Bilboko Zirkuitua antzerki programaren  bi bakarrizketa jasoko ditu Zorrotzako Udaltegiak

Zorrotz Morrotz

Auzoan jasoko ditugun bi proposamenetako lehena Alex Quiroga do Carmoren eskutik izango da. Antzezleak “El Monólogo sin nombre” aurkeztuko du arratsaldeko 19:00etan Udaltegian. Ohiko bakarrizketa izan ordez, bat-bateko bakarrizketa bat izango da hau. Aktorearen asmamenari esker, ikusleen proposamenak agertokian gorpuztuko dira.

Horretaz gain, apirilaren 10ean, programako euskaraz den proposamen bakarra den Laura Penagosen “Putaren bakarrizketa eroetxean” ikusteko aukera izango dugu auzoko Udaltegian. Ainara Gurrutxagak zuzendutako proposamen honetan, emakume bat, bakarrik, zoroetxe bateko gela batean arituko da, aulki batean jesarrita, kameraz inguratuta, ikusten ez dugun mediku batekin hizketan. Emakumea prostituta da eta bere historia azalduko du elkarrizketan, sexualitatea, indarkeria, klasismoa eta feminismoa, besteak beste, azaleratuz.

Guztira, hamasei antzerki proposamen eskainiko dira Bilboko auzoetan Udalak antolatzen duen eta urtarrilaren 9an hasi eta maiatzean amaituko den kultur programa honen barruan. Emanaldi guztiak doakoak dira.

Sader Profersaren lekualdatzea eskatzen duten 4 mila sinadura baino gehiago bildu dituzte

AITOR MARÍN

Pasa den azaroaren 13an ehundaka pertsona bildu zituen Sader Profersa kanpora plataformak udaletxe aurrean egindako elkarretaratze batean, lantegiak herrigunetik behingoz ateratzeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beren erantzukizuna har dezaten eskatzeko.

Antolatzaileek gogor kritikatu zuten, Eusko Jaurlaritzak Saderri hondakin arriskutsuak tratatzeko ahalmena handitzea: “baimenetan ezarritako mugak ez gainditzeko neurriak hartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak % 40ko tratamendu-ahalmenarekin saritu du Sader”. Izan ere, lantegi honek iaz tratatu zituen hondakin arriskutsuen kopurua 967 tonatan gainditu zuela jakin da prentsaren bidez. Honek suposatzen du gutxi gora behera 30.000 tona ur toxiko gehiago zabortegian, bainu azidoetan eta era guztietako zabor arriskutsuetan.

Dena den, oraindik ez dira baimenaren handitze horren xehetasunak ezagutu, momentuz ezin baita publikoki kontsultatu. “Badirudi dokumentazio publikoa bizkor eskuratzea erraztu beharrean, erakundeek interes pribatuek bultzatuta jarduten dutela” kexu agertu da Sader Profersa kanpora plataforma.

Protestaren antolatzaileak arduratuta agertu dira Saderrera estatuko toki askotatik iritsitako hondakin arriskutsu gehiago helduko direlako, eta erakundeengandik gutxietsita eta udalarengandik abandonatuta sentitzen direla deitoratu dute: “egunero zaborra arnastuz itotzen gara, eta hainbeste aldiz agindutako lekualdaketa ez da inoiz betetzen”. Hala ere, plataformak ez du etsiko. Dagoeneko 4.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta osasunerako eskubidea defendatzen “behar adina sinadura” jasotzen jarraituko dute, haiei entzun arte. “Ez gara geldituko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beren erantzukizuna hartu arte Sader eta Profersa herrigunetik lehenbailehen ateratzeko”.

