Clown Zorrotza jaialdi berri bat hartuko du Azoka parkeak

ZORROTZ MORROTZ

Clown Zorrotza jaialdiak nazioarteko konpainiak izango ditu aurten ere. Jaialdia maiatzaren 31n irekiko dute Catalunyako bi konpainiek: Teatro sobre ruedas taularatuko den lehena izango da,  poesia, musika, eta umorea uztartzen dituen “Ambicions” lana aurkezteko. Ondoren, Cris Clown, erritmo biziko ikuskizun hunkigarri eta benetan barregarria den “Home” antzeztuko du.

Ekainaren 1ean, larunbatean, hiru izango dira  Azoka parkeko oholtzara aterako diren konpainiak. Lehenengoak izango dira Goitibera Antzerkia euskaldunak, “Eraitsi S.L.” antzetuko dutenak. Anna  Confettiren txanda izango da hurrengoa. Adin guztietako jendea maitemintzea agintzen duen “A la fresca” antzeztuko du Catalunyako konpainia horrek. Bukatzeko, arratsaldeko 20etan, Colette Gomette (Frantzia) eta Anna De Lirium (Austria) artista handiek osatzen duten bikoteak itxiko du jaialdia “THE ONE & The one” obrarekin

Olabeagarako bidegorria blokeatzen duen luizia kentzeko lanak onartu ditu Udalak

ZORROTZ MORROTZ

Bi urte baino gehiago igaro dira 2021eko abendutik, Zorrotza eta Olabeaga arteko bidegorria blokeatu zenetik, eta, azkenean, martxoaren hasieran, Bilboko Udalak erori zen ezponda egonkortzeko obrak onartu ditu. Obrek 400 mila euro inguruko aurrekontua dute, eta behin esleitu ondoren, hasten direnetik bi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da.

Luiziaren zergatia jakiteko eta obra berriari behar bezala ekiteko asmoz, azterlanak egiteko eskatu zizkion Udalak hainbat ingeniaritza estudiori. Adituek emandako emaitzak ezagutu ondoren, ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea erabaki da. Adituen arabera, jarduera hau nahikoa izango da etorkizunean lur horien egonkortasuna bermatzeko.

Alazne Gogoratuz Memoriala maiatzean itzuliko da Zorrotzara

ZORROTZ MORROTZ

Maiatzaren 18an ezinbesteko hitzordua du auzoan dantza gustuko duen edonork. Aurreko urteetan bezala Alazne Gogoratuz Memoriala Kiroldegiko Hockey Pistan burutuko da MDV dantzaren gidaritzapean, Zorrotzako hainbat eragileren laguntzarekin. Sarrerak 3 euroren truke lor daitezke Lápices liburudendan eta Nuria lurrindegian.

Gainera, aste berean “Laguntasuna” merkatarien elkartearen eskutik, beste bi kultur ekitaldi eskainiko dira Udaltegiko areto nagusian:            hilaren 16an, Maria Solinisek (piano-jolea) eta Mentxu Díezek (aurkezlea) “Emakumeen Taupadak: Nocturnas” musika-ikuskizuna eskainiko digute; hurrengo egunean “¡La Tarara!” antzerki-lana ikusi ahal izango da, Zenbatu Teatro Comunitarioren eskutik. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

“Toxikoak izateagatik” Nafarroan baztertu diren 3400 tona hondakin urtean jasoko ditu Saderrek Gipuzkoatik

Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu du Bilboko Udaleko otsaileko osoko bilkurak

Azken asteetan zenbait hedabidek iragarri dutenez, Gipuzkoak erraustegiko lixibiatu guztiak Sader lantegira bidaliko ditu Nafarroako planta baten itxieraren ondorioz. Informazio horren arabera, Zorrotzako bizilagunek kutsaduragatik eta usain txarrak eragiteagatik baztertzen duten fabrikak 3400 tona hondakin gehiago jasoko ditu urtean, Nafarroan jasotzen zituen zentroa “bidalketa horiekin lotutako irregulartasunengatik” itxi ondoren. Zehazki, hondakin horiek “toxikoak” izan daitezkeela aurpegiratu die Nafarroako Gobernuak Gipuzkoako arduradunei.

Aipatu behar da Saderrek 2022ko abuztutik egunero jasotzen duela zisterna-kamioi bat lixibiatuekin Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik, enpresak berak ziurtatu duen bezala. Sader “krisi honen konponbidearen parte” dela dio, eta iristen den guztia “Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen-baimenaren arabera” tratatzeko legezko baimen guztiak dituela berretsi du.

