejiran. Gaur arratsaldean Trapagara joango gara kalejira egitera, Lonjero Eguna dela eta; auzotik kanpoko gure lehen emanaldia, Aste Nagusikoa aparte utzita, noski.

Auzoko berriak gure sareen bidez hedatzen ditugu

Nola suertatu da Trapagakoa?

Eneko: Sare sozialen bidez aurkitu gaituzte, DJ kalejira baten bila zeuden.

Aiert:  Eta gu pozik!

Zuen lehen saiotik hona soinu, argi eta efektuetan hobetuz joan zarete, nola ikasi duzue?

Eneko: Hori Aiertek kontatuko dizu, ni ez naiz trebea gauza horietan, nirea animatzea da.

Aiert: Nire aldetik ikasten joan naiz, kuriositateagatik. Hala ere, otsaileko festaren ondoren, Iker Mentxakak – lagun batek – proposatu zidan Gaztetxeko teknikariekin elkartzea, eurengandik ikasteko eta jadanik hainbatetan egon gara beraiekin. Nik argiak ditut gustukoen; Ikerrek, berriz, soinua.

Gaur bozgorailu berriak estreinatzen ari zarete, nola lortu dituzue?

Aiert: Gaztetxeko teknikariek elektrotxaranga bat dute eta jada ez zituzten behar; gainera, lokalean ez zuten lekurik gordetzeko. Beraz, eman egin dizkigute, zaindu egingo ditugula jakinda.

Eneko: Atzo soinua probatzen ibili ginen eta ikusi genuen orgara lotuta montatzea posible genuela, beraz, gaur Trapagara eramango ditugu. Ea osorik bueltatzea lortzen dugun, maldan behera ibili beharko gara-eta!

DJ atala duzuenetik, kostatzen al zaizue berrien atala elikatzea?

Eneko: Bai, orain batez ere Instagrameko argitalpenak egiten ditugu. Gure jarraitzaile gehienak auzokoak dira eta elkarrekintza asko izaten ditugu.

Aiert: Lehen bideo asko egiten genituen Youtubera igotzeko, orain ia batere ez. Ez dugu apenas denborarik.

Martxa honetan jarraitzea zaila ikusten duzue?

Eneko: Saiatuko gara ahal dugun heinean gure bi atalak mantentzen: berriak eta DJa.

Aiert: Bi fitxaje berri egin ditugu, Oier Pando eta Begoñe Tolosa, institutuko lagunak. Nik Oierri DJ lanak irakatsiko dizkiot, eta Begoñe gure managerra izatea nahi dugu, argazkiak ateratzea eta abar.

Euskara zuen jardueran oso presente dago baina Telezorroza izena duzue, Telezorrotza barik. Zer dela eta?

Eneko: Euskara sustatzea gure helburuetako bat da, horregatik argitalpen guztiak elebitan daude eta DJ festetan jarritako kanta asko euskaraz dira.

Aiert: Ideia izan genuenean Telezorroza jarri genion eta horrela geratu da, beste barik.

Zeintzuk dira zuen hurrengo hitzorduak?

Eneko: Aste Nagusirako “Konkis” moduko leihaketa bat antolatu nahi dugu konpartsen artean, goizean egiteko. Konfirmazioaren zain gaude.

Aiert: Eta auzoko jaietan DJ saio bat ematea gustoko genuke, ahal bada.

“Gurasoek hasieratik babestu gaituzte proiektuarekin”

Nondik datorkizue musikarako zaletasun hori?

Gure aitak oso musika zaleak dira eta talde asko ezagutzen dituzte. Musika asko entzun dugu.

Musikaz aparte bestelako zaletasunik?

Aiert: Txirrindularitza, baina lehiatzeari utzi diot.

Eneko: Nik arraun egiten dut Deustun, ia egunero entrenatzen dut. Aurten Euskadiko txapeldun geratu gara eta Espainiako hirugarren.

Zer ikasiko duzue hurrengo urteetan?

Aiert: Mikroinformatikako erdi-mailako zikloa egingo dut, nire helburua ikus-entzunezkoen goi-mailako zikloa egitea da.

Eneko: Nik Gizarte Zientzietako Batxilergoa egingo dut, ziur aski enpresa ikasketak egiteko.

Nola ikusten dute zuen gurasoek Telezorroza proiektua?

Eneko: Gurasoek beti esaten digute lehentasuna ikasketak direla, baina hasieratik babestu egin gaituzte proiektu honetan.

Aiert: Gaur nire aitak eramango digu gurditxoa bere furgonetan, adibidez.

TANYA DELGADO LÓPEZ

“Lanerako izan ezik, ez dut Bilbora  joan beharrik”

Jaiotokia: Algeciras, (Cádiz)

Noiztik: 2020ko irailetik 

Adina: 33 urte

Lanbidea: Erizaina.

Bere bizitzan aldaketa bat behar zuelako eta lan baldintza hobeen bila heldu zen gurera Tanya duela bost urte. Eguraldia oso gustukoa izan ez arren, ez zaitzaion batere kostatu gurean egokitzea. Egun, bizitza hemen dauka eta zoriontsua da Zorrotzan, giro aparta dagoelako eta auzoak denetarik duelako

TESTUA eta ARGAZKIAK: NAROA PEÑA

Nolatan edo zergatik etorri zinen?

Urte batzuk neramatzan erizain lanetan Gibraltarren, eta osasun publikora aldatzeko gogoa nuen. Garai hartan, pandemia zegoen, eta SASek hilabeteko kontratuak eskaintzen zituenn, beraz, ezin nuen  Gibraltarren nuen lan finkoa utzi osasun publikoan  hilabeteko kontratu bat hartzeko. Uda osoa bi lekuetan %100eko kontratuarekin egon nintzen. Bestalde, Gibraltarreko lankide bat hona etorri zen lanera, oso pozik zegoen eta lan baldintzak oso onak ziren. Aldaketa bat behar nuen nire bizitzan eta horren aldeko apustua egin nuen. Eta hemen jarraitzen dut, ia 5 urte geroago…

Oso ezberdina da hango bizimodua edo gurearen antzekoa da?

Ez dauka zerikusirik. Nire kasuan, hiriaren kanpoaldean bizi nintzen, menditik gertu eta paisaia oso polita eta lasaia zen,  baina autoa behar nuen edozertarako. Han  bizitza ez da auzoetan egiten, hemen bezala.

Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi ohituetara moldatzea?

Ezta pentsatu ere! Lehen unetik oso ondo sentitu nintzen hemen, bai lanean, bai egunerokoan. Oso erraza izan zen egokitzea, nahiz eta eguraldiak batzuetan hemen egon behar ote nuen ala ez pentsarazi zidan.

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Denetarik daukala. Lanerako izan ezik, ez da Bilbora joan behar ezer egiteko… Giroa dago eta ondo komunikatuta dago. Bilbora bisitan norbait etortzen denean orduan erdialdera joaten naiz, baina normalean, auzoan egiten dut bizitza (erosketak, kirola, poteoa…). Eta txarrari dagokionez, ez zait ezer bururatzen. Esango nuke ez dagoela ezer gustatzen ez zaidanik auzoan.

Ia bost urte hemen eman ondoren, Cadizeko zeren falta duzu gehien?

Batez ere, familia. Eta hondartza  gertuxeago izatea.

Eguraldia izan ezik, oso erraza egin zitzaidan hemen egokitzea

Zure herrira askotan bueltatzen zara?

Urtean gutxienez bizpahiru aldiz joaten saiatzen naiz, behintzat, Eguberrietan eta udan.

Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?

Bada, esan dizudan bezala, erizaina naiz. Orain osasun-zentro batean egiten dut lan, goizez izaten dut txanda, arratsaldean euskaltegira joaten naiz eta gero Bizifitness-en entrenatzera joaten saiatzen naiz (nire deskarga momentua da). Asteburuetan bikotekidearekin eta lagunekin denbora pasatzen saiatzen naiz, zerbait hartzeko, ibilaldiren bat egiteko edota San Mamesera joateko.

Euskara ikasi duzu?

Ikasten ari naiz, A1 mailan nago.

Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa izan duzu ala Zorrotzan betiko geratzeko erabakia hartua duzu?

Gaur egun ez daukat inora itzultzeko asmorik. Nire bizitza hemen daukat eta zoriontsua naiz. Familiafen falta dudan arren, hegazkinez ordu bat eta erdira baino ez daude… Gainera, ez legoke modurik nire bikotekide euskalduna hemendik inora eramateko, kar-kar!





























































Gaur egun ez daukat
inora itzultzeko asmorik. Nire bizitza hemen daukat eta zoriontsua naiz.
Familia
fen falta dudan arren, hegazkinez ordu bat eta erdira
baino ez daude… Gainera, ez legoke modurik nire bikotekide euskalduna
hemendik inora eramateko, kar-kar!




