MARCELA VERGARA PIEDRAHITA

“Oso gustuko dut Zorrotzan dagoen auzo-giroa”

Jaiotokia: Pereira (Kolonbia)

Noiztik Euskal Herrian: 2020tik. 

Adina: 40 urte

Lanbidea: Eskola jantokiko garbitzailea.

2018an Kolonbiatik atera zen Marcela beretzat zein bere semearentzat etorkizun hobe baten bila. 2020an Zorrotzara heldu zen, hemengoa den eta egun bere bikotekidea denarekin batera bizitzera. Txinbotarrak konpartsako ekintzetan parte hartzen du eta auzoko giroa oso gustuko du.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nola eta zergatik etorri zinen hona?

2001ean, 17 urte nituela, Galiziara iritsi nintzen lehenengo aldiz. Urtebete eta zerbait egin nuen, baina senide baten gaixotasunagatik Kolonbiara itzuli nintzen. 2018an, berriro saiatzea erabaki nuen. Aukera berrien bila eta segurtasun faltatik ihesi iritsi nintzen. Seme bat nuen, eta etorkizun hobea nahi nuen, bai harentzat, bai niretzat. Hasieran Madrilera iritsi, eta gero Galiziara joan nintzen, han zegoen Kolonbiako jendea ezagutzen nuelako. Galizian ezagutu nuen eta hemen bizi zen lagun bati esker iritsi nintzen Zorrotzara. Raúl, nire bikotekidea, ezagutu nuen ondoren, eta 2020an Barakaldon kokatu nintzen lehenik, Zorrotzara berarekin bizitzera etorri nintzen arte. Hasieran, Galizian harritu ninduen ni egon nintzen herriko bizitza urriak. Madrilen, kontrakoa gertatu zen, hain hiri handiak estutzen ninduen… Hemen zerbait orekatuagoa aurkitu dut, oso eroso sentiarazten nauena.

Hemengo ohituretara moldatzea kostatu zitzaizun?

Egia esan, ez. Ez nuen alde handirik nabaritu. Euskaldunak Kolonbiako jendea eta espero nuen baino irekiagoak zarete. Izugarri harritu ninduen tabernetan zenbat sozializatzen den! Kolonbian hori bakoitzaren etxean egiten da. Hemen tabernetan, jatetxeetan… geratzen da. Hori berria zen niretzat.

Hemengo eta zure jatorrizko bizimodua oso ezberdinak dira?

Bai, gehiegi. Izugarri baloratzen dut hemen daukadan lasaitasuna. Garbitasun, gizalege eta ordena handiagoa dago. Adibidez, Kolonbian autobusean sartzeko zein irteteko borroka modukoak sortzen dira.

Zein da zure gaur egungo lanbidea?

Ikastetxe bateko jantokiko garbitzeailea naiz. Jantokiko begiralea ere izan naiz. Migratu aurretik, jatetxe batean egiten nuen lan.

Orduan gastronomiaz hitz egin dezakegu…

Bai, jakina. Hemengo janaria eta amaginarrebak egiten dituen platerak maite ditut. Etxean “fusio-janaria” izeneko kontzeptu bat garatu dugu: hemengo gastronomiako platerak egiten saiatzen naiz, kolonbiar erara egokituta. Eta, batez ere, errezeta kolonbiarrak egiten ditut, hemengo produktuetara egokituta.

Zelako harremana daukazu euskararekin? Zer edo zer ikasi duzu? Erabili ahal izatea gustatuko litzaizuke?

Hona iritsi arte existitzen zenik ere ez nekien. Begirale lanetan oinarrizko gauza batzuk ikasi ditut. Gustura ikasiko nuke, izugarri estimatzen baitut bertako hizkuntza indartzea, nahiz eta aitortu behar dudan oso zaila iruditzen zaidala noizbait hitz egin ahal izatea. Nolanahi ere, oso garrantzitsua iruditzen zait hitz egitea eta erabilera indartzea. Horregatik, nik ezin nuenez nire semeekin hitz egin, txikia haurreskolan matrikulatu genuen, txiki-txikitatik has zedin ikasten.

Izugarri harritu ninduen tabernetan zenbat sozializatzen den! Kolonbian hori bakoitzaren etxean egiten da

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Denetarik dago eta denetarik aurkitzen dut. Baina, batez ere, auzoko bizitza, kultur giroa, mugimendua oro har, eta herritar guztien parte-hartzea antolatzen den guztian.

Aipatutako jardueretan parte hartzen duzu?

Bai, adibidez, Txinbotarraken konpartsakidea naiz. Sinestezina iruditzen zait horrelako mugimendu bat egotea, trukean ezer espero gabe lan egiten duena… Hasieratik harrapatu ninduen eta ahal izan dudan guztietan parte hartu dut. Iaz, Txinbotarrak Kastrexanako jaietan txosna kudeatzeaz arduratu zenean, sukaldari aritu nintzen eta Kolonbiako plater tipiko bat egin nuen. Umeen ikastetxeko hazkuntza-eskolan ere parte hartzen dut, esperientziak partekatuz. Eta gainera, Zorrotza Futbol Clubeko bazkidea naiz, nahiz eta oso futbolzalea ez izan, partidetan sortzen den giroa gustatzen zait eta.

Kolonbiara bueltatu zara inoiz?

Birritan. Bidaiatzeko erraztasuna dugu, nire bikotekideak airelinea batean lan egiten du eta horrek ikaragarri errazten du itzuli ahal izatea.

Aldaketarik nabaritu duzu?

Gauza gutxi. Lehengo giro bera da. Hemen bizi naizen lasaitasunera ohituta, beldur pixka bat dut handik ibiltzeko. Adibidez, sakelakoa kalean atera behar badut, edo dirua kutxazain batean, ez dut egiten hemen nagoenean egiten dudan lasaitasun berarekin.

Bertako zerbait duzu faltan inoiz?

Kalean, etxe aurrean, egiten diren erreak. Han asko irteten ginen mendira janaria prestatzera eta arrunta da etxetik kanpo janaria prestatzea. “Paseos de olla” esaten diogu horri. Uste dut horretan batzuetan faltan dudan klima tropikalak ere eragina izango duela. Han hotz gutxiago eta eguzki gehiago egiten du.

Posiblea litzateke noizbait berriro Kolonbiara itzultzea?

Ez. Egia esan, ez. Hango nire familiak badaki nire lekua hemen dagoela eta hara bisitan bakarrik itzuliko naizela. Bikotekidearekin bizi naiz eta familia hemen sortu dut: 12 urteko semea daukat, Kolonbiatik nirekin etorritakoa baina dagoeneko beste inor baino Athletic zaleagoa dena; eta bigarren seme bat, Julen, hiru urtekoa, jada hemen jaioa.