Hondakina toxikoa izan daitekeen ala ez galdetuta, Sader enpresak ez du ez baieztatu, ezta gezurtatu ere, eta Gipuzkoako erraustegira bideratzen du ardura, “hondakina katalogatzeko erantzukizuna ez delako jasotzen duenarena, baizik eta ekoizten duenarena”. Gaur egun, hondakinen kodeak faltsutzeagatik ikertzen ari dira Zubietako erraustegia.

Ausarkeria eta erantzukizun falta

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak argitaratutako komunikatu batean, gogorarazi du Zorrotzako, Elorrietako eta San Inazioko bizilagunen kexak ohikoak direla kutsagarriak izan daitezkeen emisioengatik. “Ausarkeria eta erantzukizun falta” leporatzen die Federazioak arduradun politikoei “aipatutako baldintzetan dagoen hiriko zonalde batean hondakin gehiago mugarik gabe jasotzea onartzeagatik”.

Ondorengo ohar baten bidez, isuriak jasaten dituzten auzoetako elkarteek premiazko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote Bilboko Udalari, “isuri barreiatuak eta iragazi gabeak” bukatzeko, eta hirigunean hondakin arriskutsuak tratatzen dituen fabrika horren lekualdaketan aurrerapenik ez dagoela salatu dute berriro. Era berean, Elkarteek gogorarazi dute Zorrotzako airearen kalitatea neurtzen zuen udal neurgailua 2023ko apiriletik matxuratuta dagoela eta Udalari “ahalik eta lasterren” konpontzea eskatu zioten. Badirudi hau konponduko dela, Sader-Profersaren isurketak kontrolatuko dituzten hiru neurgailu jartzea onartu baita handik egun gutxitara, otsaileko osoko bilkuran.

Halaber, hondakin arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek espazio publikoa etengabe okupatzen dutela eta kamioi horien zirkulazioa eta aparkalekua arautzen dituen udal-ordenantzarik ez dagoela salatu dute auzo-elkarteek.

Zorrotzako kaia itsasontzi handietarako Bilboko portu bihurtuko da etorkizunean

Horrela aurreratu zuen Asier Abaunzak Hiri Plangintzako zinegotziak Zorrotza lurmuturrerako aurkeztutako proposamenei buruzko hitzaldi informatiboan. Etorkizunean, Zorrotzaurre Olabeaga eta Zorrotza lotuko dituzten bi zubien altuera txikia dela eta, ezinezkoa da ontzi handiek azpitik nabigatzea. Beraz, gaur egun Euskalduna zubiaren ondoan dagoen Itsasmuseumaren ingurura heltzen diren itsasontzi handiak edo belaontziak Zorrotzaraino baino ezingo lirateke iritsi, eta beraz, bertan kokatuko da portua.

Kaiaren ezaugarriak ezin hobeak dira. Sakonera egokia izateaz gain, atrakatze-lerroa ia 800 metro linealekoa da. Gainera, 2019az geroztik, Bilboko Udala da kaiaren jabea, Portu Agintaritzari lur guztiak erosi ondoren. Oztopo nagusia da lursail horiek, titulartasun publikokoak izan arren, gaur egun Sader Profersaren industria-jarduerarako erabiltzen direla, eta horiek lekuz aldatu edo desagertu gabe, Abaunzak agindutako jarduerak ezin direla egin.

Zorrotzako Auzo Elkarteak positibotzat jo du kaiari erabilera ematea, eta planaren berri izatean, Itsasmuseum Zorrotzara lekualdatzea proposatu zuen, Molinos Vascos eraikina aprobetxatuta. Aukera horri buruz galdetuta, Abaunzak ez zuen museoa lekualdatzeko konpromisorik hartu, erabaki hori “Udalaren esku ez dagoelako”, Udala museoaren fundazioaren patronatuko kide izan arren “patronatuan beste kide batzuk ere badirelako”.

Martxoaren 21ean helduko da 23. Korrika

Martxoaren 21ean, arratsaldeko 20:15ak aldera, hartuko dugu Zorrotzan 23. Korrika. Ia bi mila kilometro egin ostean, Bilbotik Zorrotzara sartuko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Auzoan hainbat lekuko aldaketa egin ostean, Barakaldorako bidean agurtuko dugu.