Jaiotokia:
Algeciras, (Cádiz) Noiztik:
2020ko irailetik  Adina: 33
urteLanbidea:
Erizaina.
Bere
bizitzan aldaketa bat behar zuelako eta lan baldintza hobeen bila heldu zen
gurera Tanya duela bost urte. Eguraldia oso gustukoa izan ez arren, ez
zaitzaion batere kostatu gurean egokitzea. Egun, bizitza hemen dauka eta
zoriontsua da Zorrotzan, giro
aparta
dagoelako eta auzoak denetarik duelako
Nolatan edo zergatik etorri zinen?Urte batzuk
neramatzan erizain lanetan Gibraltarren, eta osasun publikora aldatzeko gogoa
nuen. Garai hartan, pandemia zegoen, eta SASek hilabeteko kontratuak eskaintzen
zit
uenn, beraz, ezin nuen  Gibraltarren nuen lan finkoa utzi osasun
publikoan
 hilabeteko kontratu bat hartzeko. Uda osoa bi lekuetan %100eko
kontratuarekin egon nintzen. Bestalde, Gibraltarreko lankide bat hona etorri
zen lanera, oso pozik zegoen eta lan baldintzak oso onak ziren. Aldaketa bat
behar nuen nire bizitzan eta horren aldeko apustua egin nuen. Eta hemen
jarraitzen dut, ia 5 urte geroago…
Oso ezberdina da hango bizimodua edo
gurearen
antzekoa da?Ez dauka
zerikusirik. Nire kasuan, hiriaren kanpoaldean bizi nintzen, menditik gertu
eta paisaia oso polita eta lasaia zen,  baina autoa
behar
nuen
edozertarako. Han  bizitza ez da auzoetan egiten, hemen bezala.Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi
ohituetara moldatzea?
Ezta
pentsatu ere! Lehen unetik oso ondo sentitu nintzen hemen, bai lanean, bai
egunerokoan. Oso erraza izan zen egokitzea, nahiz eta eguraldiak batzuetan
hemen egon behar ote nuen ala ez pentsarazi zidan.
Zer da Zorrotzan gehien gustatzen
zaizuna? Eta gutxien?
Denetarik
daukala. Lanerako izan ezik, ez da Bilbora joan behar ezer egiteko… Giro
a dago eta ondo komunikatuta dago. Bilbora
bisitan norbait etortzen denean orduan erdi
aldera joaten naiz, baina normalean, auzoan
egiten dut bizitza (erosketak, kirola, poteoa…). Eta txarrari dagokionez, ez
zait ezer bururatzen. Esango nuke ez dagoela ezer gustatzen ez zaidanik auzoan.
Ia bost urte hemen eman ondoren, Cadizeko
zeren falta duzu gehien
?Batez ere,
familia. Eta hondartza  gertu
xeago izatea.Zure herrira askotan bueltatzen zara?Urtean
gutxienez bizpahiru aldiz joaten saiatzen naiz,
behintzat, Eguberrietan eta udan.Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?Bada, esan
dizudan bezala, erizaina naiz. Orain osasun-zentro batean egiten dut lan,
goizez izaten dut txanda, arratsaldean euskaltegira joaten naiz eta gero
Bizifitness-en entrenatzera joaten saiatzen naiz (nire deskarga momentua da).
Asteburuetan bikotekidearekin eta lagunekin denbora pasatzen saiatzen naiz,
zerbait hartzeko, ibilaldiren bat egiteko edota San Mamesera joateko.
Euskara ikasi duzu?Ikasten ari
naiz, A1 mailan nago.
Zure herrira berriro bizitzera
bueltatzeko asmoa izan duzu
ala Zorrotzan betiko geratzeko erabakia hartua
duzu?

MONTSE VÁZQUEZ: Trail korrikalaria

«Izena eman nuen mendiko lehen lasterketa 30 kmko Trail Kosta izan zen, eta irabazi egin nuen»

Montse Vázquez 30 urterekin hasi zen korrika egiten, lehen alaba izan ondoren, haurdunaldiaren ostean berriro ere sasoian ipintzeko. Hasieran korrika egitea oso gustuko ez zuela onartu arren, laskerketetan nahiko ondo lehiatzen zuela konturatu zen, hain ondo non bere lankideek animatuta parte hartu zuen lehen mendi lasterketa irabazi zuen. Une hartan kirol ibilbide bikaina hasi zuen. Tartean, beste hainbat kirol lorpenen artean, Euskadiko eta Espainiako kilometro bertikaleko txapelduna izan da birritan. Gaur, 53 urterekin, eta urtebetez lesionatuta egon ondoren, sentsazioen arabera entrenatzen da. Bere ibilbidea aztertuz, orain, lehiaketaz harago trailez gozatzen ikasi duela aitortu du.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nola hasi zinen trail egiten?

Ni gimnasia irakaslea nintzen, eta nire lehen alabaren amatasun bajan, errekuperatzeko korrika egiten hasi nintzen. Lasterketa motzak egiten hasi nintzen, etxetik Kastrexanaraino eta buelta, adibidez. Hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina pixkanaka lasterketetan izena ematen hasi nintzen, asfaltoan… Eta lehen postuetan geratzen nintzen. Beraz, argi dago ez zitzaidala batere gaizki ematen. Nire lehen mendi-lasterketa, Forum Sportek antolatzen duen Kosta Trail bat izan zen. Nik bertan egiten dut lan, eta hiru lankidek animatu ninduten haiekin izena ematera, nahiz eta ordura arte nik ez nuen inoiz mendian korrika egin. Beraz, nire lehen mendi lasterketa, 30 km. asfaltoan korrika egiteko zapatilekin… eta hala ere, lasterketako txapelduna izan nintzen. Emaitza horren ostean, Sestao Alpino kluba nire bila etorri zen, eta klubean sartu eta probatzea proposatu zidaten. Hasiera batean ezetz esan arren, geroago hala egin nuen

Eta horrela hasi zen zure kirol-ibilbide arrakastatsua…

4 aldiz irabazi dut Kosta Traila; 2 aldiz izan naiz Euskadiko Trail txapelduna, bertikaletako markak hautsi ditut; 8 urtez Espainiako eta Euskadiko txapeldun izan naiz gara klubetako lehiaketan; … Oso harro nago lorpen hauetaz guztiez. Inoiz ez dut neure burua atleta handitzat hartu, baina beti gustatu izan zait onenekin lehiatzea. Hainbat urte lehiatzen ibili ondoren, berriz, orain gozatu nahi dut, eta pozik nago taldekide gazteei laguntzen eta gozarazten. Iaz geldirik egon nintzen lesioen erruz, eta horrek lagundu dit gozatzen ikasten,  eta konturatu naiz ederrena ez dela dortsala janztea eta lehiatzea.

​​Zer gertatu zitzaizun min hartzeko?

Duela bi urte ultra asko (60 km-tik gorako lasterketak) egin nituen eta mina izaten hasi nintzen… Pubalgia bat arrastaka eraman nuen bi urtez, baina ez nintzen gelditu aurreikusita nituen lasterketa haiek egin nahi nituelako… Baina gorputza jakintsua da, abisuak ematen ditu, eta ni jada ez naiz gaztea. Iaz pubalgia bat izan nuen, eta horrek behartu ninduen gelditzera, eta urte eta erdi eman dut dortsal bat jantzi gabe.

Joan den martxora arte…

Bai, dortsal bat jantzi nuen berriro Benidormeko Puig Campana kilometro bertikalean. Oso gustura aritu nintzen. Gailurrera iristea nuen helburu, lasterketa amaitzea alegia. Lortu nuen, eta, gainera, maila handiko lehiaketa batean hamargarren geratu nintzen sailkapen nagusian eta hirugarren nire kategorian.

Zein da zure kirol lorpenik garrantzitsuena?

Castelloneko Marató Dels Dements maratoia aipatuko nuke. Inoiz egin dudan lasterketarik gogorrena da. Gonbidatu ninduten, eta parte hartu nuen lehenengo urtean ez nekien zer aurkituko nuen. Hasi aurretik, beste korrikalari batzuk harrituta geratu ziren ni mendiko makilarik gabe ikusi nindutenean: “zu horrela ez zara helmugara iritsiko…” Ba lehena iritsi nintzen eta txapelketa irabazi nuen. Oso lasterketa teknikoa zen, gainera. Ez zegoen ezer berderik, ezta lokatzik ere, eta niri izugarri gustatzen zait korrika egitea lokatza badago.

Urtebete lesionatuta egon ondoren, gozatzen ikasi dut eta konturatu naiz politena ez dela dortsala jantzita lehiatzea

Zer lasterketa mota duzu gustukoen?

Lasterketa gogorrak eta desnibelik handiena dutenak. Zenbat eta desnibel handiagoa, orduan eta gusturago ibiltzen naiz  eta abantaila handiagoa dut. Ikaragarri gustatzen zaizkit bertikalak. Nire lehen lasterketa bertikala Anboton izan zen. Marka hautsi nahian zebilen Ana Conde eta Oihana Kortazarrekin batera iritsi nintzen. Horrelako lehiaketetan, kirolari onenak azkenak ateratzen dira. Ni haiek baino minutu gutxi batzuk lehenago atera nintzen, baina  hala ere, onenekin batera heldu nintzen gora, eta niretzat hori zoragarria izan zen. Jende pila bat zegoen igoeran animatzen… Izugarri gustatu zitzaidan.

