8 milioi euro inguru Zorrotzarako 2025eko Bilboko Udalaren aurrekontu-proiektuan

AITOR MARÍN

Bilboko Udalak 719 milioi euroko aurrekontu-proiektua (Bilboko Udalaren historiako zenbatekorik handiena) onartu du 2025erako. Kopuru horretatik, 8 milioi euro inguru bideratuko dira gure auzoko inbertsioetara. Inbertsio horren zatirik handiena barruti-zentro berria eraikitzeko erabiliko da (ia 7 milioi euro). Hurrengo ekitaldian (2026) milioi eta erdi euro inguru gehiagorekin osatuko da obra. Gainera, irristaketa-pistaren estalki berria egitea aurreikusi da, kiroldegiaren eraberritze integralaren barruan, 450 mila euroko inbertsioarekin.

Halaber, 24 milioi euro baino gehiago aurreikusi dira Zorrotzan trenbidea integratzeko (FEVEren trenbideak lurperatzea), baina 2025ean 700.000 euro baino ez dira erabiliko partida horretarako; gauzak horrela, inbertsioaren zatirik handiena hurrengo urteetarako geratuko da.

Arestian adierazitakoaz gain, aurrekontuak 2 milioi euroko partida bat du, hainbat ekitalditan banatua, Zorrotzako Lorategian espazio libreetarako lurzoruak desjabetzeko; eta 130 mila euro inguru Gure Lurrarekin egindako lankidetza-hitzarmenetan, haur eta nerabeentzako programak eta jarduerak babesteko, beste inbertsio txikiago batzuen artean.

Herritarrentzako udal-zerbitzu publikoak finkatzen jarraitzea izango da aurrekontuaren lehentasuna Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan. Horiek aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuenez, “pertsonak, auzoak eta hiriaren garapen ekonomikoa izango dira ardatz”.

Aurrekontuen proiektua udalaren webgunean argitaratuta dago dagoeneko. Zinegotziek nork bere saileko kontuak eta aurreikuspenak aurkeztu dituzte azaroaren hasieran, zuzenketak egiten jarraitzeko. Zuzenketa horiek eztabaidatu egingo dira, azaroaren 29an egingo den aparteko udalbatzarrean aurrekontuen proiektua onartzeko. Beste udalbatzar batean, abenduaren 27koan, behin betiko aurrekontua onartuko da, udal gobernuak gehiengo absolutua ziurtatuta baitauka EAJ eta PSEren bozkekin.