Bilboko Zirkuitua antzerki programaren bi bakarrizketa jasoko ditu Zorrotzako Udaltegiak
Zorrotz Morrotz
Auzoan jasoko ditugun bi proposamenetako lehena Alex Quiroga do Carmoren eskutik izango da. Antzezleak “El Monólogo sin nombre” aurkeztuko du arratsaldeko 19:00etan Udaltegian. Ohiko bakarrizketa izan ordez, bat-bateko bakarrizketa bat izango da hau. Aktorearen asmamenari esker, ikusleen proposamenak agertokian gorpuztuko dira.
Horretaz gain, apirilaren 10ean, programako euskaraz den proposamen bakarra den Laura Penagosen “Putaren bakarrizketa eroetxean” ikusteko aukera izango dugu auzoko Udaltegian. Ainara Gurrutxagak zuzendutako proposamen honetan, emakume bat, bakarrik, zoroetxe bateko gela batean arituko da, aulki batean jesarrita, kameraz inguratuta, ikusten ez dugun mediku batekin hizketan. Emakumea prostituta da eta bere historia azalduko du elkarrizketan, sexualitatea, indarkeria, klasismoa eta feminismoa, besteak beste, azaleratuz.
Guztira, hamasei antzerki proposamen eskainiko dira Bilboko auzoetan Udalak antolatzen duen eta urtarrilaren 9an hasi eta maiatzean amaituko den kultur programa honen barruan. Emanaldi guztiak doakoak dira.