Nire indargunea horrelako igoera-mota da. Logikoena da mendiko lasterketak jaitsieretan irabaztea, baina ni ez naiz batere teknikoa. Beraz, badakit irabazi nahi badut, minutu askoko aldearekin iritsi behar dudala gora. Jaitsieretan, batzuetan batez ere, beherantz begira noa, beldur pixka batekin… Izan ere, mendiari  errespetu apur bat ere badiot.

Zenbat denbora ematen duzu eta ematen zenuen lehen entrenatzen?

Lehen denbora asko ematen nuen. Entrenatzaile pertsonalak nituen, eta haiek ezarritako planetara egokitu beharra dago: indarra, serieak edo dena delakoa… Iraupen-lasterketa tokatzen bazen, goizaldeko 4etan jaikitzeko beharra zegoen, eta frontalarekin mendira arratsaldeko 14ak arte… Lasterketa mota bakoitzak denbora eta entrenamendu mota desberdinak eskatzen ditu. Orain, berriz, sentsazioen arabera entrenatzen naiz: gorputzak eskatzen didanaren arabera.

Domina eta kirol lorpen guztiez gain, zer gehiago eman dizu trailak?

Jende zoragarria ezagutu izana. Honen guztiaren onena aurkitu dudan jendea da.

Suposatzen dut atleta gutxi bizi daitezkeela honetatik. Babeslerik edo laguntza ekonomikorik izan duzu?

Ez, ez dudalako inoiz hala nahi izan. Zerbait eskaini izan didate, baina beti  egin diot uko. Nire familia eta lana lehenetsi ditut beste aukera batzuen aurrean… Dirua irabazi dut, bai, baina honek ez du bizitzeko behar beste ematen. Adibidez, Bilboko bigarren gaueko maratoian 1.600 euro irabaztea lortu nuen. Ez zegoen letra txikirik eta sariak pilatzeko modukoak ziren: bigarren geratu nintzen sailkapen nagusian eta hemengo korrikalarien artean lehena. Bi sariak batuta, maratoia irabazi zuen atleta etiopiarrak baino diru gehiago irabazi nuen. Baina lehen esan bezala, oso jende gutxi bizi daiteke kirol honi esker, nahiz eta oso kirol zorrotza izan, eta uste dut traileko kirolariok ez dugula merezi dugun errekonozimendua.

Familia, lana… Nola ateratzen duzu denbora entrenatzeko eta lehiatzeko?

Ahalegin handiekin eta buruhauste handiekin, ez pentsa, igande goizetan adibidez familiarekin gosaldu ahal izateko. Egia da kirolari denbora asko eskaini eta eskaintzen diodala, bai, asko gustatzen zaidalako. Baina beti izan dut oso argi, lehenengo gauza nire familia zela; bigarrena lana, eta ondoren kirola.

Lasterketa gogorrak eta desnibel handikoak gustatzen zaizkit. Igoerak dira nire indargune handiena

LABURREAN

“Esan dezaket kirol honetan ez dudala bete gabeko helbururik”

Kirolari erreferenteren bat?

Asko, baina bat aukeratu behar badut, Maite Maiora nabarmenduko nuke.

Ba al da igo gabeko eta gogoko zenukeen gailurra ala lehiaketaren bat?

Camille Xtream edo Zegama Aizkorri berriz egitea gustatuko litzaidake. Martxoan lehiatu nuen Puig Campana buruan sartuta neukan, bere garaian, lehiatu behar nuenean, bertan behera gelditu zelako.

Trailen bete gabeko ametsik geratzen al zaizu?

Ez. Esan dezaket ez dudala arantzarik sartuta. Mendiaz, jendeaz eta kirol honetan egin ditudan lagunez gozatzea lortu dut. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Gure inguruak aproposak dira menditik korrika egiteko. Zein da gure inguruko zure lekurik kuttunena?

Zorionez, egia da hemen eremu asko daudela entrenatzeko eta gozatzeko. Bat aukeratu behar badut, Ganekogorta, Fuente del Espinoko igoeratik esango nuke. Dena den, jende askorik ez dagoen edozein leku. Orain, batez ere igandeetan, jende asko egoten baita mendian.

WHITNEY LINETTE LÓPEZ

“Zenbat eta euskara gehiago ikasi, orduan eta gustukoagoa dut“

Jaiotokia: La Vega (Dominikar Errepublika)

Noiztik: 2017tik hemen. (2011tik) 

Adina: 29 urte

Lanbidea: Delineatzailea.

Oso gazte atera zen Whitney Dominikar Errepublikatik. Hainbat lekutan egon ondoren, Castron bizi izan zen, baina Bilbon ikasten zuenez, hona mugitu ziren. Oso gustura dago, besteak beste, hemen kuadrillan beti dagoelako zer egin.

TESTUA: AINARA GARCÍA. ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nolatan edo zergatik etorri zinen?

Amaren erabakia izan zen, adin txikikoa izanda, berarekin eta anai-arrebekin etorri nintzen. Nahiz eta gure familiaren egoera edo bizi kalitatea txarra ez izan, jaioterriko segurtasun falta eta bertan bizitzeko beldurra izan zen hona etorzeko arrazoi nagusia. Hainbat lekutan bizi izan gara; hasieran Portugalen egon ginen, handik Leonera, Ponferradara eta Castrora joan ginen, azkenik, Bilbon geratzeko. Castron bizi ginela, nire ahizpa EHUn ikasketak egiten ari zen eta ni ere Bilbon bertan goi mailako gradua egiten ari nintzen. Hainbeste joan-etorri egiteak zentzurik ez zuenez, familia osoa Bilbora bizitzera etortzea erabaki genuen. Orain ez nuke Bilbo ezergatik aldatuko.

Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi ohituretara moldatzea?

Ez zait gehiegi kostatu, alde batetik, hona heltzean gaztea nintzelako eta, bestetik, gure herriek lotura handia dutelako, herri latinoak izanda eta partekatutako historia kontuan hartuta, arlo askotan ezaugarri ezagunak topatu ditut. Ezberdintasun nagusiak, agian, bertan familiaz inguratuta bizi ginela eta klima aldaketa izan dira. Jaioterriko klima guztiz tropikala zen, urte osoan beroa.  Hona etortzean, guztiz kontrakoa topatu genuen. Gogoratzen dut hona heldu bezain laster, abenduan iparraldean oso ohikoa den bezala, 21 egun eguzkirik gabe igaro genituela. Izugarria iruditu zitzaidan! Denborarekin guztiz moldatu naiz eta gaur egun ez dut beroa jasaten.

Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?

Bilbo oso garbia eta ondo antolatuta iruditu zitzaidan, estatu espainiarreko beste hiriekin alderatuta ere bai. Gauza berri asko daudenez, garbitasun sentsazioa ematen du. Eta enpresa-bazkariak egitean, mahainguruan ordu pila egotearena ez dut oraindik oso ondo ulertzen. Hori bai, txuletoia jatera oso ondo ohitu naiz.

Oso desberdina zen jatorriko bizimodua auzokoaren aldean?

Gauza asko oso antzekoak dira. Nire jaioterrian naturaz inguratuta egotera ohituta nengoen eta Zorrotzan oso ondo moldatu naiz inguruan naturgune asko daudelako. Hamar minututan mendian egon naiteke, eta horrek etxean bezala sentiarazten nau. Bestalde, hemen egiten den kaleko bizimodua oso gustukoa dut. Han, arratsaldeko seietan gaua da eta, segurtasun arazo larriak daudenez, lagunduta irten behar da ala etxean gelditu. Familiarekin bizitza egitetik edozeinekin denbora pasatzera igaro naiz: familia, lankideak, ikaskideak, pintxo-potea… talde edo kuadrilla ezberdinekin beti dago zer egin. Nahiz eta kontrakoa esan zidaten, Bilboko jendea oso abegitsua da.

Hemengo jendeak kalean egiten duen bizitza oso gustukoa dut

Zer da Zorrotzatik gehien gustazen zaizuna? Eta gutxien?

Gehien gustatzen zaidana, inguru berdea eta jendeak kalean egiten duen bizitza. Gainera garraio publikoaren sarea oso ondo konektatuta dago erdigunearekin. Eta gutxien, agintariek auzoa ahaztuta dutela. Nahiz eta zergak berdin ordaindu, guk edozein gauza lortzeko borrokatu behar dugu. Eta nola ez, Sader-Profesa eta Zabalgarbiren kiratsak.

Zein da zure lanbidea?

Delineatzailea naiz, eta orain dela gutxi arte lanean egon naiz. Orain buru-belarri nabil oposizioak prestatzen.

Zelan moldatzen zara euskaraz?

Egia esan, oso gustukoa daukat. Harrigarria da. Nahiz eta oraindik euskaltegian denbora gutxi eraman, zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gustukoagoa dut.

Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu? Urtean 3-4 aste joaten saiatzen naiz, bertan familia ugari baitut bisitatzeko eta, Dominikar Errepublika etengabeko garapenean dagoen herria denez, bertako hainbat gune ezagutzeko egun batzuetako tartea hartzen dut. Inork ez daki zer gertatu daitekeen; baina, egia esan, ez dut bertara bizitzera bueltatzeko inolako asmorik, Bilbon oso gustura nago eta hemen bizi nahi dut.

PEDRO J. COLOMBO: Komiki marrazkilaria

«Hemeretzi urte nituenetik ez zait inoiz lanik faltatu»

Sorpresa ederra hartu genuen gure auzoan komiki marrazkilari bat bizi zela deskubritu genuenean. Baina sorpresa bikoitza izan da bere emaztea, berarekin batera lan egiten duena, Zorrotzako betiko auzokidea dela jakin dugunean. Pedro eta Aintzane beraien umea Zazpilanda eskolara eramaten dute eta ikastetxetik metro eskasera daukate beraien estudioa.

Testua: IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: AITOR MARÍN

Nola definituko zenuke zure lana?

Marrazkilaria naiz, komikietako marrazkilaria batik bat. Nire emaztea, Aintzane Landa, kolorista da. Lan askotan biok batera aritzen gara. Bera Zazpi Landa auzokoa da betidanik; ni, berriz, Granollersekoa.

Zer ikasi zenuen?

Arte Ederrak ikasteko sarbide proba suspenditu nuen eta urtebete eman nuen Psikologian, denbora alferrik ez galtzeko. Hurrengo urtean, berriz, Bartzelonako JOSO komiki eta arte grafikoetako eskolan izena eman nuen. Generalitateak homologatutako eskola bat da, Kataluniako komikilari gehienak eta Espainako asko ere bertatik atera dira. Bineta-ilustratzaile masterrean sartu nintzen, baina hori ere ez nuen bukatu, kurtso amaiera baino hilabete lehenago lana atera zitzaidalako eta ez nituelako azken lanak entregatu. Beraz, inolako titulaziorik gabe atera nintzen. Hemeretzi urte nituen eta hortik aurrera ez zait inoiz lanik falta izan.

Zein izan zen zure lehenengo lana?

JOSO eskolak lortu zidan lehenengo lana, Bartzelonako marrazki bizidunetako estudio batean. Bertan hilabete eta erdian bi laburmetrai egin nituen eta utzi egin nuen, estudioa OPUSekoa zela ohartu nintzenean. Gainera, ordurako banuen beste kontratu bat nik neuk sortutako komiki bat argitaratzeko.

Zein zen komiki hori?

“Sangre noctámbula” izeneko albuma da, Bartzelonan giroturiko banpiro-istorio bat. Gidoia, marrazkiak eta kolorea nik egindakoak dira. Kontua da Granadako Komiki Azoka batean zirriborro batzuk erakutsi nizkiola argitaletxe bati eta handik gutxira deitu zidatela hura ekoizteko. Hasiera batean, trilogia bat izango zen; baina, azkenean, lehen alea baino ez genuen egin, beste lan potoloago bat atera zitzaidalako. Berrogeita sei orriko albuma argitaratu genuen, akuarelaz koloreztatua.

Hamar urte baino gehiago daramat Marseillako Olympique futbol taldearen komiki ofiziala egiten.

Nora joan zinen gero?

Gidoilari frantziar batek deitu zidan Dargaud [Asterix eta Obelixen ekoizlea] argitaletxe ospetsuarentzako sail batean lan egiteko, “Trois… et l’ange” izenekoa (“Hiru… eta aingerua”, euskaraz). Superbotere arraroak dituzten pertsona batzuen istorioa da, gaur egungo Parisen girotua. Lau album ateratzeko asmoa zuten, baina hiru besterik ez ziren argitaratu, hirugarrenaren salmenta eskasa izan zelako.

Lan luzeagorik izan al duzu ala denak izan dira urte gutxikoak?

Bai, hamar urte baino gehiago daramatzat “Droit au but!” sailean lanean. Marsellako Olympique futbol taldearen komiki ofiziala da, talde horren zalea den mutiko baten istorioak kontatzen dituena. Oso komiki arrakastatsua da, dagoeneko 21 album argitaratu dira eta 11. zenbakiaren berrehun mila ale saldu ziren! Sail horretarako nire lehen lana 12. zenbakiaren azala izan zen. Ondoren, 13. zenbakiaren kolorea egin nuen eta 14. zenbakitik aurrera arkatzak [marrazkiak] egiten ditut. Nire emazteak kolorea egiten du.

Horrez gain zeintzuk dira esku artean dituzun lanak?

Tintaztatzailea naiz flandrieraz argitaratzen den sail oso ospetsu batean, “De Kiekeboes” izenekoa. Marrazkilaria Charel Cambré da, berak bineten zirriborroak pasatzen dizkit eta nik lerroak burutu egiten ditut bere estiloa errespetatuz, hori da tintaztatzaile baten lana. Dagoeneko 4 zenbaki egin ditut sail horretarako.

Fito eta El Gran Wyomingen bizitzei buruzko komiki bana egin dut

Komikien mundutik aparteko ezer egiten duzu?

Orain pankarta bat diseinatzen ari naiz Mauthauseneko presoen omenez, kontzentrazio-esparruaren askapenaren 80. urteurrenerako egingo den agerraldi baterako. Preso horiekin erlazionaturiko elkarte memorialista baten enkargua da, Kordobakoa. “El fotógrafo de Mauthausen” (2018) albuma sortzeko elkarlanean aritu ginen beraiekin. Arrakasta handiko komikia izan zen hori, aldi berean titulu bereko filma estreinatu zelako. Aintzanek, albumaren koloreaz aparte, 3D maketa-digitalak ere egin zituen, marrazki lanetarako lagungarri gisa, kontzentrazio-esparruaren ikuspegi desberdinak izan nitzan.

Euskarazko lanen batean parte hartu al duzu?

Elkar argitaletxerako lan batzuk egin ditut, “Naia” izeneko trilogia esaterako. Euskara ikasleentzat propio eginiko liburuxka ilustratuak dira. Nahiko nuke euskarazko lan gehiagotan parte hartu.

Lan propioei dagokienez, zerbait gehiago egin duzu edo egin nahiko zenuke?

Bartzelonako lagun mina dudan Josep Busquetekin eta nire emazte Aintzanerekin batera bi album argitaratu ditut: “En segundo plano” (2015) eta “Adicción” (2019). Lehenengoa Bilbon girotuta dago eta zenbait eszena Zorrotzan bertan gertatzen dira, esaterako, anbulatorioaren aurrean edo barraskilo zubian. Argazkilari bati buruzko istorio bat da, kaletik jendeari agazkiak ateratzen dizkiona eta beraien bizimodua nolakoa den imajinatzen duena. Horrez gain, “La leyenda de Khaz” sailarekin jarraitzen dugu.

Zeintzuk dira zure azkenetariko lanak?

Fito Cabralesen bizitzari buruzko komikia, “Fito y por supuesto la luna” (2023) eta El Gran Wyomingen bizitzari buruzkoa, “El Gran Wyoming. Mil palos y ninguno al agua” (2024). Biak ere BAO Komikiak argitaletxe bilbotarrak ekoitzita.

«En segundo plano» bere liburuan Zorrotzako hainbat eszena agertzen dira

LABURREAN

 «Marrazkilarion lana oso nomada da

Nola ezagutu zenuten elkar emazteak eta biok?

Yahooko txat batean ezagutu genuen elkar, 2001ean. Ondoren, Aste Nagusi baterako Bilbora etorri nintzen Aintzane ezagutzera.

Noiztik bizi zara Zorrotzan?

2008an etorri ginen Zorrotzara. Lehen Granadan bizi ginen, marrazkilariak ziren lagun asko han genituelako. Marrazkilarion lana oso nomada da.

Gure auzoko zer duzu gustukoen?

Lasaitasuna eta dena gertu izatea. Etxe ondoan umearen eskola eta lantokia izatea luxu bat da.

Zenbat denbora ematen duzu orrialde bat bukatzeko?

Orrialdearen arabera, baina batez beste hiru bat ordu behar ditut.

Aurrerantzean zer lan egin nahiko zenuke?

Haurrentzako komikiak egin nahiko nituzke, nire semearentzat.  Halaber, Bilbo apokaliptiko batean girotutako album bat egiteko asmoa daukat.

MARCELA VERGARA PIEDRAHITA

“Oso gustuko dut Zorrotzan dagoen auzo-giroa”

Jaiotokia: Pereira (Kolonbia)

Noiztik Euskal Herrian: 2020tik. 

Adina: 40 urte

Lanbidea: Eskola jantokiko garbitzailea.

2018an Kolonbiatik atera zen Marcela beretzat zein bere semearentzat etorkizun hobe baten bila. 2020an Zorrotzara heldu zen, hemengoa den eta egun bere bikotekidea denarekin batera bizitzera. Txinbotarrak konpartsako ekintzetan parte hartzen du eta auzoko giroa oso gustuko du.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nola eta zergatik etorri zinen hona?

