ITZIAR ORTIZ DUYOS: “Lápices” liburu-dendako saltzailea

“Pertsonalizazioengatik ez balitz, liburu-denda aspalditik itxita legoke”

Itziar Ortiz Duyos (35 urte) auzoko “Lápices” liburudendaren arima da. Amak sortutako negozioa hartu behar izan zuen ustekabean, hura gaixotzean, eta ordutik berrasmatzen jakin du: liburu-denda izatetik harago, sormen eta gertutasun gune bihurtu du, auzoari lotuta eta etorkizunari begira.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Liburu-denda

Noiztik dabil martxan “Lápices” liburu-denda?

Liburudenda 2001eko urriaren 21ean ireki zen. Aurten 25 urte beteko ditu eta, dena ondo bidean, zerbait berezia antolatuko dugu ospatzeko.

Zerk bultzatu zuen zure ama denda irekitzera?

Amaren betiko ametsa liburu-denda bat edo lurrindegi bat irekitzea zen. Irakurzale eta lurrinzale amorratua zen, eta argi zeukan bere kontura lan egin nahi zuela, auzoan bertan. Hasieran alokairuan egon zen beste lokal batean, eta geroago gaur egungo denda ireki zuen. Auzoak besoak zabalik hartu gintuen.

Zuk txikitatik bizi izan duzu denda barrutik, ezta?

Bai. Eskolatik irtetean dendara etortzen ginen, amarekin egoteko. Guretzat jolas modukoa zen: kanbioak eman, fotokopiak egin… Ondoren, etxera joaten ginen eskola partikularrak hartzera eta gauean ama lanetik heldu arte itxaroten genuen, berarekin beste tartetxo batez egoteko. Izan ere, lan honen atzean ordu asko daude; ez da bukatzen atea ixtean.

Noiz egin zenuen jauzia dendara?

Ez nuen nik erabaki, amaren gaixotasunak baizik. Karrerako azken mailan nengoen eta dena utzi behar izan nuen lanean hasteko. Uztailaren 31n amari ezgaitasun osoa eman zioten eta biharamunean ni hemen nengoen lanean. Ez zegoen beste aukerarik, nire arreba txikia eskolan zegoen eta aurrera egin behar genuen.

Hasiera erraza izan zen?

Ez pentsa. Ama okerrago jarri arte nirekin zegoen dendan, eta horrek asko laguntzen zidan, noski. Baina ama nirekin egoteak eztabaida asko ere sortzen zituen, berak gauzak bere moduan nahi zituelako eta nik nirean… Ulertzekoa zen, liburu-denda bere haurtxoa zen-eta!

Garai batean, egunero negar-malkotan gosaltzen nuen lanera etorri nahi ez nuelako. Denda salgai jartzera ere iritsi ginen. Baina apurka-apurka negozioa neure esku uzten joan zen.

Zerk eman zion buelta egoerari?

Txipa aldatzea erabaki nuenean hobera egin zuen egoerak. Motibatzen ninduten gauzak sartzen hasi nintzen: jostailu desberdinak, gazteagoentzako produktuak… eta hortik etorri zen aldaketa.

“Ez nuen nik erabaki dendan sartzea, egoerak bultzatu ninduen”

Berrikuntza eta egokitzapena

Zein izan da aldaketa nagusia?

Bezeroen batez besteko adina jaistea zen nire helburua. Horretarako, Playmobil, Lego edo Funko Pop bezalako produktuak ekarri ditut, auzoan ohikoak ez zirenak.

Eta hortik harago ere jo duzu…

Bai, duela lau urte pertsonalizazio-lanak egiten hasi nintzen: kamisetak, poltsoak, boligrafoak… Orain zura ere lantzen dut, belarritakoak egiten ditut… Horretarako makineria berria sartu behar izan dut eta denda apur bat berrantolatu.

Zure amak ez zuen aldaketa hori ikusi…

Ez, eta pena handia da. Ziur nago liluratuta geratuko litzatekeela. Erabakia hartu aurretik, bere lagunak eta nire ahizpa elkartu nituen aholku eske, eta haiek animatu ninduten arriskatzera.

Ekonomikoki, ezinbestekoa izan da berrikuntza?

Erabat. Pertsonalizazioengatik ez balitz, liburu-denda aspalditik itxita legoke. Eskola liburuak gutxiago saltzen dira, besteak beste, mailegu solidarioa eta liburu digitalaren eraginez.  Papertegiaren salmenta ere jaitsi da, jendeak bazarretan erosteko joera duelako.

Online salmentak ere eragingo du, ezta?

Asko. Bezeroen ohiturak aldatu egin dira: dena berehala nahi dugu. Batzuetan, liburu bat eskatu eta bi egun itxaron beharrean, beste leku batera joaten dira.

Zer eskaintzen du tokiko dendak plataforma handiek ematen ez dutena?

Gertutasuna. Nik opari-paperarekin biltzen dut liburua, bezeroari egun on esaten diot, auzoko ekintzak (futbol-taldeak, jaiak…) babesten ditut… Hori ez du plataforma handi batek egiten.

“Tokiko dendek gertutasuna eskaintzen dute, hori ezin da ordezkatu”

Auzoa eta etorkizuna

Nolakoa da zure bezero-profila gaur egun?

Jende nagusia mantentzen dut, baina gero eta gazte gehiago sartzen dira, batez ere nire belaunaldikoak, seme-alabak dituztenak eta auzoko dendetan erostearen aldekoak.

Ekitaldiak ere antolatu izan dituzu…

Bai, liburu-aurkezpenak eta sinaketak, besteak beste. Idazle ezagunak etorri dira eta arrakasta handia izan dugu. Toti Martínez de Lezea etorri zenean 45 minutuko ilara sortu zen!  Azkenaldian, ordea, egiteari utzi diot, jendea pixka bat nekatu dela iruditzen zait.

Eta etorkizunari begira?

Ni orainaldian bizi naiz, baina gustatuko litzaidake denda luzaroan mantentzea, nire amagatik ere bai. Euromilioia tokatuz gero, ez nuke utziko: alboko lokala erosiko nuke negozioa handitzeko.


GERTUTIK

«Denda honetan lanaren balioa ikasi dut»

Zer esan nahi du zuretzat denda honek?

Nire bizitzaren zati handi bat da. Hemen hazi naiz eta hemen ikasi dut lanaren balioa.

Anekdota bitxiren bat?

Denetarik eskatu didate: bonbillak, buzeorako hegatsak… Batzuetan, jendeak pentsatzen du denetarik dugula!

Zer eskertzen diozu auzoari?

Hasieratik eman digun babesa. Nire ama dendan ez zegoenean ere, jendea berataz galdezka etortzen zen. Orain, nire ordez ahizpa dagoenean, berdin egiten dute baina nirekin. Horrek asko esan nahi du.

Zer duzu buruan urteurrena ospatzeko?

Urrirako zerbait berezia antolatzen ari naiz, baina ezin dut ezer aurreratu! Bakarrik auzoari irekia izango dela.

CLAUDIA CIPRIÁN LEÓN


“Nekez, baina ilusioz, alabentzat etorkizun hobea aurkitu dut hemen”

Jaiotokia: Kolonbia

Noiztik hemen?: 2019tik

Adina: 50 urte

Lanbidea: Erizain-laguntzailea

Kolonbiatik etorri zen Claudia bere bi alabekin, egoera zaila atzean utzita. Neke handiz, baina ilusioz beterik, gaur egun Zorrotzan bizi da, bertan lan egiten du eta bere alabentzat etorkizun lasaiago eta seguruago bat eraikitzen ari da.

Testua eta argazkiak:  NAROA PEÑA

Nolatan eta zergatik etorri zinen?

Sakrifizio handiarekin etorri nintzen: Planik, dirurik eta familiarik gabe… bakarrik eta bi alaba txikirekin, baina ilusio handiarekin. Nire asmoa bakean eta lasaitasunez bizitzea zen, lan egiteko aukera izatea eta nire alabei bizimodu xumea eskaintzea. Egonkortasuna eta aurrerapena lortu nahi nituen, asko bilatu arren, aurkitu ez nuena.

Gogorra egin zitzaizun lan eta bizi ohituetara moldatzea?

Bai, asko kostatu zitzaigun kultur desberdintasunak onartzea eta pertsona batzuen apatia ulertzea. Lana ez zen, ez da eta ez da izango ohituta nengoen bezalakoa, baina ohitura-izakiak garen arren, hemen lana izatea zorte handia da eta horregatik eskertuta bizi naiz.

Zure herrian zein lanbide zeneukan?

