Sader enpresako kamioientzat aurreikusitako aparkaleku berria auzotarrok erabiltzeko egokituko da

Udalak atzera egin du eta Zirgarien kaian eraikitzen ari den parkearen proiektuan aldaketak egin ditu

TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN

Zirgarien kaian eraikitzen ari den parke berriaren ondoan, Sader enpresako kamioientzako aparkalekua eraikitzea aurreikusita zegoen hasierako proiektuan. Horrela agertzen zen proiektuaren planoak publiko egin zirenean. Horrek kexa ugari sortu zituen. Auzo Elkarteak adibidez, oso gogor kritikatu zuen enpresa pribatu bati espazio publikoa oparitzea aparkaleku pribatu bat izan dezan auzoko bizilagunen kexa nagusienetako bat aparkaleku falta denean. Gainera, auzotarren ondoeza are handiagoa izan zen, auzoaren azken urteotako aldarrikapen nagusia industria-hondakinak tratatzeko lantegi horren lekualdaketa izan delako, usain txarrak eta etengabeko eragozpenak sortzen baitizkie Zorrotzako eta inguruko bizilagunei.

Baina, azkenean, Udalak atzera egin du eta proiektuan aldaketak egin ditu. Sader enpresako kamoientzako aparkalekua eraikitzea aurreikusten bazen ere, orain auzotarrok erabiltzeko guztira 47 plaza izango dituen aparkaleku gisa egokituko da. Gainera, Auzo Elkartearen hitzetan “enpresa kutsagarri bati oparitutako aparkaleku pribatua ezkutatzeko asmoz» eraikia izango zen horma, hasiera batean lau metrokoa izango zen arren, orain metro eta erdira murriztuko da.

Halaber, 16 autorentzako aparkaleku berri bat egingo da Sader ondoan dagoen egungo bidegorrian ,eta 30 leku izango dituen beste bat Toro eta Betolaza pabilioien ondoan. Azken hori oso urrun dagoelako eta horma batez ezkutatuta geratzen denez, ez du aukera bideragarritzat jotzen Auzo Elkarteak.

Landa parkea da izendapen egokia

Barrutiko Batzorde Kulturalak, Auzo Elkarteak egindako proposamena aintzat hartuta, “La Landa” proposatu bazuen ere, parke berria izendatzeko Euskaltzaindiak ebatzi du izendapen egokia Landa parkea dela. Euskaraz gaur egun herritarren artean La Landa leku izena normalizatuta egon arren, izena arautzean kontuan hartu behar baita indarrean dagoen legedia, non toponimoak dagokion jatorrizko hizkuntzan eman behar diren. Nahiz eta erdaraz, ohikoa den ahoz erdal generikoa gehitzea toponimoa euskarazkoa zein erdarazkoa izan, erabilera hori ez da aintzat hartzekoa izendapen ofizialaren mailara eramateko Euskaltzaindiaren ustez

Clown Zorrotza jaialdiak adin guztientzako bost ikuskizun eskainiko ditu doan, maiatzaren 9tik 11ra

Azoka parkeak adin guztientzako antzezlanak hartuko ditu, nazioarteko taldeen parte hartzearekin, maiatzaren 9tik 11ra. Ikuskizun guztiak dohainik izango dira

Beste urte batez, Azoka parkeak adin guztientzako antzezlanak hartuko ditu, nazioarteko taldeen parte hartzearekin, maiatzaren 9tik 11ra. Umorea eta gozamena ziurtatuta dauzka Clown Zorrotza jaialdian programatutako bost lanetako edozein ikustera hurbilduko den ikusle orok. Beti bezala, ikuskizun guztiak dohainik eta parkean izango dira.

Jaialdia La Pez taldeak irekiko du “J. M. Brutal” antzezlanarekin maiatzaren 9an, ostirala,  arratsaldez. Inozientziaren istorioa, amets egiten, jolasten, asmatzen jarraitzeko eta gerra guztiak gelditzeko modua bilatzeari buruzko istorioa da honako hau, jaialdian euskaraz izango den bakarra. Honen ostean, La Roca producciones talde asturiarrak “Zozobra” antzeztuko du. Carmen andrea eta Alejandra, harekin beti egoten den zerbitzaria, hiriaren erdialdean ibiliko dira. Bata pasodoble burrunba egiten duen gurpildun aulki batean eserita, bestea hari bultzaka.