2001ean, 17 urte nituela, Galiziara iritsi nintzen lehenengo aldiz. Urtebete eta zerbait egin nuen, baina senide baten gaixotasunagatik Kolonbiara itzuli nintzen. 2018an, berriro saiatzea erabaki nuen. Aukera berrien bila eta segurtasun faltatik ihesi iritsi nintzen. Seme bat nuen, eta etorkizun hobea nahi nuen, bai harentzat, bai niretzat. Hasieran Madrilera iritsi, eta gero Galiziara joan nintzen, han zegoen Kolonbiako jendea ezagutzen nuelako. Galizian ezagutu nuen eta hemen bizi zen lagun bati esker iritsi nintzen Zorrotzara. Raúl, nire bikotekidea, ezagutu nuen ondoren, eta 2020an Barakaldon kokatu nintzen lehenik, Zorrotzara berarekin bizitzera etorri nintzen arte. Hasieran, Galizian harritu ninduen ni egon nintzen herriko bizitza urriak. Madrilen, kontrakoa gertatu zen, hain hiri handiak estutzen ninduen… Hemen zerbait orekatuagoa aurkitu dut, oso eroso sentiarazten nauena.

Hemengo ohituretara moldatzea kostatu zitzaizun?

Egia esan, ez. Ez nuen alde handirik nabaritu. Euskaldunak Kolonbiako jendea eta espero nuen baino irekiagoak zarete. Izugarri harritu ninduen tabernetan zenbat sozializatzen den! Kolonbian hori bakoitzaren etxean egiten da. Hemen tabernetan, jatetxeetan… geratzen da. Hori berria zen niretzat.

Hemengo eta zure jatorrizko bizimodua oso ezberdinak dira?

Bai, gehiegi. Izugarri baloratzen dut hemen daukadan lasaitasuna. Garbitasun, gizalege eta ordena handiagoa dago. Adibidez, Kolonbian autobusean sartzeko zein irteteko borroka modukoak sortzen dira.

Zein da zure gaur egungo lanbidea?

Ikastetxe bateko jantokiko garbitzeailea naiz. Jantokiko begiralea ere izan naiz. Migratu aurretik, jatetxe batean egiten nuen lan.

Orduan gastronomiaz hitz egin dezakegu…

Bai, jakina. Hemengo janaria eta amaginarrebak egiten dituen platerak maite ditut. Etxean “fusio-janaria” izeneko kontzeptu bat garatu dugu: hemengo gastronomiako platerak egiten saiatzen naiz, kolonbiar erara egokituta. Eta, batez ere, errezeta kolonbiarrak egiten ditut, hemengo produktuetara egokituta.

Zelako harremana daukazu euskararekin? Zer edo zer ikasi duzu? Erabili ahal izatea gustatuko litzaizuke?

Hona iritsi arte existitzen zenik ere ez nekien. Begirale lanetan oinarrizko gauza batzuk ikasi ditut. Gustura ikasiko nuke, izugarri estimatzen baitut bertako hizkuntza indartzea, nahiz eta aitortu behar dudan oso zaila iruditzen zaidala noizbait hitz egin ahal izatea. Nolanahi ere, oso garrantzitsua iruditzen zait hitz egitea eta erabilera indartzea. Horregatik, nik ezin nuenez nire semeekin hitz egin, txikia haurreskolan matrikulatu genuen, txiki-txikitatik has zedin ikasten.

Izugarri harritu ninduen tabernetan zenbat sozializatzen den! Kolonbian hori bakoitzaren etxean egiten da

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Denetarik dago eta denetarik aurkitzen dut. Baina, batez ere, auzoko bizitza, kultur giroa, mugimendua oro har, eta herritar guztien parte-hartzea antolatzen den guztian.

Aipatutako jardueretan parte hartzen duzu?

Bai, adibidez, Txinbotarraken konpartsakidea naiz. Sinestezina iruditzen zait horrelako mugimendu bat egotea, trukean ezer espero gabe lan egiten duena… Hasieratik harrapatu ninduen eta ahal izan dudan guztietan parte hartu dut. Iaz, Txinbotarrak Kastrexanako jaietan txosna kudeatzeaz arduratu zenean, sukaldari aritu nintzen eta Kolonbiako plater tipiko bat egin nuen. Umeen ikastetxeko hazkuntza-eskolan ere parte hartzen dut, esperientziak partekatuz. Eta gainera, Zorrotza Futbol Clubeko bazkidea naiz, nahiz eta oso futbolzalea ez izan, partidetan sortzen den giroa gustatzen zait eta.

Kolonbiara bueltatu zara inoiz?

Birritan. Bidaiatzeko erraztasuna dugu, nire bikotekideak airelinea batean lan egiten du eta horrek ikaragarri errazten du itzuli ahal izatea.

Aldaketarik nabaritu duzu?

Gauza gutxi. Lehengo giro bera da. Hemen bizi naizen lasaitasunera ohituta, beldur pixka bat dut handik ibiltzeko. Adibidez, sakelakoa kalean atera behar badut, edo dirua kutxazain batean, ez dut egiten hemen nagoenean egiten dudan lasaitasun berarekin.

Bertako zerbait duzu faltan inoiz?

Kalean, etxe aurrean, egiten diren erreak. Han asko irteten ginen mendira janaria prestatzera eta arrunta da etxetik kanpo janaria prestatzea. “Paseos de olla” esaten diogu horri. Uste dut horretan batzuetan faltan dudan klima tropikalak ere eragina izango duela. Han hotz gutxiago eta eguzki gehiago egiten du.

Posiblea litzateke noizbait berriro Kolonbiara itzultzea?

Ez. Egia esan, ez. Hango nire familiak badaki nire lekua hemen dagoela eta hara bisitan bakarrik itzuliko naizela. Bikotekidearekin bizi naiz eta familia hemen sortu dut: 12 urteko semea daukat, Kolonbiatik nirekin etorritakoa baina dagoeneko beste inor baino Athletic zaleagoa dena; eta bigarren seme bat, Julen, hiru urtekoa, jada hemen jaioa.

JON NÚÑEZ FERNÁNDEZ: Futboleko lehen mailako lerroko epaile ohia

“Zaila da Lehen Mailara heltzea, baina zailagoa da hor irautea”

Jon Núñez Fernandezek joan den ekainean utzi zuen arbitrajea, 45 urte zituela, Lehen Mailan 17 denboraldi egin ondoren. Futbolarekiko grina, esperientzia, erantzukizuna, presioa, oroitzapen onak… Futbol-zelaietan alboko lerro baten ondoan emandako hogei urte baino gehiagoren balantzea egin du Jonek ZMrekin.

Testua eta argazkiak: AITOR MARÍN

Zein izan zen zure lehen kontaktua futbolarekin?

Zazpi Landan, ikastetxean, futbitoan jokatzen genuen. Eskola amaitu genuenean, askok Zorrotza Futbol Taldean sartzeko probak egin genituen. Batzuk taldera sartu ziren, baina beste batzuk kanpoan geratu ginen. Orduan, auzoko gazte asko futbolean aritzen ginenez, Zazpi Landan futbol talde bat sortzeko ideia mugitzen hasi zen. Eratu zenean, sartu nintzen, atezain batez ere hasieran, gero beste batzuetan… Larramendin aritu nintzen gero, arbitro izateko aukera iritsi zitzaidan arte.

Eta nola iritsi zitzaizun aukera hori?

Lagun baten bidez. Berak animatu ninduen, ikusten genuelako futbolean jokatzen ez genuela etorkizun handirik… Banekien ez zela erraza, banekien epaileek nolako presioa duten kategoria horietan… Baina oso erraz konbentzitu ninduen San Mamesera doan sartzen utziko zigutela esatean. Eta han hasi ginen. Gustukoa nuen, aurrerago uztea nuen… Nire lehen partida arbitratzera joan nintzen, eta gainera ordaindu zidaten! Gero, futbola izugarri gustatzen zitzaidanez, gehiago lotu ninduen.

Eta gauzak horrela… 17 denboraldi eman dituzu Lehen Mailan…

17 denboraldi eta 333 partida. Errege Kopan, 60 edo 70 partida inguru, eta ni nazioarteko epailea ez izan arren, Espainiako federazioak nazioartean duen indarrari esker, nazioarteko 50 partida ingurutan ere aritzeko aukera izan dut. Superkopako finalak, zazpi klasiko, … Eta guzti hori, Pérez Lasa, Iturralde, Mateu Lahoz, Clos Gómez edota Ricardo de Burgos bezalako epaile handiekin taldea partekatzeko aukera izateari esker bizi izan dut.

 “Nire eraikineko bizilagun askok ez dakite ni arbitro profesionala izan naizenik”

Nolakoa izan zen prozesua hasieratik Lehen Mailara iritsi arte?