Nire herrialdean beti bulegoetan lan egin nuen, auditoretzak egiten. Baina horrek ez nau gelditu bilatzen nuena lortzeko: egonkortasun emozionala eta nire alabentzat etorkizun hobea edo, gutxienez, nik izan nuena baino hobea eskaintzea.

Oso ezberdina da hango bizimodua edo auzokoa bezalakoa da?

Gauza askotan oso antzekoa da, baina beste batzuetan oso desberdina, batez ere, segurtasunari dagokionez. Nire beldur handiena hori zen, eta hemen bilatu eta aurkitu egin dut.

“Euskara asko gustatzen zait. Kostata, baina ikasten ari naiz”

Zer da Zorrotzako gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Gehien gustatzen zaidana arnasten den lasaitasuna da; gutxien gustatzen zaidana, berriz, metroa ez egotea.

Zeren falta sumatzen duzu gehien?

Familiaren falta da gehien sumatzen dudana, haien besarkadak… Oso harreman estua genuen, eta orain telefonoz bakarrik hitz egiten dugu; hori da dugun harreman bakarra…

Nolakoa da zure eguneroko bizimodua Zorrotzan?

Oso lasai bizi naiz: lan egiten dut, euskara ikasten dut euskaltegian (asko gustatzen zait, baina asko kostatzen zait), eta nire alabekin etxean lasai egoten naiz.

Euskara ikasten ari zara, beraz. Eta zelan moldatzen zara? Zerbait esaten animatu zara?

Ondo. Batez ere, ulertzen saiatzen naiz; horretan ari naiz lanean eta horretan jarraituko dut, bai.

Zure jaioterrira askotan bueltatzen zara?

Ez, oso urrun dago, eta, gainera, bidai txartelak oso garestiak dira

Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu ala Zorrotzan betiko geratzea erabaki duzu? Ez, ez dut hara berriro bizitzera itzuli nahi. Hemen geratu nahi dut betiko eta hemen hil; nire alabek hemen izan ditzatela sustraiak, bizitza eta etorkizuna. Izan ere, etorkizunerako, Basurtun nire etxebizitza ordaintzen hasi naiz.

TXEMA GARCÍA: 72 maratoi munduan zehar

«Ehun maratoi egitera heltzea gustatuko litzaidake, eta azkena Atenasen egitea»

53 urte eta 72 maratoi atzean dituela, Txemak kirol bat baino askoz gehiago bihurtu du running-a: bidaiatzeko, bere buruaren mugak gainditzeko eta bizitza ulertzeko duen modua da. Ez du markarik nahi, esperientziak bizitzea baizik; eta 60 urte bete baino lehen 100 maratoi bukatzea du amets,  baita bere ibilbidearen zirkulua Atenasen ixtea ere

TESTUA eta ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Gogoratzen noiz eta zergatik hasi zinen korrika egiten?

Betidanik gustatu izan zait kirola. Asko jokatzen nuen areto-futbolean eta futbolean. Korrika egitera irtetea kirola egiten jarraitzeko modurik azkarrena eta praktikoena izan zen, inoren mende egon gabe. Zapatilak jantzi eta hasi nintzen.

Noiz egin zenuen maratoirako jauzia?

24 edo 25 urterekin egin nuen lehen maratoia. Garai hartan ia ez zegoen herri lasterketarik: Santurtzitik Bilbora eta Herri Krosa ziren ia bakarrak. Proba horiek egin ondoren, maratoi erdi bat egitera animatu nintzen… eta hurrengo pauso logikoa maratoia zen.

Nolakoa izan zen lehen esperientzia hura?

Katastrofikoa. Kilometroz oso justu eta ezjakintasun osoz joan nintzen. Ez zegoen egungoak  bezalako entrenamendu-plan espezifikorik. Bukaeran, karranpak izan nituen bi hanketan. Harrotasun hutsagatik iritsi nintzen helmugara… eta poltsa jaso behar nuelako.

Eta hala ere, errepikatu egin zenuen.

Bai, baina ez berehala. Bi urte behar izan nituen berriro saiatzeko.

Zenbat maratoi amaitu dituzu gaur arte?

Guztira, 72 bukatu ditut. Baina kopurua baino garrantzitsuagoa da  maratoia baliabide ezin hobea bihurtu dela nire bi zaletasun handiak lotzeko: kirola eta bidaiak alegia. Gehiago egiten jarraitzeko asmoa daukat, baina beti ezagutzen ez ditudan lekuetan.

«Nire bi pasio nagusiak batu ditut: kirola eta bidaiatzea.»

Nongo maratoietan egon zara orain arte?

Leku asko eta askotakoetan. Europan Maltan, Bruselan, Budapesten, Krakovian… Europatik kanpo, Estatu Batuetan, Buenos Airesen, Jamaikan, Marrakechen, Kyoton… Hiri bakoitzak badu zerbait berezia.

Hurrengoa aukeratzerakoan, zerk du garrantzi handiagoa?

Nire bidaia guztiak ez dira kirol asuntuengatik, baina herrialde batean nagoela bertan maratoi bat egiten bada, animatu egiten naiz. Adibidez, hiru egun eman nituen Kanputxean eta bazen bat… ba, noski, korrika egin nuen. Eragozpen nagusia da gehienak hil beretan pilatzen direla: apirilean, urrian eta azaroan.

Nongo giroak harritu zaitu bereziki?

Krakoviakoak txundituta utzi ninduen. Nahiz eta kanpoan korrika egiten duzunean dena desberdina izan. Jamaikan, adibidez, «reggae-maratoia» izan zen. Hiri guztiek egiten dute bat probarekin eta bakoitzak bere nortasuna eta xarma berezia du.

Bat bakarrik gomendatu beharko bazenu, zein litzateke?

Niretzat, benetakoena Bostonekoa da. 2002an korritu nuen, Dorre Bikien atentatua gertatu eta urtebetera, eta bereziki hunkigarria izan zen. Enblematikoena da. New Yorkekoa ere korritu dut, “sei majors”-etako bat hau ere, baina turistikoagoa eta komertzialagoa da.

Egondako guztietatik, maratoi autentikoena Bostonekoa da; oso hunkigarria izan zen

Nola prestatzen zara?

Diesel korrikalaria naiz, herri lasterketetakoa, ez pentsa! Zorrotzan Josu Fernandez edo Montse Vazquez bezalako crackak baditugu; ni ez nago maila horretan. Urte asko daramatzat entrenatzen, baina ez dut oso saio zorrotzik egiten eta ez dut erritmo handirik bilatzen. Nire helburua ez da markak hobetzea, duintasunez amaitzea baizik. Mugitzen naizen denboretarako, ez dut entrenamendu espezifikorik behar.

Nire oinarria fondoa da: eguraldia ona bada, kalean entrenatzen dut; bestela, bi orduko zinta-saioa gimnasioan. Batzuetan hiru spinning saio lotzen ditut jarraian…

Lesio handirik izan duzu?

Korrika egiteagatik, ez. Hain zuzen ere, ez dudalako karga handirik egiten, ezta entrenamendu zorrotzik ere. Adinean aurrera egin ahala, eragozpenak ohikoak izaten dira, eta haiekin bizitzera ohitu behar gara. Lasterketa txandakatzen dut bizikleta estatikoa eta spinning-arekin.
Hori bai, lesio larri bat izan nuen… baina ez korrika egiteagatik. Lagun batzuekin oporretan pinua egiteagatik izan zen. Aldaka hautsi nuen, bi iltze jarri zizkidaten eta astebete egon nintzen ospitalean. Mediku batzuek esan zidaten ez nuela berriro lehen bezala korrika egingo… Hilabete eta erdian, ordea, trostan nenbilen. Kirolak errekuperatzeko eta hobetzeko gaitasun hori ematen du. Martxoan operatu ninduten eta urte bereko azaroan Lanzaroteko maratoia korritu nuen.

Zer pasatzen zaizu burutik 30. kilometroko «horma» ospetsuan?

Batzuetan horma hori 20.ean jasan dut (barre egiten du). Baina aurreikus ezin daitezkeen gauza horiek dira lasterketa hau hain erakargarri egiten dutena. Edozein xehetasun txikik geldiaraz zaitzake… Nire ibilbidean arazo dezente izan ditut, batez ere deshidratazioak.

Inoiz abandonatu duzu lasterketaren bat?

Inoiz ez. Nahiz eta onartzen dudan noizbait egin beharko nukeela.

Zorrotzatik entrenatzen duzu? Baduzu ibilbide gogokoenik?

Nire nukleo gogorra gimnasioa da, baina irteten naizenean, Erandio aldera edo Portu Zaharrera jotzen dut. Lehen sarri joaten nintzen Errekatxorantz.

«Nire markarik onena etxean izan zen: 3 ordu eta 18 minutu Bilbon»

Zer sentitzen duzu helmuga zeharkatzean?

