Espainiako gobernuak FEVEko geltokia lurperatzeko informazio-azterlana onartu du
Estatuko Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak behin betiko onartu du «Zorrotzan trenbidea hirian integratzeko informazio-azterlana». Proiektuak bi trenbide-pasaguneak kentzea eta lurpeko geltoki berri bat eraikitzea aurreikusten du, bi sarrera-kanoi eta metroaren tankerako igogailu-zutabe batekin. Ale hau ixteko unean, informazio-azterlana hurrengo egunetan BOEn argitaratzea espero zen.
Hainbat hamarkadatan zain egon ondoren, behin betikoa ematen duen bultzada jaso du FEVEren geltokiaren lurperatzeak. Hala ere, Auzo-elkarteak, baikortasunez bada ere, kontu handiz hartu du albistea. Izan ere, aldizkari hau inprimatzeko unean, ez zekiten auzotarren alegazioak kontuan hartu diren ala ez: «arretaz irakurri beharko da buletinean argitaratuko dena, xehetasun asko eta garrantzitsuak izango baitira».
Ale hau ixteko unean jakinarazi zen xehetasun bakarra da bi trenbide-pasaguneak kentzeko garatutako bi alternatibetatik, «ingurumen, funtzionaltasun, ekonomia eta gauzatze-epeari buruzko irizpideei jarraiki», bidaiari-trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki bat eta merkantziak soilik garraiatzeko trenbide bakarreko tunel bat, saihesbide gisa barne hartzen dituen alde egin duela informazio-azterlanak. Alternatiba horrek 116 milioi euroko aurrekontua du.