“Toxikoak izateagatik” Nafarroan baztertu diren 3400 tona hondakin urtean jasoko ditu Saderrek Gipuzkoatik
Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu du Bilboko Udaleko otsaileko osoko bilkurak
Azken asteetan zenbait hedabidek iragarri dutenez, Gipuzkoak erraustegiko lixibiatu guztiak Sader lantegira bidaliko ditu Nafarroako planta baten itxieraren ondorioz. Informazio horren arabera, Zorrotzako bizilagunek kutsaduragatik eta usain txarrak eragiteagatik baztertzen duten fabrikak 3400 tona hondakin gehiago jasoko ditu urtean, Nafarroan jasotzen zituen zentroa “bidalketa horiekin lotutako irregulartasunengatik” itxi ondoren. Zehazki, hondakin horiek “toxikoak” izan daitezkeela aurpegiratu die Nafarroako Gobernuak Gipuzkoako arduradunei.
Aipatu behar da Saderrek 2022ko abuztutik egunero jasotzen duela zisterna-kamioi bat lixibiatuekin Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik, enpresak berak ziurtatu duen bezala. Sader “krisi honen konponbidearen parte” dela dio, eta iristen den guztia “Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen-baimenaren arabera” tratatzeko legezko baimen guztiak dituela berretsi du.
Hondakina toxikoa izan daitekeen ala ez galdetuta, Sader enpresak ez du ez baieztatu, ezta gezurtatu ere, eta Gipuzkoako erraustegira bideratzen du ardura, “hondakina katalogatzeko erantzukizuna ez delako jasotzen duenarena, baizik eta ekoizten duenarena”. Gaur egun, hondakinen kodeak faltsutzeagatik ikertzen ari dira Zubietako erraustegia.
Ausarkeria eta erantzukizun falta
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak argitaratutako komunikatu batean, gogorarazi du Zorrotzako, Elorrietako eta San Inazioko bizilagunen kexak ohikoak direla kutsagarriak izan daitezkeen emisioengatik. “Ausarkeria eta erantzukizun falta” leporatzen die Federazioak arduradun politikoei “aipatutako baldintzetan dagoen hiriko zonalde batean hondakin gehiago mugarik gabe jasotzea onartzeagatik”.
Ondorengo ohar baten bidez, isuriak jasaten dituzten auzoetako elkarteek premiazko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote Bilboko Udalari, “isuri barreiatuak eta iragazi gabeak” bukatzeko, eta hirigunean hondakin arriskutsuak tratatzen dituen fabrika horren lekualdaketan aurrerapenik ez dagoela salatu dute berriro. Era berean, Elkarteek gogorarazi dute Zorrotzako airearen kalitatea neurtzen zuen udal neurgailua 2023ko apiriletik matxuratuta dagoela eta Udalari “ahalik eta lasterren” konpontzea eskatu zioten. Badirudi hau konponduko dela, Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu baita handik egun gutxitara, otsaileko osoko bilkuran.
Halaber, hondakin arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek espazio publikoa etengabe okupatzen dutela eta kamioi horien zirkulazioa eta aparkalekua arautzen dituen udal-ordenantzarik ez dagoela salatu dute auzo-elkarteek.