2021eko amaieran euriteek lur-jausia eragin zutenetik, berrogeita hamar metro inguruko tartea izan du moztuta Olabeagara doan bidegorriak. Ia hiru urte geroago, azkenik, urriaren hasieratik bidegorri osoa berriro dago zabalik, ADIFen trenbide-plataformaren eta itsasadarraren paraleloan igarotzen diren pasealekuaren eta bidegorriaren artean dagoen ezponda egonkortzeko lanak amaitu ondoren. Obrek 376.000 euroko aurrekontua izan dute, eta uztailean hasi ziren.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/11/Bidegorria-scaled.jpg19202560ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-11-25 01:04:002024-11-22 11:30:23Zirgarien kaiko bidegorria berriro zabalik ezponda egonkortu ondoren
Irailaren 27tik aurrera jaietan murgilduko gara berriro zorrotzarrok. Musikaz, antzerkiaz, kirolaz, eta ondo pasatzeko aukera ugariz betetako bederatzi gau eta eguneko programaz disfrutatzeko aukera izango dugu: txosnak, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, etab. ez dira faltako Azoka parkeko esparruaren barruan zein kanpoan.
Adin guztientzako jarduerak prestatzen ahalegindu da Jai Batzordea. Gazteentzako eskaintza zabalaz gain, umeentzako hainbat ekintza ere badaude (kuadrillen lehiaketa barne), baita nagusientzat ere, 60 urtetik gorakoei espresuki zuzendutako ekintzak izango baitira hirugarrenez. Guztion parte hartzea eskatzeaz gain, jaiak posible egiten dituzten pertsona guztiak eskertu nahi izan ditu. “Horien ahaleginagatik izan ez balitz, Udalaren ekarpen tristearekin, daukagunaren moduko programazio bat pentsaezina litzateke” salatu du Jai Batzordeak.
Musikari dagokionez, Kresala eta Versus taldeek errepikatuko dute Azoka parkeko eszenatokian lehenengo ostiralean eta azken larunbatean hurrunez hurren. Horretaz gain, lehenengo larunbatean, La Patera tributo a Marea eta Sopayaso tributo a Extremoduro rock taldeek alaituko dute gaua, eta DJ Markelin eta DJ Rull taula gainean arituko dira bigarren ostiralean.
Euskara bultzatzeko ekintzak
Umeei zuzendutako Naita produkzioak taldearen “Kontu eta kanta” antzerkia babestu du Zorrotzako Euskal Txokoak, irailaren 28an, larunbatean. Aipatzekoa da era berean hurrengo egunean, irailaren 29an eguerdiko 12etan, Kun Kun eta Askabide Kultur Elkarteek babestuta antolatutako bertso saio handia. Bertan, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto, Bizkaiko eta Nafarroa txapeldunak hurrenez hurren, eta Joanes Illarregi bertsolariak taularatuko dira Azoka plazako kioskora.
Parke hori auzoko erreferentziazko espazio berrietako bat izatea nahi du Udalak, eta 2.653.620,19 euroko inbertsioa jasoko du. Pasa den irailaren 16an hasi ziren lanak hamar hilabetean amaituko direla kalkulatzen da.
Guztira, 11.022 metro koadro izango ditu parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak izango ditu. Horrela, alboko lurzatian aurreko fase batean egindako pump trackaren ondoko espazioaren kirol-eskaintza zabalduko da. Gainera, bidegorriari jarraipena emango zaio eremu atseginagoan, eta oinezkoen ibilbideak bultzatuko dira espazio berriaren barruan.
Auzokideen kritikak
Proiektuak auzokideen kritikak eragin zituen obren lizitazioa onartu zenean, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez zelako egon. Gainera, Auzo Elkarteak gogoratu du aparkalekurik eza auzokiden arteko kexa nagusienetakoa dela, «eta Jabonerako orubeko aparkaleku guztiak kentzen diren aldi berean, Udalak eremu publikoa oparitzen dio Sader enpresari 4 metroko altuera duen horma baten atzean aparkaleku pribatua izan dezan.
