WHITNEY LINETTE LÓPEZ
“Zenbat eta euskara gehiago ikasi, orduan eta gustukoagoa dut“
Jaiotokia: La Vega (Dominikar Errepublika)
Noiztik: 2017tik hemen. (2011tik)
Adina: 29 urte
Lanbidea: Delineatzailea.
Oso gazte atera zen Whitney Dominikar Errepublikatik. Hainbat lekutan egon ondoren, Castron bizi izan zen, baina Bilbon ikasten zuenez, hona mugitu ziren. Oso gustura dago, besteak beste, hemen kuadrillan beti dagoelako zer egin.
TESTUA: AINARA GARCÍA. ARGAZKIAK: AITOR MARÍN
Nolatan edo zergatik etorri zinen?
Amaren erabakia izan zen, adin txikikoa izanda, berarekin eta anai-arrebekin etorri nintzen. Nahiz eta gure familiaren egoera edo bizi kalitatea txarra ez izan, jaioterriko segurtasun falta eta bertan bizitzeko beldurra izan zen hona etorzeko arrazoi nagusia. Hainbat lekutan bizi izan gara; hasieran Portugalen egon ginen, handik Leonera, Ponferradara eta Castrora joan ginen, azkenik, Bilbon geratzeko. Castron bizi ginela, nire ahizpa EHUn ikasketak egiten ari zen eta ni ere Bilbon bertan goi mailako gradua egiten ari nintzen. Hainbeste joan-etorri egiteak zentzurik ez zuenez, familia osoa Bilbora bizitzera etortzea erabaki genuen. Orain ez nuke Bilbo ezergatik aldatuko.

Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi ohituretara moldatzea?
Ez zait gehiegi kostatu, alde batetik, hona heltzean gaztea nintzelako eta, bestetik, gure herriek lotura handia dutelako, herri latinoak izanda eta partekatutako historia kontuan hartuta, arlo askotan ezaugarri ezagunak topatu ditut. Ezberdintasun nagusiak, agian, bertan familiaz inguratuta bizi ginela eta klima aldaketa izan dira. Jaioterriko klima guztiz tropikala zen, urte osoan beroa. Hona etortzean, guztiz kontrakoa topatu genuen. Gogoratzen dut hona heldu bezain laster, abenduan iparraldean oso ohikoa den bezala, 21 egun eguzkirik gabe igaro genituela. Izugarria iruditu zitzaidan! Denborarekin guztiz moldatu naiz eta gaur egun ez dut beroa jasaten.
Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?
Bilbo oso garbia eta ondo antolatuta iruditu zitzaidan, estatu espainiarreko beste hiriekin alderatuta ere bai. Gauza berri asko daudenez, garbitasun sentsazioa ematen du. Eta enpresa-bazkariak egitean, mahainguruan ordu pila egotearena ez dut oraindik oso ondo ulertzen. Hori bai, txuletoia jatera oso ondo ohitu naiz.
Oso desberdina zen jatorriko bizimodua auzokoaren aldean?
Gauza asko oso antzekoak dira. Nire jaioterrian naturaz inguratuta egotera ohituta nengoen eta Zorrotzan oso ondo moldatu naiz inguruan naturgune asko daudelako. Hamar minututan mendian egon naiteke, eta horrek etxean bezala sentiarazten nau. Bestalde, hemen egiten den kaleko bizimodua oso gustukoa dut. Han, arratsaldeko seietan gaua da eta, segurtasun arazo larriak daudenez, lagunduta irten behar da ala etxean gelditu. Familiarekin bizitza egitetik edozeinekin denbora pasatzera igaro naiz: familia, lankideak, ikaskideak, pintxo-potea… talde edo kuadrilla ezberdinekin beti dago zer egin. Nahiz eta kontrakoa esan zidaten, Bilboko jendea oso abegitsua da.
Hemengo jendeak kalean egiten duen bizitza oso gustukoa dut
Zer da Zorrotzatik gehien gustazen zaizuna? Eta gutxien?
Gehien gustatzen zaidana, inguru berdea eta jendeak kalean egiten duen bizitza. Gainera garraio publikoaren sarea oso ondo konektatuta dago erdigunearekin. Eta gutxien, agintariek auzoa ahaztuta dutela. Nahiz eta zergak berdin ordaindu, guk edozein gauza lortzeko borrokatu behar dugu. Eta nola ez, Sader-Profesa eta Zabalgarbiren kiratsak.
Zein da zure lanbidea?
Delineatzailea naiz, eta orain dela gutxi arte lanean egon naiz. Orain buru-belarri nabil oposizioak prestatzen.
Zelan moldatzen zara euskaraz?
Egia esan, oso gustukoa daukat. Harrigarria da. Nahiz eta oraindik euskaltegian denbora gutxi eraman, zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gustukoagoa dut.
Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu? Urtean 3-4 aste joaten saiatzen naiz, bertan familia ugari baitut bisitatzeko eta, Dominikar Errepublika etengabeko garapenean dagoen herria denez, bertako hainbat gune ezagutzeko egun batzuetako tartea hartzen dut. Inork ez daki zer gertatu daitekeen; baina, egia esan, ez dut bertara bizitzera bueltatzeko inolako asmorik, Bilbon oso gustura nago eta hemen bizi nahi dut.