Protestaren antolatzaileak arduratuta agertu dira Saderrera estatuko toki askotatik iritsitako hondakin arriskutsu gehiago helduko direlako, eta erakundeengandik gutxietsita eta udalarengandik abandonatuta sentitzen direla deitoratu dute: “egunero zaborra arnastuz itotzen gara, eta hainbeste aldiz agindutako lekualdaketa ez da inoiz betetzen”. Hala ere, plataformak ez du etsiko. Dagoeneko 4.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta osasunerako eskubidea defendatzen “behar adina sinadura” jasotzen jarraituko dute, haiei entzun arte. “Ez gara geldituko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beren erantzukizuna hartu arte Sader eta Profersa herrigunetik lehenbailehen ateratzeko”.

Espainiako gobernuak FEVEko geltokia lurperatzeko informazio-azterlana onartu du

Estatuko Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak behin betiko onartu du «Zorrotzan trenbidea hirian integratzeko informazio-azterlana». Proiektuak bi trenbide-pasaguneak kentzea eta lurpeko geltoki berri bat eraikitzea aurreikusten du, bi sarrera-kanoi eta metroaren tankerako igogailu-zutabe batekin. Ale hau ixteko unean, informazio-azterlana hurrengo egunetan BOEn argitaratzea espero zen.

Hainbat hamarkadatan zain egon ondoren, behin betikoa ematen duen bultzada jaso du FEVEren geltokiaren lurperatzeak. Hala ere, Auzo-elkarteak, baikortasunez bada ere, kontu handiz hartu du albistea. Izan ere, aldizkari hau inprimatzeko unean, ez zekiten auzotarren alegazioak kontuan hartu diren ala ez: «arretaz irakurri beharko da buletinean argitaratuko dena, xehetasun asko eta garrantzitsuak izango baitira».

Ale hau ixteko unean jakinarazi zen xehetasun bakarra da bi trenbide-pasaguneak kentzeko garatutako bi alternatibetatik, «ingurumen, funtzionaltasun, ekonomia eta gauzatze-epeari buruzko irizpideei jarraiki», bidaiari-trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki bat eta merkantziak soilik garraiatzeko trenbide bakarreko tunel bat, saihesbide gisa barne hartzen dituen alde egin duela informazio-azterlanak. Alternatiba horrek 116 milioi euroko aurrekontua du.

“Adinak biziz» bizikleta egokituen zerbitzua Zorrotzara zabalduko da

Bilboko Udalak «Adinak biziz» izeneko zerbitzua abendutik aurrera Zorrotzara zabalduko duela iragarri du. Autonomia, integrazioa eta zahartze aktiboa sustatzen dituen zerbitzua da eta mugikortasun urriko adineko pertsonentzat zuzenduta dago. Ekimen horrek aisiarako baliabide egokitu eta inklusiboa eskaintzen du, adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta haien autonomia, integrazioa eta zahartze aktiboa sustatzeko.

2022ko azaroan zerbitzua hasi zenetik 2024ko lehen seihilekora arte, guztira 723 pertsonak hartu dute parte jarduera horretan, eta emakumezkoak eta 81 eta 95 urte bitarteko pertsonak izan dira, batez ere, programan parte hartu dutenak.

Programa Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Sailak sustatu du; eta Bizkaiko Gurutze Gorriak, berriz, dinamizatu. Txurdinagan egindako esperientzia arrakastatsua errepikatzea da asmoa. Bertan, ibilbide berri bat egin zen irailean, eta ibilbide horrek irteerak izan ditu programatutako egun guztietan, eta eskaera handia izan da.

Era berean, zerbitzua mugikortasun urriko pertsonei eta dibertsitate funtzionala dutenei zabalduko zaie abenduaren 3tik aurrera. Horretarako, harremanetan jarriko dira kolektibo horiei lotutako elkarteekin eta aurretik zerbitzua eskatu zuten baina eman ezin izan zitzaien norbanakoekin. Kolektibo horientzat astean egun bat jartzea aurreikusita dago.