Lortutako helburu bat gehiago da, koska bat gehiago. Maratoia erdi mentala eta erdi fisikoa da. Azken bizpahiru kilometroetan, iritsiko zarela ikusten duzunean eta jendea animatzen entzuten duzunean, dena errazagoa eta politagoa bihurtzen da.

Oroitzapenak gordetzen dituzu? Baduzu erritualik?

Dortsal eta domina guztiak etxean gordetzen ditut, denbora markekin batera, horretarako propio erosi nuen esekitoki batean. Eta huts egiten ez duen errituala amaierako garagardo hotza da.

Baduzu hiriren bat egiteke?

Asko. Baina burutik ezin kendu Rio de Janeiro daukat. Prestatuta izan dut eta oraindik ezin izan naiz joan. Errespetua ematen dit hau esateak, beti sor daitekeelako arazo edo lesioren bat, baina nire helburua 100 maratoitara iristea da. Helburua lortzen badut, azkena Atenasen izango da.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua korrika egiten?

53 urte ditut. 60ak bete baino lehen 100 maratoi egitera iristea gustatuko litzaidake, eta argi daukat ehungarren eta azken horrek Atenasen izan behar duela, ibilbidea nolabait borobiltzeko. Lortzen badut, ez dut kirola utziko, baina ziurrenik hori izango da nire azken maratoia.

LABURREAN

«Kanpoan, markak hobetzea baino, hiriaz gozatzea lehenesten dut

Zer da runninga zure egungo bizitzan?

Bizimodu bat.

Amaitu esaldia: «Korrika egiteak eman dit…»

Lagun handiak, osasuna, indarra… gauza asko.

Zure markarik onena?

3 ordu eta 18 minutu. Etxean, Bilbon, 2022an. Kanpora joaten naizenean, hiriaz gozatzea lehenesten dut markak hobetzea baino.

Zure oroitzapenik onena?

Krakovian. Min hartuta nindoan,  korrika egiteko asmorik ez zuen eta jada hilda dagoen lagun batekin. Ebakuntza bat egin berri zeukan arren, nirekin joateko konbentzitu nuen. Kantuan atera ginen, marka ona egin genuen eta jendeak eskertu egin zigun sortu genuen giroa. Oso berezia izan zen.

Eta esperientziarik txarrena?

Edinburgon. Ez genuen dortsala hartzeko tokia aurkitzen. Lasterketa abiatu zen, eta dortsalaren bila jarraitzen genuen… Bero handia… Anabasa, baina bukatzea lortu nuen.

Beste pasadizoren bat?

Athleticen Kopako finala galdu nuen 2024an, sarrera izan arren, Erroman korritzeagatik. Nire txartela lagun bati oparitu nion. Finala hotelean ikusi genuen, oso berandu oheratu ginen… eta maratoia korritu nuen Athleticen kamisetarekin. Ospakizunak helmugan jarraitu zuen.

WENDY PALACIOS eta  JOSÉ LUÍS LADINO

«Hemen oso ondo bizi gara, lasai eta zoriontsu»

Jaiotokia: “Sucursal del Cielo”, Cali (Kolonbia)

Noiztik hemen: 2023tik.  

Adina: Wendy 32 eta Jose 37

Lanbidea: Wendy, Administrazio-laguntzailea.
Jose, administraria.

Migratzea ez da inoiz erraza, baina ausardiaz eta ahaleginez bizitza berria eraiki dute Zorrotzan. Hemen, lan egin, beren alabaren etorkizunerako nahi zuten bizi-kalitatea aurkitu  eta komunitatean sustraiak botatzen ari dira

Testua eta Argazkiak:  NAROA PEÑA

Nolatan eta zergatik etorri zineten?

Hegazkinez iritsi ginen hona. Iberiar penintsula aukeratzea, neurri batean, jada “ezagutzen” genuelako izan zen, gure bigarren etorrera baitzen. Lehenengoa oso garai txarrean izan zen: 2020an, pandemia betean. Orduan, 2 edo 3 hilabete baino ez ginen egon; horregatik, leku batetik bestera mugitu behar izan genuen, azkenean Kolonbiara berriro itzultzeko erabakia hartu genuen arte.

Hala ere, 2022ko otsailean berriro etorri ginen, eta Zorrotzan 2023. urtetik daramagu bizitzen. Ez genuen guztiz ezezaguna egiten zitzaigun leku batera joan nahi, eta, gainera, nolabaiteko intuizioa genuen hemen ondo joango zitzaigula.

Gogorra egin zitzaizuen lan- eta bizi-ohituretara moldatzea?

Migratzea beti da prozesu konplexua. Zure zati oso pertsonal bat uztera eramaten zaitu, eta zure gaitasun guztiak muturreraino erabiltzea eskatzen dizu. Azkenean, hori da hemen jarraitzen dugunon eta itzultzea erabakitzen dutenen arteko aldea: gu ausartak izan gara eta geure burua berrasmatu dugu behin eta berriz.

Ia ezagutzen ez genituen lanak egin behar izan ditugu, eta desberdinak diren ohituretara egokitu ere egin behar izan dugu. Hala eta guztiz ere, pixkanaka-pixkanaka, indarrarekin eta iraunkortasunarekin, egunero hobetzen joan gara alderdi guztietan.

Zuen herrian zein lanbide zenituzten?

W. Kontratazio-laguntzailea nintzen, hemen ETT (Aldi Baterako Laneko Enpresa) deritzen enpresa horietako batean. Administrazio-kudeaketako goi-mailako ikasketak ditut.

J: Nik enpresa-administrazioko unibertsitate-gradua dut eta diruzaintzako analista nintzen.

Oso ezberdina da hango bizimodua ala hemengoaren antzekoa da?

Nahiz eta funtsean antzekoa izan daitekeen, desberdina ere bada. Ia guztiak beste modu batean funtzionatzen du: sistematik bertatik hasita, eguneroko bizitza eta ohiturak arte, baita eguraldia eta hitz gutxitan azaltzea zaila izango litzatekeen beste hainbat faktore ere.

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuena? Eta gutxien?

Zorrotza gure etxea izan da 2023tik. Horregatik, dena gustatzen zaigu: hemen pertsona gisa hazi gara eta hemengo herritar gisa sustraiak bota ditugu. Gainera, Zorrotzan dena gertu daukagu.

Gutxien gustatzen zaiguna da metro geltoki bat eduki beharko genukeela, eta Sader enpresaren kontua ere badago; beraz, “Sader kanpora”.

Zer da gehien sumatzen duzuena faltan?

Gure familia guztia, dudarik gabe.

Zuen herrira askotan bueltatzen zarete?

Behin baino ez gara itzuli, 2025ean, konkretuki. Oso gogorra eta zaila da hain gutxi bueltatzea.

Migratzea beti izango da prozesu konplexua. Gu ausartak izan gara eta gure burua berrasmatu dugu behin eta berriz

Astean zehar, Emilia (gure alaba) eskolara eramaten dugu; gero, gure lanetara joaten gara. Arratsaldean, eskolatik jasotzen dugunean, parkera edo eskolaz kanpoko jardueretara eramaten dugu, eta gauean etxean afaria eta hurrengo eguneko janaria prestatzen ditugu.

Nolakoa da zuen eguneroko bizimodua?

Asteburuan, normalean  Emirekin kanpora irteten saiatzen gara: bazkaltzera joan, etxetik kanpoko jarduerak egin edo parkera joan.

Euskara ikasi duzue?

Hemen hazi ez garenontzat hizkuntza zaila da ikasteko, eta, gainera, ez dugu erreferentziarik hizkuntza hori errazago ulertzeko. Hala ere, konfiantza dugu gure alabak euskaraz ondo hitz egingo duela eta hizkuntza menperatuko duela. Gu ere pixkanaka ari gara: “egun on”, “kaixo”, “agur”… behintzat erabiltzen ditugu.

Zuen herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzue ala Zorrotzan betiko geratzeko erabakia hartu duzue? Bilbon bizi ahal izateko leku bat aurkitu dugu, bizi-kalitate onarekin, eta hori da, batez ere, gure alabarentzat nahi duguna. Hemen dena gustatzen zaigu: oso ondo bizi gara, lasai eta zoriontsu, eta horregatik ez dugu beste leku batera joatea pentsatzen. Hala ere, jaioterritik behin irten ondoren, ez zara leku zehatz batekoa bakarrik izaten.

MARI ÁNGELES GAYUBAS BRAVO. Olerkaria

“Txikitatik idazten dut, ez diot inoiz idazteari utzi”

Zorrotzako auzokidea eta olerkaria dugu Mari Angeles. Irailean, bere bigarren liburua aurkeztu zuenAuzokan, “Imagina al alba”, bere sorterriari, familia zein lagunei eta bizitzako une gazi-gozoei buruzko bertso-bilduma. Bere jatorriaz, bizipenez eta idazlanez solasaldi interesgarria izan dugu.

TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Noiztik idazten duzu?

Txikitatik. 11-12 urte nituen nire lehen olerkia idatzi nuenean, horrelaxe zioen:  “Yo me fui a bañar al río cuando el sol más calentaba, vinieron dos cazadores que a los pajarillos mataban y mi pobre corazón de sangre se derramaba”.Horrez gain, eskolako lagunenei karpetan poemak idazten nizkien eta, batzuetan, laguntza eskatzen zidaten beraien senideentzako bertsoren bat osatzeko, urtebetetzeetan-edo.

Nondik datorkizu idazteko zaletasun hori?

Gure amak, txikitatik, herri-erromantzeak errezitatzen zizkigun, buruz. Haren eraginez ziur aski, ondo errezitatzen nuen nik ere, eta oso memoria ona neukan neskato bat izateko. Baina nigan oso eragin handia izan zuen eskolan izandako irakasle batek: Rafaela Conde Alonso. Ez daukat ahazteko haren izena. Hark nire idazmahaiaren aldamenean Becquerren “Volverán las oscuras golondrinas” olerkiko poster bat itsasi zuen eta egunero-egunero irakurtzen nuen, ez ninduen nekatzen. Irakasle horrek irakurtzera eta idaztera bultzatzen ninduen etengabe eta horixe da egin dudana.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Burgoseko herrixka batean jaio nintzen, Arauzo de Torren, Aranda de Duerotik gertu. Zazpi neba-arrebatatik erdikoa naiz ni, familian asko borrokatu behar izan dugu aurrera egiteko. Hala ere ,oso haurtzaro zoriontsua izan nuen herrian, naturaz inguratuta, lagun eta senideen artean. Txikitan, neskato xelebre samarra nintzen, gustuko nuen bakarrik paseatzea, ibai ertzera hurbiltzea nire pentsamenduetan galtzera, txorien kantua entzutera…

Noiz atera zinen herritik?

Eskola amaituta, hamabost urte nituela, etxe batean neskame sartu nintzen Madrilen, 1980an. Alde batetik, lan egiteko beharra nuen, etxeko ekonomiari laguntzeko; baina, bestetik, mundua ezagutzeko gosea ere banuen. Nire herria, Aranda eta Burgos, horiek baitziren ordura arte nire mugak.

“Inoiz ez dut nire lanak argitaratzeko asmorik izan, animatu ninduten”

Zer suposatu zuen Madril bezalako hiri batera mugitzeak?

Hasieran gogorra izan zen, asteazken arratsaldeetan baino ezin nintzen atera, eta gaueko hamarretarako bueltan egon behar nuen. Gerora, herriko lagun bat ere etxean lanera sartu zen eta, denborarekin, nagusien konfiantza geureganatu genuen. Igandeetan libratzea lortu genuen eta, geroago, larunbat arratsaldeetan ere bai. Diskoteka batean lagun batzuk egin genituen, gu baino nagusiagoak, eta kuadrillara batu ginen. Kotxea zeukatenez, asteburuetan hara-hona ibiltzen hasi ginen.

Madrilgo “mobida” bizi izan duzu?

Ez oso biziki baina ezagutu genuen, bai. San Isidroko festak izugarriak ziren. Kontzertu askotara joaten ginen; gogoan daukat La Polla Recordsen bat. Arguelleseko behealdeetara ere joaten ginen, garai hartan euskaldun andana ibiltzen ziren tabernetara. Horrez gain, museoak, antzerkia, zinema… Denetarik egiten genuen!

Nola bukatu zenuen Zorrotzan?

Nire senarra Zorrotzakoa da eta uda batean Arandan elkar ezagutu genuen, bere gurasoen herria niretik gertu dago-eta. Maitemindu ginen eta harekin Bilbora bizitzera etorri nintzen, Madrilen sei urte lanean eman ondoren. Jadanik batxilergoa ikasteko izena emanda neukan Madrilgo institutu batean! Hona 1986an heldu nintzen eta lanean hasi orduko Unamuno institutuan matrikulatu nintzen, gaueko batxilergoan. Geroago, helduentzako unibertsitateko sarbide proba egin eta gainditu nuen, Geografia eta Historia ikasteko asmoz; baina haurdun geratu nintzen eta, azkenean, ez nintzen matrikulatu.

“Idaztea terapia modukoa da niretzat”

Zenbat liburu argitaratu dituzu?

Orain arte bi poema-liburu argitaratu ditut: “Pasaderas” (2017) eta irailean aurkeztutako “Imagina al alba” (2025). Bertan, nire bizitzan zehar idatzi ditudan olerkiak biltzen ditut. Baina beste batzuen liburuetarako poema solteak ere idatzi izan ditut.

Zerk bultzatu zintuen zure olerkiak argitaratzera?

Inoiz ez dut nire lanak argitaratzeko asmorik izan, nire lagunentzat eta senideentzat idazten nuen. Baina lagunek eta irakasleek beti animatzen ninduten zerbait argitaratzera. Azkenean, institutuko lagun baten arrebaren bidez, argitaletxe batekin harremanetan jarri nintzen. Bera ere Zorrotzakoa zen eta liburu bat argitaratuta zeukan haiekin.

Errentagarria da norbere liburuak argitaratzea?

Liburua mugitzea lortzen baduzu, inbertitutakoa berreskuratzen da. Argitaletxeak salmenta prezio bat finkatzen du eta horren zati batekin geratzen da; gainerakoa egilearentzat da. Esaterako, nire azken liburuaren 200 ale inguru saldu ditut eta diru apur bat biltzea lortu dut, bidaiatxo bat egiteko-edo.

Idazten duzun ia dena poesia da, baina tarteka alegiak edo ipuinak ere topa daitezke zure liburuetan, zer dela eta?

Ipuin batzuk nire seme-alaben eskolan egindako tailerretarako sortu nituen. Txikitatik ikasgelan kontatzen zuten ama poeta zeukatela eta irakasleek askotan gonbidatu izan naute eskolara: umeei edo umeekin irakurtzeko,  haiekin batera olerkiak edo ipuinak sortzeko…

Jende aurrean aritzea gustuko duzu?

Bada zerbait bolondresa eta asko asetzen nauena. Nire amaren egoitzan errezitala eman dut, eta berriki Zorrotzakoan ere egon  naiz nagusiei errezitatzen. Horretaz aparte, Bizkaiko Elkarte Artistikoko tertulia poetikoetan ere parte hartu izan dut.

“Nire lehen eleberria idazten hasteko asmoa daukat”

Auzoko irakurketa-klubaren dinamizatzailea ere bazara, nola funtzionatzen duzue?

Hilabetero elkartzen gara Auzokan, azken asteartean. 10-11 lagun gara. Bakoitzak zer liburu irakurri nahiko lukeen proposatzen du eta, azkenean, bozkaz erabakitzen da denok batera irakurriko duguna. Hurrengo hilabetean, liburuari buruzko tertulia egiten dugu eta ondorengoa aukeratzen dugu.

Zer duzu buruan hurrengo urteetarako?

Olerkiak idazten jarraitzen dut eta nire lehen eleberria idazten hasteko asmoa daukat. Jadanik koadernoa erosia daukat, Lapices liburu-dendan!

LABURREAN

«Nire olerki triste askok amaiera itxaropentsua dute»

Zure poemetan zure herria, uda, natura… sarritan aipatzen dituzu.

Nire herria nire haurtzaroa da, zoriontasuna, askatasuna, natura, bakea… Udan, ahal dudan guztietan joaten naiz eta urte osorako pilak kargatzen ditut bertan.

Zure gurasoak ere maiz agertzen dira.

Aita eta ama paregabeak izan ditut, borrokalariak eta seme-alabez beti arduratuta. Amak, 92 urterekin, sekulako memoria du oraindik. Zoragarria da, zer esango dizut ba!

Istripu batean galdutako nebari bertso asko eskaintzen dizkiozu.

Nire nebarena orain dela 20 urte gertatu zen, oso kolpe latza. Urtero olerki bat idatzi izan dut bere omenez, idaztea terapia modukoa da niretzat.

Seme-alabak, lagunak… ere oso presente dituzu zure bertsoetan.

Maite ditudanentzat idazten dut, opari gisa. Nire alaba eta semearen urtebetetzeetarako olerki asko daude liburuotan.

Amodioa eta desamodioa jorratzen dituzu, bizitzaren momentu gozo eta gaziak…

Horrelakoa da bizitza, triste egoteko momentuak eta alai egotekoak, bietatik daude. Horregatik, nire olerki triste askok amaiera itxaropentsua dute.