Bestalde, Sader Profersa kanpora! plataformak sareetan saslatu duenez, Sader eta Profersa «Udalaren proiektu honen parte dira» eta «EAJk hainbeste aipatzen zuen borondate politikoa non dagoen» galdetu dute.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/09/Aerea_02.jpg13502400ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-09-23 11:57:082024-09-23 11:57:09Bilboko Udalak hasiera eman die Zirgarien parke berriko obrei
Informazio ofizialaren arabera, ekainaren 20an, «hamar minutu inguru» iraun zuen «hodei zuri» bat sortu zen, «kamioiaren mahukaren barruan geratzen zen likidoaren zati bat lurrera erorita», azido klorhidrikoa biltegi batera deskargatzen zen bitartean. Enpresaren arabera, gertaera txikia izan zen, («tanta batzuk baino ez»), eta ez dago jasota auzokideen kexarik egon zenik.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu berriak Eusko Legebiltzarrera bidalitako 2023 eta 2024ko Sader eta Profersan gertatutako kexa, abisu, salaketa, gorabehera, ikuskapen edo istripuen zerrendari esker jakin zen istripu horren berri. Aurreko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak EH Bilduko Mikel Oterok eskatuta bidalitako dokumentazio ugaria osatzen du zerrenda berri horrek. Dokumentazio horretan hainbat gorabehera jaso dira, eta auzotarren kexa ugariak egiaztatu dira; horietako batzuk, joan den maiatzean erregistratutako sute kimikoaren ondorioz, Profersa (tximinia duen fabrika) geldirik egon zen garaian ere bai, “ke zuriko izurketek eztarrian azkura eragiteagatik” adibidez.
Informaziorik gabeko gertakari berria
Sader Profersa Kanpora plataformak pasa den irailaren 7an bere sare sozialetan bideo bat argitaratu zuen non suhiltzaileen eta udaltzainen hainbat unitate agertzen diren Sader Profersa lantegiaren aurrean. Oraingoz, inork ez du argitu zertara joan ziren bertara.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/09/IMG_0336-scaled.jpg17072560ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-09-23 11:28:152024-09-23 11:53:14Azido klorhidriko isuri txiki bat erregistratu zuen Saderrek udan
Bilboko EH Bilduk onartezina deritzo proiektuaren idazketan urtebete baino gehiagoko atzerapenari eta “borondate politikoa eta gauzatzeko konpromisoa” beharrezkoak direla adierazi du. Prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez, EH Bilduk “L4ren eraikuntzaren buru izan dadila eskudunen aurrean” eskatu dio Juan Mari Aburto alkateari.
2023ko martxoaren 9an Fulcrum Planificación S.A.U. enpresari esleitu zitzaion 4. lineako eta hegoaldeko zonako eraikuntza proiektua idazteko zerbitzua egiteko kontratua eta lana 15 hilabeteko epearekin burutuko zela aurreikusi zuten, 2024ko ekainaren 19an amaituko zela ezarrita. Patxi Xabier Fernández EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, EH Bilduk txostenaren kopia eskatu zuen legebiltzarrean, eta Euskal Trenbide Sareko Kontratazio Batzorde Delegatuak, uztailaren 11n emandako ebazpenaren bidez, kontratuaren epea 2025eko uztailaren 19ra luzatzea onartu zela jakin dute. Beraz, proiektua idazteko lanak urte eta hilabete beranduago egingo dira.
Proiektuak auzokideen kritikak eragin ditu, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez delako egon, egungo aparkalekuko leku guztiak kenduko direlako eta Saderrentzat eremu publikoa uzten delako
Bilboko Udalak Renferen trenbidearen eta itsasadarraren artean 11 mila m2-ko parke bat eraikitzeko lizitazioa onartu du, duela urte batzuk Chimbo xaboi fabrika zegoen orubeko egungo aparkalekuan. Proiektu berri honek berdeguneak, haurrentzako jolasak, ariketa fisikoa egiteko guneak, bidegorria eta kalistenia eta parkour guneak aurreikusten ditu, besteak beste. Udalak 2,65 milioi euro gorde ditu Zirgarien parkea izena izango duen gune berri hori eraikitzeko.
Auzokideen kritikak
Udalak argitaratutako infografietan, Sader eta Profersaren kokapena izkutatzen da. Zentzu honetan, Zorrotzako herri-mugimenduak «oso susmagarria» deritzo proiektua egunkarietan agertzeari usain txarrak sortzen dituzten enpresa horien lekualdatzea eskatzen zuen maiatzaren 2ko manifestazioa izan eta egun gutxira. Halaber, Auzo Elkartea kexu da proiektuaren planoetan aparkaleku bat gorde delako Saderrera doazen kamioientzat. «Onartezina da espazio publikoa enpresa pribatu bati oparitzea, are gehiago horrelako enpresa bati» salatu du elkarteak. Gainera, ohartarazi dutenez, «aparkalekua ezkutatzeko, lau metroko altuera duen horma bat eraikiko da, segurtasunik gabeko gune bat sortuz».
Kritika ugari eragiten dituen beste alderdi bat egungo aparkalekutik aparkaleku guztiak kentzea da. Izan ere, aparkaleku falta da Zorrotzako bizilagunen kexa nagusienetako bat.