Urratsez urrats eta mailaz maila. Futbolean, oso jokalari ona izanda, bat-batean bigarren B mailan edo Lehen Mailan agertzeko aukera dago. Arbitrajean ez da horrela. Urtero mailaz igotzen joan nintzen,  Lurraldeko Lehenengo Mailara heldu arte. Hortik aurrera, epaileak, lerroko laguntzaileak ditu. Epaileen Batzordeko presidenteak berak proposatu zidan lerroko epailea izateko espezializatzea. Horretan hasi nintzen eta Hirugarren Mailara joan nintzen zuzenean. Beharra zegoenez, hobekien moldatzen ginenok  maila gehiago igo genituen. Bi urte egin nituen hirugarren mailan eta beste bi Bigarren B mailan. Nik uste nuen hortik gorago ez nuela egingo… Baina maila horretan nengoela, euskal batzordean hutsuneak egon ziren Bigarren Mailara, futbol profesionalera igotzeko, eta  igo ninduten. Azkenean, arbitrajean eragin handia du une egokian leku egokian egoteak, eta nik zorte hori izan nuen.
Bigarren mailan 4 urte egin nituen. Eta gauza bera gertatu zitzaidan: euskal batzordeak lekua izan zuen Lehen Mailara epaile laguntzaile bat igotzeko, eta geunden guztien artean, uste dut ni nintzela proiekzio handiena zuena, eta nire aldeko apustua egin zuten.

Nola gogoratzen duzu lehen mailara igoko zinela jakinarazi zizuten unea?

Denboraldi amaieran, telefonoak jotzen zuenean, ona izan zitekeen, baina txarra ere bai… Urduritasun handiarekin… Emazteari eta kanpoan nik ematen nituen orduak sufritzen ari zen jende guztiari deitu nion… Eta oso pozik. Ilusio handienarekin hartu nuen, baina baita erantzukizun handiarekin ere.

Arbitrajea eta zure lana bateratu zenituen, zein mailataraino?

Beti, nire azken lau denboraldietan izan ezik. Futbol profesionala arbitratu genuen arren, arbitroek ez genuen kontraturik izan 2020ra arte. Hurrengo denboraldian, Batzordeko lehendakariak arbitrajean mundu guztiak esklusibotasuna izatea eskatu eta lortu  zuen. Baina ordura arte ez genuen gizarte-segurantzarik, adibidez. Beraz, ezin nuen lana utzi.

Zaila al zen biak bateratzea?

Astean 4 edo 5 egunetan entrenatzen nuen lanetik atera ondoren. Gainera, partida eta bidaia asteburuan. Lehen urteetan ez zen erraza, baina oraindik ez nuen seme-alabarik… Asteburuetan, partidu profesionalak banituen, (Lehen eta bigarren mailetan 20 urte eman ditut), ia beti bi gau eman behar nituen etxetik kanpo. Beraz, ostiralean joaten nintzen igandean itzultzeko. Hurrengo egunean, asteko errutinari ekin behar zitzaion… Horrek pixka bat atxiki gaitu, adibidez, haurrak izateko. Nire lehen alaba izan nuenean, egoera ikaragarri zaildu zen; baina, zorionez, familiaren laguntza izan nuen. Ordu asko dira etxetik kanpo, familiarekin egon gabe… Azken denboraldian beste seme bat izan nuen, baina esklusibotasuna neukan horrezkero, eta errazagoa zen. Oro har, ez da erraza izan.

 “San Mamesera dohainik sartzeko aukera ematen zidalako hasi nintzen arbitratzen”

Iazko ekainean utzi zenion arbitrajeari…

Bai, adinagatik. Kontratua izan genuen arte, Futbol Federazioaren araudian idatzita zegoen 45 urte baino gehiagorekin ezin zela arbitratu. Kontratua egin zigutenean, kendu egin behar izan zuten, ezin baita adinagatik diskriminatu. Baina, praktikan, mantendu egiten da. Belaunaldi-aldaketak bermatzeagatik izango da, baina adin horretara behin iritsita, ez dira kontratuak berritzen.

Zein partida gogoratzen duzu gehien?

Ufa, asko. Maitasun handiz gogoratzen dut San Mameseko azken partida. Guerrero, Iribar, Dani,… Izen horiekin guztiekin jokalekua partekatzea ahaztezina da. Superkopako finalak, zazpi klasikoak, edo a priori partida erakargarriagoak izango zirenak, ez ditut hainbeste gogoratzen, horien inguruan dagoen presioa hain handia izanda, ez delako gozatzen. Ez dut ahaztuko, ordea,  Ipar Irlandako selekzioaren partida bat Belfasten. Oso oihartzun eta garrantzi gutxikoa, baina oso partida politaz gozatu nuen lagunak ere badiren kide askorekin. Hemengo beheko mailetan bizi izan nuen iparraldeko futbolak erakarri ninduen, bere giroagatik, futbol motagatik eta antzinako Bilbo gogorarazten zidan hiri eder batean.

Beti aritzen zinen arbitro nagusi berarekin?

Denboraldi hasieran talde baten barruan sartzen gintuzten, baina ezin ditugu gure lurraldeko taldeak arbitratu; nire kasuan, nik ezin nuen EAEko talderik arbitratu. Ni Mateu Lahozen taldean egon nintzen, bera Valentziako batzordekoa izanda. Mateu edozein euskal talde arbitratzeko izendatzen bazuten, ni ezin nintzen partida horietara joan eta beste taldekide bat etortzen zen. Eta niri gauza bera gertatzen zitzaidan alderantziz. Álvarez Izquierdo epailearen Madrilgo lurraldekoa zen laguntzaile bat ordezkatu nuen askotan. Normalena da izendatutako taldea urteetan zehar mantentzea. Eta oso garrantzitsua da hori. Adibidez, Mateuk eta biok ez genuen hitz egin behar elkar ulertzeko. Begirada edo keinu batez bagenekien zer pentsatzen zuen besteak… Mateuri Errusiako mundialera joatea proposatu ziotenean, urtebete eman nuen Clos Gomezekin, Ricardo de Burgos, aspalditik ezagutzen nuena, Lehen Mailara igo eta elkarrekin joan ginen arte. Azken zazpi urteetan Ritxiren taldeko kide izan naiz.

Jakina, lerroko epailea ez da arbitro nagusia bezain ezaguna… Hala ere, kalean ezagutzen zaitu jendeak?

Inoiz konturatu naiz nitaz ari zirela, adibidez metroan. Futbolak indar handia dauka eta oso epaile gutxi gara… Baina adibidez nire eraikinean, eta eraikin handi samar batean bizi naiz, bizilagun askok ez dakite ni futbol epaile profesionala izan naizela.

Nola kudeatu duzu futboleko epaileen inguruan dagoen presio mediatiko guztia?

Nik zortea dut Bilbon bizi naizelako eta hemen jendea Athleticzalea delako. Batzuetan, erabaki garrantzitsuren batean huts egin dugu, jakina. Baina hemen nireganako presioa txikiagoa da, nik ez baitut Athletic arbitratzen. Nolanahi ere, akatsak kirolaren beste atal gisa ulertu izan ditut beti. Jokalariek ere huts egiten dute, … Eta akatsei baino ez diegu erreparatzen, baina ez duzu imajinatzen zenbat erabaki har ditzakeen arbitro batek edo laguntzaile batek, gehienak segundoko hamarrenetan. Nire kasuan, 80 edo 90 erabaki inguru ziren, eta batzuek eragin handia izan zezaketen… Orain, VARarekin, asko zuzentzen da balizko akatsa. Baina, hala ere, badirudi jendea ez dagoela ados… Kritikak? Ez gara hain onak goresten gaituztenean, ezta hain txarrak ere kritikatzen gaituztenean. Lehen aldietan, gehiago kostatzen zitzaidan, baina gero koraza moduko bat egiten ikasi nuen, eta akatsetatik ikastea ere oso garrantzitsua da.

Arbitrajeak izan duen aldaketarik handiena da VAR, zalantzarik gabe. Bete-betean harrapatu zintuen, ezta?

Bai, 2018an. Eta prozesu horretara egokitzea ez zen erraza izan. VAR aretoan pentsa daiteke lankidea oker dagoela, baina horregatik bakarrik ez zaio deitu behar. Protokoloak dio akats argia, larria eta nabarmena dela interpretatzen bada bakarrik deitu behar zaiola zelaian dagoen kideari. Hau orekatzea kostatzen ari da. Nolanahi ere, futbolaren munduak ulertu behar du VARak erabaki zuzen gehiago ematen dituela, batez ere jokoz kanpo bezalako erabakietan. Erabaki interpretagarriei dagokienez, epaileek zelaian hartzen dituzten erabakiak lehenetsi behar dira; bestela, jokoan sinesteari utziko diogu.

Iaz, Tania Martínek, emakumezkoen 2. RFEF mailan zegoen epaileak, arbitrajean mailaz igotzea oso zaila dela esan zidan. Zu Lehenengo Mailara iritsita, zer ezaugarri behar dira hori lortzeko zure ustez? Zer esango zenioke orain maila apaletan dagoen futbol epaile bati?

