Zorrotzako herri aldizkaria da Zorrotz Morrotz, Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkarteak euskara hutsean argitaratzen duena. Bertan, gure auzoko gaiak jorratzen dira batik bat, eta kulturari bultzada indartsua egiten zaio, batez ere, euskal kulturari dagokionez.

1995eko irailean argitaratu zen Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea. Lau orrialdeko eta tinta bakar batean inprimatutako lehen argitalpen hura Bilbon argitaratu zen lehen herri aldizkaria izan zen.

Zorrotzako postontzi guztietan banatu zen lehen ale horretatik denbora asko igaro den arren, asmoa berbera da gaur egun: Zorrotzako auzoari informazioa euskaraz emateaz gain, euskararen presentzia handitzea du helburu Zorrotz Morrotzek, egunero erabili ahal izateraino.

Auzoan euskara bultzatzeko tresna gisa sortua, aldizkari egiturarik gabe hasi zen erronka hura, gaur egun, finkatuta dagoen 24 orrialdeko bihilabetekari bihurtu da. ZM Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa da, eta auzoko proiektu komunikatiborik sendoena ere bada, euskara hutsean, eta auzoan hizkuntza bultzatzeko helburuari eutsita.

Baina bidea ez da erraza izan. Hasierako lehenengo ale hartatik, proiektua eta aldizkariaren orrialde kopurua haziz joan da. Inolako maiztasun finkorik izan gabe, 7. alerako, ZM hamabi orrialdeko argitalpen finkatua zen. 8. alean, azala koloretan inprimatu zen lehendabizikoz, eta  2001ean, jadanik, bazituen 20 orrialde  Zorrotz Morrotzek. 2005etik 2009ra 36 orrialdeko argitalpena bihurtu zen, hori bai, urtean ale bakarra argitaratuta. Garai hartan bizitako krisialdiak, asko mugatu zuen elkarteak aldizkaria kaleratzeko jasotzen zuen udal diru-laguntza, eta horrek jota utzi zuen proiektua.

2010eko hamarkadaren hasieran, proiektua berpizteko hainbat saiakera egin ziren, baina bi ale besterik ez zen argitaratu ( bata, 2010ean; eta bestea,  2013an). Harik eta 2015ean, erredakzio-taldeko kide baten kanpo-lanaren kontratazioaren bidez, proiektuak behar zuen bultzada jaso zuen arte. Hala ere, diseinu, maketazio, kudeaketa eta koordinazio lan teknikoa izan ezik, gainerako lan guztiak Zorrotz Morrotzeko erredakzio taldeko kideek egiten jarraitu dute, zentimo bakar bat ere kobratu gabe. Haiek dira alez ale aldizkaria edukiz mamitzen dutenak. Hala izan da 1995ean argitaratu zen lehenengo egunetik, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu.

Bestalde, hasiera batean erabiltzen ez genuen finantzazio iturri berria aurkitu genuen: publizitatea. Eta publizitateari esker lortutako diru-sarrera berriek ere garrantzi handia izan zuten hasierako gastuei aurre egin ahal izateko. Hori dela eta, une hartatik komunikabide honetan iragarri diren auzoko merkatari eta ostalari guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Itzela da honaino heldu izana. Ez sinistekoa! Izan ere, proiektu xume honek Zorrotza euskalduntzeko bidean ekarpen handia egin duelakoan gaude. Eta bide horretan sakontzeko asmo irmoa dugu. Horregatik, 2024an beste urrats bat eman nahi dugu eta, horretarako, zorrotzmorrotz.eus gunea abian jarri dugu. 1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberari eutsita.

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu gure erredakzio taldea ez dela taldea itxia. Aitzitik, oso pozik hartuko genuke gure proiektuan lagundu nahiko lukeen edonor, edukia idazten edota proiektua bera garatzen. Horretarako, harpidetza atalean gurekin harremanetan jarri besterik ez da egin behar.