MIKEL SAIZ: Okina, euskalduna eta “Pan duro” taldeko gitarra-jotzailea.
“Neba-arreba guztiok bizi gara okindegitik”
Mikel oso pertsona ezaguna da Zorrotzan. Saiz okinen leinukoa izateaz gain, auzoko berbalagun taldeetan ibiltzen da, euskara praktikatzen. Hori gutxi balitz bezala, amantala eskegitzean bere gitarra astintzen du Pan Duro taldean.
Testua: IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: AITOR MARÍN
OKINA
Saiz okinak Zorrotzan ezagunak zarete aspalditik. Nola hasi zen zuen familiaren tradizio hori?
Alde bietatik datorkigu tradizioa. Nire amaren aita okina zen Castron eta nire aita eta bere anaia ere, biak okinak Santullan inguruan. Gaur egungo okindegia dagoen etxea, trenbidearen ondokoa, lehenago Telefonicarena zena, aita eta osabaren artean erosi zuten. Horra bizitzera joan eta etxean bertan okindegia jarri zuten.
Zer dela-eta etorri ziren Kantabriatik Zorrotzara?
Garaian, industriak oso pisu handia zuelako inguru honetan eta lan eskerga zegoelako. Heldu eta gutxira, gainera, osabak hainbat saltoki oso merke erosi zituen, eta laster etxeko negozioak gora egin zuen. Geroago, osaba Kantabriara itzuli zen eta gure aita geratu zen Zorrotzako okindegiarekin.
Zertaz arduratzen zara okindegian?
Batez ere ogia labean sartzea eta horren banaketa prestatzea da nire ardura gaur egun.
Eta zer ordutan hasten da zure lanaldia?
Ogia labean sartzeko lana eguerdiko hiruretan hasten da. Baina batzuetan beste gauza batzuk prestatu behar dira eta lehenago hasten naiz. Taberna batzuek goizeko 6etan zabaltzen dute, eta ogia behar dute gosarietarako.
Etxeko guztiok egiten duzue lan okindegian?
Bai, lau neba-arreba gara eta guztiok okindegian jaio eta okindegitik bizi gara. Bakoitzak bere ikasketak egin dituen arren, denok lan egiten dugu okindegian. Baina, orain, anaia txikia da okindegian bertan bizi den bakarra. Anaiok ogia egin, saldu eta banatu egiten dugu. Arrebak, berriz, bulegoko kontuak daramatza.
Non saltzen duzue zuen ogia?
Zorrotzan, Barakaldon, Bilbon, Sodupen… Denda, taberna eta jatetxeetan saltzen dugu, batik bat. Saiz okindegi batzuk geratzen diren arren, gehienak saldu egin ditugu eta beste okindegi txiki batzuetara eramaten dugu ogia. Jendeak gero eta gehiago jotzen du supermerkatuetara ogia erostera eta horrek kalte handia egin digu.
Ogiaz gain, besterik egiten duzue okindegian?
Bai, denetariko ogiak egiteaz aparte, opilak ere egiten ditugu: kruasanak, napolitanak eta gurin-opilak.
“Jendeak gero eta gehiago jotzen du supermerkatuetara ogia erostera”
EUSKALDUNA
Euskaldun berria zaitugu, nolatan animatu zinen euskara ikastera?
Nire emazteak EGA dauka, nire alaba euskaraz ikasten ari da eta etxean euskaraz ez zekien bakarra neu nintzen. Horregatik animatu nintzen AEKn izena ematera orain dela hamabi urte. Gainera, euskaltegia etxe alboan daukat!
Etxean euskaraz egiten duzue?
Ez, batzuetan saiatzen gara baina ez dakit zergatik ez gara ohitzen euskaraz egitera.
Eta euskaltegitik kanpo beste edonon erabiltzen duzu euskara?
Bai, bi berbalagun taldetan sartuta nabil eta astero geratzen gara. Batzuetan, pintxo-potean ateratzen gara; beste batzuetan, hamaiketakoa egiteko geratzen gara; eta, beste batzuetan, txangoak egiteko.
Asmoa duzu euskaraz ikasten jarraitzeko?
Aurten nire azken urtea izatea espero dut. B2 azterketara aurkeztu naiz eta momentuz hasierako probak pasatu ditut, ahozkoa falta zait.
“Hamabi urte daramatzat euskara ikasten”
GITARRA-JOTZAILEA
Noiz hasi zen musikarekiko duzun harreman hori?
Hamabospasei urterekin-edo musika-talde bat sortu genuen lagun batzuek, Fumas Iskariote izenekoa, trash metal estilokoa. Hasieran, okindegiko gela batean entseatzen genuen, baina berehala Patxo tabernan entseatzera joan ginen. Bertan, Bajos Fondos eta beste talde batzuek entseatzen zuten. Garai batean Eskorbutok ere bertan entseatu zuen!
Nondik ibili zineten jotzen?
Euskal Herriko gaztetxe gehienetan jo genuen, asko mugitu ginen garai hartan. Gero ere Bartzelona, Zaragoza eta beste leku batzuetara joan ginen, beti dirua galtzen. Bagenuen talde kuttun bat, Trauma, eta haiekin bira egitea lortu genuen, gonbidatu gisa.
Zein zen zure papera taldean?
Gitarra jotzen nuen eta, batzuetan, baxua ere bai. Horrez gain, kontzertuak antolatzeaz arduratzen nintzen, eta fanzineetan parte hartzeaz ere bai. Adibidez, garai batean Patxo tabernan astebururo kontzertuak antolatzen genituen.
Urte askoren ondoren, orain beste talde batean ibiltzen zara, Pan Duro. Zer dela eta izen hori?
Bai, talde berria da, orain dela hamabost urte edo sortu genuen; baina Fumas Iskarioteko bi taldekide ohi baino ez gaude bertan. Izenarena gure lanbideagatik da; izan ere, hasiera batean denak okinak ginen!
Baduzue abestirik euskaraz?
Ez, baina orain dela gutxi Zazpi Landa kirol taldeak bere ereserkia egitea eskatu zigun eta elebitan sortutako kanta da. Zorrotza futbol taldeak ere antzekoa egitea eskatu digu.
Nondik ibili zarete jotzen?
Momentura arte, Zorrotzan bakarrik jo dugu. Gustuko genuke noizbehinka ateratzea, baina ez gara lehengo gazteak.
“Fumas Iskarioterekin Euskal Herriko gaztetxe gehienetan jo genuen”
GERTUTIK
Nolakoa zen okindegi batean bizitzea?
Ikasteaz gain, familiari laguntzen genion; baina oso oroitzapen politak ditut. Adibidez, lehen gure etxean txerri-korta genuen eta garai hauetan txarriboda egiten zen.
Euskaltegia uztean jarraituko duzu euskaraz egiten?
Noski, berbalagun taldeetan jarraituko dut eta auzoan euskaraz antolatzen diren ekintzetan parte hartzen, duda barik!
Musika taldeko anekdotarik? Behin, Ermuan, kontzertu bat osorik errepikatu genuen, publikoak etengabe beste bat eskatzen zigulako.