ENEKO GARCÍA eta AIERT COBO: Telezorroza

“Saiatuko gara ahal dugun heinean gure bi atalak mantentzen: berriak eta DJa”

Azken urteotan auzoko saltsa guztietan bi gaztetxo dabiltza Zorrotzan gertatzen den oro argazki eta bideoen bidez kontatzen. Hori ez ezik, Aiert eta Eneko DJ lanetan hasi dira, adin guztietako auzotarrak dantzan jarriz beraien alaitasun kutsakorrarekin. Gaur Zorrotza Eguna da eta soinu ekipoaz arduratu ondoren Trapagara joango dira, auzotik kanpoko beren lehen emanaldia egitera. 

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Zenbat urte dituzue eta noiztik ezagutzen duzue elkar?

Aiert: Txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolako lagunak gara. Biak gara 2009koak.

Eneko: Ni denboraldi batez Deustuko ikastolan ikasi banuen ere, Zorrotzako Institutuan nabil orain. DBHko 4. mailan gaude, bukatzear.

Nondik dator Telezorroza sortzearen ideia?

Eneko: Nire familiaren herrian, Azagran (Nafarroan), bada tokiko komunikabide bat jaietan eta horrelakoetan bideoak egiten dituena, Internetera igotzeko. Orduan, pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela Zorrotzan antzekoren bat egitea eta Aierti proposatu nion.

Aiert: Bere ideia orain dela asko kontatu zidan, artean Lehen Hezkuntzan geunden. Pixkanaka-pixkanaka ideiari forma ematen joan ginen eta, azkenean, 2021eko otsailaren 20an, Telezorroza profila sortu genuen sare sozialetan.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Aiert: Hasieran auzoko berriak ipintzen genituen baina bere herrian bezala egin nahi genuen, auzoko jaietan bideoak grabatu eta abar.

Eneko: 2021ean pandemia zegoenez, aukerak apurka-apurka iristen hasi ziren. Hala ere, txikitatik Gure Lurran ibili garenez, erraza izan dugu auzoan zer mugitzen den jakitea eta hortik hasi ginen, auzoko berriak gure sare sozialetan zabaltzen.

2023ko irailetik hona hamar DJ saio eman ditugu jada

Nola egiten duzue hori guztia?

Aiert:  Hainbat eragileren sareetan dauden berriak, deialdiak, irudiak, bideoak eta abar gure sareen bidez hedatzen ditugu. Bestalde, ekitaldietatik pasatzen gara irudi eta bideoak hartuta, gure argitalpen propioak eginez.

Eneko: Auzoko ekitaldietako argazki eta bideoak bildu eta sailkatzen ditugu argitaratzeko eta, batzuetan, bideomuntaiak ere egiten ditugu. Gainera, elkarrizketa batzuk grabatu ditugu, esaterako Zorrotzako Futbol Sala taldeari eta Zorrotza Futbol Taldeari.

Auzoko zenbait talderekin elkarlanean ere aritzen zarete …

Eneko: Zorrotzako Areto Futboleko argazkilari ofizialak gara eta 2023tik Zorrotzako Jaietako komunikabide ofiziala ere bagara.

Aiert: Gainera, Gure Lurrakoak izanda jarduerak antolatzen laguntzen diegu eta iaz Txinbotarrak konpartsan parte hartzen hasi ginen, txosna montatzen eta DJ kalejira egiten. Zorrotza Futbol Taldeari ere lagundu genion, Errege Kopa auzora ekarri zutenean. Jai Batzordean ere ahal dugun guztian laguntzen dugu, esaterako, gaur sonorizazioaz arduratu gara.

Nola sortu zenuten DJ atala?

Eneko: Nik musika oso gustokoa dut; eta Aiertek, berriz, soinu eta irudi kontrola. Jai Batzordeak 2023ko jaietarako DJ leihaketa bat antolatu zuen eta erabaki genuen izena ematea. Uste dut ni ondo moldatzen naizela jendea animatzen eta Aiert musika nahasten.

Aiert: Bideo bat grabatu behar zen leihaketarako eta irabazleen artean geratzeagatik jaietako lehenengo gauean jo genuen, kioskoan. Izugarria izan zen, gure estreinaldia eta kriston soinuarekin gainera!

Eta geroztik ez zarete gelditu…

Eneko: Ez, urte horretan bertan Gure Lurrak eta Jai Batzordeak Auzokan antolatutako Gau Beltzan ere DJ animazioa egin genuen. Eta 2024an ere saio eskerga izan dugu. Inauterietan jaitsiera ondoko jaia alaitu genuen. Zorrotza Egunean, berriz Gaztetxean jo genuen. Eta Aste Nagusian, gure lehen DJ kalejira egin genuen Areatzako kaitik, Marijaia, pregoilari eta txupinerarekin, Txinbotarrak konpartsaren egitarauaren barruan.

