GLORIA MARÍA AMADOR

“Herri latinoekin alderatuta hemengo gizartea tristeagoa da»

Jaioterria: Managua (Nicaragua)

Noiztik hemen: 2010.etik

Adina: 41 urte

Lanbidea: Garbitzailea

Bizmodu hobe baten bila eta semeari etorkizun hobea emateko asmoz Nikaraguako egoera politiko “jasanezina”tik ihes heldu zen Gloria María 2010ean gurera. Hemengo eguraldia, garbitasuna eta zerbitzuak gustuko ditu, eta lanean burubelarri badabil ere, lasai bizi dela dio.

TESTUA: AINARA GARCÍA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nolatan edo zergaitik etorri zinen? Eta zergatik gelditu zara hemen?

Etorkin gehienak bezala, bizimodu hobe baten bila heldu nintzen Bilbora. Une hartan nire semea jaio gabe zegoen eta nire senarrarekin batera bere etorkizunean pentsatzean, argi geneukan Nikaraguako egoera politikoa jasanezina zela eta ahalik eta lasterren ospa egin behar genuela. Unibertsitate-ikasketak bukatu berriak nituen baina haurdunaldiarekin dena aldatu zen. Nire senarra heldu zen aurretik, eta geroago semearekin batera etorri nintzen ni.

Gogorra egin zitzaizun inguru, lan eta bizi ohituretara moldatzea?

Familia eta lagunak atzean uztea gogorra da beti. Hala ere, ezagutzen nindoan heinean asko gustatu zitzaidan eta moldatzea erraza egin zitzaidan. Kaletik ibiltzea zirraragarria zen: dena berria, ezberdina…

Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?

Gauza ugari, segurtasuna, kaleko garbitasuna, argiteria, hezkuntza… baina garraio publikoaren sarea batez ere. Nire herrian autobusen bat eta taxiak baino ez daude, oso garestiak eta zerbitzu txarrekoak. Aipatzekoa da bezeroarekiko tratuan dagoen aldea, nire herriko txoferrak oso zakarrak izaten baitira.

Oso ezberdina zen jatorriko bizimodua gurearekin alderatuta?

Hemen hiri-bizitza da nolabait, jende pila, bakoitza bere kabuz doana, gainezka dauden eraikin altuak… Managuan sakabanatutako etxetxo familiarrak daude, bakoitzak bere espazio eta patioa dauka, animaliak edo ortu txikiak izateko eremua. Ingurukoekin bizitzeko edo harremanak izateko modua ere ezberdina da: hemen bakoitzak bere familia edo lagun gutxi batzuekin egiten du bizitza bere etxean edo lanean sartuta. Managuan berriz komunitate-bizitza egiten da, elkarri laguntzen diogu, edonoiz etxera heldu daiteke edonor eta bertan bazkaltzera gelditu, etxeko atera aulkiak atera eta momentuan batu direnekin tertuliak sortu daitezke edonoiz… Oro har, gizarte honi tristeagoa deritzot herri latinoekin alderatuta. Bestalde, hemengo eguraldia gustuko dut,  gehiegizko beroa ez dudalako batere gustuko. Eta hemengo janaria gustuko badut ere, nire jatorriko gastronomía faltan dut.

Euskaraz hitz egiten entzuten dudanean, adi egoten naiz, ulertu ez arren. Bere sonoritateari ederra deritzot, eta nire inguruan euskaraz hitz egiten dutenekiko inbidia modukoa sentitzen dut

Zein da zure lanbidea?

Nazioarteko harremanetan unibetsitate-ikasketak egin nituen, baina segidan izandako haurdunaldia eta hona etortzeko bidaiaren ostean, ez nuen inoiz horretan jardun. Garbiketa eta pertsona nagusien zainketekin zerikusia duten lanak izan ditut.

Zelan moldatzen zara euskaraz?

Bilbora heldu arte ez nekien ezta existitzen zenik ere… Umea eskolan hastearekin batera, horrek zeukan garrantziaz ohartu nintzen berehala. Euskaraz hitz egiten entzuten dudanean, adi egoten naiz, ulertu ez arren. Bere sonoritatea oso gustukoa dut, ederra iruditzen zait, eta nire inguruan euskaraz hitz egiten dutenekiko inbidia modukoa sentitzen dut… Hitz gutxi batzuk ezagutu era erabiltzen ditut, baina ikasteari oso zaila deritzot, semeari eskolako etxeko lanekin lagundu ezin izateak atsekabetzen nauen arren.

Zer da Zorrotzan gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?

Hemengo kaleak eta parkeak garbi eta zainduta ikustea. Horiek ondo argiztatuta egotea ere asko gustatzen zait. Gutxiena? Bada, lurperatu gabe dagoen trenbidearen afera konpondu beharko dela uste dut, denbora handia galtzea eta izugarrizko segurtasun gabeziak eragiten dituelako. Eta gidariek zebrabideak hobeto ikusteko sistema berria beharko litzateke, batez ere Zazpi Landan, ia ez baitira ikusten.

Auzoko ekintzetan edo taldeetan parte hartzen duzu?

Oro har ezetz esango nuke. Auzoko berriak eta oharrak iragartzen dituen auzoko facebook taldeari jarraitzen diot eta umea eskolan zegoenean Guraso Elkartean nengoen baina ezer antolatu gabe. Oso lotsatia naizen arren, orain dela gutxi Auzokan nazioarteko sukaldaritza tailerrean parte hartu nuen, eta bikain pasatu genuen.

Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu?

Nahiz eta asko maite ditugun familia eta lagunak bertan egon, bisitan joatea iada gero eta zailagoa egiten zait, diru kontuaz aparte, bertako egoera ez zaidalako batere gustatzen. Gauzak aldatu daitezke baina oraingoz ez dugu bizitokia aldatzeko asmorik. Nahiago dut hemen buru belarri lan eginda bizitza lasaia izan, jaioterrira bueltatu baino.

CRISTINA ÁLVAREZ: Irrati-esataria eta La Klandestina taldeko abeslaria

«Irrati egiteak harrapatu egiten zaitu»

Cristina Álvarez portugaletetarra da jaiotzez, baina Zorrotzan  bizi da duela ia hogei urtetik hona, gutxi gorabehera irratian eman dituen berberak. Pasio hori lanbide bihurtu da, “irratia egiten hasten zarenean irtetea oso zaila baita, harrapatzen zaituen zerbait delako”. Hainbat irrati-katetan lan egin ondoren, duela bi hilabetetik Radio7 irratiko goizeko magazina gidatzen du. Berarekin hitz egin dugu irratiaz, eta bere beste pasioaz: musikaz. Izan ere, La Klandestina taldeko abeslaria ere bada.

Testua eta argazkiak: AITOR MARÍN

Noiztik zabiltza irratian lanean?

Hit Radion hasi nintzen, Madrilen goiburua eta Estatu osoan sakabanatutako irratiak zituen kate batean. Horietako bat Portugaleten zegoen, bizi nintzen herrian, ni portugaletetarra bainaiz. Karrera amaitu berria nuen eta curriculumak botatzen hasi nintzen hainbat lekutan, itxaropen handirik gabe. Hortik deitu zidaten, eta hor hasi nintzen.

Irratia kazetaritzan aritzeko irteera izan zen ala irrati-esataria zara bokazioz?

Egia esan, nire benetako bokazioa faranduleoa zela uste dut, eta kazetaritza ikasi nuen horri guztiari irteera emateko, kar,kar!… Egia esan, irratia izan zen une jakin bateko lehen aukera. Baina egia da irratiak harrapatu egiten duela, eta behin barruan, ezin da irten.

Otsailetik, Radio7ren goizeko magazineko esataria zara. Gustura? Nola heldu zitzaizun aukera hau?

Egia esan, beti nahi izan nuen lana da. Irrati estilo hau gustatzen zait, lotsagabea, hurbila, (ez bakarrik irratia Lutxanan dagoelako, kar,kar…) Eta Monederok erretiroa hartuko zuela jakin nuenean, irratiko kide batekin hitz egin nuen. Radio7n lan egiteko gogoa nuen, eta irratiak nire profila zuen pertsona bat behar zuen; beraz, dena primeran atera zen.

40 urtez irratiaren goizeko ahotsa izan da Miguel Ángel Monedero. Esatari oso berezi bere estiloagatik, eta entzuleek oso maitatua. Bera ordezkatzeko erronka ez zen erraza, ezta?

Ez, baina ez dut horretan asko pentsatu, egia esan. Monedero duela urte askotatik ezagutzen dut, berezitasun ordezkaezinak dituen kide eta laguna da. Estilo desberdinak ditugu, eta, beraz, ez dago konparaziorako aukerarik.

Gaur egungo lanera iritsi aurretik, Onda Vascan ere izan zinen. Hala da?

Bai. 2017ko udaz geroztik, ia urtero egin dut lan Onda Vascan, bajak edota ordezkapenak egiten, edo nirekin kontatu nahi izan duten edozein gauzatan. Eta lanik gabe egon naizenean, irratiarekiko lotura zuten gauzak egin ditut etxean, irrati xumeentzako edo ekoiztetxeentzako kuñak grabatzen, adibidez.

Gainera, iragarki eta irratirako eduki askoren ahotsa zara. Irrati-ahotsa jaio ala egin egiten da? Ez dut lokuzioa ikasi, baina egia da ez dudala hasi nintzen unean neukan ahots bera… Uste dut denborarekin, lanbide guztietan bezala, eguneroko lanak hobetzen gaituela.

Radio7n lan egiteko gogoa nuen, eta irratiak nire profila zuen pertsona bat behar zuen; beraz, dena primeran atera zen

Hainbeste urteko ibilbidean bizipen ugari izango dituzu, baina zerbait nabarmendu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Bada, jende zoragarri asko elkarrizketatzeko eta ezagutzeko aukera izan dut, eta asko ikasarazi didate. Nire bizitzan ekarpen handia egin didan jende anonimoa, eta ospetsua ere bai. Azken horien artean: Guillermo Toledo, Alberto San Juan, Shakira, Pablo Motos, El Canto del Loco…

Telebistan edo prentsa idatzian lan egin duzu edo lan egin nahiko zenuke?

Zerbait egin dut ikasten ari nintzela… Besteak beste, karrerako azken urteko praktikak, telebistan, Tele7-n. Hilabete batzuk eman nituen han. Eta orain irratian egiten dudan lanarekin paraleloa den ikus-entzunezko proiektu batean ere sartuta nago. Euskal Herriko ibaien iturburuei buruzko dokumentalak hain zuzen.

Dokumental horien aurkezlea zara. Konta iezaguzu horretaz gehiago.

