MARIAN MONTILLA DEVIA
«Hemengo jendearen hurbiltasun eta berotasunak hunkitu ninduten»
Jaiotokia: Barinas. (Venezuela)
Noiztik: 2017ko urritik.
Adina: 33 urte
Lanbidea: Enpresa administrazioan Lizenziatua da, baina diseinatzaile grafiko lanetan dabil.
Venezuelako egoera ekonomiko eta politikotik ihesean heldu zen Bilbora Marian duela zazpi urte. Uste zuen baino errezago ohitu da gurean, eta hemen familia eta etorkizuna dauzka orain. Lasaitasuna bila etorri zen eta topatzea lortu du.
Testua: AINARA GARCÍA | Argazkiak: AITOR MARÍN
Nola eta zergatik etorri zinen hona?
Venezuelan jasanezinak ziren hainbat faktorerengatik alde egiteko erabakia hartu nuen. 2016 eta 2017 urteetan zehar, krisialdi ekonomiko eta politikoa maila kritikoetara heldu ziren. Inflazioa kontrolik gabe zegoen, egunetik egunera produktuen prezioak neurrigabe garestitzen ziren, eta horrela erosketarik txikiena ere planifikatzea ezinezkoa zen. Oinarrizko produktu eta elikagaien eskasiak eguneroko egoera okertzen zuen, eta elektrizitatea eta ura bezalako funtzezko zerbitzuak etengabe kolapsatzen ziren. Bestalde, gobernuaren kontrako mugimendu politikoei lotuta nengoen, eta horrek familia eta nirekiko jazarpena eta errepresaliak jasatera eraman gintuen gobernuaren aldeko talde eta kolektiboen partetik. Horrek guztiak, hutsetik hasita, segurtasunez, lasaitasunez eta bizi kalitate hobearekin bizitzeko aukera emango zuen leku berri bat topatzeko erabakia hartzera eraman ninduen.
Hemengo ohituretara moldatzea kostatu zitzaizun?
Bat-bateko aldaketa guztiak bezala, hasiera latza izan zen. Eguraldi tropikaletik etorrita hainbeste tenperatura aldaketara ohitzea erronka izan zen. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka bertoko ohituretara eta bizimodura moldatuz joan naiz. Lanean ere ikasketa prozezu bat izan zen, baina denborarekin nire lekua topatzea lortu dut.
“Sakonki errotuta sentitzen naiz; jada hemengoagoa sentitzen naiz hangoa baino”
Hona etortzean, zer da gehien harritu zintuena?
Euskal Herriko paisaien edertasuna. Lehenengo minututik mendiek, herrixka xarmagarriek eta itsasoaren hurbiltasunak guztiz txunditu ninduten. Horretaz gain, herritarren hurbiltasun eta berotasunak hunkitu ninduten. Laster sentitu nintzen onartuta eta egokitzapen prozesua pentsatu baino askoz errezagoa izan zen.
Hemengo eta zure jatorrizko herriko bizimodua oso ezberdinak dira?
Guztiz ezberdinak dira. Venezuelan biziraute moduan bizi nintzen minutuero, oinarrizkoa lortzeko erronkak gainditu beharrez eta segurtasun ezagatik kezkatua. Hemen lasaitasuna topatu dut gizarte mailan zein lan arloan.
Zein da zure gaur egungo lanbidea?
Diseinatzaile grafikoa naiz, papertegi kreatiboaren arlokoa. Ekitaldi edo pertsonentzako une berezi edota garrantzitsuetan ukitu berezia ematen dioten banakako diseinuak sortzea oso maite dut. Ogibide honek ematen duen sormen-askatasuna benetan gozatzen dut.
Zelako harremana daukazu euskararekin? Zer edo zer ikasi duzu? Menperatzea gustatuko litzaizuke?
Ez dut euskara ikasketarik jarraitu modu formal batean, baina oinarrizko hitzak eta egunerokoan erabilgarriak diren hitz batzuk ikasi ditut, hala nola “kaixo”, “agur” “eskerrik asko” edota “on egin” besteak beste. Ezagutzen dudana nire alabarekin eskolako etxekolanak egiten ditudan bitartean ikasi dut. Hizkuntza erraza ez dela argi dago, baina gehiago ikastea gustatuko litzaidake kultura eta komunitatearekin konektatzeko aukera ematen duelako.
Zer da Zorrotzatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehienbat, auzoko lasaitasuna eta nahi dudan bakoitzean itsasadar ondotik paseo atsegina emateko aukera izatea. Garraio publikoko sistema bikaina dago, kalitatezko zerbitzuak eta garapen eta hobekuntza etengabean dagoela sumatzen da, eta horrek bizitza erosoa eta atsegina egiten du.
Gutxien gustatzen zaidana, inolako zalantzarik gabe, usain txarrak, keak eta eragozpenak sortzen dituzten enpresa kutsakorrak dira. Auzoko kexa eta kezka nagusia da, eta egora hau eragozteko neurriak hartzea beharrezkoa litzateke.
Zure herrira bueltatzeko asmoa duzu?
Ez, Venezuelara bueltatzeko planik ez daukat inolaz ere. Komunitate honetan sakonki errotuta sentitzen naiz, jada hemengoagoa sentitzen naiz hangoa baino. Oso gustura nago Euskal Herrian topatutako jende, ohitura eta bizi kalitatearekin. Familia eta etorkizuna ditut hemen, eta benetan eskertuta sentitzen naiz.