Zorrotzari buruzko poema bat ere baduzu, “Me gusta mi barrio”.

Alde txarrak aipatzen ditut: FEVEko barrerak, kutsadura…; baina alde onak ere bai: parkea, auzoko bizitza…

Gizarte gaiak ere hizpide dituzu, hala nola pobrezia, gerrak, arrazakeria… 

Aitona karlista nuen eta gerraren ostean Francok bizkarra eman zien, aldizkari klandestino bat zeukaten… Etxean asko hitz egiten zen gai politiko zein sozialez. Uste dut horrek eragina izan zuela nigan.

ALEJANDRA MARÍA SAAVEDRA

“Hazi nintzen Caliko auzoa gogorarazten dit Zorrotzak, hemen ere jendeak elkar ezagutzen duelako”

Jaiotokia: Cali (Kolonbia)

Noiztik hemen: Zorrotzan 2024tik. Kolonbiatik kanpo 2022tik. 

Adina: 27 urte

Lanbidea: Administrari laguntzailea.

Alejandra haurdun atera zen Kolonbiatik duela 4 urte, eta Castro Urdialesera iritsi zen, baina laneko gorabeherek Zorrotzara ekarri zuten azkenean. Gaur egun, hiru urteko semearekin bizitza eraikitzen jarraitzen du hemen. Elkarrizketa honetan migrazio-esperientzia, kultura-talka eta Zorrotzan integratuta eta seguru sentiarazten duten auzo-bizitzaren xehetasunak partekatu ditu.

Testua eta Argazkiak:  Aitor Marín

Nolatan heldu zinen gurera bizitzera?

Nire semearen aitak bere amarekin hona etortzeko aukera izan zuelako iritsi nintzen. Ni haurdun nengoen eta haiekin emigratzea erabaki nuen.

Zorrotzara zuzenean etorri zinen ala Colombiatik atera ondoren beste lekuren batean egona zara?

Ez. Hasiera batean, Castro Urdialesera iritsi ginen. Baina lana Bilbon geneukan, eta Castro Urdialesen bizita joan-etorrietan denbora asko galtzen genuen. Zorrotzan pisu bat aurkitu nuen 2024an, eta hemen geratzea erabaki nuen.

Jatorrian zein zen zure lanbidea?

Banketxe batean lan egiten nuen.

Gogorra egin al zitzaizun hemengo bizimodura eta lan-ohituretara egokitzea?

Bai, aldaketa zaila izan zen, batez ere ez dudalako familiarik hemen, eta iristea eta  guztiz berria den leku batean bakarrik sentitzea zaila egiten da. Horretaz gain, eguraldia oso bestelakoa da: neguak oso luzeak egin zitzaizkidan, eta denbora behar izan dut aldaketa horretara egokitzeko. Kolonbian ez gaude hotz honetara ohituta… Hasierako oztopo horiek gainditu ondoren, hemengo kultura eta jendeari ondo egokitu natzaiela esango nuke.

Zerk harritu zintuen gehien hona iristean?

Asko gustatu zitzaidan hemengo jendearen izaera. Oso atseginak eta lagunkoiak dira.

Gurea herri abegikorra dela esango zenuke?

Bai. Esan bezala, jendea oso atsegina iruditu zitzaidan. Jendeak ezagutzen zaituenean, bat gehiago sentiarazten zaituzte, horretarako Kolonbian baino denbora gehiago behar den arren.

Oso ezberdina al da hemengo bizimodua zure jatorrian zeneukanaren aldean?

Bai. Lehenik eta behin, segurtasuna nabarmenduko nuke. Kolonbian askoz ere segurtasun gutxiago dago. Eta desberdintasun kulturalak oso nabarmenak direla ere gehituko nuke. Kolonbian konfiantza oso azkar bereganatzen da pertsona ezberdinen artean, eta denek hitz egiten dute elkarrekin kalean.

“Eguraldia oso desberdina da, eta hemen neguak oso luzeak egin zitzaizkidan hasieran”

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Caliko nire haurtzaroko auzoa gogorarazten dit. Oso auzo handia ez denez, jendeak elkar ezagutzen du. Denbora gutxian okina ezagutzen duzu, supermerkatuko saltzaileak… Horrelakoa zen Calin bizi nintzen auzoa, denok elkar ezagutzen genuen eta jendearen berotasuna eta laguntza izaten genuen behar zen edozertarako.

Eta gutxien?

Beharbada, beti jendea topatzen den erdiguneko eremuaren eta erdialdetik urrunago dauden eremu batzuen arteko alde handia. Askoz bizitza urriagoa duten eremu hauen egoera  okerragoa da, eta eraikinen edota beste zerbitzu batzuen egoeretan nabaria da. Eta gauza txar gisa azpimarratuko nuke auzoak metroarekin loturarik ez izatea.

Semea eskola publikoan duzu, euskaraz ikasten. Zu zelan moldatzen zara euskaraz?

Hitz batzuk ikasi ditut, oinarrizkoenak, baina ezer gutxi gehiago. Ez nuen ezagutzen eta ez nekien ezta existitzen zenik; baina  izugarri gustatzen zait, eta oso interesgarria eta garrantzitsua deritzot hemen jaiotako nire semeak ikasi eta ezagutzeari.

Kolonbiara itzuli zara inoiz? Bueltatzea gustatuko litzaizuke ala hemen jarraitzeko asmoa duzu?

Ez. Oraingoz, ez. Lau urte igaro dira irten nintzenetik eta oraindik ez naiz itzuli. Bueltatu nahi nuke, noski, baina bisitan. Izan ere, nire plana hemen jarraitzea da.

ERIKA GALLARDO: Jiu-Jitsuko kirolaria

«Egunero entrenatzen naiz ahalik eta urrutien iritsi nahiko nukeelako Jiu-jitsuan»

Judoan lau urte eskasekin hasi ondoren, Erikak kirol teknikoagoa, dinamikoagoa eta zorrotzagoa aurkitu zuen jiu-jitsuan, gaur egun bere egunerokoaren parte dena. 15 urte betetzear eta gazteen mailara pasatzear, astean 14 ordu inguru entrenatzen da, haur txikiei eskolak emateaz gain. SpainBJJ Tourrean lehiatzen da, domina-bilduma ederra lortu du eta egunen batean munduko txapelketa batera iristea du amets. Ahaleginaren, motibazioaren eta tatamiaren inguruan irudikatzen duen etorkizunari buruz hitz egin dugu berarekin.

TESTUA ETA ARGAZKIAK:AITOR MARÍN

Noiz hasi zinen jiu-jitsu praktikatzen eta zergatik jiu-jitsu eta ez beste kirol bat?

4 urterekin hasi nintzen judoan. 2023an, judoarekin apur bat nekatuta, jiu-jitsu probatzera joan nintzen aitak praktikatzen zuelako, eta askoz gehiago gustatu zitzaidan. Judoa errepikakorragoa egiten zitzaidan; jiu-jitsun teknika gehiago daude eta etengabe aurreratzen ari naizela sentitzen dut.

Zertan datza jiu-jitsua?

Lurrean egiten den borroka-kirola da, tatamian. Aurkaria botatzeko eta kontrol-posizioa hartzeko heltzeko teknikak erabiltzen dira, eta borroka amaitzen da aurkaria itotze edo lokadura artikularren bidez amore ematera behartuta, beti ere minik eragin gabe. Helburua da pertsona txikiago batek beste handiago bat irabazi ahal izatea, teknika erabiliz, indarraren gainetik.

Zer da zuretzat jiu-jitsua?

Ia bizi-filosofia bat. Errutina bihurtu da, egunero entrenatzen dudalako.

Zenbat ordu entrenatzen zara astean?

Bi lekutan entrenatzen naiz: astean hiru egunetan Sestaon, Basque gimnasioan, eta beste bi egunetan BodyFit gimnasioan, Zorrotzan. Sestaon, eskola hartzeaz gain, astean bi egunetan nire entrenatzaileari laguntzen diot haur txikiekin. Larunbatetan ere entrenatzen naiz… Guztira, 14 ordu astean.

Zein maila daude eta zein mailatan zaude zu?

Oraindik haur mailan nago. Abenduan 15 urte beteko ditut, eta urtarriletik aurrera gaztetan lehiatu ahal izango naiz, eta orduan giltza guztiak egin ahal izango ditut, oraingoz, batzuk ateratzen bazaizkit ere, ez baitaude baimenduta haur mailan. Kategoria bakoitzaren barruan, beste arte martzial batzuetan bezala, gerrikoaren koloreak  markatzen du maila.

