Europar parlamenturako hauteskundeak Zorrotzan

PSOE garaile argia. EAJ izugarri behera,
EH Bildu bigarren postutik oso gertu izanda

Alderdi Sozialista izan zen garaile argia ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Zorrotzan. Sozialisten hautagaitzak ia bikoiztu egin zituen EAJ eta EH Bildu, bigarren eta hirugarren aukerak, hurrenez hurren.

PSOEk duela 5 urte baino 80 boto gehiago lortu zituen, parte-hartze baxuak markatutako hauteskundeetan (2019an Europako hauteskundeak udal eta foru hauteskundeekin bat etorri ziren). Hori dela eta, grafikoan boto-ehunekoak sartu dira; izan ere, duela bost urteko datuekin alderatuta, parte-hartze aldearekin oso baldintzatuta dago boto-kopurua. Gauzak honela, oso aipagarria da alderdi sozialistaren ehunekoaren igoera (ia 11 puntu).

Ostera, EAJren gainbehera izugarria da. Mila boto baino gehiago galdu ditu eta % 35etik % 19ra jaitsi da. Duela bost urte garaile argia izan bazen ere, oraingoan bigarren postuari oso gutxigatik eutsi dio. Izan ere, EH Bilduk baino 16 boto gehiago ez ditu lortu. Alderdi subiranistak bere goranzko joera berretsi du, lau puntu baino gehiago igota.

PPk ere bere emaitzak hobetu ditu botoetan eta nabarmen portzentualki. Espainiako ezker konfederalean, hondamendi berria
% 12tik % 3,6an eta % 3,4an geratu baitira Podemos eta Sumar, hurrenez hurren.

Espainiako eskuin muturra ere gora. Voxek nabarmen egin du gora eta “Se Acabó la Fiesta” esperimentu berriak 76 boto lortu zituen.

Plataforma berria sortu da Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko

Handik eta egun gutxira, istripu bat gertatu zen Profersan, eta jendartean harrabotsa eta kezka zabaldu zituen. Gertakari horren ostean plataformak manifestazio batera deitu zuen, “orain inoiz baino gehiago lantegiak Zorrotzatik kanpo” nahi dituelako 

IGOR GUTIÉRREZ

Bilbo hiriguneko hainbat auzo elkarte eta eragile plataforma berri batean bildu dira, Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko asmoz. Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak otsailean egin zuen deialdia sare sozialen bidez eta erantzun zabala jaso. Bilerara Zorrotzako bizilagun eta elkarteetako kideez gain, San Inazio, Deusto, Erribera edo Basurtuko jendea ere hurbildu zen.

Agaleus taldeko enpresek eragozpen eta kezka handiak sortzen dituzte gure auzoaz haratago. Izan ere, auzo desberdinetatik hainbat ekintza egiten ari dira jadanik: datuak arakatu, igorpenak neurtzeko gailuak erosi, epaitegietan salaketak jarri… Bada, egindako lana komunean jarri ondoren, batera joateko beharra ikusi zuten.

Koordinakundearen leloa eta irudia berreskuratuta, “Sader-Profersa kanpora!” plataformak bere lehen asanblada informatiboa antolatu zuen apirilaren 18an, Auzo Etxean. Hitzaldi gela leporaino bete zen, eta jende asko kanpoan geratu behar izan zen.

Bertan, enpresei buruzko datu esanguratsu bezain kezkagarriak eman ondoren, parte hartzerako deia zabaldu zuten. Era berean, change.org plataformaren bidezko sinadura bilketa abiatu zuten, astebetean 1500 sinaduratik gora lortu zuena. Zehazki, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta dago, eta besteak beste, zera eskatzen zaio: Sader eta Profersari Ingurumen Baimen Bateratua oraingo kokalekuan ez berriztea, eta Bilboko Udalarekin zein Agaleus taldearekin elkarlanean aritzeko, enpresentzako kokaleku egoki bat bilatzeko, hirigunetik kanpo, langileen eskubideak babestuta.

Hurrengo asteetan, asanblada informatiboa Bilboko beste auzo batzuetan errepikatzeko asmoa dute. Eta plataformak lehenengo pausoak ematen zituen bitartean, apirilaren 26an istripu bat gertatu zen Profersan, erreakzio kimiko baten ondorioz, jendartean harrabotsa eta kezka handia zabaldu zituena. Horren ondorioz, Sader Profersa kanporak deituta, ehundaka pertsona manifestazio jendetsuan atera ziren maiatzaren 2an kalera Zorrotzan, justu ale honen itxieran.

