Zorrotza jai giroan berriro murgiltzeko prest
Aurten 40 urte bete dituen Gure Lurra elkarteak botako duen txupinazoarekin batera hasiera emango zaie jaiei. Guztira bederatzi egun izango dira, adin guztietako auzokide orok gozatzeko jarduerez beteta.
ZORROTZ MORROTZ | ARGAZKIA: AITOR MARÍN
Irailaren 26an hasiko dira 2026ko Zorrotzako jaiak, eta bederatzi egunez eta gauez festa giroa izango da nagusi auzoan. Aurtengo egitarauak askotariko proposamenak bilduko ditu: musika, antzerkia, kirola eta aisialdirako hainbat aukera. Izan ere, Jai Batzordeak adin eta gustu guztietara egokitutako egitaraua osatu nahi izan du aurten ere. Hala, gazteek zein umeek jarduera ugari izango dituzte aukeran, tartean kuadrillen lehiaketa, eta helduentzat ere ez dira proposamenak faltako. Gainera, laugarren urtez jarraian, 60 urtetik gorako pertsonei bereziki zuzendutako jarduerak egingo dira.
Musikari dagokionez, Azoka parkeko agertokira itzuliko dira Kresala, lehenengo ostiralean, eta Versus, azken larunbatean. Lehenengo larunbatean, berriz, Lehian erromeriaren txanda izango da. Bigarren ostiralean, Rosendo rock musikari madrildarraren omenezko bi tributo izango dira: Rosendadas acústicas eta La Leñera tributo a Leño.
Euskara sustatzeko ekintzak
Euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko ekintzek ere izango dute tokia egitarauan. Urteroko hitzordu handia bihurtu den lehenengo igandeko bertso saio handia babestuko du Zorrotzako Euskal Txokoak aurten ere. Irailaren 27an, eguerdiko 12:00etan, Oihana Iguaran, Aitor Etxebarriazarraga, Maddi Ane Txoperena eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira Azoka plazako kioskoan.
Bezperan, irailaren 26an, etxeko txikienek dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango dute Euskal Txokoak babestutako Txulalai taldearen Txiki festa ikuskizunarekin, eguerdiko 13:00etatik aurrera. Bukatzeko, hau ere umeei zuzenduta, Patata Tropikala taldeak Ametsen mundua antzezlana taularatuko du urriaren 3an 18:00etan.