Hurrengo egunean, arratsaldez berriro ere, Bartzelonako La Churryk irekiko du saioa, “Wooooow” antzezlanarekin, eta “jainkosaren mailako bizimodua” kontzeptua zer den azalduko dute. Ondoren, Frantziako Los Putos Makinas taldeak muturreko poesian oinarritzen den “Piti Peta Hofen Show” ikuskizuna aurkeztuko du. Japoniako talderik berritzaileenetako baten beste komedia batek itxiko du Clown Zorrotza maiatzaren 11n. Eguerdiko 12etan hasiko den To R Mansion taldearen “Dive/Journey” lan paregabe eta irudimentsuarekin bukatuko da aurtengo jaialdia

Euskaraldia Eguna ospatuko da auzoan maiatzaren 24an

Zorrotzako euskaltzaleak antolatzen hasi dira Euskaraldian parte hartzeko. Maiatzaren 15tik 25ra arte, Euskal Herri osoan egiten den euskarazko ariketa sozialik handienean, zorrotzarrok 11 egun euskaraz bizitzeko erronkari lotuko gatzaizkio: ahobizi rola aukeratu dutenek uneoro euskarari eutsiko diote; eta belarriprest aukeratu dutenek, berriz, haiei euskaraz egiteko eskatuko dute, baina nahi duten hizkuntzan egingo dute, euskaraz zein erdaraz, egoeraren arabera. Helburua ohitura aldaketak sortzea da, hots, gero eta elebidunago den gizarte honetan, euskaraz egiten dutenen eta egin ez baina ulertzen dutenen arteko komunikazioa natural bilakatzea.

Baina rola aukeratzeaz gain, hainbat ekintza antolatuko dira gurean. Maiatzaren 9an, ostiralean, aurkezpena egingo da AEK euskaltegian, eta bertan izan eman duten guztiek beren txapa hartzeko aukera izango dute. Ostean, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes bertsolari handiekin, bertso poteoa egingo da.  Bi asteburu geroago, maiatzaren 24an Euskaraldia eguna ospatuko da Zorrotzan. Umeentzako jolasak, antzerkia, herri bazkaria eta euskaraz ondo pasatzeko aukera ugari egongo direla ziurta dezakegu. Hemen duzu kartela egitaraua osorik ikusteko. Animatu eta parte hartu!

Zorrozgoitibidea kalea konpontzeko proiektuaren hirugarren fasea amaitu dute

Obra guztien azken zatia baino ez da geratzen orain: trenbide-pasaguneko bi espaloi zatiak lotzea eta Garbigunea zeneko eremua berrantolatzea, alegia.

Eusko Jaurlaritzak Saderren egindako azken ikuskapenak bost “desbideratze” aurkitu zituen

Enpresaren ustez, “garrantzi gutxiko” arazo horiek airearen kalitateari, usainei, urei, hondakinen kudeaketari eta pitzadurei lotuta daude.

Azaroaren amaieran egindako ikuskapena programatua izan zen, hau da, Saderrek bazekien ikuskapena egingo zela.

Testua eta argazkia: AITOR MARÍN

Eusko Jaurlaritzak azaroaren amaieran Saderren egindako ingurumen-ikuskapen batek bost “desbideratze” aurkitu ditu lantegiaren funtzionamenduan, Adolfo Uriarte Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendariak Xabier Caño Saderreko eta Agaleus taldeko arduradun nagusiari urtarrilaren 14an bidalitako gutun baten arabera. Gutun hori argitara atera da Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztuta, oposizioak hala eskatuta. Txosten hau sortu duen azaroan izandako, eta orain arteko azken ikuskapena, modu “programatuan” egin zen; hau da, Saderrek bazekien egingo zela eta noiz egingo zen.

Arazo horiek airearen kalitateari, usainei, urei, hondakinen kudeaketari eta lantegiko nabe batean agertutako pitzadura batzuei buruzkoak dira. Zehazki, airearen kalitateari dagokionez, “hondakinak transferitzeko zentroaren inguruan lausoak” zeudela ikusi zen. Xehetasunez, “haizea altxatzen denean, haizeak hauts beltzaren hondarrak altxatzen ditu, eta hauts horiek fatxadako irekieretatik irteten dira eta kaiko zolarriaren gainean bukatzen dute”. Usainei dagokienez, Ingurumen Sailak egindako ikuskapenak aurkitu du “arriskutsuak ez diren likidoak deskargatzeko hobiak ez duela estalkirik”. Saderrek, aldiz, estalkirik edukitzera behartuta ez dagoela baieztatzen du.

Uren tratamenduari dagokionez, ikuskapenean irakur daiteke “emari-neurgailua kalibratu egin dela, baina ez dela jaso kalibrazio-ziurtagiririk”. Txostenak berak baieztatzen duenez, fabrikak “pitzadura batzuk ditu nabearen sarrerako zolan”, eta, azkenik, azpimarratzen da, halaber, azken urteetan, ezaguna zen bezala, hondakin “arriskutsuen” sarreren baimendutako kopurua gainditu zela.

“Desbideratze” horiek “garrantzi gutxiko” kategoria dute. Ingurumen-irregulartasunetan, lau gradutik txikiena da hau. Beste komunikabide batzuei egindako adierazpenetan, Saderreko arduradunek enpresa “desbideratze” horiei erantzuten eta “hobekuntzak” egiten ari dela adierazi dute. Era berean, azpimarratu dute txosten horiek ez direla “azken ebazpena”, Saderrek egingo dituen alegazioen mende daudelako, eta halaber, ziurtatu dute arazoak konponduko direla “egiaztatuta geratuko dela”.

Alegazioak aurkeztu dituzte Sader eta Profersa Zierbenan ezartzeko proiektuaren aurka

Getxoko Alderdi Popularra izan zen alegazio horiek aurkeztu zituen lehena, eremuko haizeak direla eta, Getxo udalerria kalteturik handiena izango zela argudiatuta. Ondoren, Elkarrekin Podemosek jakinarazi zuen hamar alegazio erregistratu zituela Eusko Jaurlaritzan, besteak beste portuan erregulazio-plan berezirik ez dagoela, zaratei buruzko dokumentazioaren zehaztasuna eskasa zela, edo portukoa ez den jarduera bat dela argudiatuta.

Getxoko Udalak ere alegazioak aurkeztu ditu, eta bertan alternatiben eta ingurumen-bermeen azterketa «sakonagoa» egiteko eskatu du, “herritarrengan eta ingurunearengan inolako eraginik izango ez duela” ziurtatzeko. Bestalde, Santurtziko Udala izan da alegazioak aurkeztu dituen azkena. Proposatutako kokapena ez dela egokia erabilera industrialerako azaldu dute, “Saderrena ez baita portu-erabilera bat”. Saderrek gure auzoan izan duen gaitzespena ere nabarmendu dute, “Santurtzin errepikatu litekeen arazoa”. Alegazio horietan azpiegitura hori kokatzeko beste aukera batzuk aztertzeko eskatzen da, eta guztietan aipatzen da Artigasen, Zabalgarbiko erraustegiaren eta TMBren artean, dagoen lurzati bat.

Agaleusek «erabat gezurtatu» du portuan instalatzea aurreikusita duen Agaleus Circular Thinking proiektua industria-prozesuarekin lotutako kutsadura-fokua izango den ustea. Gainera, Sader lekuz aldatuko dela ere gezurtatu du, «enpresak Zorrotzan amaituko baitu bere jarduera».

Ricardo Barkala Portuaren Agintaritzako presidenteak adierazi duenez, portuak “ondo eta egingarri ikusten du” proiektuaren kokapena. Behin Portu Agintaritzak hirigintza-alderdiak eta Portuak berak eskatutako baldintzak aztertu eta onartu ondoren, orain Eusko Jaurlaritzak aztertu behar du ingurumen-izapidetzea. Barkalaren arabera, txosten hau baiezkoa izango da, eta Portuak “aurrera egingo du prozesuarekin”.

Zirgarien kaian parke berria eraikitzen ari diren lurzoru kutsatua lurrez estaliko da, garbitu beharrean

Udalak onartu du analisiek “kutsadura-maila nabarmena” erakutsi dutela, baina Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-araudiak jarduera hori baimentzen duela adierazi du.

Testua eta argazkiak: AITOR MARÍN

Bilboko Udala parke berri bat eraikitzen ari da Chimbo xaboi fabrika izan zen orubeko aparkaleku zaharrean. Orube horretan, asfaltoaren azpian kutsadura zegoen, eta kutsadura hori lurrez estali da parkeak izango dituen berdeguneak eta kirol- eta aisialdi-ekipamendu guztiak jartzen hasi aurretik.

Elkarrekin Podemoseko udal taldeak galdera bat erregistratu zuen udal gobernuari azalpenak eskatzeko, jakiteko zergatik erabaki den kutsatutako lurzoruak lurperatzea kendu beharrean, Zorrotzaurreko obran egin duten bezala. Gainera, Elkarrekin Podemosek, otsaileko osoko bilkuran, kutsadura soilik estaltzen duten neurrien aurrean, lurzoruen saneamendua eta lehengoratzea lehenestea eskatu du.

Kepa Odriozola Herri Lanetako zinegotziak erantzun du Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-araudiak jarduera hori baimentzen duela, nahiz eta onartu lurzoruek kutsadura-maila esanguratsua dutela. Zinegotziak bere erantzunean argudiatu du kutsatutako lurzoruak zabortegi batera erretiratzeko erabakia kutsaduraren mailaren eta motaren araberakoa dela, baita lurzoruaren azken erabileraren araberakoa ere.

Barrutiko batzorde soziokulturalak “La Landa” proposatu du parke berria izendatzeko

Auzo Elkarteak egindako proposamena da, eta Zorrotzako bizitza sozialari historikoki lotutako izen herrikoia dela argudiatu dute aukeratzeko (ermita, eskolak, garbitokia, ospakizunak eta hainbat jarduera…).

Izen horrekin, birsortutako espazio berrian topaleku izaera hura berreskuratu nahi da. Aho batez onartuta, proposamen hau Alkatetzari helaraziko zaio orain, behin betiko onar dezan. Hala ere, Udaleko Euskara Zuzendaritzak “Landa” hitza mantentzea gomendatzen du, “La” artikulua kenduta,, izena euskaraz izan dadin.

Punta Zorrotzako ikus-entzunezko “hub”ak ez du inolako aurrerapausorik izan

Udalak 2024ko hasierarako iragarri zuen bere lizitazioa

ZORROTZ MORROTZ

Bilboko Udalak azken hauteskunde-kanpainan iragarri zuen Punta Zorrotzarako ikus-entzunezko poloaren proiektuak ez du inolako aurrerapausorik egin.  Gure aldizkariaren 83. alean jasotako informazioan, Ekonomia Garapen, Turismo eta Merkataritzako zinegotzia den Xabier Ochandianok adierazita, Udalak aurreikusten zuen Punta Zorrotzako ikus-entzunezko “hub”a 2027an prest egongo zela. Ale berean, Udalak 2024aren hasieran zerbitzu-emakida lizitatzeko asmoa zuela ere Jaso genuen. Baina urtebete beranduago, ez da lizitazio horren berri, eta antza, behintzat epe motzean, ematen du ez dela gauzatuko. Udalak ez du eman atzerapen hau azaltzeko inolako azalpenik. Punta Zorrotzako plan urbanistikoa oraindik onartuta ez badago ere, teorian ehun mila metro karratu baino gehiago gordeta daude proiektu honetarako.

Azkenaldian gure auzoko inguru honetan hainbat filmaketa egin badira ere, badirudi proiektu honek, oraingoz, itxaron egin beharko duela

Espaloi berriak eta zabalagoak Usandizaga musikaria kalean

Bilboko Udalak otsailaren hasieran hasi ditu Usandizaga Musikaria kaleko espaloiak berritzeko eta handitzeko lanak. Ekintza horren ondorioz, aldapan zeuden zazpi aparkalekuak kendu egingo dira.

Obren aurrekontua 175 mila eurokoa da, eta maiatzaren amaierarako amaituta egotea espero da.

Molinos Vascos eraikinaren estalkien birgaitzea iragarri du Aldundiak

Azkenean, Aldundiak bere gain hartu du eraikinaren mantenimendua modu subsidiarioan. “Oso egoera txarrean” dagoen teilatua zaharberritzeko bederatzi hilabetez luzatuko diren lanak lizitaziora atera dira, eta aurten hasi ahal izango direla aurreikusten da.

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Bizkaiko Foru Aldundiak, azkenean, 2025ean ekingo dio Grandes Molinos Vascos eraikinaren estalkiak birgaitzeari. Lanek bederatzi hilabete iraungo dute, eta lan proiktuaren beraren arabera “oso egoera txarrean” dagoen teilatua zaharberrituko dute. Izan ere, aipatutako lan-proiektuaren arabera, monumentuaren hainbat eremu oso hondatuta daude, eta hondoratu ere egin dira, azken solairua “eraikinaren eraikuntza-egoera hondatzen duten elementu meteorologikoen eraginpean jarriz”.

Baina Molinos Vascos eraikinak, ordea, monumentu-kategoria du, Eusko Jaurlaritzak ematen duen babes kategoriarik handiena. Beraz, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen arabera, eraikinaren egungo jabea den ACSA (Almacenamientos Comerciales S.A.) sozietateak ez du ezertxo ere egin eraikin historikoa egoera onean mantentzeko.

Azkenik, Aldundiak bere gain hartuko du, modu subsidiarioan, eraikinaren mantentzea, kultur ondarea zaintzeko dituen eskumenen barruan. Partikular batek salaketa jarrita zuen arren, eta Aldundiak bere erantzukizun instituzionala bere gain har zezan hainbat auzo elkarteren, industria-ondarearen aldeko elkarteen edo beste alderdi batzuen aldarrikapenak ugariak ziren arren, orain arte Aldundiaren jarduna zentzu horretan ACSAri zehapen-espedientea irekitzera mugatu zen, baina horrek ez zuen inolako emaitzarik izan.

Birgaitzeak ez ditu aldatuko eraikinaren ezaugarri arkitektonikoak, ezta eraikigarritasuna ere. Estalki guztiak berreraikiko dira, egungoak erabat eraitsiz, egoera txarrean dauden elementu guztiak kendu eta ordezkatuz. Gainera, teilen azpian taulamendu berri bat eraikiko da iragazgaiztea eta isolamendu termikoa bermatzeko, eta honek etorkizunean balizko erabilerak eta obra berriak abian jartzeko oinarria ahalbidetuko du.

Teila gorri berriak

Zalantzarik gabe, lanen emaitza deigarriena izango da estalkiek Molinos Vascos eraiki zeneko teila lau gorriak berreskuratuko dituztela, itxura zahartua izango duten zeramikazko piezak erabilita. Fatxadak eta hormigoizko hormak mantenduko dira, baina beharrezkoa izango da horman esku-hartze puntualak egitea, egitura berria ainguratu ahal izateko. Eraikineko altuerak ere ez dira aldatuko (sei solairu, behekoa barne). Siloen eraikinak ez du solairurik, azkena izan ezik.

Zierbenako portuan kokatzeko izapideak abiatu ditu Sader eta Profersaren jabeak

Agaleus taldeak Zierbenan, kanpoko portuan, planta berri bat eraikitzeko dituen asmoen berri eman zuen EAEko Buletin Ofizialak pasa den urtarrilaren 3an. 2027rako gauzatuko litzatekeen proiektua jendaurrean aurkezteko fasean dago, ingurumen onespena jasotzeko zain.

AITOR MARÍN

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak urtarrilaren 3an argitaratu zuen Agaleus Circular Thinking SL enpresak Zierbenako portuko AZ-0 kaian eraiki nahi duen konplexu berri bat eraikitzeko proiektu teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta ingurumeneko baimenaren eskaeraren iragarkia. Sader eta Profersaren jabea den talde industrialaren asmoa hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko planta berri bat ezartzea da.

Agaleus taldeak azaldu duenez, ez litzateke lekualdaketa bat izango. Izan ere, enpresa berriak Saderren jarduera bere gain hartuko duen arren, “”merkataritza-, ingurumen- eta logistika-zerbitzuak zein beste jarduera osagarri batzuk ere” eskainiko ditu empresa berriak. Ongarrien ekoizpena (Profersaren egungo jarduera) ez da kontuan hartzen. Era berean, inork ez du azaldu zer gertatuko den enpresa berrian birkokatzea eskatzen duten Sader eta Profersako egungo langileekin.

Nolanahi ere, oraindik itxaron egin beharko da balizko planta berri hori martxan jarri arte. Agaleusen arabera, portuan 2026 edo 2027 urte amaierarako kokatzea aurreikusten da. Oraingoz, proiektua jendaurreko eta alegazioak aurkezteko fasean dago, eta honek hilabeteko iraupena du EHAAn argitaratu zenetik.

Zuhurtzia eta mesfidantza

Auzoko herri-mugimenduak zuhurtzia eta mesfidantza adierazi ditu albistearen aurrean. Urrats positiboa dela onartzen badute ere, Sader eta Profersa “ez lirateke 2027ra arte joango, eta hori denbora asko da”. Gainera, Sader Profersa Kanpora! plataformak ohartarazi duenez, “ez da horrelako albisteak agertzen diren lehen aldia”. 2018an, Sader Zierbenako portura eramango zutela iragarri zen, baina lekualdaketa ez zen gauzatu, aukeratutako lursailak ez zuelako hustubiderako beharrezko azpiegiturarik. Geroago, 2022an, Sader bere jarduera Ortuellara lekualdatzen saiatu zen, baina hango auzotarren eta udalaren beraren gaitzezpen handiak saiakera hori geldiarazi zuen.