“Jiu-jitsun teknika asko daude eta etengabe aurreratzen ari naizela sentitzen dut”

Baina, oker ez banago, dagoeneko lehiatu zara, eta oso emaitza onak lortu dituzu…

SpainBJJ Tourrean parte hartu dut, estatuko probintzia askotan antolatzen den txapelketa batean. Joan ahal izan garen guztietan lehiatu naiz eta irabazi egin dut. Liga moduko bat da: puntuak pilatzen dira irabazten den heinean. Valentzian, Ponferradan, Galizian, edota Bartzelonan izan naiz. Guztietara joaterik izan ez dudanez, KIDS (3–15 urte) mailako, Gi modalitatean, hirugarren geratu naiz. Lehen sailkatuak dirua jasotzen du; nik, hirugarren postuari esker, oraindik iritsi ez zaidan ziurtagiri bat lortu dut.
Parte hartu dudan azken txapelketa Valentziakoa izan zen. Bi modalitatetan parte hartzen dut tour honetan: Gi (kimonoarekin) eta Ez Gi. (kimonorik gabe)  Lehenengoan oso borroka ona egin nuen eta urrea irabazi nuen. Bestean, nire kategorian aurkaririk ez nuenez, gerriko maila gorago batera pasatu ninduten… eta horretan ere urrea eskuratu nuen.

Espero zenuen azken txapelketako emaitza ona?

Bai. Egunero entrenatzeak eragina du txapelketetan.

Liga horretan aritzeko federatuta egon behar da?

Jiu-jitsuan klub batean izena emanda dagoen edozein kirolarik parte har dezake. Tourreko asegurua eduki behar da, eta txapelketak estatuko toki ezberdinetan direnez, bidaiak ordaindu behar dira. Datorren urtean, gazte mailara pasatuko naiz, eta urtea baliatu nahi dut ondo entrenatzeko eta lehiaketa ospetsuagoak prestatzeko, etorkizunean nazioarteko txapelketa handiagoetan parte hartzeko

Nola finantzatzen dituzue bidaia horiek guztiak? Zuen poltsikotik? Zure kasuan, gurasoen patrikatik?

Bai. Babeslerik ez baduzu, guztia zure patrikatik atera behar da. Nire kasuan, gurasoek ordaintzen didate; asko laguntzen didate, baita ekonomikoki ere. Aitak taekwondoa egin du bizitza osoan eta amak karatea, eta horrek egiten dudana ulertzeko eragina duelakoan nago.
Babesle ekonomikoa duten beste kirolari batzuk ezagutu ditut, munduko txapelketetan izan direnak, Erroman edo Abu Dhabin adibidez. Hori lortu nahiko nuke nik ere, estatuko tourretan irabaztean etxera eramaten duzun gehiena domina baita.

Jende asko egongo zen ikusle… Horrek presioa sortu zizun?

Lehenengo txapelketetan bai. Guztia berria zen, ez nintzen inoiz lehiatu eta ez nekien oso ondo zer egin. Baina, denborarekin, hori kudeatzen ikasi dut.

Zer nahiago duzu: txapelketako tentsioa ala eguneroko entrenamenduaren lasaitasuna?

Argi daukat: lehiatzea. Bizi den giroa, ezagutzen dudan jendea, sortzen diren adiskidetasunak… Horiek guztiek oso berezia egiten dute lehiatzea.

Maila horri eustea gogorra izango da tarteka, ezta?

Batzuetan beste plan batzuei ezetz esan behar izaten diet entrenatu behar dudalako, baina uste dut sakrifizioak bere fruitua emango duela. Etorkizunean, munduko txapelketa batean irudikatzen dut neure burua, eta ez nuke aldatuko asteburuko planik onenarekin ere.

Jiu-jitsua ogibidea izan daiteke? Gustatuko litzaizuke profesional moduan aritzea?

Bai, posible da jiu-jitsutik bizitzea: ondo egiten baduzu, txapelketetara joaten bazara, babesleak lortzen badituzu, eta seminarioak ematen badituzu. Goraldi betean dagoen kirola da. Gustatuko litzaidake profesional izatea, baina oso zaila da.

“Munduko txapelketa batean irudikatzen dut neure burua, eta ez nuke aldatuko asteburuko planik onenagatik ere”

Oso gaztea zara; zein da zure etorkizuneko erronka? Ametsetan jarrita, nora heldu nahiko zenuke?

Ahalik eta urrunen. Ez dago amaierarik: jiu-jitsuan beti jarrai daiteke hobetzen.

Eta jiu-jitsua ez balitz, badakizu zertan aritu nahiko zenukeen etorkizunean?

Ez, oraindik ez. Batxilergoa hasiko dut eta gero gerokoak.

Zure ustez, zer balio irakasten ditu jiu-jitsuak?

Erantzukizuna. Ariketaren bat egiten ez baduzu edo entrenamendua serio hartzen ez baduzu, hori borrokan islatuko da eta ondoioak izango ditu.

LABURREAN

«Mike Tyson miresten dut»

Kirolari erreferente bat?

Jiu-jitsuarekin lotura handirik ez duen arren, Mike Tyson miresten dut.

Beste kirol gustuko bat?

Judoa.

Kiroletik kanpoko zaletasunik?

Gutxi… Lo egitea eta musika entzutea.

Kirol-poltsan beti daramazun zerbait, kirol arropez gain?

Entrenamendu osteko janaria eta logelan dudan eta lehiaketetara beti eramaten dudan kutun txiki bat.

ANTHONY CHUQUILLANQUI

“Semeari lehen aldiz entzun nionetik izugarri gustatu zitzaidan euskara”

Jaiotokia: Lima (Perú)

Noiztik hemen: 2023ko abuztutik 

Adina: 35 urte

Lanbidea: Gerokultorea zahar-etx­­­e batean

Anthony 2023an iritsi zen Zorrotzara, ama zaintzera etorritako emaztearekin berriro elkartzeko. Zahar-etxe batean egiten du lan, eta euskara ikasten ari da, izugarri gustatzen baitzaio seme-alabak hizketan entzun zituenetik, eta, gainera, lanean aurrera egiten lagunduko diolakoan dago.

TESTUA:  AINARA GARCÍA. Argazkiak:  AITOR MARÍN

Nolatan heldu zinen gurera bizitzera?

Nire emaztearengatik. Bere ama hemen bizi zen, gaixo zegoen, eta berari laguntzera etorri zen sendatu arte, hasieran Perura itzultzeko asmoz. Zoritxarrez, bere ama hil egin zen eta, horren ostean, nire emazteak hemen gelditzea erabaki zuen. Lau hilabete geroago iritsi nintzen ni, familia osoa berriro elkartzeko: emaztea, gure bi seme-alabak eta laurok.

Zorrotzara zuzenean etorri zineten ala lehenago beste leku batean egon zineten?

Zorrotzara heldu nintzen zuzenean.

Gerokultore lanetan aritzen zara zahar-etxe batean, baina jatorrian zein zen zure lanbidea?

Udako club-resort baten administratzailea nintzen. Aldaketa handia izan da…

Gogorra egin al zitzaizun hemengo bizimodura eta lan-ohituretara egokitzea?

Nire emaztea eta biok oso lasaiak eta etxekoak gara, eta uste dut horrek asko lagundu zigula aldaketara egokitzen.

Zerk harritu zintuen gehien hona iritsi zinenean?

Adibidez, garraio publikoan dagoen ordenak. Eta gidariek oinezkoekiko duten errespetua… Liman ez nengoen horretara ohituta. Segurtasun-sentsazioak ere bai. Batzuetan, entzuten dut hemen ez dagoela segurtasunik, baina nire herrialdearekin alderatuta, aldea oso handia da.

Oso ezberdina al da hemengo bizimodua zure jatorrian zeneukanaren aldean?

Bai, batzuetan bai. Adibidez, Liman etxe familiabakarretan bizitzera ohituta gaude;  eta hemen, berriz, auzotar askorekin partekatzen dugun eraikin batean bizi gara.

Zein izan zen hemengo jendeari buruz izan zenuen lehen inpresioa?

Hasieran, euskal jendea oso itxia iruditu zitzaidan. Espero dut gaizki ez hartzea, baina kanpotik gatozen pertsonekin enpatia edo harremana sortzeko zailtasun handia duzuela iruditu zitzaidan. Baina behin konfiantza-harremana sortzen duzunean, konturatzen zara euskaldunak oso jende jatorra zaretela.

“Euskaldunekin konfiantza-harremana sortzea kosta egiten da, baina behin urrats hori emanda, oso jende jatorra zarete”.

Euskaltegiko ikaslea zara. Nola moldatzen zara?

