Dena prest Zorrotzako jaiez gozatzeko
AITOR MARÍN
Irailaren 27tik aurrera jaietan murgilduko gara berriro zorrotzarrok. Musikaz, antzerkiaz, kirolaz, eta ondo pasatzeko aukera ugariz betetako bederatzi gau eta eguneko programaz disfrutatzeko aukera izango dugu: txosnak, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, etab. ez dira faltako Azoka parkeko esparruaren barruan zein kanpoan.
Adin guztientzako jarduerak prestatzen ahalegindu da Jai Batzordea. Gazteentzako eskaintza zabalaz gain, umeentzako hainbat ekintza ere badaude (kuadrillen lehiaketa barne), baita nagusientzat ere, 60 urtetik gorakoei espresuki zuzendutako ekintzak izango baitira hirugarrenez. Guztion parte hartzea eskatzeaz gain, jaiak posible egiten dituzten pertsona guztiak eskertu nahi izan ditu. “Horien ahaleginagatik izan ez balitz, Udalaren ekarpen tristearekin, daukagunaren moduko programazio bat pentsaezina litzateke” salatu du Jai Batzordeak.
Musikari dagokionez, Kresala eta Versus taldeek errepikatuko dute Azoka parkeko eszenatokian lehenengo ostiralean eta azken larunbatean hurrunez hurren. Horretaz gain, lehenengo larunbatean, La Patera tributo a Marea eta Sopayaso tributo a Extremoduro rock taldeek alaituko dute gaua, eta DJ Markelin eta DJ Rull taula gainean arituko dira bigarren ostiralean.

Euskara bultzatzeko ekintzak
Umeei zuzendutako Naita produkzioak taldearen “Kontu eta kanta” antzerkia babestu du Zorrotzako Euskal Txokoak, irailaren 28an, larunbatean. Aipatzekoa da era berean hurrengo egunean, irailaren 29an eguerdiko 12etan, Kun Kun eta Askabide Kultur Elkarteek babestuta antolatutako bertso saio handia. Bertan, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto, Bizkaiko eta Nafarroa txapeldunak hurrenez hurren, eta Joanes Illarregi bertsolariak taularatuko dira Azoka plazako kioskora.