RitxarGP ikus-entzunezko ekoizleak Euskal Herriko ibaien iturburuei buruzko edukiak egitea zuen helburu. Kontaktu komun baten bidez konektatu eta proiektuarekin bat egitea proposatu zidanean, onartu egin nuen. Eta elkarrizketak egiteaz gain eta proiektu honetarako ibai-ertzetan kapituluak filmatzeaz gain, jende eta leku ikusgarriak ezagutzen ari naiz eta naturan oso lan atsegina egiten ari naiz.

Proiektuari berari dagokionez, webgune bat dugu, nacederos.eus, eta, bertan, online plataforma bat jartzen dugu jendearen eskura, hainbat kapitulu, blog bat eta podcastak argitaratuta. Lehen denboraldia, esan dudan bezala, Nerbioi ibaiari buruzkoa da, eta Itziar Ituñorekin hitz egin dugu, adibidez. Proiektu honen amabitxi modukoa izan da Itziar eta babes handia eman digu. Basauriko ibaiari buruzko oroitzapenak kontatzen ditu Ituñok, eta ibaian gora jarraituta, elkarrizketa interesgarri eta irudi eder gehiagorekin osatzen da kapitulua, Nerbioi ibaiaren iturburura iritsi arte. Lehenengo denboraldia argitaratu berri dugu, eta bigarrena grabatzen ari gara, Isoria ibaiari buruzkoa.

Musikan ere aritzen zara. La Klandestina orkestrako abeslaria zara. Auzokan entseatzen duen berbena talde bat da, eta behin baino gehiagotan Zorrotzako jaietan aritu zarete. Noiztik zaude La Klandestinan?

Abestea betidanik egin nahi nuen baina egitera ausartzen ez nintzen zerbait izan zen. Nire anaiak musikariak dira, eta egun batean entseatzen duten lokaletan emakumezko abeslari baten bila zebilen talde baten kartela zegoela esan zidaten. Orduan animatu nintzen. Eta dagoeneko, zazpi urte daramatzagu Zorrotzako jaietan, tabernetan eta hainbat lekutan… abesten. Udako denboraldian jarduera handia dugu. Eta “jarduera” diot, hau ez baita lan bat. Musika-elkarte bat gara. Zerbitzu bat ematen dugu jendeak ondo pasatzeko asmoarekin, eta guk ere asko disfrutatzen dugu.

Gutxi balitz bezala, beste proiektu musikal bat duzu, CosmicBears, pop eta rock bertsioen duo bat, non abesteaz gain gitarra ere jotzen duzun…

Bai. Duela urte asko hasi nintzen gitarra jotzen, pixka bat amorrazioz, ez bainintzen kantatzera ausartzen… Utzi egin nuen, harik eta abesten hastean gitarrari euskarri gisa heldu nion arte. Nik ez dut konposatzen, bertsioak baino ez ditut egiten. Proiektu honetan gustuko ditugun abestien bertsio elektroakustikoak egiten ditugu. Nolanahi ere, honetan ere plazeragatik eta gogobetetzen gaituelako jotzen dugu. Inola ere ez dirua irabazteagatik.

Denbora libre askorik ez duzu izango… Ba al duzu beste proiekturik buruan oraindik?

Eguna ez zait ezertara iristen, bai… Baina bada buruan aspaldidanik daukadan proiektua. Auzoan irrati bat sortzea gustatuko litzaidake, esateko zerbait duen ororen ahots bihurtzeaz gain, hainbat kolektibori, ume eta gazteei, behartsuei, adinekoei… balioak emateko tresna izan litekeena. Denek izan dezatela irratia ezagutzeko aukera, eta irrati horrek balio dezala beren mezuak transmititzeko eta guztiona eta guztiontzat bihurtzeko. Izugarri litzateke hori aurrera eraman ahal izatea.

TANIA MARTÍN: Futbol epailea

Pertsona moduan hazteko izugarri lagundu dit arbitratzeak

Duela zazpi urte lesio baten ostean jokatzeko gogoa apur bat galduta baina “futbolaren harra ezin kenduz”, arbitrajean sartu zen Tania Martín nolakoa zen probatzera. Egun, 27 urteko gazte hau 2. RFEF mailako epaile nagusia da, eta horrek behartu du Zorrotzako Futbol Sala taldea uztera, ezin baititu biak uztartu, eta “arbitrajea futbola bera baina erakargarriagoa” egiten zaiolako orain.

Arbitrajean aritzeaz gain, lehenago jokalaria ere izan zara? Zerk bultzatu zintuen baloia txilibituagatik aldatzera?

Txikitan eskolan hasi nintzen futbolean. Deustun eta Pauldarraken ere egona naiz, eta azken urteotan Zorrotzako Futbol Sala taldean egon naiz. Pasa den urtean, taldea utzi behar izan nuen arbitrajeak hala behartuta. Emakumezkoen kasuan, 2. RFEF mailara heltzen bazara, ezin dira uztartu arbitrajea eta futbol taldean aritzea. Urte askotan egon naiz biak uztartzen. 18 urterekin edo, Federazioaren iragarki bat ikusi nuen, arbitrajean sartzera animatzen zuena. Ba probatuko dut! Orain arte. Heldu zen bata edo bestearen artean erabakitzeko unea, eta orain arbitrajea futbola baino erakargarriagoa egiten zait. Honetan egoteko aukera, 2. Edo 1. RFEF mailan egoteko unea, orain da, ala ez da. Aurrerago, ez dut aukera hau izango.

Noiz hasi zinen zehazki arbitratzen eta zein mailatan aritzen zara epaile gaur egun?