Auzoko Korrika Batzordeak hainbat ekitaldi eta ekintza prestatu ditu motorrak berotzeko. www.zorrotzmorrotz.eus webguneko agendan eta ale honetako iragarkian zehaztasun gehiago topatuko duzu.

Bilboko Udalak Burtzeñako zubia estaltzea bultzatuko duela agindu du berriro, baina Barakaldokoarentzat hori ez da “lehentasuna”

Barakaldoko Udalak atzera bota du berriro, Aldundiak 2010ean obra honi ekiteko eskatu zuenetik, mahai gainean hamahiru urte baino gehiago eman dituen proposamena.

AITOR MARÍN

2010ean, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten Burtzeña eta Zorrotza lotzen dituen zubian «estalki partziala» jartzeko, egunero zeharkatzen duten oinezko ugariak euritik eta haizetik babesteko.  2016an, bi udalek onartu zuten ekimena, baina ezer konkretatu gabe Barakaldoko Udalak bere udalerriari zegokion zatia Aldundiarena zela argudiatuta. 2020ko azaroan, EH Bilduk eskaera bera eraman zuen bi udaletxeetara berriro. Bilboko Udalak auzotarrekin zubia estaltzeko proiektua aztertuko zuela agindu zuen. Barruti Kontseiluan eztabaidatu zen gaia, eta obra egiteko bi aukera aztertu ziren. Barakaldoko Udalak aldiz, proposamena baztertu zuen, “premia larriagoei erantzun behar zitzaielako”.

EH Bilduk obra bultzatzeko eskatu du berriro urtarrilean bi udaletxeetan. Alderdi subiranistak Udalari leporatu dio marmotaren egunean bizitzea gai honetan, eta auzoko bizilagunen eskariak “olinpikoki baztertzea”. Oposizioko gainerako alderdiek ere proposamenaren alde egin zuten: Elkarrekin Podemosek gogora ekarri zuen “PSEko Alfonso Gilek prest zuen” eta inoiz iristen ez den KBus-eko geralekua. PPko bozeramaileak Zorrotza auzoarekiko interes falta leporatu zien EAJri eta PSEri.

Bilboko udal gobernuak zuzenketa bat onartu zuen, eta bertan konpromisoa hartu zuen «eskumenak dituzten administrazioen artean» akordio bat lantzeko, obra berriz bultzatzeko. Asier Abaunza zinegotziak, zubiaren titulartasuna partekatua dela eta Barakaldoko Udalaren konpromisoa ere lortu behar dela onartu arren, obra egiteko “konpromisoa argia” dutela adierazi zuen, eta Barakaldoko Udalarekin hitz egingo dutela agindu zuen. Hala ere, ematen du Barakaldoko alderdi politiko berarentzat ez dagoela inolako konpromisorik. Obra eta Zerbitzuen Kudeaketako Barakaldoko zinegotzia den Jon Andoni Uriak osoko bilkuran adierazi zuenez, zubiaren oinezkoen eremua estaltzea “ez da Burtzeñako herritarren aldarrikapena”. Uriaren arabera, “nolanahi ere, zubi hori estaltzea Bilboko bizilagunen eskaera da, gehiago baitira Barakaldoko eskoletara edo metroa hartzera joaten diren zorrotzarrak beste norabidean pasatzen direnak baino”. Hala ere, Uriak berak, proiektuari uko egitea justifikatzen zuen bitartean, gogorarazi zuen Burtzeñako herritarrek Zorrotzako kiroldegia erabil ditzaketela “bi udalerrien arteko lankidetzari esker”.

Zazpi solairuko eraikin berri batek hartuko du Udaltegi berria 2026ko udatik aurrera

Zortzi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatuko du, eta Zorrozgoiti bidean kokatuko da, zahar-egoitzaren ondoan.

Zorrotz Morrotz

Bilboko Udalak zortzi milioi euro baino gehiago bideratuko ditu barrutiko udaltegi berri bat eraikitzeko. Eraikuntza-proiektua dagoeneko definituta dago, eta lanek, adjudikatu ondoren, hogeita bat hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Udaltegi berria Zorrozgoitibideko 21. zenbakian kokatuko da, eta egun kiroldegiaren ondoan dagoena ordeztuko du.

Ekipamendu-eraikin horrek auzoari zerbitzua emango dio, eta hainbat udal-saili lotutako gelak izango ditu, hala nola Gizarte Ekintza, Kultura eta/edo Gazteria. Proiektuaren aurkezpenean udal arduradunek nabarmendu zutenez, “auzoko kolektibo nagusiek Udalari helarazitako beharrei erantzuten die” proiektuak: “Zorrotzak eta bertako 11.000 bizilagunek euren beharren tankerako barrutiko udaltegi bat edukiko dute”.

Eraikin berri honek gimnasia-gelak, ikasketa-gelak, ekitaldi eta erakusketa aretoak, eta haurrentzako aisialdirako guneak hartuko ditu besteak beste. Gainera, gaur egun Fray Juan kaleko 35. zenbakian dagoen udal liburutegia hara lekualdatuko da. Lerro hauen ondoko irudian solairu bakoitzean egongo diren zerbitzuak ikus daitezke.

Egiturari dagokionez, bi bolumen izango ditu eraikinak, beirazko atari batek bereizita. Bolumen nagusia funtzionalena izango da, eta batez ere eraikinaren ekipamendu-beharrei erantzungo die. Bigarren bolumenean, berriz, komunikazio-gune bertikalak eta bainugelak egongo dira.

Eraikinak 4.365 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira, irisgarria izango da, bai sarbideetan, bai dagozkien geletan, eta akustikoki isolatuta egongo da. Halaber, eraikinak A kalifikazio energetikoa izango du, eta kontsumituko duen energia, neurri handi batean, iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiliz hornituko da, eta estalkian 50 panel fotovoltaiko jarriko dira.

“Amak ez zituen hil aurretiko sufrimenduzko ordu horiek merezi”

Hildako emakume baten familia Zorrotz Morrotzekin harremanetan jarri da anbulantzia medikalizatua berandu iritsi zela eta jasotako tratu “arduragabea” salatzeko. Gainera, kexa bana aurkeztu dute Osakidetzan eta Arartekoan.

AITOR MARÍN

Duela gutxi hil zen 92 urteko Jesusa auzokidearen familia gure aldizkariarekin harremanetan jarri da anbulantzia medikalizatu bateko langileengandik jasotako “tratu arduragabea” salatzeko. Gainera, laguntza eskatu zuten unetik, ordu eta laurden igaro zen anbulantzia amaren etxera heldu zen arte. Jesusak min handiak zituen sabelean, eta ordu batzuk geroago hil zen Basurtuko ospitalean. Familiak onartzen du anbulantzia azkar iritsi izan balitz ere, amaiera berdina izango zela, baina hala ere alabetako batek oraindik txundituta salatzen du amak ez zituela merezi sufrimenduzko ordu horiek guztiak bere bizitzako azken uneetan, eta sufrimendu hura “saihestu zitekeela”.

Jesusaren familiak Osakidetzan eta Arartekoan kexa bana aurkeztu du jasotako tratuagatik. Alabek bizitakoa salatu nahi dute, berriro errepika ez dadin: “Horregatik, eta nire amak, oso borrokalari eta bere eskubideen eta osasun publikoaren defendatzailea sutsua zenak, hala nahiko zukeelako”.

Jesusaren familiak emandako testigantzaren arabera, gertakariak urtarrilaren 30ean izan ziren. Eguerdi aldera, oroimen klase baten ondoren etxera iritsi bezain laster, Jesusak Zorrotzako bizilaguna ere baden alaba bati deitu zion, min handiak zituela ohartarazteko. “Ahizpari deitu nion eta biok joan ginen korrika etxera, ama oso gaizki zegoelako”. Ataritik, haren oinazezko garrasiak entzuten ziren.

Ordurako, Jesusak Beti On telelaguntza-zerbitzura deitu zuen. Berehala, Jesusaren bi alabek larrialdietara ere deitu zuten anbulantzia bat eskatzeko: “Duela urte batzuk aorta-aneurisma bat jasan zuen 92 urteko emakume bat zela azaldu nien, eta horrekin zerikusia izan zezakeela”. Behin baino gehiagotan, berriro deitu zuen 112 telefonora, ama laguntzarik gabe hilko zela uste zuelako. Larrialdi zerbitzutik, bidean zeudela erantzun zioten guztietan: “Ezin nuen ulertu nola Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetatik kilometro batera bizi izanda, hainbeste denbora behar zen hona heltzeko”.