EAJ berriro garaile, EH Bildu bigarren eta gero eta gertuago

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak Zorrotzan

Eusko Alderdi Jeltzaleak eutsi zion apirilaren 21ean duela lau urte lortutako garaipenari Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Zorrotzan. Alderdi guztiek (oraingoan bananduta aurkeztu den Elkarrekin Podemos zena izan ezik) bozetan gora egin dute, 2020ko hauteskundeak pandemia garaian egin zirelako, eta parte hartzea oso eskasa izan zelako (%41). Horrek asko baldintzatzen du duela lau urteko emaitzekiko konparaketa.

EAJ irabazle argia bada ere, eta 200 boto inguru gehiago lortu arren, duela lau urte baino %3 boto gutxiago izan dute jeltzaleek. Aldiz, bigarren indarrari eutsi dion EH Bilduren gorakada oso nabarmena da. 400 boto gehiago lortu dituzte subiranistek aurten (5 puntuko igoera). 200 bototan murriztu du aldea EH Bilduk, eta lehen indarretik 424ra gelditu da.

Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularraren igoerak parekoak izan arren bozkei dagokionez (183 eta 177 hurrenez hurren), portzentualki 0,4 egiten dute gora sozialistek eta ia %3 popularrek.

Bukatzeko, bananduta aurkeztea garesti atera zaio ezker konfederalari. Ez Sumarrek, ez Ahal Duguk, ezin izan dute ere duela lau urte elkarrekin atera zuten erdira heldu, nahiz eta hasieran aipatu bezala, parte hartzeak nabarmen egin gora.

Onartu da FEVE trenbideak lurperatzeko ingurumen-inpaktuaren azterketa

Trenbideak lurperatzeko prozesua aurrera doa, baina kasurik onenean, 2028ra arte ez da amaituta egongo

AITOR MARÍN

Ingurumen-agintarien oniritziarekin, lurperaketak beste aurrerapauso bat eman du. Obrak hasi ahal izateko, proiektuaren erredakzioari ekin behar zaio orain. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ingurumen-inpaktuaren azterketak, gainera, bere garaian ADIFen informazio-azterlanari hainbat elkartek eta EH Bilduk aurkeztu zizkioten alegazioak jasotzen ditu.

Beraz, urrats horren ondoren, Garraio Ministerioak dagoeneko eraikuntza-proiektuaren idazketa lizitaziora atera dezake. Behin hori gauzatuta, ingeniaritza lan batek zehaztuko du trazaduraren diseinua eta obra-plana. Ostean, eraikuntza-lanak lehiaketa publiko bidez enkargatu behar dira geltokia eta lurperatzea egiteko. Eta horrek noizko joko du? Epe ofizialik ez dagoen arren, obrek hiru urte inguru iraungo dutela uste da, eta ingeniaritza lanak hamabi hilabete inguru.

Onartutako alternatibak trenbidearen trazaduraren kilometro eta erdi lurperatzea aurreikusten du, eta geltokiari bi sarrera-kanoi eta igogailu-zutabe bat emango dizkio, Metro Bilbaokoen antzerakoak. Beraz, geltoki berria Metro Bilbaoko etorkizunerako proiektatu den 4. linearekin lotu ahal izango da.

Hala ere, zailtasun berri bati aurre egin behar zaio: Ministerioak eta Udalak hitzarmena eguneratu beharko dute; izan ere, merkantzia-trenen eta bidaiarien joan-etorriak bereizteko saihesbide bat eraikitzeak, eraikuntzako kostuak handitzearekin eta inflazioarekin batera, hasiera batean aurreikusitako aurrekontua 55 milioi eurotik 115 milioi eurora garestitzea eragin du.

Clown Zorrotza jaialdi berri bat hartuko du Azoka parkeak

ZORROTZ MORROTZ

Clown Zorrotza jaialdiak nazioarteko konpainiak izango ditu aurten ere. Jaialdia maiatzaren 31n irekiko dute Catalunyako bi konpainiek: Teatro sobre ruedas taularatuko den lehena izango da,  poesia, musika, eta umorea uztartzen dituen “Ambicions” lana aurkezteko. Ondoren, Cris Clown, erritmo biziko ikuskizun hunkigarri eta benetan barregarria den “Home” antzeztuko du.

