Zazpi solairuko eraikin berri batek hartuko du Udaltegi berria 2026ko udatik aurrera
Zortzi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatuko du, eta Zorrozgoiti bidean kokatuko da, zahar-egoitzaren ondoan.
Zorrotz Morrotz
Bilboko Udalak zortzi milioi euro baino gehiago bideratuko ditu barrutiko udaltegi berri bat eraikitzeko. Eraikuntza-proiektua dagoeneko definituta dago, eta lanek, adjudikatu ondoren, hogeita bat hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Udaltegi berria Zorrozgoitibideko 21. zenbakian kokatuko da, eta egun kiroldegiaren ondoan dagoena ordeztuko du.
Ekipamendu-eraikin horrek auzoari zerbitzua emango dio, eta hainbat udal-saili lotutako gelak izango ditu, hala nola Gizarte Ekintza, Kultura eta/edo Gazteria. Proiektuaren aurkezpenean udal arduradunek nabarmendu zutenez, “auzoko kolektibo nagusiek Udalari helarazitako beharrei erantzuten die” proiektuak: “Zorrotzak eta bertako 11.000 bizilagunek euren beharren tankerako barrutiko udaltegi bat edukiko dute”.
Eraikin berri honek gimnasia-gelak, ikasketa-gelak, ekitaldi eta erakusketa aretoak, eta haurrentzako aisialdirako guneak hartuko ditu besteak beste. Gainera, gaur egun Fray Juan kaleko 35. zenbakian dagoen udal liburutegia hara lekualdatuko da. Lerro hauen ondoko irudian solairu bakoitzean egongo diren zerbitzuak ikus daitezke.
Egiturari dagokionez, bi bolumen izango ditu eraikinak, beirazko atari batek bereizita. Bolumen nagusia funtzionalena izango da, eta batez ere eraikinaren ekipamendu-beharrei erantzungo die. Bigarren bolumenean, berriz, komunikazio-gune bertikalak eta bainugelak egongo dira.
Eraikinak 4.365 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira, irisgarria izango da, bai sarbideetan, bai dagozkien geletan, eta akustikoki isolatuta egongo da. Halaber, eraikinak A kalifikazio energetikoa izango du, eta kontsumituko duen energia, neurri handi batean, iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiliz hornituko da, eta estalkian 50 panel fotovoltaiko jarriko dira.
