MONTSE VÁZQUEZ: Trail korrikalaria

«Izena eman nuen mendiko lehen lasterketa 30 kmko Trail Kosta izan zen, eta irabazi egin nuen»

Montse Vázquez 30 urterekin hasi zen korrika egiten, lehen alaba izan ondoren, haurdunaldiaren ostean berriro ere sasoian ipintzeko. Hasieran korrika egitea oso gustuko ez zuela onartu arren, laskerketetan nahiko ondo lehiatzen zuela konturatu zen, hain ondo non bere lankideek animatuta parte hartu zuen lehen mendi lasterketa irabazi zuen. Une hartan kirol ibilbide bikaina hasi zuen. Tartean, beste hainbat kirol lorpenen artean, Euskadiko eta Espainiako kilometro bertikaleko txapelduna izan da birritan. Gaur, 53 urterekin, eta urtebetez lesionatuta egon ondoren, sentsazioen arabera entrenatzen da. Bere ibilbidea aztertuz, orain, lehiaketaz harago trailez gozatzen ikasi duela aitortu du.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nola hasi zinen trail egiten?

Ni gimnasia irakaslea nintzen, eta nire lehen alabaren amatasun bajan, errekuperatzeko korrika egiten hasi nintzen. Lasterketa motzak egiten hasi nintzen, etxetik Kastrexanaraino eta buelta, adibidez. Hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina pixkanaka lasterketetan izena ematen hasi nintzen, asfaltoan… Eta lehen postuetan geratzen nintzen. Beraz, argi dago ez zitzaidala batere gaizki ematen. Nire lehen mendi-lasterketa, Forum Sportek antolatzen duen Kosta Trail bat izan zen. Nik bertan egiten dut lan, eta hiru lankidek animatu ninduten haiekin izena ematera, nahiz eta ordura arte nik ez nuen inoiz mendian korrika egin. Beraz, nire lehen mendi lasterketa, 30 km. asfaltoan korrika egiteko zapatilekin… eta hala ere, lasterketako txapelduna izan nintzen. Emaitza horren ostean, Sestao Alpino kluba nire bila etorri zen, eta klubean sartu eta probatzea proposatu zidaten. Hasiera batean ezetz esan arren, geroago hala egin nuen

Eta horrela hasi zen zure kirol-ibilbide arrakastatsua…

4 aldiz irabazi dut Kosta Traila; 2 aldiz izan naiz Euskadiko Trail txapelduna, bertikaletako markak hautsi ditut; 8 urtez Espainiako eta Euskadiko txapeldun izan naiz gara klubetako lehiaketan; … Oso harro nago lorpen hauetaz guztiez. Inoiz ez dut neure burua atleta handitzat hartu, baina beti gustatu izan zait onenekin lehiatzea. Hainbat urte lehiatzen ibili ondoren, berriz, orain gozatu nahi dut, eta pozik nago taldekide gazteei laguntzen eta gozarazten. Iaz geldirik egon nintzen lesioen erruz, eta horrek lagundu dit gozatzen ikasten,  eta konturatu naiz ederrena ez dela dortsala janztea eta lehiatzea.

​​Zer gertatu zitzaizun min hartzeko?

Duela bi urte ultra asko (60 km-tik gorako lasterketak) egin nituen eta mina izaten hasi nintzen… Pubalgia bat arrastaka eraman nuen bi urtez, baina ez nintzen gelditu aurreikusita nituen lasterketa haiek egin nahi nituelako… Baina gorputza jakintsua da, abisuak ematen ditu, eta ni jada ez naiz gaztea. Iaz pubalgia bat izan nuen, eta horrek behartu ninduen gelditzera, eta urte eta erdi eman dut dortsal bat jantzi gabe.

Joan den martxora arte…

Bai, dortsal bat jantzi nuen berriro Benidormeko Puig Campana kilometro bertikalean. Oso gustura aritu nintzen. Gailurrera iristea nuen helburu, lasterketa amaitzea alegia. Lortu nuen, eta, gainera, maila handiko lehiaketa batean hamargarren geratu nintzen sailkapen nagusian eta hirugarren nire kategorian.

Zein da zure kirol lorpenik garrantzitsuena?

Castelloneko Marató Dels Dements maratoia aipatuko nuke. Inoiz egin dudan lasterketarik gogorrena da. Gonbidatu ninduten, eta parte hartu nuen lehenengo urtean ez nekien zer aurkituko nuen. Hasi aurretik, beste korrikalari batzuk harrituta geratu ziren ni mendiko makilarik gabe ikusi nindutenean: “zu horrela ez zara helmugara iritsiko…” Ba lehena iritsi nintzen eta txapelketa irabazi nuen. Oso lasterketa teknikoa zen, gainera. Ez zegoen ezer berderik, ezta lokatzik ere, eta niri izugarri gustatzen zait korrika egitea lokatza badago.

Urtebete lesionatuta egon ondoren, gozatzen ikasi dut eta konturatu naiz politena ez dela dortsala jantzita lehiatzea

Zer lasterketa mota duzu gustukoen?