Etsita, Zorrotzako osasun-zentrora ere deitu zuten. Handik hamar minutura, familiako medikua heldu zenean, anbulantziako langileei haietako medikua nor zen galdetu zien: “Ez dago, ez da derrigorrezkoa medikurik egotea bizi-laguntzako anbulantzietan”, azaldu zuen anbulantziako teknikariak. Ordurako, bigarren laguntza-anbulantzia bat iritsia zen, eta bertako langileak “aurreko anbulantziako langileekin solasaldian zeuden”. Horrek areagotu egin zituen Jesusaren alaben etsipena eta haserrea: “Erakutsi zuten gizatasun eta enpatia eskasak anbulantzia berandu heltzeak baino askoz gehiago mindu gintuen”. Suminduta, bere ama ospitalera behingoz eraman zezatela eskatu zuen. Urduri ez egoteko, zer egin behar zen bazekitela izan zen anbulantziako langileen erantzuna.

Hasieran bertaratutako langileek, bertan ez zegoen mediku batek ikusi behar zuen elektrokardiograma bat egin zioten Jesusari, erabaki bat hartzeko. Baina ordurako, han zegoen familia-medikua: “Hemen zaudenez, irakur ezazu zuk”, esan zioten doktoreari. Hala egin, eta “amak besikulan ebakuntza egina zuela entzun ondoren, berehala ospitaleratzeko agindu zuen Zorrotzako Osasun Zentroko medikuak. Ordurako, Jesusaren egoera kritikoa zen: “Une hartatik aurrera bakarrik hasi ziren mugitzen”, salatu dute senideek.

Anbulantziako langileak Jesusaren alabekin izandako jarrera justifikatzen saiatu ziren. Ospitalean gaixoa utzi ondoren, anbulantziako teknikaria Jesusarekin batera ospitalera joandako alabarengana hurbildu zen, eta gertatutakoa “anekdota batean” uzteko eskatu zion, “denak oso urduri baitzeuden”. Jesusaren familiak ezin zuen sinetsi: “Nire ama minez hiltzen ari zen, behar bezala artatua izan gabe”.

Basurtuko ospitaleko langileentzat, aldiz, esker oneko hitzak baino ez ditu Jesusaren familiak: “Egin zioten eskanerraren ondoren esan ziguten ez zegoela zer eginik eta sedatu egingo zutela. Gela izagurri handi bat utzi ziguten familia osoak agur esan ziezaion, eta duintasun handiz tratatu gintuzten”. Jesusa bikain egon zen azken segundora arte, eta planak xaloki egiten ere aritu zen, harik eta gauean lo hartu eta hurrengo goizean hil zen arte.

Jesusaren alabek ulertzen dute anbulantzietako langileen haserrea beren lan-baldintzengatik, eta haien aldarrikapenak babesten dituzte: “Badakit oso erreta daudela, hala esan zigutelako, baina gertatu zitzaiguna ezin zaio beste inori gertatu. Langile gehiago behar badira eta haien lan-baldintzak hobetu behar badira, konpondu behar da. Arduradunek aitortu behar dute Osakidetzan zerbait huts egiten ari dela.”

Ibilka Teatro eta Heyoka Clown konpainien saio bana Zorrotzan Bilboko Zirkuitua programaren barruan

Ibilka Teatro eta Heyoka Clown konpainiek “Cuando secuestramos al jefe eta “Las Franciskas aurkeztuko dituzte hurrenez hurren Zorrotzako Udaltegian Bilboko Udalak antolatutako 2024ko Bilboko Zirkuitua ekimenaren barruan. Antzezlan hauetaz gozatu ahal izango dugu otsailaren 1ean eta apirilaren 18an hurrenez hurren, biak 19:00etan hasita.

Lehen aldiz Bilboko Zirkuitura iritsiko den antzerki-proposamen honetan, bi gazte dira protagonistak. Dirurik ez, baina plan zehatza dute Paulak eta Miguelek: Erregea akatzea. Planak perfektua zirudien arren, gauzak ez dira aurreikusi bezala atera, eta gazteek pisua eta gosaria partekatu behar dituzte Espainiako estatuburuarekin. Bitartean, Espainiako Erregea bere betebeharretatik kanpo dagoela, Zarzuelan beste estatu-kolpe bat egon daitekeela susmatzen hasiko dira.

Bilboko Zirkuituaren edizio berri hau urtarrilaren 11n hasi zen Errekaldeko Udaltegian “Relax a troisantzezlanarekin eta maiatzaren 9an amaituko da Basurtun Nodulos Teatroko “Carmen antzezlanarekin. Guztira, hiriko auzoetan doako hamasei antzerki proposamen egongo dira ikusgai.