Ekitaldi ugari Euskararen Eguna ospatzeko

Pasa den abenduko lehen asteburu osoan, Euskararen Nazioarteko Eguna kari (3an ospatzen dugu), hainbat ekitaldi ederrez gozatu ahal izan genuen auzoan eta auzoaren eskutik. Haien artean, nabarmenena Euskal Txokoak antolatzen duen urteroko bertso afaria. Punta-puntako saioa zalantzarik gabe Arrigorri jatetxean izan genuena: etxekotzat dugun Arkaitz Estiballes gai-jartzaile, Eneko Abasolo (Abarkas) eta Aitor Etxebarriazarraga aritu ziren bertsolari.

Horrez gain, Patata Tropikalaren “Azken eguzkilorea” haurrentzako antzerkia eta Oihan Vega umoristaren “Euskañolitis” izeneko bakarrizketarekin gozatzeko aukera izan genuen.

2025eko maiatzean izango da hurrengo Euskaraldia eta udaberrian egiten hasiko dira

Udaberrian izango da hurrengo Euskaraldia, 2025ean: maiatzaren 15etik 25era hain zuzen ere. Ohiturari jarraituz, aurten egitea tokatuko litzateke, baina Korrika eta Euskaraldia urte berean ez egitea ere bada aldaketaren xede bat. Baina horretaz gain, aldaketa honen xede nagusia ekinaldia indartzea da. Izan ere, udaberrian txapak udazkenean baino agerikoagoak izatea espero da, kalean jende gehiago ibiltzean baita, eta, era horretan, hizkuntza ohituretan eragiteko lanean urrats handiagoa egitea.

Azken Euskaraldiaren balorazioaren ostean baikor agertu ziren antolatzaileak, ariketa «eraginkorra baita», baina onartu zuten egitasmoa indartzeko premiari buruzko iritziak ere zabaldu zirela. Aldaketekin «ilusioa» piztu nahi dute antolatzaileek berriz gizartean. Udaberrira ekarrita errazagoa izango dela uste dute, kalean «bizitasun sozial» handiagoa izango dela sinetsita. Egitasmoaren funtsa bera ez da aldatuko: hizkuntza ohiturak aldatzea da helburua, euskararen alde. Belarriprest edo ahobizi rol biren artean erabaki behar izango dute parte hartzaileek.

Gurutzetako ospitalerako eta Zorrotzarako sarbide zuzena zabaldu dute BI-10 autobidean Ezkerraldetik datozen ibilgailuentzat

Urtebete inguru lanean eman eta 3,9 milioi euro inbertitu ondoren, abenduaren 21etik Ezkerraldetik datozen gidariek zuzeneko sarbide berria dute Zorrotzara edo Gurutzetako ospitalera joateko.

Sarbide berriak BI-10 eta N-634 errepideak lotzen ditu: BI-10 errepidean irteera-adar berria dago N-634 errepiderako, eta biribilgune batek adar hori N-634 errepidearekin eta azken horretatik BI-10 errepidera sartzeko adarra lotzen ditu. Gainera, oinezkoen pasabide berria dago sarbide berria gainetik zeharkatzeko. Beraz, ez dago zebra-bidea erabili beharrik eta horri esker arriskua txikitu da.

Sarbide hau egin baino lehen, Ezkerraldetik zetozen ibilgailuek Ugarteko irteera (Max Center merkatalgunearen inguruan) hartu behar zuten auzoraino heltzeko.

Auzokide Planan txertatzeko proposamen berriak aurkeztu ditu Auzo Elkarteak

Barrutiko Kontseiluak onartu beharko ditu, legealdi honetako auzoak hobetzeko planean sartzeko. Zorrotzaganako haur-parkean estalki bat jartzea, edo FEVE geltokia eta Txorrillo artean oinezkoen segurtasuna hobetzea dira, besteak beste, Auzo Elkartearen beste eskarietako batzuk.

AITOR MARÍN

Bilboko Udalak 2024-2027 Auzokide Planaren jarduera-eremuak aurkeztu ditu. Lau urteko plan horren helburua auzo bakoitzean hobekuntza-proiektuen plangintza, garapena eta haien gauzatzea adostea da. Hasierako proposamen hori barrutiko kontseiluetara eramaten da. Organo horretan, barruti bakoitzeko ordezkari politikoak eta auzotarrak daude, eta bertan erabakiko da proposatutako jarduketak egingo diren ala ez, eta iradokizun edo ekarpen berriak txertatzeko aukerarik dagoen ala ez.

Normalean 7 milioiko aurrekontua izaten da Auzokide Planarentzat barruti bakoitzean. Herri Lan eta Zerbitzuen Arloak gure 8. Barrutiko (Basurtu-Zorrotza) auzo-elkarteei helarazi dizkien proposamenak ez dira 4 milioi eurora iristen, eta, beraz, hobekuntza-iradokizun berriak egin daitezkeela uste da.

Proposamen horietako lauk Zorrotzari eragiten diote, eta bakar batek Basurturi. Zorrotzako Auzo Elkarteak ohartu bezala, orain arte aurkeztutako proposamenetan ez da kontuan hartzen Olabeagan, Altamiran, Mintegitxuetan edota Kastrexanan egin beharreko ezer.

Zorrotz Morrotzek eskuratu ahal izan duen hasierako dokumentuan proposatutakoari jarraiki, Zorrotzarako lehenengo proposamena Azoka parkean egingo lirateken hainbat hobekuntza zehatzetan datza, hala nola zoladura, txorkoak eta bankuak berritzea, eta lorategietako hormatxoak aprobetxatuz estantzia-eremu berriak sortzea. Horrek guztiak 500 mila euroko aurrekontua izango luke. Bigarren jarduera-eremua, Auzo Elkarteak Txinbo parkean azken urteotan behin eta berriz eskatutako komun publiko bat instalatzea izango litzateke, eta 300 mila euro bideratuko lirateke horretarako.  Gainera, Bilboko Udaleko Herri Lanen Arloak proposatu du 500 mila eta 600 mila euro bideratzea, hurrenez hurren, Bidegain Etxaldeko berdegunean atsedenleku bat ezartzeko, bankuak, mahaiak eta iturriak izango dituena, bai eta Zorrotza Kastrexana errepidean irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko ere, “Txorrillo” izenez ezagutzen den eremuan.

Plan honetako proposamen guztiak martxoan onartu beharko lirateke Barrutiko Kontseiluan, pertsonal teknikoak beharrezko balorazio ekonomikoak egin ondoren. Auzo elkarteek eskatzen dute beraiek aukeratu ahal izatea zer jarduera egingo diren eta berriak proposatu ahal izatea. Zorrotzaren kasuan, Auzo Elkarteak udal gobernuari eskatuko dio Zorrotza Kastrexana errepidea Txorrillon konpontzeko proposamena FEVEren trenbide-pasaguneraino heda dadila. Era berean, Zorrotzaganako haurrentzako jolasgunerako estalki bat jartzea eta Zorrozgoiti bideko 5. eta 15. zenbakien arteko espaloiaren konponketa ere legegintzaldi honetako planera gehitzea eskatuko du Auzo Elkarteak.