Zirgarien kaian parke berria eraikitzen ari diren lurzoru kutsatua lurrez estaliko da, garbitu beharrean

Udalak onartu du analisiek “kutsadura-maila nabarmena” erakutsi dutela, baina Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-araudiak jarduera hori baimentzen duela adierazi du.

Testua eta argazkiak: AITOR MARÍN

Bilboko Udala parke berri bat eraikitzen ari da Chimbo xaboi fabrika izan zen orubeko aparkaleku zaharrean. Orube horretan, asfaltoaren azpian kutsadura zegoen, eta kutsadura hori lurrez estali da parkeak izango dituen berdeguneak eta kirol- eta aisialdi-ekipamendu guztiak jartzen hasi aurretik.

Elkarrekin Podemoseko udal taldeak galdera bat erregistratu zuen udal gobernuari azalpenak eskatzeko, jakiteko zergatik erabaki den kutsatutako lurzoruak lurperatzea kendu beharrean, Zorrotzaurreko obran egin duten bezala. Gainera, Elkarrekin Podemosek, otsaileko osoko bilkuran, kutsadura soilik estaltzen duten neurrien aurrean, lurzoruen saneamendua eta lehengoratzea lehenestea eskatu du.

Kepa Odriozola Herri Lanetako zinegotziak erantzun du Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-araudiak jarduera hori baimentzen duela, nahiz eta onartu lurzoruek kutsadura-maila esanguratsua dutela. Zinegotziak bere erantzunean argudiatu du kutsatutako lurzoruak zabortegi batera erretiratzeko erabakia kutsaduraren mailaren eta motaren araberakoa dela, baita lurzoruaren azken erabileraren araberakoa ere.

Barrutiko batzorde soziokulturalak “La Landa” proposatu du parke berria izendatzeko

Auzo Elkarteak egindako proposamena da, eta Zorrotzako bizitza sozialari historikoki lotutako izen herrikoia dela argudiatu dute aukeratzeko (ermita, eskolak, garbitokia, ospakizunak eta hainbat jarduera…).

Izen horrekin, birsortutako espazio berrian topaleku izaera hura berreskuratu nahi da. Aho batez onartuta, proposamen hau Alkatetzari helaraziko zaio orain, behin betiko onar dezan. Hala ere, Udaleko Euskara Zuzendaritzak “Landa” hitza mantentzea gomendatzen du, “La” artikulua kenduta,, izena euskaraz izan dadin.