Parte-hartzerik eza
Parte hartze falta ere gogor salatu du Auzo Elkarteak, proiektua ez baita eraman Barruti Kontseilura «proposamenak eta hobekuntzak egin ahal izateko». Elkarteko kideek argi utzi nahi dute «ez duela parkea baztertzen, Zorrotzako beharretara egokitu baizik». Gainera, kexu dira lau urte daramatzatelako Zorrotzako Kaia irekitzeko eskatzen, eta berroneratze horri buruz ez da ezer aipatu, «2022ko Udal Aurrekontuetan partida ekonomiko bat onartuta egon arren».
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/Zirgarien_infografia.jpg7801200ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-06-26 16:51:322024-06-27 07:33:04Udalak Zirgarien parke berriaren lizitazioa onartu du Chimbo lantegi zaharra zegoen orubeko egungo aparkalekuan
Ekainaren 6an manifestazio berria egin zuen Sader-Profersa plataformak. Oraingoan, itsasadarraz bestalde. Protesta Sarrikoko metro geltokitik abiatu eta Zorrotzaurreko irlan bukatu zen, Sader eta Profersa aurrez aurre dituzten etxebizitza berriak eraikitzen ari diren orubean.
Antolatzaileek salatu zutenez, “gaur-gaurkoz, ez ditugu bi istripuen ondorioz Profersari zabaldutako espedientearen xehetasunak ezagutzen”. Era berean, bi enpresen jarduera lekualdatzeko data zehatz baten beharra aldarrikatu zuten. Bien bitartean, kontrolak areagotzea eskatu zuten, bai airearen kalitateari dagokionez, bai kamioi astunen joan-etorriari dagokionez, daramatzaten gaien arrisku mota identifikatuz. Gainera, plataformak ohartarazi zuen Saderrek bere jarduerarekin jarraitzen duela airera kutsadura igortzen, oso zaharkituta dagoen fabrikako teilatutik, pitzaduretatik eta zuloetatik hautsak ateratzen direlako.
Hedabideetako azken berriak
Bigarren manifestazioaren ondoren zenbait berri agertu dira hedabideetan. Hain zuzen, biharamunean, Profersak Eusko Jaurlaritzari eskatutako dokumentazioa aurkeztu ziola jaso zuten zenbait komunikabidek. Jaurlaritzak hura aztertu eta enpresari bisita egingo omen dio, berriz irekitzeko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Bestetik, ekainaren 13an El Correo egunkariak Agaleus taldeak Bilboko portuan 17.500 metro koadroko lursaila eskatu duela jakinarazi zuen, Saderrentzat. Lekualdatzeak 15 milioi euroko kostua izango duela aipatzen da. Obrak bi urtez luzatuko lirateke eta fabrika berriaren ekoizpena %20 handiagoa izango litzateke. Erreportajeak, ordea, ez du inolako aipurik egiten Profersari buruz.
Berriak berri, plataformak mobilizazioaren bidea urratzen jarraitzen du. Azken asteotan, sinadurak biltzen ari dira kalean jarritako mahaietan. Udaren ostean, bildutako sinadurak aurkeztea dute helburu.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/SaderPro_kanpora3.jpg13332000ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-06-26 16:49:102024-06-26 16:49:11Bigarren manifestazioa egin du Sader-Profersa plataformak
Euskal Txokoak urtero antolatzen duen ipuin lehiaketaren sariak banatu berri dira. Epaimahaiak lan handia izan du berriro, guztira 125 ipuin jaso baitira. Gainera, aipagarria da lanen maila: aurreikusita zeuden maila bakoitzeko lehenengo eta bigarrensariei, aipamen bana gehitu behar izan die epaimahaiak.
Mila esker aurten parte hartutako idazle guztiei eta zorionak sarituei. Hona hemen haien izenak:
12 urtetik behera:
• 1. saria: Edahi Ruiz.
• 2. saria: Iker Verenzuela Giovanny.
• Aipamena: Beatrice Ahgayedo.
DBH eta batxillergoko ikasleak:
• 1. saria: Naia De La Fuente Llantada.
• 2. saria: Ugaitz Martín Ortega.
• Aipamena: Begoñe Xinting Tolosa Moya.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/Saridunak.jpg13332000ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-06-26 16:46:252024-06-26 16:46:25XXVII. Ipuin Lehiaketaren sariak banatu dira
PSOE garaile argia. EAJ izugarri behera, EH Bildu bigarren postutik oso gertu izanda
Alderdi Sozialista izan zen garaile argia ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Zorrotzan. Sozialisten hautagaitzak ia bikoiztu egin zituen EAJ eta EH Bildu, bigarren eta hirugarren aukerak, hurrenez hurren.