Semeek euskaraz ikasten dute, eta nire seme nagusiari lehenengo aldiz entzun nionetik izugarri gustatu zitzaidan euskara. Lehen asmoa semeari laguntzeko ikastea izan zen. Baina aitortu behar dut oso hizkuntza zaila dela, are gehiago praktikatzeko inolako euskaldun girorik ez baduzu. Eta nire lagun gehienak ez dira euskaldunak… Hala ere, hizkuntzak eta ikasketak ondo ematen zaizkit: A1 gainditu dut eta A2 prestatzen ari naiz. Lotsa kentzea eta akatsei beldurrik ez izatea falta zait, edo hori esan didate euskaltegian behintzat… Baina gustatzen zait, eta gainditu nahi dudan erronka da.

Eta zerk bultzatu zaitu euskara ikastera?

Lehenik eta behin, esan bezala, nire semeari laguntzeak. Baina, gainera, badakit euskara ondo erabiltzea lagungarria izan daitekeela lanpostu hobea lortzeko.

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Jendea. Badakit ez dela guztiz horrela, baina badirudi denok elkar ezagutzen dugula… Oso gustuko dut Zorrotzaren auzo-izaera hori. Eta esan behar dut Euskal Herria, oro har, izugarri gustatzen zaidala bertako natura eta gune berdeengatik.

Eta gutxien?

Zaila egiten zait zerbait negatiboa esatea. 

Noizean behin itzultzen al zara Perura?

Oraindik ez naiz itzuli. Ama eta anaia Sevillan bizi dira; Aita baino ez da Perun bizi.

Gustatuko litzaizuke etorkizunean bueltatzea ala hemen geldituko zara?

Gure etorkizuna eta seme-alabena hemen ikusten ditut. Pozik biziko nuke emaztearekin zahartzaroa han. Baina horretarako aukerarik ez balego ere, ziur nago hemen pozik eta gustura jarraituko genukeela.

MARINA DE LA FUENTE: Forró dantzako irakaslea

«Hemen ezezaguna zenez, forró dantzatzen jarraitzeko klaseak antolatzen hasi nintzen»

Alemanian bizi zen bitartean, forró dantza eta musikarekin nahigabe maitemindu zen Marina saltsa klaseak hartu nahi zituenean. Bilbora itzultzean, hemen dantza hau inork ez zuela ezagutzen ikusi zuen, eta dantzatzen jarraitu nahi bazuen saioak berak antolatu beharko zituela konturatu zen. Esan eta egin: egun Forró Bilbaoko irakaslea izatea eta automobilgintzan programatzaile ogibidea bateratzen ditu. Forró munduan gehiago sakontzeko asmoz, eta jaietan egingo duen tailerra eta kontzertua aitzakiatzat hartuta, berarekin solasaldian egon gara.

TESTUA:AITOR MARÍN | ARGAZKIAK:  MARINA DE LA FUENTE

Lehenik eta behin, forró dantza zer den eta nondik datorren jakin nahiko nuke…

Forróa dantza bat baino gehiago da, Brasilgo ipar-ekialdeko musika tradizionala da. Musika horren inguruan hainbat festa antolatzen dira eskualde horietan eta bikoteka dantzatzen da.  50eko eta 60ko hamarkadetan forró-a Brasil osoan zabaldu zen Luiz Gonzaga eta beste musikari garrantzitsu batzuei esker eta hego-ekialdeko hiri handietan dantza gero eta sofistikazio gehiago hartu zuen beste bikote-dantzen eraginagatik. Azkenengo urteetan, atzerrian dauden brasildarrak forróa irakasten hasi dira beste herrialdet batzuetan.

Nola piztu zen zure interesa forró dantzarekiko?

Alemanian bizi izan naiz 2012tik 2022ra eta han ikusi nuen lehenengo aldiz. Brasiletik kanpoko lehenego forró eskoletako batzuk Alemanian sortu ziren eta, horregatik, han hemen baino askoz zabalduago dago gaur egun. 2017an saltsa klaseen bila nenbilen eta nahi gabe forró klase ireki batean agertu nintzen. Hasieran ez zitzaidan bereziki interesatu eta saltsa ikasteko planarekin jarraitu nuen. Urte erdi bat geroago, bikote-dantzan ezagutza gehiago nituela jada, berriz, forró festa batera joan nintzen eta forróarekin maitemindu nintzen.

Forró-klaseak emateaz gain, beste zerbaitetan aritzen zara, ezta?

Bai, forróa nire zaletasuna da, baina nik ingeniaria ikasi nuen eta programatzaile lanetan aritzen naiz auto industrian. Horretaz aparte psikologia gradua amaitzen ari naiz unibertsitate online batean. 

Zaletasun oso handia. Izan ere, Forró Bilbaoko irakaslea zara… Zergatik erabaki zenuen forró irakasle izatea?

Alemanian forróa astero dantzatzen nuen. Bilbora itzultzean konturatu nintzen hemen inork ez zuela dantza hau ezagutzen eta dantzatzen jarraitu nahi banuen nik klaseak antolatu beharko nituela. Eta horri ekin nion.

«Alemanian klaseak hartu ondoren,  oso gogotsu ibili naiz Europan antolatzen diren forró jaialdietan»

Nortzuk izan ziren zure maisu-maistrak?

Egia esan, hasieran ez nuen forró klase askorik jaso… Saltsa, bachata eta kizombako klaseetara joaten nintzen eta horrek bikote-dantzarekin konfiantza apur bat eman zidan. Orduan, forró festetara joaten hasi nintzen astean behin eta bertako jendearekin dantzatuz ikasi nuen.  Geroago, Bilbora bueltatu baino lehen, klaseak hartzea erabaki nuen, nire dantza hobetzeko asmoz, eta hiru hilabetez ikasten eman nituen Forró Haus dantza eskolan Stuttgarten. Horren ostean, oso gogotsu ibili naiz Europan antolatzen diren forró jaialdietan. Horrelakoetan, munduko irakaslerik ospetsuenak biltzen dituzte dantza tailerrak emateko eta haiekin klase partikularrak ere jaso izan ditut. Horien artean, nire gogokoenetarikoak Camila Alves eta Yse Góes izan dira.

Non ematen dituzu eskolak?

Orain arte Galeon pubean eman ditut klaseak, Mazarredo kalean, baina hurrengo ikasturterako lekua aldatuko dugu eta bi dantza eskolatan irakasten hasiko naiz: Ostiraletan La Tribu Dantza espazioan  (San Frantziskon) eta ostegunetan Inicia dantza eskolan (Indautxun).

Elkarrizketa honetarako dokumentazio lanetan ibili ondoren, badirudi forróa modan dagoen dantza bat dela eta gero eta jarraitzaile gehiago dituela. Hala dela uste duzu?

Duela 30 urte forróa Brasilen baino ez zen ezaguna. Gaur egun, pixkanaka, handik kanpo zabaltzen ari da. Gero eta jarraitzaile gehiago ditu, bai, baina leku gehienetan komunitate txikiak dira, gurean bezala.

Zenbat ikasle dituzu?

Egia esan, ikasle gutxi ditut oraindik… Pasa den ikasturtean 5 ikasle baino ez. Hala ere, forró komunitatea Bilbon 50 pertsona inguruk osatzen dugu. Batzuek ez dute denborarik klaseetara etortzeko eta bakarrik tailer bat  edo besten parte hartzen dute ahal dutenean. Beste batzuk bazekiten dantzatzen Bilbora etorri baino lehen, brasildarrak direlako edo beste hiri batean ikasi zutelako.  Eta hori ere bada eraikitzen ari garena, gure forró komunitatea. Klaseez aparte, dantza ekitaldiak antolatzen ditugu eta bertan elkartzen gara batera dantzatzeko.

Bateragarria da adin guztiekin? Ba al dago maila desberdinik?

Ikasle gutxi izateagatik, oraindik ez da maila desberdinik eskaintzen. Ikasle guztiak batera daude, baina oso ondo funtzionatzen ari da formatu hau. Eskarmentu handiagoa  dutenek ikasle berriei languntzen diete, eta horri esker, etorri berriak azkarrago integratzen dira. Oso adin desberdinetako pertsonak ikusten dira forró dantzatzen. 20 urtetik 70raino…

«Bilbon osatzen ari garen forró komunitatea 50 bat pertsonaz osatua da»

Beharrezkoa al da aurretik dantza egiten jakitea zure klasetara joatera animatzeko?

Ez da beharrezkoa dantzan esperientzia izatea nire klaseetara etortzeko, oso erraza delako hastea. Hori da alderdi interesgarrienetariko bat. Normalean, klase bakar batekin bada posible abesti osoak dantzatzen hastea.

Zure ustez, zer balio transmititzen ditu forróak?

