Auzo Elkarteak berrekin dio osasun publikoaren pribatizazioaren aurkako protestari
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioarekin batera, Zorrotzako Auzo Elkarteak berrekin dio osasun-zentroaren aurrean kalitatezko lehen arreta eta “pribatizazio-politiken” amaiera eskatzeko hilero elkarretaratzeak antolatzeari. Protestetan, “larrialdi-zerbitzuen kolapsoa, lehen arretako medikuen eskasia eta anbulatorioetan aurrez aurreko hitzordua lortzeko zailtasunak” ere salatuko dituzte. Oporraldiaren ostean, urrian izan da lehenengo deialdia, eta egoerak hobera egiten ez duen bitartean, hileroko hirugarren ostegunean burutuko dira.