Aiert: Gero, Zorrotzako Jaietan berriro atera ginen kalejiran eta azaroan beste behin ere, Harrapari Taldearen 15. urteurrenerako. Aurten, otsailean, Telezorrozaren 4. urteurrena ospatzeko saio bat antolatu dugu Gaztetxean eta Txinboegunean auzotik atera gara kalejiran. Gaur arratsaldean Trapagara joango gara kalejira egitera, Lonjero Eguna dela eta; auzotik kanpoko gure lehen emanaldia, Aste Nagusikoa aparte utzita, noski.

Auzoko berriak gure sareen bidez hedatzen ditugu

Nola suertatu da Trapagakoa?

Eneko: Sare sozialen bidez aurkitu gaituzte, DJ kalejira baten bila zeuden.

Aiert:  Eta gu pozik!

Zuen lehen saiotik hona soinu, argi eta efektuetan hobetuz joan zarete, nola ikasi duzue?

Eneko: Hori Aiertek kontatuko dizu, ni ez naiz trebea gauza horietan, nirea animatzea da.

Aiert: Nire aldetik ikasten joan naiz, kuriositateagatik. Hala ere, otsaileko festaren ondoren, Iker Mentxakak – lagun batek – proposatu zidan Gaztetxeko teknikariekin elkartzea, eurengandik ikasteko eta jadanik hainbatetan egon gara beraiekin. Nik argiak ditut gustukoen; Ikerrek, berriz, soinua.

Gaur bozgorailu berriak estreinatzen ari zarete, nola lortu dituzue?

Aiert: Gaztetxeko teknikariek elektrotxaranga bat dute eta jada ez zituzten behar; gainera, lokalean ez zuten lekurik gordetzeko. Beraz, eman egin dizkigute, zaindu egingo ditugula jakinda.

Eneko: Atzo soinua probatzen ibili ginen eta ikusi genuen orgara lotuta montatzea posible genuela, beraz, gaur Trapagara eramango ditugu. Ea osorik bueltatzea lortzen dugun, maldan behera ibili beharko gara-eta!

DJ atala duzuenetik, kostatzen al zaizue berrien atala elikatzea?

Eneko: Bai, orain batez ere Instagrameko argitalpenak egiten ditugu. Gure jarraitzaile gehienak auzokoak dira eta elkarrekintza asko izaten ditugu.

Aiert: Lehen bideo asko egiten genituen Youtubera igotzeko, orain ia batere ez. Ez dugu apenas denborarik.

Martxa honetan jarraitzea zaila ikusten duzue?

Eneko: Saiatuko gara ahal dugun heinean gure bi atalak mantentzen: berriak eta DJa.

Aiert: Bi fitxaje berri egin ditugu, Oier Pando eta Begoñe Tolosa, institutuko lagunak. Nik Oierri DJ lanak irakatsiko dizkiot, eta Begoñe gure managerra izatea nahi dugu, argazkiak ateratzea eta abar.

Euskara zuen jardueran oso presente dago baina Telezorroza izena duzue, Telezorrotza barik. Zer dela eta?

Eneko: Euskara sustatzea gure helburuetako bat da, horregatik argitalpen guztiak elebitan daude eta DJ festetan jarritako kanta asko euskaraz dira.

Aiert: Ideia izan genuenean Telezorroza jarri genion eta horrela geratu da, beste barik.

Zeintzuk dira zuen hurrengo hitzorduak?

Eneko: Aste Nagusirako “Konkis” moduko leihaketa bat antolatu nahi dugu konpartsen artean, goizean egiteko. Konfirmazioaren zain gaude.

Aiert: Eta auzoko jaietan DJ saio bat ematea gustoko genuke, ahal bada.

“Gurasoek hasieratik babestu gaituzte proiektuarekin”

Nondik datorkizue musikarako zaletasun hori?

Gure aitak oso musika zaleak dira eta talde asko ezagutzen dituzte. Musika asko entzun dugu.

Musikaz aparte bestelako zaletasunik?

Aiert: Txirrindularitza, baina lehiatzeari utzi diot.

Eneko: Nik arraun egiten dut Deustun, ia egunero entrenatzen dut. Aurten Euskadiko txapeldun geratu gara eta Espainiako hirugarren.

Zer ikasiko duzue hurrengo urteetan?

Aiert: Mikroinformatikako erdi-mailako zikloa egingo dut, nire helburua ikus-entzunezkoen goi-mailako zikloa egitea da.

Eneko: Nik Gizarte Zientzietako Batxilergoa egingo dut, ziur aski enpresa ikasketak egiteko.

Nola ikusten dute zuen gurasoek Telezorroza proiektua?

Eneko: Gurasoek beti esaten digute lehentasuna ikasketak direla, baina hasieratik babestu egin gaituzte proiektu honetan.

Aiert: Gaur nire aitak eramango digu gurditxoa bere furgonetan, adibidez.