Ekainaren 1ean, larunbatean, hiru izango dira  Azoka parkeko oholtzara aterako diren konpainiak. Lehenengoak izango dira Goitibera Antzerkia euskaldunak, “Eraitsi S.L.” antzetuko dutenak. Anna  Confettiren txanda izango da hurrengoa. Adin guztietako jendea maitemintzea agintzen duen “A la fresca” antzeztuko du Catalunyako konpainia horrek. Bukatzeko, arratsaldeko 20etan, Colette Gomette (Frantzia) eta Anna De Lirium (Austria) artista handiek osatzen duten bikoteak itxiko du jaialdia “THE ONE & The one” obrarekin

Olabeagarako bidegorria blokeatzen duen luizia kentzeko lanak onartu ditu Udalak

ZORROTZ MORROTZ

Bi urte baino gehiago igaro dira 2021eko abendutik, Zorrotza eta Olabeaga arteko bidegorria blokeatu zenetik, eta, azkenean, martxoaren hasieran, Bilboko Udalak erori zen ezponda egonkortzeko obrak onartu ditu. Obrek 400 mila euro inguruko aurrekontua dute, eta behin esleitu ondoren, hasten direnetik bi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da.

Luiziaren zergatia jakiteko eta obra berriari behar bezala ekiteko asmoz, azterlanak egiteko eskatu zizkion Udalak hainbat ingeniaritza estudiori. Adituek emandako emaitzak ezagutu ondoren, ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea erabaki da. Adituen arabera, jarduera hau nahikoa izango da etorkizunean lur horien egonkortasuna bermatzeko.

Alazne Gogoratuz Memoriala maiatzean itzuliko da Zorrotzara

ZORROTZ MORROTZ

Maiatzaren 18an ezinbesteko hitzordua du auzoan dantza gustuko duen edonork. Aurreko urteetan bezala Alazne Gogoratuz Memoriala Kiroldegiko Hockey Pistan burutuko da MDV dantzaren gidaritzapean, Zorrotzako hainbat eragileren laguntzarekin. Sarrerak 3 euroren truke lor daitezke Lápices liburudendan eta Nuria lurrindegian.

Gainera, aste berean “Laguntasuna” merkatarien elkartearen eskutik, beste bi kultur ekitaldi eskainiko dira Udaltegiko areto nagusian:            hilaren 16an, Maria Solinisek (piano-jolea) eta Mentxu Díezek (aurkezlea) “Emakumeen Taupadak: Nocturnas” musika-ikuskizuna eskainiko digute; hurrengo egunean “¡La Tarara!” antzerki-lana ikusi ahal izango da, Zenbatu Teatro Comunitarioren eskutik. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

“Toxikoak izateagatik” Nafarroan baztertu diren 3400 tona hondakin urtean jasoko ditu Saderrek Gipuzkoatik

Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu du Bilboko Udaleko otsaileko osoko bilkurak

Azken asteetan zenbait hedabidek iragarri dutenez, Gipuzkoak erraustegiko lixibiatu guztiak Sader lantegira bidaliko ditu Nafarroako planta baten itxieraren ondorioz. Informazio horren arabera, Zorrotzako bizilagunek kutsaduragatik eta usain txarrak eragiteagatik baztertzen duten fabrikak 3400 tona hondakin gehiago jasoko ditu urtean, Nafarroan jasotzen zituen zentroa “bidalketa horiekin lotutako irregulartasunengatik” itxi ondoren. Zehazki, hondakin horiek “toxikoak” izan daitezkeela aurpegiratu die Nafarroako Gobernuak Gipuzkoako arduradunei.

Aipatu behar da Saderrek 2022ko abuztutik egunero jasotzen duela zisterna-kamioi bat lixibiatuekin Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik, enpresak berak ziurtatu duen bezala. Sader “krisi honen konponbidearen parte” dela dio, eta iristen den guztia “Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen-baimenaren arabera” tratatzeko legezko baimen guztiak dituela berretsi du.