8 milioi euro inguru Zorrotzarako 2025eko Bilboko Udalaren aurrekontu-proiektuan

AITOR MARÍN

Bilboko Udalak 719 milioi euroko aurrekontu-proiektua (Bilboko Udalaren historiako zenbatekorik handiena) onartu du 2025erako. Kopuru horretatik, 8 milioi euro inguru bideratuko dira gure auzoko inbertsioetara. Inbertsio horren zatirik handiena barruti-zentro berria eraikitzeko erabiliko da (ia 7 milioi euro). Hurrengo ekitaldian (2026) milioi eta erdi euro inguru gehiagorekin osatuko da obra. Gainera, irristaketa-pistaren estalki berria egitea aurreikusi da, kiroldegiaren eraberritze integralaren barruan, 450 mila euroko inbertsioarekin.

Halaber, 24 milioi euro baino gehiago aurreikusi dira Zorrotzan trenbidea integratzeko (FEVEren trenbideak lurperatzea), baina 2025ean 700.000 euro baino ez dira erabiliko partida horretarako; gauzak horrela, inbertsioaren zatirik handiena hurrengo urteetarako geratuko da.

Arestian adierazitakoaz gain, aurrekontuak 2 milioi euroko partida bat du, hainbat ekitalditan banatua, Zorrotzako Lorategian espazio libreetarako lurzoruak desjabetzeko; eta 130 mila euro inguru Gure Lurrarekin egindako lankidetza-hitzarmenetan, haur eta nerabeentzako programak eta jarduerak babesteko, beste inbertsio txikiago batzuen artean.

Herritarrentzako udal-zerbitzu publikoak finkatzen jarraitzea izango da aurrekontuaren lehentasuna Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan. Horiek aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuenez, “pertsonak, auzoak eta hiriaren garapen ekonomikoa izango dira ardatz”.

Aurrekontuen proiektua udalaren webgunean argitaratuta dago dagoeneko. Zinegotziek nork bere saileko kontuak eta aurreikuspenak aurkeztu dituzte azaroaren hasieran, zuzenketak egiten jarraitzeko. Zuzenketa horiek eztabaidatu egingo dira, azaroaren 29an egingo den aparteko udalbatzarrean aurrekontuen proiektua onartzeko. Beste udalbatzar batean, abenduaren 27koan, behin betiko aurrekontua onartuko da, udal gobernuak gehiengo absolutua ziurtatuta baitauka EAJ eta PSEren bozkekin.

Auzo Elkarteak berrekin dio osasun publikoaren pribatizazioaren aurkako protestari

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioarekin batera, Zorrotzako Auzo Elkarteak berrekin dio osasun-zentroaren aurrean kalitatezko lehen arreta eta “pribatizazio-politiken” amaiera eskatzeko hilero elkarretaratzeak antolatzeari. Protestetan, “larrialdi-zerbitzuen kolapsoa, lehen arretako medikuen eskasia eta anbulatorioetan aurrez aurreko hitzordua lortzeko zailtasunak” ere salatuko dituzte. Oporraldiaren ostean, urrian izan da lehenengo deialdia, eta egoerak hobera egiten ez duen bitartean, hileroko hirugarren ostegunean burutuko dira.

Euskarak hirian izan dituen mugarriei buruzko Bilbo Euskararen hiriburua erakusketa antolatu du Udalak

ZORROTZ MORROTZ

Erakusketa honen bitartez, euskarak Bilbon izan duen lekua eta garrantzia jaso nahi du Bilboko Udalak. Bertan, XX. mendetik hona euskarak hiribilduan egindako ibilbidea erakusten da, euskarari ekarpena egin dioten pertsonak eta erakundeak ardatz hartuta. “Bilbo Euskararen hiriburua” izena duen ekimenak 14 paneletan jasotzen ditu euskarak Bilbon izan dituen mugarri historikoak. Erakusketa ibiltaria izango da eta Bilboko hainbat udaltegik jasoko dute; baina, tamalez, ez da Zorrotzara helduko; 8. barrutian Basurtuko Udaltegian (Zankoeta kalea, 1) egongo da ikusgai otsailaren 3tik 14ra.

Bilboko Udalaren erakusketak Euskaltzaindiaren eta Labayru Fundazioaren laguntza izan du. Ekimenaren helburua  Bilbon euskarak duen presentziaren garrantzia nabarmentzea da. Hizkerak XX. mendearen hasieratik urian izan duen bilakaera aurkezten eta irudikatzen da, eta bereziki azpimarratzen dira bilakaera horretan eragina izan duten pertsonak eta erakundeak.

Erakusketa Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak abenduaren 3an antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da eta mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dago.

Barrutiko Udaltegi berria eraikitzeko lanak hasi dira

Bilboko Udalak urriaren bukaeran hasi zituen Udaltegi berria eraikitzeko lanak. Hogeita bat hilabetez luzatuko diren obrak amaitu eta udaltegi berria irekitzen denean, orain udal kiroldegian dagoena itxiko da. Ekipamendu berria Zorrozgoitibideko 21. zenbakian kokatuko da, zazpi solairu izango ditu eta herritarrentzako zerbitzu ugari izango ditu, hala nola liburutegia, gimnasia-gelak, haur eta gazteentzako guneak, prestakuntza-gelak edota Gizarte Ekintza Sailari lotutako esku-hartze sozioedukatiboko taldeak.

Zirgarien kaiko bidegorria berriro zabalik ezponda egonkortu ondoren

2021eko amaieran euriteek lur-jausia eragin zutenetik, berrogeita hamar metro inguruko tartea izan du moztuta Olabeagara doan bidegorriak. Ia hiru urte geroago, azkenik, urriaren hasieratik bidegorri osoa berriro dago zabalik, ADIFen trenbide-plataformaren eta itsasadarraren paraleloan igarotzen diren pasealekuaren eta bidegorriaren artean dagoen ezponda egonkortzeko lanak amaitu ondoren. Obrek 376.000 euroko aurrekontua izan dute, eta uztailean hasi ziren.

Dena prest Zorrotzako jaiez gozatzeko

AITOR MARÍN

Irailaren 27tik aurrera jaietan murgilduko gara berriro zorrotzarrok. Musikaz, antzerkiaz, kirolaz, eta ondo pasatzeko aukera ugariz betetako bederatzi gau eta eguneko programaz disfrutatzeko aukera izango dugu: txosnak, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, etab. ez dira faltako Azoka parkeko esparruaren barruan zein kanpoan.

Adin guztientzako jarduerak prestatzen ahalegindu da Jai Batzordea. Gazteentzako eskaintza zabalaz gain, umeentzako hainbat ekintza ere badaude (kuadrillen lehiaketa barne), baita nagusientzat ere, 60 urtetik gorakoei espresuki zuzendutako ekintzak izango baitira hirugarrenez. Guztion parte hartzea eskatzeaz gain, jaiak posible egiten dituzten pertsona guztiak eskertu nahi izan ditu. “Horien ahaleginagatik izan ez balitz, Udalaren ekarpen tristearekin, daukagunaren moduko programazio bat pentsaezina litzateke” salatu du Jai  Batzordeak.

Musikari dagokionez, Kresala eta Versus taldeek errepikatuko dute Azoka parkeko eszenatokian lehenengo ostiralean eta azken larunbatean hurrunez hurren. Horretaz gain, lehenengo larunbatean, La Patera tributo a Marea eta Sopayaso tributo a Extremoduro rock taldeek alaituko dute gaua, eta DJ Markelin eta DJ Rull taula gainean arituko dira bigarren ostiralean.

Euskara bultzatzeko ekintzak

Umeei zuzendutako Naita produkzioak taldearen “Kontu eta kanta” antzerkia babestu du Zorrotzako Euskal Txokoak, irailaren 28an, larunbatean. Aipatzekoa da era berean hurrengo egunean, irailaren 29an eguerdiko 12etan, Kun Kun eta Askabide Kultur Elkarteek babestuta antolatutako bertso saio handia. Bertan, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto, Bizkaiko eta Nafarroa txapeldunak hurrenez hurren, eta Joanes Illarregi bertsolariak taularatuko dira Azoka plazako kioskora.