GLORIA MARÍA AMADOR
“Herri latinoekin alderatuta hemengo gizartea tristeagoa da»
Jaioterria: Managua (Nicaragua)
Noiztik hemen: 2010.etik
Adina: 41 urte
Lanbidea: Garbitzailea
Bizmodu hobe baten bila eta semeari etorkizun hobea emateko asmoz Nikaraguako egoera politiko “jasanezina”tik ihes heldu zen Gloria María 2010ean gurera. Hemengo eguraldia, garbitasuna eta zerbitzuak gustuko ditu, eta lanean burubelarri badabil ere, lasai bizi dela dio.
TESTUA: AINARA GARCÍA | ARGAZKIAK: AITOR MARÍN
Nolatan edo zergaitik etorri zinen? Eta zergatik gelditu zara hemen?
Etorkin gehienak bezala, bizimodu hobe baten bila heldu nintzen Bilbora. Une hartan nire semea jaio gabe zegoen eta nire senarrarekin batera bere etorkizunean pentsatzean, argi geneukan Nikaraguako egoera politikoa jasanezina zela eta ahalik eta lasterren ospa egin behar genuela. Unibertsitate-ikasketak bukatu berriak nituen baina haurdunaldiarekin dena aldatu zen. Nire senarra heldu zen aurretik, eta geroago semearekin batera etorri nintzen ni.
Gogorra egin zitzaizun inguru, lan eta bizi ohituretara moldatzea?
Familia eta lagunak atzean uztea gogorra da beti. Hala ere, ezagutzen nindoan heinean asko gustatu zitzaidan eta moldatzea erraza egin zitzaidan. Kaletik ibiltzea zirraragarria zen: dena berria, ezberdina…
Zer da hona heltzean gehien harritu zintuena?
Gauza ugari, segurtasuna, kaleko garbitasuna, argiteria, hezkuntza… baina garraio publikoaren sarea batez ere. Nire herrian autobusen bat eta taxiak baino ez daude, oso garestiak eta zerbitzu txarrekoak. Aipatzekoa da bezeroarekiko tratuan dagoen aldea, nire herriko txoferrak oso zakarrak izaten baitira.
Oso ezberdina zen jatorriko bizimodua gurearekin alderatuta?
Hemen hiri-bizitza da nolabait, jende pila, bakoitza bere kabuz doana, gainezka dauden eraikin altuak… Managuan sakabanatutako etxetxo familiarrak daude, bakoitzak bere espazio eta patioa dauka, animaliak edo ortu txikiak izateko eremua. Ingurukoekin bizitzeko edo harremanak izateko modua ere ezberdina da: hemen bakoitzak bere familia edo lagun gutxi batzuekin egiten du bizitza bere etxean edo lanean sartuta. Managuan berriz komunitate-bizitza egiten da, elkarri laguntzen diogu, edonoiz etxera heldu daiteke edonor eta bertan bazkaltzera gelditu, etxeko atera aulkiak atera eta momentuan batu direnekin tertuliak sortu daitezke edonoiz… Oro har, gizarte honi tristeagoa deritzot herri latinoekin alderatuta. Bestalde, hemengo eguraldia gustuko dut, gehiegizko beroa ez dudalako batere gustuko. Eta hemengo janaria gustuko badut ere, nire jatorriko gastronomía faltan dut.
Euskaraz hitz egiten entzuten dudanean, adi egoten naiz, ulertu ez arren. Bere sonoritateari ederra deritzot, eta nire inguruan euskaraz hitz egiten dutenekiko inbidia modukoa sentitzen dut
Zein da zure lanbidea?
Nazioarteko harremanetan unibetsitate-ikasketak egin nituen, baina segidan izandako haurdunaldia eta hona etortzeko bidaiaren ostean, ez nuen inoiz horretan jardun. Garbiketa eta pertsona nagusien zainketekin zerikusia duten lanak izan ditut.
Zelan moldatzen zara euskaraz?
Bilbora heldu arte ez nekien ezta existitzen zenik ere… Umea eskolan hastearekin batera, horrek zeukan garrantziaz ohartu nintzen berehala. Euskaraz hitz egiten entzuten dudanean, adi egoten naiz, ulertu ez arren. Bere sonoritatea oso gustukoa dut, ederra iruditzen zait, eta nire inguruan euskaraz hitz egiten dutenekiko inbidia modukoa sentitzen dut… Hitz gutxi batzuk ezagutu era erabiltzen ditut, baina ikasteari oso zaila deritzot, semeari eskolako etxeko lanekin lagundu ezin izateak atsekabetzen nauen arren.
Zer da Zorrotzan gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Hemengo kaleak eta parkeak garbi eta zainduta ikustea. Horiek ondo argiztatuta egotea ere asko gustatzen zait. Gutxiena? Bada, lurperatu gabe dagoen trenbidearen afera konpondu beharko dela uste dut, denbora handia galtzea eta izugarrizko segurtasun gabeziak eragiten dituelako. Eta gidariek zebrabideak hobeto ikusteko sistema berria beharko litzateke, batez ere Zazpi Landan, ia ez baitira ikusten.
Auzoko ekintzetan edo taldeetan parte hartzen duzu?
Oro har ezetz esango nuke. Auzoko berriak eta oharrak iragartzen dituen auzoko facebook taldeari jarraitzen diot eta umea eskolan zegoenean Guraso Elkartean nengoen baina ezer antolatu gabe. Oso lotsatia naizen arren, orain dela gutxi Auzokan nazioarteko sukaldaritza tailerrean parte hartu nuen, eta bikain pasatu genuen.
Zure herrira berriro bizitzera bueltatzeko asmoa duzu?
Nahiz eta asko maite ditugun familia eta lagunak bertan egon, bisitan joatea iada gero eta zailagoa egiten zait, diru kontuaz aparte, bertako egoera ez zaidalako batere gustatzen. Gauzak aldatu daitezke baina oraingoz ez dugu bizitokia aldatzeko asmorik. Nahiago dut hemen buru belarri lan eginda bizitza lasaia izan, jaioterrira bueltatu baino.