Duela zazpi urte hasi nintzen, eta bigarren denboraldia dut epaile nagusi lanetan aurten emakumezkoen 2. RFEF mailan, Liga Iberdrola eta Bigarren Mailaren azpitik. 2. RFEF mailako epaile nagusia izanda, 1. RFEF mailako partidetan lehenengo arbitro laguntzailea ere izan naiteke. Horrek suposatzen du lineako epailea naizela partidan, eta arbitro nagusia lesionatzen bada, bere ordez arituko naizela. Kopako txapelketan ere aritu naiz Albaceten, bertako taldea Rayo Vallecanoren aurka epaitzen.

Nola iritsi zitzaizun arbitrajearen munduan sartzeko ideia eta nola izan zen lortu arteko prozesua?

Hasi nintzenean, lesio baten ostean jolasteko gogoa apur bat galdu nuen, baina futbolean aritzeko harra bazegoen oraindik, eta probatzeko hasi nintzen, ea gogokoa nuen. Hasiera batean ez neukan batere gogorik mailetan gora egiteko… Kadete eta juvenil mailan eroso nengoen. Baina pixkanaka-pixkanaka, goiko mailetan laguntzaile gisa hainbat partidatan aritu ostean, aurrera egiteko gogoa sartu zitzaidan, eta azterketak prestatzen hasi nintzen. Prestaketa ez da batere erosoa. Hainbat azterketa teoriko eta -urtero  hirutan- azterketa fisikoak gainditu behar dira.

“ Partidetan txilibitua uniformearen kolore berekoa hartzen dut beti“ 

Zein da zure helmuga edo helburua lanbide honetan? Noraino heldu nahiko zenuke?

Helburu bakarra disfrutatzea da. Duela urte batzuk bai ipini nion neure buruari egun nagoen mailara heltzeko erronka… Orain, hori beteta, partida bakoitzean ondo pasatzea da nire helburu bakarra. Oso zaila da gorago joatea… Aukera balitz, ederto, ez nuke ukatuko, baina ez da inolaz ere nire helburua.

Zure ustez, zer ezaugarri behar dira lanbide honetan gora egiteko?

Diziplina, gogo eta konpromiso handia batez ere, eta zorte apur bat ere bai. EAEn jende ako gaude arbitrajean, eta guztiak ezin gara goi mailetan egon.

Arbitro profesionalen batengan arreta berezia duzu?

Lehenengo mailako gizonezkoen artean ez daukat erreferente handirik. Gustuko ditudan batzuk badaude, eta hainbat gauzatan bai jartzen dut arreta. Baina batez ere, erreferenterik izatekotan, emakumezkoen lehenengo mailan dauden Arantxa Gallastegi, Olatz Rivera, eta Bea Arregui izango lirateke. Horiek dira erreferenteak, eta baita lagunak ere. Aurten adibidez, zazpi denboraldi lehenengo mailan eman dituen Bearekin partida askotara joan naiz, eta ikasteko aukera izugarria da berarekin egotea.

Gaur egun, emakumezkoen futbolaren oihartzuna gizonezkoengandik oso urrun dago… Laster aldatzeko aukerarik al dago?

Laster ez, baina aldatuko delakoan nago. Bederatzi urte eman ditut arbitrajean, eta nabaritu dut gero eta profesionalizatuago dagoela guztia. Ez da arraroa orain talde batzuetan medikua, erizaina eta prestatzaile fisikoa ikustea. Duela urte batzuk ez zen horrelakorik izaten. Eta hemendik aurrera, jauzi hori nabarmenagoa izango da nire ustez. Berdin gertatuko da arbitroekin. Ni hasi nintzenean Bizkaian ginen mila arbitro ingurutik, zortzi emakume baino ez ginen. Orain gero eta gehiago gara, eta pausoak ematen ari dira. Duela urte batzuk, emakumezkoen futbolean, epaileak hirugarren mailan ziharduten gizonezkoak ziren. Gaur egun, Iberdrola ligak bere epaile propioak ditu, emakumezkoak.

Inoiz sentitu zara gutxietsia emakume izateagatik? Futbolaren mundua gizartea bera baino matxistagoa al da?

Futbolean eta arbitrajean, gizartean bezala, denetarik dago. Oro har, esango nuke ez naizela inoiz gutxietsia sentitu emakume izategatik. Orain dela bospasei urte infantil mailako partida batean, komentario bat entzun nuen harmailetatik, harrikoa egitera bidaltzen ninduena. Klub bateko emakume batek egin zuen… Baina alderantzizko jarrerak ere izan ditut: orain dela pare bat urte Twitterren birala egin zen txio bat ipini nuen juvenil mailako partida bat hasi baino hamar minutu lehenago aita bati “neska batek arbitratzen du, ziur gaizki egingo duela” entzun nionean. Ba, txio horren harira, Durangoko neska batek erantzun zidan aurreko asteetan neska batek epaitu zuela bere semearen partida bat eta oso ondo egin zuela. Bere perfilean kuxkuxeatu nuen jakiteko ea nor zen epaile hura… eta ni neu nintzen.

“Mailetan gora egitea oso zaila da. Hala ere, nire helburu bakarra partida bakoitzean disfrutazea da”

“Mailetan gora egitea oso zaila da. Hala ere, nire helburu bakarra partida bakoitzean disfrutazea da”

Baina oro har, errespetua falta zaio arbitroaren figurari, ezta? Irain asko jasan behar izan dituzu?