Batez ere, errespetua sustatzen du. Alde batetik,  bikotekidearengandik oso gertu dantzatzen da;  eta, bestetik, bikote-dantzetan ohikoa den bezala, oso normala da forró festetan ezezagunak diren pertsonak aurkitzea eta dantzatzera gonbidatzea. Horregatik, oso garrantzitsua da parte hartzaileei arau batzuk jakinaraztea. Oso argi uzten da gure espazioetan ez dela onartzen edozein motatako diskriminaziorik edo erasorik. Gainera, an gero eta gehiago ikuspegi feminista eraikitzen ari da. Hasieran, oso positiboki harritu ninduen bi gizon elkarrekin dantzatzen ikusteak. Normalean, bikote dantzetan gizonak gidatzen du eta emakumeak jarraitu behar dio… Forróan, gaur egun, edonork gidatu edo jarraitu dezake eta emakumeek elkarrekin dantzatu dezakete.  

Aste Nagusian hainbat erakustaldi antolatu dituzue Forró Bilbaon… Nola joan dira?

Bai, txosnetan tailer bat egin genuen, eta horren ostean, ikasitakoa praktikan ipini genuen. Publiko gehienarentzat ezezaguna izan arren, partaide nahikotxo etorri ziren, eta inguruan zebilen jende asko hurbildu zen zertan ari ginen galdetzera. Beraz, oso positiboa izan da bertan parte hartzea.

Jaietako lehen igandean tailer bat egingo duzula jakin dugu. Horretaz gain, forró kontzertu bat ere egongo da. Zer ikusi ahal izango dugu? Aurreratuko diguzu zerbait?

Hasieran azaldu bezala, forróa dantza izateaz gain, musika eta festa ere bada, eta oso ohikoa da musika zuzenean izatea forró ekitaldietan. Klaseak ematen hasi nintzenean zorte handia izan nuen hemen, Euskal Herrian, forró jotzeko nahia zuten brasildar musikariak aurkitu bainituen. Iaz hainbat ekitaldi antolatu genituen batera eta Zorrotzako jaietan gauza bera egingo dugu: dantza tailer batekin hasiko gara, interes duen jende guztiak kontzertuan dantzatzeko prestatu ahal izateko. Tailerraren ostean, Forró Goxua taldeak bere musika joko du, beraz, giroa bermatuta izango dugu.

LABURREAN

«Bikote-dantzak gustatzen zaizkit, baina rocka edota flamenkoa ere maite ditut»

Forróaz gain, zer beste musika mota gozatzen duzu dantzatzeko?

Beste bikote-dantza batzuk gustatzen zaizkit. Adibidez saltsa, bachata, merengue…  Rock musika edota flamenkoa ere maite ditut. 

Aholkuren bat forroan hasi nahi duenarentzat?

Beldurrik ez izatea eta probatzera etortzea. Oso giro erosoa dugu eta ez da beharrezkoa bikote batekin etortzea ,ezta dantzatzen jakitea ere. Edonork ikasi dezake; pertsona batzuek beste batzuek baino denbora gehiago behar izango dute ikasteko, baina azkenean gogoa duenak ikasi ahal izango du.

Ba al dago dantza egin ahal izateak ilusio berezia egingo lizukeen eszenatokirik? Gure ekitaldien helburua gure artean dantzatzeko espazioa eskaintzea da. Ez gaude eszenatoki baten bila, ez dugulako emanaldirik ematen. Behar dugun bakarra espazio handia eta zoru leuna da.

LEIRE PEÑA AGIRRE

“Hemen benetako independentzia izateko aukera izan dut”

Bizitokia: Dublin, (Irlanda)

Noiztik: 2024ko apiriletik 

Adina: 26 urte

Lanbidea: Haur hezitzailea.

Lanean egonkortasun eskasak behartuta, aukera gehiagoren bila lan eskaintza baten bitartez heldu zen Leire Dublinera. Bertan jende eta inguru jatorra topatuta eroso dagoen arren, argi dauka Irlandako etapa hau bukatzen denean, gurera bueltatuko dela, auzoa eta Euskal Herria bihotzean daramatzalako

TESTUA:  NAROA PEÑA.

Nolatan heldu zinen hara bizitzera?

Auzoan aldi baterako lanetan eta egonkortasun eskasarekin lanean egonda eta hezitzaileon lan egoera dela eta, nire burua internazionalki aukera gehiagotara irekitzea erabaki nuen. Gainera, nire erosotasun-eremutik irteteko momentua zela sentitzen nuen, baita ingelesa hobetzeko aukera ona zela ere… Finlandiako eta Alemaniako haurtzaindegi pare batekin ere harremanetan ibili nintzen; baina, azkenean, Irlandako lan eskaintza hartzea eta hona etortzea erabaki nuen.

Nolakoa da zure lana?

Nabilen ‘haurtzaindegian’ (hemen ‘creche’ deitzen dira) 1 eta 5 urte bitarteko haurrak ditugu, 8 taldetan banatuta. Oraintxe bertan, 2-3 urte bitarteko haurrekin nabil lanean, nire gela finkoa dut eta bertan 12 haur ditugu Pablok eta biok. Espainiar estatuaren aldean, Irlandako ratioa askoz txikiagoa da; nire adinekoekin, adibidez, 6 haur irakaslekoa da. Horrek haur bakoitzari behar duen arreta eskaintzea erabat errazten du, baita lana behar bezala egitea eta gozatzea ere.

Bizimodu berrira moldatzea kostatu zitzaizun?

Ba, egia esan, uste nuen baino askoz gutxiago kostatu zitzaidan. Egia da lehenengo asteetan nire burua kokatzea eta bertako bizimodura moldatzea erronka izan zela, atzerrian eta nire familia eta lagunengandik urrun bizi nintzen lehen aldia baitzen. Hala ere, zorionez, bai lanean bai sozialki jende eta inguru jatorra aurkitu nuen, eta orain erabat eroso nago hemen.

Oso ezberdinak dira hango bizimodua eta Zorrotzan zeneukana?

Aitortu behar dut Dublin espainiarrez beteta dagoela eta nire lagunak espainiarrak direla batez ere; beraz, aldaketa badago ere, ez da hainbesterako. Hala ere, hemen benetako independentzia izateko aukera izan dut, baita aurrezteko eta pertsonalki zein laboralki nire burua garatzeko baliagarria izan zait. Gainera, baloratua eta eroso sentitzen naiz lanean eta asialdian plan ezberdinak egiteko eskaintza handiagoa dela sentitzen dut.

Auzora askotan bueltatzen zara?

Ahal dudan bakoitzean bisitan bueltatzen saiatzen naiz, baina nahiko nukeena baino gutxiago. Opor gutxi dut hemen eta bidaiatxoren bat egiteko ere erabili dut aisialdi hori.

Dublinek nire erosotasun-eremutik ateratzeko oso aukera erosoa eman dit

Zeren falta botatzen duzu gehien?

Gezurra esango nuke pintxorik, poteorik, kalimotxorik edo ondo egindako izotzdun kaferik gabe bizitzera ohitzeak bere zailtasunak izan dituela esango ez banu… Hala ere, hemengo gastronomiak ez du hango janariaren inbidiarik. Hala ere, zalantzarik gabe, familia eta lagunak ditut faltan gehien.

Zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?

Esango nuke hemen aukera asko daudela, bai lan arloan, bai sozialki. Ez dakit… Hemen giroa desberdina da, beti dago plan ezberdinak egiteko aukera eta jendea. Bilatzen baduzu, noski. Natura eta paisaia asko ere badago esploratzeko, eta hainbat kirol probatzeko aukera ere aurkitu dut. Esan nezake erosotasun-eremutik oso modu erosoan irteteko aukera eskaintzen duela Dublinek, nire esperientziatik, noski.

Bestalde, egia da eguraldia ez dela onena, euria eta zeru lainotsuak nekagarriak izan daitezke eta; baina Bilbon ere antzekoa zen, eta gehiegizko beroa baino nahiago dut klima hau. Hala ere, hemen uste dut euritarako askoz gutxiago prestatuta daudela, azpiegiturari dagokionez, ez dago aterperik ia inon.

Zorrotzara berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu?

Bai noski!! Irlandan bizitzeari denboraldi baterako deritzot. Egia da hasiera batean pentsatzen nuen baino gehiago luzatzen ari zaidala hau, baina auzora bueltatzeko asmoa buruan daukat beti eta bueltatuko naizela argi daukat; auzoa eta Euskal Herria bihotzean daramatzat eta familia eta kuadrila bertan ditut. Hala ere, momentuz ez daukat presa handirik eta esperientzia hau topera bizi nahi dut. Beraz, etapa bukatu dela sentitzen dudanean, bueltatuko naiz.