Euskarak hirian izan dituen mugarriei buruzko Bilbo Euskararen hiriburua erakusketa antolatu du Udalak
ZORROTZ MORROTZ
Erakusketa honen bitartez, euskarak Bilbon izan duen lekua eta garrantzia jaso nahi du Bilboko Udalak. Bertan, XX. mendetik hona euskarak hiribilduan egindako ibilbidea erakusten da, euskarari ekarpena egin dioten pertsonak eta erakundeak ardatz hartuta. “Bilbo Euskararen hiriburua” izena duen ekimenak 14 paneletan jasotzen ditu euskarak Bilbon izan dituen mugarri historikoak. Erakusketa ibiltaria izango da eta Bilboko hainbat udaltegik jasoko dute; baina, tamalez, ez da Zorrotzara helduko; 8. barrutian Basurtuko Udaltegian (Zankoeta kalea, 1) egongo da ikusgai otsailaren 3tik 14ra.
Bilboko Udalaren erakusketak Euskaltzaindiaren eta Labayru Fundazioaren laguntza izan du. Ekimenaren helburua Bilbon euskarak duen presentziaren garrantzia nabarmentzea da. Hizkerak XX. mendearen hasieratik urian izan duen bilakaera aurkezten eta irudikatzen da, eta bereziki azpimarratzen dira bilakaera horretan eragina izan duten pertsonak eta erakundeak.
Erakusketa Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak abenduaren 3an antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da eta mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dago.