Hondakina toxikoa izan daitekeen ala ez galdetuta, Sader enpresak ez du ez baieztatu, ezta gezurtatu ere, eta Gipuzkoako erraustegira bideratzen du ardura, “hondakina katalogatzeko erantzukizuna ez delako jasotzen duenarena, baizik eta ekoizten duenarena”. Gaur egun, hondakinen kodeak faltsutzeagatik ikertzen ari dira Zubietako erraustegia.

Ausarkeria eta erantzukizun falta

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak argitaratutako komunikatu batean, gogorarazi du Zorrotzako, Elorrietako eta San Inazioko bizilagunen kexak ohikoak direla kutsagarriak izan daitezkeen emisioengatik. “Ausarkeria eta erantzukizun falta” leporatzen die Federazioak arduradun politikoei “aipatutako baldintzetan dagoen hiriko zonalde batean hondakin gehiago mugarik gabe jasotzea onartzeagatik”.

Ondorengo ohar baten bidez, isuriak jasaten dituzten auzoetako elkarteek premiazko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote Bilboko Udalari, “isuri barreiatuak eta iragazi gabeak” bukatzeko, eta hirigunean hondakin arriskutsuak tratatzen dituen fabrika horren lekualdaketan aurrerapenik ez dagoela salatu dute berriro. Era berean, Elkarteek gogorarazi dute Zorrotzako airearen kalitatea neurtzen zuen udal neurgailua 2023ko apiriletik matxuratuta dagoela eta Udalari “ahalik eta lasterren” konpontzea eskatu zioten. Badirudi hau konponduko dela, Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu baita handik egun gutxitara, otsaileko osoko bilkuran.

Halaber, hondakin arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek espazio publikoa etengabe okupatzen dutela eta kamioi horien zirkulazioa eta aparkalekua arautzen dituen udal-ordenantzarik ez dagoela salatu dute auzo-elkarteek.

Zorrotzako kaia itsasontzi handietarako Bilboko portu bihurtuko da etorkizunean

Horrela aurreratu zuen Asier Abaunzak Hiri Plangintzako zinegotziak Zorrotza lurmuturrerako aurkeztutako proposamenei buruzko hitzaldi informatiboan. Etorkizunean, Zorrotzaurre Olabeaga eta Zorrotza lotuko dituzten bi zubien altuera txikia dela eta, ezinezkoa da ontzi handiek azpitik nabigatzea. Beraz, gaur egun Euskalduna zubiaren ondoan dagoen Itsasmuseumaren ingurura heltzen diren itsasontzi handiak edo belaontziak Zorrotzaraino baino ezingo lirateke iritsi, eta beraz, bertan kokatuko da portua.

Kaiaren ezaugarriak ezin hobeak dira. Sakonera egokia izateaz gain, atrakatze-lerroa ia 800 metro linealekoa da. Gainera, 2019az geroztik, Bilboko Udala da kaiaren jabea, Portu Agintaritzari lur guztiak erosi ondoren. Oztopo nagusia da lursail horiek, titulartasun publikokoak izan arren, gaur egun Sader Profersaren industria-jarduerarako erabiltzen direla, eta horiek lekuz aldatu edo desagertu gabe, Abaunzak agindutako jarduerak ezin direla egin.

Zorrotzako Auzo Elkarteak positibotzat jo du kaiari erabilera ematea, eta planaren berri izatean, Itsasmuseum Zorrotzara lekualdatzea proposatu zuen, Molinos Vascos eraikina aprobetxatuta. Aukera horri buruz galdetuta, Abaunzak ez zuen museoa lekualdatzeko konpromisorik hartu, erabaki hori “Udalaren esku ez dagoelako”, Udala museoaren fundazioaren patronatuko kide izan arren “patronatuan beste kide batzuk ere badirelako”.

Martxoaren 21ean helduko da 23. Korrika

Martxoaren 21ean, arratsaldeko 20:15ak aldera, hartuko dugu Zorrotzan 23. Korrika. Ia bi mila kilometro egin ostean, Bilbotik Zorrotzara sartuko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Auzoan hainbat lekuko aldaketa egin ostean, Barakaldorako bidean agurtuko dugu.

Auzoko Korrika Batzordeak hainbat ekitaldi eta ekintza prestatu ditu motorrak berotzeko. www.zorrotzmorrotz.eus webguneko agendan eta ale honetako iragarkian zehaztasun gehiago topatuko duzu.