Bai, baina gero eta gutxiago. Batez ere, goi mailetan. Horietan gure lana askoz gehiago ulertu eta errespetatzen da, eta oro har, nik ez dut irain askorik jasan futbol zelaietan.

Futbol-epaile lanetan gero eta emakume gehiago ari zaretela aipatu duzu lehen. Zer esango zenieke arbitrajean hasten ari diren neska horiei guztiei?

Aurrera egiteko bitan pentsatu gabe. Aukera izugarria da, hasieran agian zaila izan daitekeen arren. Hasi nintzenetik asko ikasi dut, baina ez bakarrik epaile moduan; pertsona moduan hazteko izugarri lagundu dit arbitratzeak. Hemen beste arlo askotan ikasi ezin diren gauza pilo bat ikasten dira. Adibidez, emozioak kudeatzea oso garrantzitsua da futbolean epaitzeko, eta hori hemen bat-batean ikasten da.

Zein izan da orain arte epaile lanetan gogoratzen duzun unerik onena?

Ezberdindu beharko nuke zelaiaren barruan eta hortik kanpo gertatutakoak. Aurtengo Athletic eta Real Sociedaden arteko Euskal Herria Kopako finala epaitu nuen Lezaman eta izugarri disfrutatu nuen partida horretan. 1. RFEFeko mailako partidak ere izugarri disfrutatu ditut. Futbol 11ko lehenengo partida ere gogoan dut. Ez zen inolako partida berezirik, baina jauzia izan zen niretzat, eta oroitzapen kuttuna da niretzat. Eta bestetik, arbitrajeak eman dizkidan lagunak eta esperientziak aipatu behar ditut. Egindako harremanak eta bizipenak askoz gehiago oroituko ditut partida hartan zenbat txartel atera nituen edo azken emaitza zein izan zen baino.

Ba al duzu maniarik edo ohiturarik partiduetan?

Bai. Txilibituak beti-beti kamisetaren kolore berekoa izan behar du. Bai ala bai. Eta zelaira atera baino lehen, musika jartzen dut, eta noizean-behin aldatzen joan den arren, abesti berezi konkretu batek izan behar du azkena derrigorrez.

HAI VAN  BUI THI

Hemengo ordena gustuko dut. Denak du bere unea eta lekua

Jaiotokia: Hanoi (Vietnam)

Noiztik: 2010etik.

Adina: 36 urte.

Lanbidea: Inportazio enpresa bateko langilea.

Unibertsitateko ikasketak bukatuta, Bilbora heldu zen Hai Van gaztelera ikasteko. Bere senarra Alex zorrotzarra ezagutu zuen orduan, eta familia sortu dute auzoan. Bilbo oso gustuko badu ere, orain Zorrotza nahiago duela dio, denetarik eskura dugu eta.

TESTUA: AINARA GARCÍA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Nolatan edo zergatik etorri zinen eta geratu zara Zorrotzan bizitzen?

Vietnamen unibertsitate ikasketak bukatu ondoren, turismo konpainia batean lan egiten nuen. Nagusiak, nahiz eta nahitaezkoa ez izan, gaztelera ezagutzea gomendatu zidan eta hizkuntza ikasteko asmoz hona etorri nintzen. Bilbon nengoela institutu batean hiru hilabeteko lana lortu nuen, eta bertan Alex, nire senarra, ezagutu nuen. 2014an ezkondu ginen, eta gero seme alabak etorri ziren… Bilbora heltzean, erdialdean bizi nintzen. Geroago, nire senarra Zorrotzakoa izanda, berarekin etorri nintzen bizitzera.

Gogorra egin zitzaizun gure lan eta bizi ohituretara moldatzea?

Europako eta Espainiako hiri ezberdinetan ibilita, Bilbo gehien gustatzen zaidana dela esango nuke. Horregatik ez zait moldatzea hainbeste kostatu. Hiri handiak oso hotzak dira… Bilboko jendeak Vietnamekoarekin antza haundia dauka: jatorra, goxoa eta atsegina da. Zorrotzan ere hori sentitzen dut.

Hasieran dena oso berria iruditzen zitzaidan. Inor ezagutzen ez nuen arren, denbora gutxian gustura sentitu naiz, eta gaur egun ere oso pozik jarraitzen dut. Gainera izeko bat Sestaon bizi da, eta familia pixka bat hurbil egotea eskertzekoa da.

Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?

Hemengo ordena. Nire herrian ez dago, eta asko gustatzen zait. Denak bere momentua eta lekua dauka. Edozein gauzatarako ilara sortzeko ohitura eta gaitasuna daukazue. 

Bestalde, eguraldia. Haizearen indarra batez ere: zakarregia iruditzen zait. Orain barregarria deritzot, baina hasieran beldurra nion. Haizea sentitu nuen lehenengo aldia, nire senarrari mezua bidali nion beldurtuta  haizeak bultzatzen ninduelako… Kristoren barreak egin zituen berak. Lasai egoteko esan arren, beldurrak nengoen inoiz ez nuelako horrelakorik sentitu.

«Bilboko jendea Vietnamekoaren antza handia dauka: jatorra, gozoa eta atsegina da.  Zorrotzan ere hori sentitu dut. Oso giro polita dago eta jende pila ezagutu dut eta aspertzeko tarterik ez daukat»

Oso ezberdina da auzoko bizimodua zure jatorrizkoarekin alderatuta?

Nahiko ezberdina da. Lagunekin kafea hartzeko, edo kalean jateko… Janaria adibidez: nire herrian sukaldatzeko era, lurralde ezberdinetakoak, aurkezpenak edo jateko modu oso ezberdinak eta oso ugariak daude. Hemen baino gehiago. Bestalde, hemen edari alkoholdun eskaintza oso ugaria da. Han edari alkoholdunez gain, beste hamaika edari mota badaude… Gainera kalera irten eta denetarik topa dezakezu edozein lekutan eta edozein ordutan, agian hemen ez bezala. Nire jatorrizko gastronomia faltan dut, hemengo janaria oso gustukoa daukadala esan behar dudan arren. Egia esan, honetan ez daukat inolako arazorik, guztiz kontrakoa baizik.

Zein da zure lanbidea?

Esportazio eta inportazio enpresa batean egiten dut lan. Hala ere, lan ezberdinak izan ditut, institutuan, taberna batean…

Zelan moldatzen zara euskaraz?

Bilbora heldu arte ez nekien ezta existitzen zenik ere… Estatu batean hizkuntza ezberdinak egotea oso bitxia iruditu zitzaidan. Egia da Vietnamen mendi barneko gune txiki batean dialekto ezberdin bat dagoela, baina oro har hizkuntza bakarra dagoela esan daiteke.

Euskaraz entzuten dudanean adi egoten naiz. Ez dut ulertzen baina bere soinua asko gustatzen zait. Berez, nire seme-alaben izenak euskaldunak dira (Haizea eta Ekaitz). Bere garaian ikasteko asmoa neukan. Ezkondu ondoren tartea izango nuela uste nuen, baina lana eta seme-alabekin denbora falta zait. Zerbait ikasi nahi dudanean oso serio jartzen naiz eta beharrezko denbora eskaini nahi diot… Seme-alabek euskaraz ikasten dute eta haiekin praktikatu ahal izango nuke, baina nirekin vietnameraz hitz egiten dute. Agian urte batzuk barru animatuko naiz… 

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Bilboko erdialdea asko gustatzen zait baina gaur egun Zorrotza nahiago dut, denetarik daukagu eskura, di-da batean erdialdera hurbildu gaitezke edo inguruko herrietara joan, eta bi ospitale artean gaude, bietatik oso hurbil eta horri oso garrantzitsua deritzot.

Bestalde, oso giro polita dago hemen, jendea jatorra da… Seme-alabekin ere gauza eta jende piloa ezagutzeko aukera daukat eta aspertzeko tarterik ez. Nahiz eta inolako taldean parte hartu ez, ekintzak edo jaiak daudenean bertan egotea eta asiatarren topikoa ri hutsik ez egiteko, argazkiak ateratzea gustatzen zait, kar, kar!.

Zure herrira inoiz berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu?

Bizitzera, oraingoz ez. Oporretan eta ahal dugun guztietan joaten gara, Nire senarrak ez luke arazorik izango, beragatik balitz 3 urterik behin herrialdez aldatu eta munduan zehar biziko ginateke… Vietnamen urte batzuk igarotzea gustatuko litzaidake baina gaur egun, lanagatik eta ume txikiak izanda, haien ikasketak eta bizitza ez mozteko, ezinezkoa da. Gainera, izurritearen ostean, bidaiatzea gero eta zailagoa  izan da azken urte hauetan.

MARÍA MARGARIDA FERNÁNDEZ

“Ahalegin handia eginda, baina helburuak gauzatzea lortu dut”

Jaiotokia: Luanda. (Angola)

Noiztik: 1990etik Bilbon. 2005etik Zorrotzan.

Adina: Ez esatea betiereko gaztetasunaren sekretua da.

Lanbidea: Delineatzaile proiektugile.

TESTUA: AINARA GARCÍA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN

Oso gazte heldu zen María Bilbora bere ama eta anai-arrebekin. Zaila izan bazaio ere, herri honi eskertuta dago helburuak lortu dituela harro esan dezakeelako, eta auzoan pozik bizi da bere senarra eta alaba txikiarekin.

Nolatan edo zergatik etorri zinen?

Egia esan, akats batengatik, gure benetako helmuga Ingalaterra baitzen. Angolako desegonkortze politikoaren beldurrez, gure amak korrika prestatu zuen bidaia eta Espainiarako bisa ortu zuen Bilboko lehengusu baten laguntzarekin Ingalaterran asilo politikoa lortzeko paperak ondo prestatzeko asmoz. Gure ama eta adin txikiko sei seme-alabak ginen. Azkenean, ezin izan zuen Ingalaterran asiloa lortu.

Gogorra egin zitzaizun hemengo bizi ohituretara moldatzea?

Bai, familia osoari oso gogorra egin zitzaigun. Ideia bat egiteko, amari ilea guztiz zuritu zitzaion 40 urte eskasekin… Luandan, Angolako hiriburuan bizi zen goi mailako familia ginen. Gurasoek ikasketak zituzten, lana eta diru nahikoarekin, atzerrira bidaia ugari eginda… eta bat-batean bizitza hankaz gora jarri zitzaigun: etxerik gabe, dirurik gabe, edozein lanen bila… Zorionez, amak beti gure kabuz moldatzeko eta bizitzan autonomoak izateko beharrezkoa erakutsi zigun. Hezkuntza maila handia izateaz gain, eta nahiz eta etxean sukaldari eta langile ugari egon, oso txikitatik janari ezberdinak prestatu eta etxeko lan ezberdinak egiten genituen. Horri esker Bilbora heltzean, familia ezberdinen etxeetan lan egiteko guztiz prestatuta geunden eta bizitzeko diru nahikoa lortzen genuen. Hona heltzean oso gaztea nintzen. Seme-alabak oso gazte izan nituen. Etorkina, emakume gaztea, aitaren laguntzarik gabeko bi ume hezi behar eta goi mailako ikasketak egiteko asmoarekin… Ahalegina izugarria izan da, baina zorionez, nire helburu guztiak gauzatzea lortu dudala esan dezaket. Eta herri honi oso eskertuta nago.

Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?

Barregarria iruditzen zait orain, baina hona heltzean, laurogeita hamargarren hamarkadan, kalean txakur kaka pila bat ikusten zen. Gu, inozo, pertsonek kalean kaka egiten zutela pentsatzen genuen! Bestalde, Bilboko erdialdean ibiltzean, adinekoak guri begiratzeko biratzen ziren eta txutxumutxuka entzuten genituen. Nire ama gizajoak, Londres ondo ezagutzen zuenak, asko haserretzen zen eta beti esaten zuen: “Hau Ingalaterran ez da gertatzen”. Eta guk barre egiten genuen ez zitzaigulako bost ere axola.

Oso ezberdina zen zure jatorriko bizimodua hemengoarekin alderatuta?

Bizi maila aldaketa bortitzaz aparte, eguraldia guztiz ezberdina zen. Hondartzan denbora ugari ematen genuen Angolan, arropa arinarekin… Gaur egun oraindik ez dut hotza batere gustuko. Musika ere deigarria egin zitzaidan. Niri popa gustatzen zitzaidalako eta herri hau oso rockeroa zelako.

Saltzaile eta zerbitzari lanak izan nituen arren, nire helburu nagusia Delineatzaile Proiektugile eta Obra Zibileko Planen teknikaria ikasketak amaitzea zen. Lortu nuen eta gaur egun Bilbao Kirolaken eta Bilbao Ekintzan obra arduradun lana egiten dut

Zein da zure lanbidea?

Saltzaile eta zerbitzari lanak izan nituen arren, nire helburu nagusia delineatzaile proiektugile ikasketak amaitzea zen. Hasita nituen hegazkineko laguntzailea izateko ikasketak utzi behar izan nituen haurdun geratu nintzelako. Aurrerago delineatzaile proiektugile eta eraikuntzako teknikaria izateko tituluak lortu nituen eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren proiektu ugaritan parte hartu dut (Supersur, Interbiak..). Gaur egun Bilbao Kirolaken eta Bilbao Ekintzan obra arduradun lana egiten dut. 

Zelan moldatzen zara euskaraz?

Hitz gutxi batzuk ezagutzen eta erabiltzen ditut. Lana lortzeko bultzada garrantzitsua litzateke baina ikasteko oso-oso zaila iruditzen zait. Hala ere, euskaraz abestea asko gustatzen zait. Udalaren abesbatzako partaidea naizenetik euskal kantuekin maiteminduta nagoela jabetu naiz.

Zer da Zorrotzan gehien gustatzen zaizuna?

Jendea, giroa… Ikasketak bukatu ahal izateko bi urterako etorri nintzen eta hemeretzi urte daramatzat. Hemen bizitza berregiteko aukera izan dut orain nire senarra denarekin eta alaba txikiarekin. Zorrotzarrekin, eta euskaldunekin oro har, hasieran konektatzea zaila bada ere, behin ezagutzen zaituztela oso eskuzabal, maitakor eta abegikorrak zarete. Giro ederra dago. Auzoan eta eskolan ekintza ugari egoten dira, haietan parte hartzen saiatzen naiz eta oso ondo pasatzen dut.

Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu?

Ez, bizitza gehiena hemen igaro ondoren, jada bilbotar sentitzen naiz. Hala ere, ez ditut nire sustraiak ahazten. Talentu lehiaketa bateko saria irabazi ondoren bertako petrolio-plataforma batean lan proiektu batzuk egiteko aukera izan nuen, baina 2012ko krisi ekonomikoagatik ez zen ezer egin. Nire herriari laguntzeko zerbait egiteko aukera berriak izateko irrikitan nago. Honi lotuta, oso garrantzitsua iruditzen zait etorkinak ondo hartzea, Euskal Herria solidarioa izan dadila. Hezkuntza espezializatua eskainita adibidez, behin prest egonik haien jakinduria erabiltzeko hemen edota jatorrizko herrietara prestatuak bueltatzeko aukera emanda bertako egoera hobetzeko. Nire ustez “gehitzeko eta ez kentzeko etortzea” funtsezkoa da.

JOSU CARBAJALES, IBONE PEREA eta IÑIGO MONTES:Urrezko domina Espainiako Hapkido txapelketan eta entrenatzailea

Testua: IGOR GUTIÉRREZ. Argazkiak: AITOR MARÍN

“Ez genuen espero txapelketa irabaztea, disfrutatzera eta lan ona egitera joan ginen

Berrogeita hamarna urte pasatxo dituzte Ibonek eta Josuk. Lehenengoa zorrotzarra, bigarrena Gurutzetakoa, biak orain dela gutxi hasi ziren Hapkidoan. Iñigo Montes auzotarra dute maisu Ratxei klubean eta berak animatu zituen txapelketan parte hartzera. Gaur euren gimnasiora hurbildu gara momentu horiek gogoratu eta arte martzial horren berezitasunak ezagutzera

Espainiako txapeldunak… Zer da zehazki irabazi duzuena?