Lasterketa gogorrak eta desnibelik handiena dutenak. Zenbat eta desnibel handiagoa, orduan eta gusturago ibiltzen naiz  eta abantaila handiagoa dut. Ikaragarri gustatzen zaizkit bertikalak. Nire lehen lasterketa bertikala Anboton izan zen. Marka hautsi nahian zebilen Ana Conde eta Oihana Kortazarrekin batera iritsi nintzen. Horrelako lehiaketetan, kirolari onenak azkenak ateratzen dira. Ni haiek baino minutu gutxi batzuk lehenago atera nintzen, baina  hala ere, onenekin batera heldu nintzen gora, eta niretzat hori zoragarria izan zen. Jende pila bat zegoen igoeran animatzen… Izugarri gustatu zitzaidan.

Nire indargunea horrelako igoera-mota da. Logikoena da mendiko lasterketak jaitsieretan irabaztea, baina ni ez naiz batere teknikoa. Beraz, badakit irabazi nahi badut, minutu askoko aldearekin iritsi behar dudala gora. Jaitsieretan, batzuetan batez ere, beherantz begira noa, beldur pixka batekin… Izan ere, mendiari  errespetu apur bat ere badiot.

Zenbat denbora ematen duzu eta ematen zenuen lehen entrenatzen?

Lehen denbora asko ematen nuen. Entrenatzaile pertsonalak nituen, eta haiek ezarritako planetara egokitu beharra dago: indarra, serieak edo dena delakoa… Iraupen-lasterketa tokatzen bazen, goizaldeko 4etan jaikitzeko beharra zegoen, eta frontalarekin mendira arratsaldeko 14ak arte… Lasterketa mota bakoitzak denbora eta entrenamendu mota desberdinak eskatzen ditu. Orain, berriz, sentsazioen arabera entrenatzen naiz: gorputzak eskatzen didanaren arabera.

Domina eta kirol lorpen guztiez gain, zer gehiago eman dizu trailak?

Jende zoragarria ezagutu izana. Honen guztiaren onena aurkitu dudan jendea da.

Suposatzen dut atleta gutxi bizi daitezkeela honetatik. Babeslerik edo laguntza ekonomikorik izan duzu?

Ez, ez dudalako inoiz hala nahi izan. Zerbait eskaini izan didate, baina beti  egin diot uko. Nire familia eta lana lehenetsi ditut beste aukera batzuen aurrean… Dirua irabazi dut, bai, baina honek ez du bizitzeko behar beste ematen. Adibidez, Bilboko bigarren gaueko maratoian 1.600 euro irabaztea lortu nuen. Ez zegoen letra txikirik eta sariak pilatzeko modukoak ziren: bigarren geratu nintzen sailkapen nagusian eta hemengo korrikalarien artean lehena. Bi sariak batuta, maratoia irabazi zuen atleta etiopiarrak baino diru gehiago irabazi nuen. Baina lehen esan bezala, oso jende gutxi bizi daiteke kirol honi esker, nahiz eta oso kirol zorrotza izan, eta uste dut traileko kirolariok ez dugula merezi dugun errekonozimendua.

Familia, lana… Nola ateratzen duzu denbora entrenatzeko eta lehiatzeko?

Ahalegin handiekin eta buruhauste handiekin, ez pentsa, igande goizetan adibidez familiarekin gosaldu ahal izateko. Egia da kirolari denbora asko eskaini eta eskaintzen diodala, bai, asko gustatzen zaidalako. Baina beti izan dut oso argi, lehenengo gauza nire familia zela; bigarrena lana, eta ondoren kirola.

Lasterketa gogorrak eta desnibel handikoak gustatzen zaizkit. Igoerak dira nire indargune handiena

LABURREAN

“Esan dezaket kirol honetan ez dudala bete gabeko helbururik”

Kirolari erreferenteren bat?

Asko, baina bat aukeratu behar badut, Maite Maiora nabarmenduko nuke.

Ba al da igo gabeko eta gogoko zenukeen gailurra ala lehiaketaren bat?

Camille Xtream edo Zegama Aizkorri berriz egitea gustatuko litzaidake. Martxoan lehiatu nuen Puig Campana buruan sartuta neukan, bere garaian, lehiatu behar nuenean, bertan behera gelditu zelako.

Trailen bete gabeko ametsik geratzen al zaizu?

Ez. Esan dezaket ez dudala arantzarik sartuta. Mendiaz, jendeaz eta kirol honetan egin ditudan lagunez gozatzea lortu dut. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Gure inguruak aproposak dira menditik korrika egiteko. Zein da gure inguruko zure lekurik kuttunena?

Zorionez, egia da hemen eremu asko daudela entrenatzeko eta gozatzeko. Bat aukeratu behar badut, Ganekogorta, Fuente del Espinoko igoeratik esango nuke. Dena den, jende askorik ez dagoen edozein leku. Orain, batez ere igandeetan, jende asko egoten baita mendian.