Agian garrantzitsuena ez dela penalti batean, jokoz kanpoko batean edo txartel gorri batean asmatzea. Nolabaiteko asmatzea beharrezkoa da, noski; baina garrantzitsuena futbol zelaian gertatzen den guztia kudeatzen jakitea da. Epaileok partidak arazorik gabe jarrai dezan laguntzeko gaude. Eta horretarako, ezinbestekoa da lasai egotea eta lasaitasuna eta konfiantza transmititzea. Eta nire aholkua beti norberaren onena ematea izango litzateke.

LABURREAN

«Dani arbitratu dut… eta bere kamiseta izan zen gogoratzen dudan Olentzeroren lehen oparia»

Zure ibilbideko partidarik mediatikoena edo garrantzitsuena?

Ba mediatikoena seguruenik, Guardiola eta Mourinhoren garaiko Bartzelona – Real Madril bat, 5 eta 0 amaitu zena. Gogoan dut zelaian zeuden kamerak zenbatu izana, eta normalean hamabost edo hemezortzi inguru badaude, 56 zeuden egun hartan!

Miresten duzun eta arbitratzea egokitu zaizun jokalari bat.

Gogoratzen dudan txikitako Olentzeroren lehen oparia Daniren kamiseta bat da. Eta urte batzuk geroago, berak jokatu zuen partida bat arbitratu nuen!

Zein da, zure ustez, lagundu diozun arbitrorik onena?

Guztiak oso onak izan dira… Txartel gorriak ehizatzeari dagokionez, Edu Iturralde. Asmatze-mailari dagokionez, nire ustez, Ritxi (De Burgos Bengoetxea) da onena. Eta partidaren kudeaketari dagokionez, Toño Mateu da onena, zalantzarik gabe.

Egin ez duzun zein partidu nahiko zenuke arbitratu?

Asko gustatuko litzaidake Errege Kopako finalen batean aritu izana, baina ni ez nintzenez internazionala, ezin nuen. Baita Galiziako derbia ere. Asko gustatzen zait nola bizi duten futbola Galizian eta ez zitzaidan inoiz egokitu Celta eta Deportivoren arteko partidarik

NACHO SANTANA PULIDO

«Asko motibatzen nau euskara ikasteak. Oso aberasgarria da adibidez abestiak ulertzea»

JAIOTOKIA: Pozo Izquierdo (Kanaria Handia)

NOIZTIK: 2018tik

ADINA: 46 urte

LANBIDEA: Erlijio eta historia Irakaslea

TESTUA ETA ARGAZKIAK: NAROA PEÑA

Nolatan eta zergatik etorri zinen?

Nire bikotekidearekin hamabi urte daramatzat, eta lehen urteetan bananduta bizi ginen, bera Zorrotzan, eta ni Kanaria Handian. Baina 2018ko udan erabaki genuen ni hona etorriko nintzela behin betiko bizitzera.

Gogorra egin zitzaizun bizi ohituetara moldatzea?

Nire bikotekidearekin hainbeste urte eman nituenez, eta maiz etortzen nintzenez, ba auzoa, jendea, eguraldia eta abar ongi ezagutzen nituen. Beraz, ez zitzaidan zaila egin.

Zure herrian zein lanbide zeneukan?

Hemen dudan bera. Berez, lanik gabe etorri nintzen Zorrotzara bizitzera; baina curriculuma aurkeztu nuen hainbat lekutan  eta azkar aurkitu nuen irakasle lana, DBH eta Batxilergoko institutu batean.

Oso ezberdina da hango bizimodua edo auzokoa bezalakoa da?

Ezberdina da, bai… Kanaria Handian erritmoa motelagoa da oro har, are gehiago, ni bizi nintzen herrian. Bizitza bareagoa da han. Nahiz eta Zorrotza Bilboko hirigunearen kanpoaldean dagoen auzoa izan, jendea leku guztietara joaten da korrika… Elikadura zein adierazteko modua ere desberdinak dira, baina erraza da egokitzea.

Kanaria Handian erritmoa motelagoa da oro har. Hemen hirigunean egon ez arren, jendea leku guztietara doa korrika

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen duzuna? Eta gutxien?

Udan dagoen eguraldia gustatzen zait. Hemen ez dut beroak jota egotearen sentsazioa, eta gauez ondo egin daiteke lo. Gainera, asko gustatzen zait kaletik ibiltzea eta auzoko jendea agurtzea eta hemen bizi den hurbiltasuna izatea. Trafiko-mugimendua handia da, berriz,  gutxien gustatzen zaidana. Oso herri lasai batetik natorrenez, ikaragarri nabaritzen dut hori.

Zure herriko zeren falta duzu gehienbat?

Familia eta lagunena, batez ere. Kontaktua dut, baina ez da gauza bera lehen neukanaren aldean.

Zure herrira askotan bueltatzen zara?

Egun bi urte dituen alaba jaio baino lehen, hilero bueltatzen nintzen. Orain, oporretan baino ez: Aste Santuan, udan eta Gabonetan.

Zelan moldatzen zara euskararekin. Euskara ikasi duzu?

2018. urtetik daramat Euskara ikasten. Astegunero bi ordu. Hasieran, azkar ulertu eta ikasten nuen dena; baina, gaur egun, B2 titulua prestatzen ari naiz eta zailtasunak gora egin duela nabaritzen da… Dena den, motibatzen nau euskara ikasteak; ez bakarrik titulua behar dudalako; baita, adibidez, abesti bat entzutean, esaten duena ulertzea oso aberasgarria delako ere.

Eta bukatzeko, Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa izan duzu edo Zorrotzan betiko geratzeko erabakia duzu?

Hemen bizi gara, gure alabarekin. Orain ez dut imajinatzen hango bizimodua. Oporretan edo denboraldi luzeagoren batean joango gara, baina gure bizitza hemen dago.

MIKEL SAIZ: Okina, euskalduna eta “Pan duro” taldeko gitarra-jotzailea.

“Neba-arreba guztiok bizi gara okindegitik”

Mikel oso pertsona ezaguna da Zorrotzan. Saiz okinen leinukoa izateaz gain, auzoko berbalagun taldeetan ibiltzen da, euskara praktikatzen. Hori gutxi balitz bezala, amantala eskegitzean bere gitarra astintzen du Pan Duro taldean.

Testua: IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: AITOR MARÍN

OKINA

Saiz okinak Zorrotzan ezagunak zarete aspalditik. Nola hasi zen zuen familiaren tradizio hori?

Alde bietatik datorkigu tradizioa. Nire amaren aita okina zen Castron eta nire aita eta bere anaia ere, biak okinak Santullan inguruan. Gaur egungo okindegia dagoen etxea, trenbidearen ondokoa, lehenago Telefonicarena zena, aita eta osabaren artean erosi zuten. Horra bizitzera joan eta etxean bertan okindegia jarri zuten.

Zer dela-eta etorri ziren Kantabriatik Zorrotzara?

Garaian, industriak oso pisu handia zuelako inguru honetan eta lan eskerga zegoelako. Heldu eta gutxira, gainera, osabak hainbat saltoki oso merke erosi zituen, eta laster etxeko negozioak gora egin zuen. Geroago, osaba Kantabriara itzuli zen eta gure aita geratu zen Zorrotzako okindegiarekin.

Zertaz arduratzen zara okindegian?

Batez ere ogia labean sartzea eta horren banaketa prestatzea da nire ardura gaur egun.

Eta zer ordutan hasten da zure lanaldia?

Ogia labean sartzeko lana eguerdiko hiruretan hasten da. Baina batzuetan beste gauza batzuk prestatu behar dira eta lehenago hasten naiz. Taberna batzuek goizeko 6etan zabaltzen dute, eta ogia behar dute gosarietarako.

Etxeko guztiok egiten duzue lan okindegian?

Bai, lau neba-arreba gara eta guztiok okindegian jaio eta okindegitik bizi gara. Bakoitzak bere ikasketak egin dituen arren, denok lan egiten dugu okindegian. Baina, orain, anaia txikia da okindegian bertan bizi den bakarra. Anaiok ogia egin, saldu eta banatu egiten dugu. Arrebak, berriz, bulegoko kontuak daramatza.

Non saltzen duzue zuen ogia?

Zorrotzan, Barakaldon, Bilbon, Sodupen… Denda, taberna eta jatetxeetan saltzen dugu, batik bat. Saiz okindegi batzuk geratzen diren arren, gehienak saldu egin ditugu eta beste okindegi txiki batzuetara eramaten dugu ogia. Jendeak gero eta gehiago jotzen du supermerkatuetara ogia erostera eta horrek kalte handia egin digu.

Ogiaz gain, besterik egiten duzue okindegian?

Bai, denetariko ogiak egiteaz aparte, opilak ere egiten ditugu: kruasanak, napolitanak eta gurin-opilak.

“Jendeak gero eta gehiago jotzen du supermerkatuetara ogia erostera”

EUSKALDUNA

Euskaldun berria zaitugu, nolatan animatu zinen euskara ikastera?

Nire emazteak EGA dauka, nire alaba euskaraz ikasten ari da eta etxean euskaraz ez zekien bakarra neu nintzen. Horregatik animatu nintzen AEKn izena ematera orain dela hamabi urte. Gainera, euskaltegia etxe alboan daukat!

