“Amak ez zituen hil aurretiko sufrimenduzko ordu horiek merezi”
Hildako emakume baten familia Zorrotz Morrotzekin harremanetan jarri da anbulantzia medikalizatua berandu iritsi zela eta jasotako tratu “arduragabea” salatzeko. Gainera, kexa bana aurkeztu dute Osakidetzan eta Arartekoan.
AITOR MARÍN
Duela gutxi hil zen 92 urteko Jesusa auzokidearen familia gure aldizkariarekin harremanetan jarri da anbulantzia medikalizatu bateko langileengandik jasotako “tratu arduragabea” salatzeko. Gainera, laguntza eskatu zuten unetik, ordu eta laurden igaro zen anbulantzia amaren etxera heldu zen arte. Jesusak min handiak zituen sabelean, eta ordu batzuk geroago hil zen Basurtuko ospitalean. Familiak onartzen du anbulantzia azkar iritsi izan balitz ere, amaiera berdina izango zela, baina hala ere alabetako batek oraindik txundituta salatzen du amak ez zituela merezi sufrimenduzko ordu horiek guztiak bere bizitzako azken uneetan, eta sufrimendu hura “saihestu zitekeela”.
Jesusaren familiak Osakidetzan eta Arartekoan kexa bana aurkeztu du jasotako tratuagatik. Alabek bizitakoa salatu nahi dute, berriro errepika ez dadin: “Horregatik, eta nire amak, oso borrokalari eta bere eskubideen eta osasun publikoaren defendatzailea sutsua zenak, hala nahiko zukeelako”.
Jesusaren familiak emandako testigantzaren arabera, gertakariak urtarrilaren 30ean izan ziren. Eguerdi aldera, oroimen klase baten ondoren etxera iritsi bezain laster, Jesusak Zorrotzako bizilaguna ere baden alaba bati deitu zion, min handiak zituela ohartarazteko. “Ahizpari deitu nion eta biok joan ginen korrika etxera, ama oso gaizki zegoelako”. Ataritik, haren oinazezko garrasiak entzuten ziren.
Ordurako, Jesusak Beti On telelaguntza-zerbitzura deitu zuen. Berehala, Jesusaren bi alabek larrialdietara ere deitu zuten anbulantzia bat eskatzeko: “Duela urte batzuk aorta-aneurisma bat jasan zuen 92 urteko emakume bat zela azaldu nien, eta horrekin zerikusia izan zezakeela”. Behin baino gehiagotan, berriro deitu zuen 112 telefonora, ama laguntzarik gabe hilko zela uste zuelako. Larrialdi zerbitzutik, bidean zeudela erantzun zioten guztietan: “Ezin nuen ulertu nola Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetatik kilometro batera bizi izanda, hainbeste denbora behar zen hona heltzeko”.
Etsita, Zorrotzako osasun-zentrora ere deitu zuten. Handik hamar minutura, familiako medikua heldu zenean, anbulantziako langileei haietako medikua nor zen galdetu zien: “Ez dago, ez da derrigorrezkoa medikurik egotea bizi-laguntzako anbulantzietan”, azaldu zuen anbulantziako teknikariak. Ordurako, bigarren laguntza-anbulantzia bat iritsia zen, eta bertako langileak “aurreko anbulantziako langileekin solasaldian zeuden”. Horrek areagotu egin zituen Jesusaren alaben etsipena eta haserrea: “Erakutsi zuten gizatasun eta enpatia eskasak anbulantzia berandu heltzeak baino askoz gehiago mindu gintuen”. Suminduta, bere ama ospitalera behingoz eraman zezatela eskatu zuen. Urduri ez egoteko, zer egin behar zen bazekitela izan zen anbulantziako langileen erantzuna.
Hasieran bertaratutako langileek, bertan ez zegoen mediku batek ikusi behar zuen elektrokardiograma bat egin zioten Jesusari, erabaki bat hartzeko. Baina ordurako, han zegoen familia-medikua: “Hemen zaudenez, irakur ezazu zuk”, esan zioten doktoreari. Hala egin, eta “amak besikulan ebakuntza egina zuela entzun ondoren, berehala ospitaleratzeko agindu zuen Zorrotzako Osasun Zentroko medikuak. Ordurako, Jesusaren egoera kritikoa zen: “Une hartatik aurrera bakarrik hasi ziren mugitzen”, salatu dute senideek.
Anbulantziako langileak Jesusaren alabekin izandako jarrera justifikatzen saiatu ziren. Ospitalean gaixoa utzi ondoren, anbulantziako teknikaria Jesusarekin batera ospitalera joandako alabarengana hurbildu zen, eta gertatutakoa “anekdota batean” uzteko eskatu zion, “denak oso urduri baitzeuden”. Jesusaren familiak ezin zuen sinetsi: “Nire ama minez hiltzen ari zen, behar bezala artatua izan gabe”.
Basurtuko ospitaleko langileentzat, aldiz, esker oneko hitzak baino ez ditu Jesusaren familiak: “Egin zioten eskanerraren ondoren esan ziguten ez zegoela zer eginik eta sedatu egingo zutela. Gela izagurri handi bat utzi ziguten familia osoak agur esan ziezaion, eta duintasun handiz tratatu gintuzten”. Jesusa bikain egon zen azken segundora arte, eta planak xaloki egiten ere aritu zen, harik eta gauean lo hartu eta hurrengo goizean hil zen arte.
Jesusaren alabek ulertzen dute anbulantzietako langileen haserrea beren lan-baldintzengatik, eta haien aldarrikapenak babesten dituzte: “Badakit oso erreta daudela, hala esan zigutelako, baina gertatu zitzaiguna ezin zaio beste inori gertatu. Langile gehiago behar badira eta haien lan-baldintzak hobetu behar badira, konpondu behar da. Arduradunek aitortu behar dute Osakidetzan zerbait huts egiten ari dela.”