Martxan da Ikusi eta Ikasi haurrei eta familiei zuzenduta euskaraz aritzeko eta jostatzeko udal programa
Beste urte batez, aisialdiaren bidez familietan euskara sustatzeko Ikusi eta Ikasi programa martxan dago. Egitaraua adin tarte bakoitzaren arabera moldatzen da: Altzoan, 2 eta 3 urte bitarteko txikiak familiarekin jolasteko saioak; Familian, 4 eta 8 urte bitarteko umeak familiarekin batera sormena lantzeko tailerrak; eta azkenik, Lagunartean, 9 eta 11 urte bitarteko umeak lagunekin batera ondo pasatzeko tailerrak. Modu batera zein bestera parte hartzeko 60 saiorekin osatutako zirkuitu erakargarria eskainiko da.
Ekitaldi horietako hiru Zorrotzako Udaltegian izango dira: otsailaren 27an bilduko diren 4 eta 8 urte bitarteko parte hartzaileek nahieran eta irudimenaren laguntzarekin, pertsonaia koloretsuak sortuko dituzte “peg dolls” delakoarekin: astronautak, munstroak, piratak… Eta maiatzaren 3an, eva gomaz, kartulinaz eta beste material batzuez mozorro mitologikoak prestatuko dituzte tailerrera bertaratuko diren parte hartzaileek.
Bestetik, 2 eta 3 urte bitarteko haurrek, euskal abestiekin esku jolasak eginez, familian gozatzeko aukera izango dute apirilaren 25ean.
Batean zein bestean parte hartzeko izena eman behar da urtarrilaren 15etik 28ra bitartean webgunean. Aisia, kultura eta heziketa uztartzen dituen programa honek hogeita bat urte bete ditu aurten, eta Bilboko haurrei eta haien familiei euskaraz aritzeko eta jostatzeko aukera ematea du helburu.