PSOEk duela 5 urte baino 80 boto gehiago lortu zituen, parte-hartze baxuak markatutako hauteskundeetan (2019an Europako hauteskundeak udal eta foru hauteskundeekin bat etorri ziren). Hori dela eta, grafikoan boto-ehunekoak sartu dira; izan ere, duela bost urteko datuekin alderatuta, parte-hartze aldearekin oso baldintzatuta dago boto-kopurua. Gauzak honela, oso aipagarria da alderdi sozialistaren ehunekoaren igoera (ia 11 puntu).
Ostera, EAJren gainbehera izugarria da. Mila boto baino gehiago galdu ditu eta % 35etik % 19ra jaitsi da. Duela bost urte garaile argia izan bazen ere, oraingoan bigarren postuari oso gutxigatik eutsi dio. Izan ere, EH Bilduk baino 16 boto gehiago ez ditu lortu. Alderdi subiranistak bere goranzko joera berretsi du, lau puntu baino gehiago igota.
PPk ere bere emaitzak hobetu ditu botoetan eta nabarmen portzentualki. Espainiako ezker konfederalean, hondamendi berria % 12tik % 3,6an eta % 3,4an geratu baitira Podemos eta Sumar, hurrenez hurren.
Espainiako eskuin muturra ere gora. Voxek nabarmen egin du gora eta “Se Acabó la Fiesta” esperimentu berriak 76 boto lortu zituen.
Handik eta egun gutxira, istripu bat gertatu zen Profersan, eta jendartean harrabotsa eta kezka zabaldu zituen. Gertakari horren ostean plataformak manifestazio batera deitu zuen, “orain inoiz baino gehiago lantegiak Zorrotzatik kanpo” nahi dituelako
IGOR GUTIÉRREZ
Bilbo hiriguneko hainbat auzo elkarte eta eragile plataforma berri batean bildu dira, Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko asmoz. Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak otsailean egin zuen deialdia sare sozialen bidez eta erantzun zabala jaso. Bilerara Zorrotzako bizilagun eta elkarteetako kideez gain, San Inazio, Deusto, Erribera edo Basurtuko jendea ere hurbildu zen.
Agaleus taldeko enpresek eragozpen eta kezka handiak sortzen dituzte gure auzoaz haratago. Izan ere, auzo desberdinetatik hainbat ekintza egiten ari dira jadanik: datuak arakatu, igorpenak neurtzeko gailuak erosi, epaitegietan salaketak jarri… Bada, egindako lana komunean jarri ondoren, batera joateko beharra ikusi zuten.
Koordinakundearen leloa eta irudia berreskuratuta, “Sader-Profersa kanpora!” plataformak bere lehen asanblada informatiboa antolatu zuen apirilaren 18an, Auzo Etxean. Hitzaldi gela leporaino bete zen, eta jende asko kanpoan geratu behar izan zen.
Bertan, enpresei buruzko datu esanguratsu bezain kezkagarriak eman ondoren, parte hartzerako deia zabaldu zuten. Era berean, change.org plataformaren bidezko sinadura bilketa abiatu zuten, astebetean 1500 sinaduratik gora lortu zuena. Zehazki, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta dago, eta besteak beste, zera eskatzen zaio: Sader eta Profersari Ingurumen Baimen Bateratua oraingo kokalekuan ez berriztea, eta Bilboko Udalarekin zein Agaleus taldearekin elkarlanean aritzeko, enpresentzako kokaleku egoki bat bilatzeko, hirigunetik kanpo, langileen eskubideak babestuta.
Hurrengo asteetan, asanblada informatiboa Bilboko beste auzo batzuetan errepikatzeko asmoa dute. Eta plataformak lehenengo pausoak ematen zituen bitartean, apirilaren 26an istripu bat gertatu zen Profersan, erreakzio kimiko baten ondorioz, jendartean harrabotsa eta kezka handia zabaldu zituena. Horren ondorioz, Sader Profersa kanporak deituta, ehundaka pertsona manifestazio jendetsuan atera ziren maiatzaren 2an kalera Zorrotzan, justu ale honen itxieran.
https://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/05/Sader1-scaled.jpg17072560ZM_EDITOREAhttps://zorrotzmorrotz.eus/wp-content/uploads/2024/06/ZORROTZMORROTZ_IKONOA_2024.pngZM_EDITOREA2024-05-08 10:47:342024-05-08 10:47:36Plataforma berria sortu da Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko