Zorrotzako kaia itsasontzi handietarako Bilboko portu bihurtuko da etorkizunean
Horrela aurreratu zuen Asier Abaunzak Hiri Plangintzako zinegotziak Zorrotza lurmuturrerako aurkeztutako proposamenei buruzko hitzaldi informatiboan. Etorkizunean, Zorrotzaurre Olabeaga eta Zorrotza lotuko dituzten bi zubien altuera txikia dela eta, ezinezkoa da ontzi handiek azpitik nabigatzea. Beraz, gaur egun Euskalduna zubiaren ondoan dagoen Itsasmuseumaren ingurura heltzen diren itsasontzi handiak edo belaontziak Zorrotzaraino baino ezingo lirateke iritsi, eta beraz, bertan kokatuko da portua.
Kaiaren ezaugarriak ezin hobeak dira. Sakonera egokia izateaz gain, atrakatze-lerroa ia 800 metro linealekoa da. Gainera, 2019az geroztik, Bilboko Udala da kaiaren jabea, Portu Agintaritzari lur guztiak erosi ondoren. Oztopo nagusia da lursail horiek, titulartasun publikokoak izan arren, gaur egun Sader Profersaren industria-jarduerarako erabiltzen direla, eta horiek lekuz aldatu edo desagertu gabe, Abaunzak agindutako jarduerak ezin direla egin.
Zorrotzako Auzo Elkarteak positibotzat jo du kaiari erabilera ematea, eta planaren berri izatean, Itsasmuseum Zorrotzara lekualdatzea proposatu zuen, Molinos Vascos eraikina aprobetxatuta. Aukera horri buruz galdetuta, Abaunzak ez zuen museoa lekualdatzeko konpromisorik hartu, erabaki hori “Udalaren esku ez dagoelako”, Udala museoaren fundazioaren patronatuko kide izan arren “patronatuan beste kide batzuk ere badirelako”.