Olabeagarako bidegorria blokeatzen duen luizia kentzeko lanak onartu ditu Udalak
ZORROTZ MORROTZ
Bi urte baino gehiago igaro dira 2021eko abendutik, Zorrotza eta Olabeaga arteko bidegorria blokeatu zenetik, eta, azkenean, martxoaren hasieran, Bilboko Udalak erori zen ezponda egonkortzeko obrak onartu ditu. Obrek 400 mila euro inguruko aurrekontua dute, eta behin esleitu ondoren, hasten direnetik bi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da.
Luiziaren zergatia jakiteko eta obra berriari behar bezala ekiteko asmoz, azterlanak egiteko eskatu zizkion Udalak hainbat ingeniaritza estudiori. Adituek emandako emaitzak ezagutu ondoren, ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea erabaki da. Adituen arabera, jarduera hau nahikoa izango da etorkizunean lur horien egonkortasuna bermatzeko.