Zierbenako portuan kokatzeko izapideak abiatu ditu Sader eta Profersaren jabeak

Agaleus taldeak Zierbenan, kanpoko portuan, planta berri bat eraikitzeko dituen asmoen berri eman zuen EAEko Buletin Ofizialak pasa den urtarrilaren 3an. 2027rako gauzatuko litzatekeen proiektua jendaurrean aurkezteko fasean dago, ingurumen onespena jasotzeko zain.

AITOR MARÍN

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak urtarrilaren 3an argitaratu zuen Agaleus Circular Thinking SL enpresak Zierbenako portuko AZ-0 kaian eraiki nahi duen konplexu berri bat eraikitzeko proiektu teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta ingurumeneko baimenaren eskaeraren iragarkia. Sader eta Profersaren jabea den talde industrialaren asmoa hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko planta berri bat ezartzea da.

Agaleus taldeak azaldu duenez, ez litzateke lekualdaketa bat izango. Izan ere, enpresa berriak Saderren jarduera bere gain hartuko duen arren, “”merkataritza-, ingurumen- eta logistika-zerbitzuak zein beste jarduera osagarri batzuk ere” eskainiko ditu empresa berriak. Ongarrien ekoizpena (Profersaren egungo jarduera) ez da kontuan hartzen. Era berean, inork ez du azaldu zer gertatuko den enpresa berrian birkokatzea eskatzen duten Sader eta Profersako egungo langileekin.

Nolanahi ere, oraindik itxaron egin beharko da balizko planta berri hori martxan jarri arte. Agaleusen arabera, portuan 2026 edo 2027 urte amaierarako kokatzea aurreikusten da. Oraingoz, proiektua jendaurreko eta alegazioak aurkezteko fasean dago, eta honek hilabeteko iraupena du EHAAn argitaratu zenetik.

Zuhurtzia eta mesfidantza

Auzoko herri-mugimenduak zuhurtzia eta mesfidantza adierazi ditu albistearen aurrean. Urrats positiboa dela onartzen badute ere, Sader eta Profersa “ez lirateke 2027ra arte joango, eta hori denbora asko da”. Gainera, Sader Profersa Kanpora! plataformak ohartarazi duenez, “ez da horrelako albisteak agertzen diren lehen aldia”. 2018an, Sader Zierbenako portura eramango zutela iragarri zen, baina lekualdaketa ez zen gauzatu, aukeratutako lursailak ez zuelako hustubiderako beharrezko azpiegiturarik. Geroago, 2022an, Sader bere jarduera Ortuellara lekualdatzen saiatu zen, baina hango auzotarren eta udalaren beraren gaitzezpen handiak saiakera hori geldiarazi zuen.