Etxean euskaraz egiten duzue?

Ez, batzuetan saiatzen gara baina ez dakit zergatik ez gara ohitzen euskaraz egitera.

Eta euskaltegitik kanpo beste edonon erabiltzen duzu euskara?

Bai, bi berbalagun taldetan sartuta nabil eta astero geratzen gara. Batzuetan, pintxo-potean ateratzen gara; beste batzuetan, hamaiketakoa egiteko geratzen gara; eta, beste batzuetan, txangoak egiteko.

Asmoa duzu euskaraz ikasten jarraitzeko?

Aurten nire azken urtea izatea espero dut. B2 azterketara aurkeztu naiz eta momentuz hasierako probak pasatu ditut, ahozkoa falta zait.

“Hamabi urte daramatzat euskara ikasten”

GITARRA-JOTZAILEA

Noiz hasi zen musikarekiko duzun harreman hori?

Hamabospasei urterekin-edo musika-talde bat sortu genuen lagun batzuek, Fumas Iskariote izenekoa, trash metal estilokoa. Hasieran, okindegiko gela batean entseatzen genuen, baina berehala Patxo tabernan entseatzera joan ginen. Bertan, Bajos Fondos eta beste talde batzuek entseatzen zuten. Garai batean Eskorbutok ere bertan entseatu zuen!

Nondik ibili zineten jotzen?

Euskal Herriko gaztetxe gehienetan jo genuen, asko mugitu ginen garai hartan. Gero ere Bartzelona, Zaragoza eta beste leku batzuetara joan ginen, beti dirua galtzen. Bagenuen talde kuttun bat, Trauma, eta haiekin bira egitea lortu genuen, gonbidatu gisa.

Zein zen zure papera taldean?

Gitarra jotzen nuen eta, batzuetan, baxua ere bai. Horrez gain, kontzertuak antolatzeaz arduratzen nintzen, eta fanzineetan parte hartzeaz ere bai. Adibidez, garai batean Patxo tabernan astebururo kontzertuak antolatzen genituen.

Urte askoren ondoren, orain beste talde batean ibiltzen zara, Pan Duro. Zer dela eta izen hori?

Bai, talde berria da, orain dela hamabost urte edo sortu genuen; baina Fumas Iskarioteko bi taldekide ohi baino ez gaude bertan. Izenarena gure lanbideagatik da; izan ere, hasiera batean denak okinak ginen!

Baduzue abestirik euskaraz?

Ez, baina orain dela gutxi Zazpi Landa kirol taldeak bere ereserkia egitea eskatu zigun eta elebitan sortutako kanta da. Zorrotza futbol taldeak ere antzekoa egitea eskatu digu.

Nondik ibili zarete jotzen?

Momentura arte, Zorrotzan bakarrik jo dugu. Gustuko genuke noizbehinka ateratzea, baina ez gara lehengo gazteak.

“Fumas Iskarioterekin Euskal Herriko gaztetxe gehienetan jo genuen”

GERTUTIK

Nolakoa zen okindegi batean bizitzea?

Ikasteaz gain, familiari laguntzen genion; baina oso oroitzapen politak ditut. Adibidez, lehen gure etxean txerri-korta genuen eta garai hauetan txarriboda egiten zen.

Euskaltegia uztean jarraituko duzu euskaraz egiten?

Noski, berbalagun taldeetan jarraituko dut eta auzoan euskaraz antolatzen diren ekintzetan parte hartzen, duda barik!

Musika taldeko anekdotarik? Behin, Ermuan, kontzertu bat osorik errepikatu genuen, publikoak etengabe beste bat eskatzen zigulako.

MARIAN MONTILLA DEVIA

«Hemengo jendearen hurbiltasun eta berotasunak hunkitu ninduten»

Jaiotokia: Barinas. (Venezuela)

Noiztik: 2017ko urritik. 

Adina: 33 urte

Lanbidea: Enpresa administrazioan Lizenziatua da, baina diseinatzaile grafiko lanetan dabil.

Venezuelako egoera ekonomiko eta politikotik ihesean heldu zen Bilbora Marian duela zazpi urte. Uste zuen baino errezago ohitu da gurean, eta hemen familia eta etorkizuna dauzka orain. Lasaitasuna bila etorri zen eta  topatzea lortu du.

Testua: AINARA GARCÍA | Argazkiak: AITOR MARÍN

Nola eta zergatik etorri zinen hona?

Venezuelan jasanezinak ziren hainbat faktorerengatik alde egiteko erabakia hartu nuen. 2016 eta 2017 urteetan zehar, krisialdi ekonomiko eta politikoa maila kritikoetara heldu ziren. Inflazioa kontrolik gabe zegoen, egunetik egunera produktuen prezioak neurrigabe garestitzen ziren, eta horrela erosketarik txikiena ere planifikatzea ezinezkoa zen. Oinarrizko produktu eta elikagaien eskasiak eguneroko egoera okertzen zuen, eta elektrizitatea eta ura bezalako funtzezko zerbitzuak etengabe kolapsatzen ziren. Bestalde, gobernuaren kontrako mugimendu politikoei lotuta nengoen, eta horrek  familia eta nirekiko jazarpena eta errepresaliak jasatera eraman gintuen gobernuaren aldeko talde eta kolektiboen partetik. Horrek guztiak, hutsetik hasita, segurtasunez, lasaitasunez eta bizi kalitate hobearekin bizitzeko aukera emango zuen leku berri bat topatzeko erabakia hartzera eraman ninduen.

Hemengo ohituretara moldatzea kostatu zitzaizun?

Bat-bateko aldaketa guztiak bezala, hasiera latza izan zen. Eguraldi tropikaletik etorrita hainbeste tenperatura aldaketara ohitzea erronka izan zen. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka bertoko ohituretara eta bizimodura moldatuz joan naiz. Lanean ere ikasketa prozezu bat izan zen, baina denborarekin nire lekua topatzea lortu dut.

“Sakonki errotuta sentitzen naiz; jada hemengoagoa sentitzen naiz hangoa baino”

Hona etortzean, zer da gehien harritu zintuena?

Euskal Herriko paisaien edertasuna. Lehenengo minututik mendiek, herrixka xarmagarriek eta itsasoaren hurbiltasunak guztiz txunditu ninduten. Horretaz gain, herritarren hurbiltasun eta berotasunak hunkitu ninduten. Laster sentitu nintzen onartuta eta egokitzapen prozesua pentsatu baino askoz errezagoa izan zen.

Hemengo eta zure jatorrizko herriko bizimodua oso ezberdinak dira?

Guztiz ezberdinak dira. Venezuelan biziraute moduan bizi nintzen minutuero, oinarrizkoa lortzeko erronkak gainditu beharrez eta segurtasun ezagatik kezkatua. Hemen lasaitasuna topatu dut  gizarte mailan zein lan arloan.

Zein da zure gaur egungo lanbidea?

Diseinatzaile grafikoa naiz, papertegi kreatiboaren arlokoa. Ekitaldi edo pertsonentzako une berezi edota garrantzitsuetan ukitu berezia ematen dioten banakako diseinuak sortzea oso maite dut. Ogibide honek ematen duen sormen-askatasuna benetan gozatzen dut.

Zelako harremana daukazu euskararekin? Zer edo zer ikasi duzu? Menperatzea gustatuko litzaizuke?

Ez dut euskara ikasketarik jarraitu modu formal batean, baina oinarrizko hitzak eta egunerokoan erabilgarriak diren hitz batzuk ikasi ditut, hala nola “kaixo”, “agur” “eskerrik asko” edota “on egin” besteak beste. Ezagutzen dudana nire alabarekin eskolako etxekolanak egiten ditudan bitartean ikasi dut. Hizkuntza erraza ez dela argi dago, baina gehiago ikastea gustatuko litzaidake kultura eta komunitatearekin konektatzeko aukera ematen duelako.

Zer da Zorrotzatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Gehienbat, auzoko lasaitasuna eta nahi dudan bakoitzean itsasadar ondotik paseo atsegina emateko aukera izatea. Garraio publikoko sistema bikaina dago, kalitatezko zerbitzuak eta garapen eta hobekuntza etengabean dagoela sumatzen da, eta horrek bizitza erosoa eta atsegina egiten du.

Gutxien gustatzen zaidana, inolako zalantzarik gabe, usain txarrak, keak eta eragozpenak sortzen dituzten enpresa kutsakorrak dira. Auzoko kexa eta kezka nagusia da, eta egora hau eragozteko neurriak hartzea beharrezkoa litzateke.

Zure herrira bueltatzeko asmoa duzu?

Ez, Venezuelara bueltatzeko planik ez daukat inolaz ere. Komunitate honetan sakonki errotuta sentitzen naiz, jada  hemengoagoa sentitzen naiz hangoa baino. Oso gustura nago Euskal Herrian topatutako jende, ohitura eta bizi kalitatearekin. Familia eta etorkizuna ditut hemen, eta benetan eskertuta sentitzen naiz.