Euskaraldia Eguna ospatuko da auzoan maiatzaren 24an
Zorrotzako euskaltzaleak antolatzen hasi dira Euskaraldian parte hartzeko. Maiatzaren 15tik 25ra arte, Euskal Herri osoan egiten den euskarazko ariketa sozialik handienean, zorrotzarrok 11 egun euskaraz bizitzeko erronkari lotuko gatzaizkio: ahobizi rola aukeratu dutenek uneoro euskarari eutsiko diote; eta belarriprest aukeratu dutenek, berriz, haiei euskaraz egiteko eskatuko dute, baina nahi duten hizkuntzan egingo dute, euskaraz zein erdaraz, egoeraren arabera. Helburua ohitura aldaketak sortzea da, hots, gero eta elebidunago den gizarte honetan, euskaraz egiten dutenen eta egin ez baina ulertzen dutenen arteko komunikazioa natural bilakatzea.
Baina rola aukeratzeaz gain, hainbat ekintza antolatuko dira gurean. Maiatzaren 9an, ostiralean, aurkezpena egingo da AEK euskaltegian, eta bertan izan eman duten guztiek beren txapa hartzeko aukera izango dute. Ostean, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes bertsolari handiekin, bertso poteoa egingo da. Bi asteburu geroago, maiatzaren 24an Euskaraldia eguna ospatuko da Zorrotzan. Umeentzako jolasak, antzerkia, herri bazkaria eta euskaraz ondo pasatzeko aukera ugari egongo direla ziurta dezakegu. Hemen duzu kartela egitaraua osorik ikusteko. Animatu eta parte hartu!