Espainiako Hapkido Txapelketan urrezko domina lortu dugu, bikotekako Master Kiu 2 mailan. Mailak adinaren eta gerrikoaren kolorearen araberakoak dira. Gure kasuan, 51 urtetik gorakoon eta gerriko beltzik ez dugunon maila da, erdaraz “promesa” izenez ezagutzen dena. Banaka, binaka, hirunaka ala taldeka parte har daiteke.

Zer da Hapkidoa, zehatz mehatz?

Korean XX. mendean sorturiko arte martziala da, defentsa pertsonalerako teknika-multzoa proposatzen duena. Bestelako arte martzialetan ez bezala, ez da gaitasun edo indar berezirik behar, teknika praktikatzen duenaren pertsonara moldatzen da. Horregatik, adin eta gorpuzkera guztietako jendeak garapen-maila egokia lor dezake. Txapelketei dagokienez, ez da sexuagatik bereizketarik egiten, adibidez. Esan daiteke beste kirol edo arte martzialetako lehia-logikak ez duela zentzurik gurean, oso inklusiboa da. Horrez gain, etengabeko eboluzioan dago.

Txapelketan, beraz, koreografia bat antzezten da?

Eraso eta defentsa egoera baten simulazio errealistak dira. Ez da teknika erakusketa huts bat, ezta borroka bat ere, bitarteko gauza bat da. Indarra erakutsi behar da baina ondo neurtu behar da: pertsonen artikulazio eta abarrekin lan egiten denez, kalte larriak eragin ditzakegu. Eta hori guztia denbora tarte mugatu batean, geldiunerik gabe.

Nola neurtzen da zein den onena?

Bost epaile daude. Puntuaziorik txikiena eta handiena kentzen dira eta gainerakoekin batezbestekoa egiten da. Gure asmoa nota ona ateratzea zen baina ondo pasatzera joan ginen. Ez genuen espero txapeldun geratzea!

Nola erabaki zenuten lehiaketan parte hartzea?

Iñigok animatu gintuen, bera sinetsita zegoen emaitza ona lor genezakeela. Gu ez gara sekula txapelketa batean egon eta ez genuen gure burua prest ikusten, urte gutxi daramagu hapkidoa praktikatzen. Baina azkenean maisuari kasu egin genion, izena eman, eta hilabetez gogor entrenatu gintuen. Eta egin genuen! Podiumera deitu gintuztenean ez genekien zergatik zen, zur eta lur geunden!

Iñigok animatu gintuen txapelketan parte hartzera. Bera sinetsita zegoen emaitza ona lor genezakeela. Gu ez gara sekula txapelketa batean egon eta ez genuen gure burua prest ikusten, urte gutxi daramagu hapkidoa praktikatzen

Zergatik hasi zineten hapkidoan?

Ibone: Txikitan taekwondoa egiten nuen baina nire adinarekin ez nuen nire burua ikusten bueltatzeko, malgutasun eta sasoi fisikoa behar delako. Aldiz, hapkidoaren eraginkortasunak, zure baldintzak zein diren ere egin dezakezun guztiak, horrek erakarri ninduen.

Josu: Nire semeak taekwondoa egiten zuen, eta erakustaldiak ikustera joaten nintzenean, taekwondokoaren ostean hapkidokoa zetorren. Nik arte martzialak oso gustuko ditut betidanik, eta pare bat urtez buruan izan eta gero, azkenean izena eman nuen. Hapkidotik erakartzen nauena da oso anitza dela. Eta bestetik, kirol honek defentsarako duen ahalmena, erasotzaileari eragiten diozun mina kontrola dezakezulako hura geldiarazi eta biolentzia gehiago ekiditeko.

Zenbat pertsona mugitzen zarete hapkidoaren inguruan?

Kirol federatua gara, taekwondokoaren federazio berean gaude. Halaber, EAEn ez gara kirolari asko, horregatik prestatuta daudenek zuzenean Espainiako txapelketan izena ematen dute. Gure kluba EAEko bakarra da “txuktoa” (banbuzko ezpata tradizional korearra) erabiltzen irakasten duena, adibidez.

 Bestelako arte martzialetan ez bezala, hapkidoan ez da gaitasun edo indar berezirik behar, teknika praktikatzen duenaren pertsonara moldatzen da

Ahazteko ez duzuen momentu bat?

Ibone: Txapelketan Sevillako maisu batek urduri nengoen galdetu zidan eta neure burua Macarenako amabirjinari gomendatuko niola erantzun nion, izan ere txikitan birjina horren mantutik pasa nindutelako. Hara non maisu hura Macarenako lepakaria zen! Bada, txapelketaren ostean kofradiara bisita ederra egin zigun eta oso lagun egin ginen.

Josu: Entrenamenduak oso gogorrak dira, kolpe, erorketa eta bihurdurak praktikatzen direlako. Bada, txapelketarako astebete falta zenean, jaurtiketa bat egin zidaten eta bizkarreko galanta hartu nuen. Gogoratzen dut lurrean nengoela pentsatu nuela: “Akabo”. Zorionez, ondo jausi nintzen, hori ere propio ikasten dugulako.

Iñigo: Txapelketan gaixotasun larria duen kirolari bat atera zen, taldekako lehian, kide guztien buruzagi. Erakusketa bitartean jasotako beroa eta osteko txalo zaparrada ez dauzkat ahazteko. Horrek definitzen du ondoen hapkidoa zer den.