Zorrotzako Portuan Aldarrika

Aitor Marín Castro

Pasa den ekainaren 5ean 50 urte bete ziren Gabriel Aresti poeta euskaldun handia hil zela. Ez dut nahi ez naizena armatzea, eta ez naiz batere Arestiren obran aditua, ezta oso poesiazalea ere. Hala ere, jakina da, euskal literaturako poetarik handiena ez bada, euskal literaturaren figurarik handienetakoa, eta zalantzarik gabe, euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa izan zela.

Euskal literaturako figura garrantzitsuenen sailkapena egitera ausartzen ez naizen bezala, Arestiren lanik garrantzitsuena zein izan zen ere ez dut esango. Baina Nire aitaren etxea defendatu nahi dudanez, nik bat aukeratu behar badut, Arestik 1963an idatzitako Zorrotzako Portuan aldarrika poemaren alde egingo nuke.

Poema horretan, gure auzoko kaiko lanegun bat deskribatzen du Arestik. Anton eta Gilen izeneko pertsonaien bidez, errealismoz eta gizatasunez tintatzen du egileak bertan gertatzen den guztia uneoro. Lanaren gogortasuna eta nekea presente hartuta, langileen elkartasunaren aldarrikapen ederra da.

Zorrotzarra naizen aldetik, oso polita eta interesgarria egiten zait une hartako bizipenak irudikatu ahal izatea, gure auzoko lekurik garrantzitsuenetariko batean. Baina zer da gune hori gaur egun? Ba Anton eta Gilen bezalako langileak badaude, baina ez enborrak mozten, lantegi zaharkitu pare batean lanean baizik. Egun, aleman barkurik ez da Zorrotzara iristen. Horren ordez, eta uretatik heldu beharrean, errepidetik auzoko erdigunea zeharkatu ondoren, Sader eta Profersa lantegi kutsagarrietan tratatzeko hondakin toxikoak dituzten kamioiak iristen dira etengabe. Batzuk hurbiletik, baina kanpotik datozenak ere badaude. Saderrek legez jaso zezakeen hondakin arriskutsuen kopurua gainditu du azken urteotan. Eusko Jaurlaritzak, gertaera horiek zigortu beharrean, enpresa saritu du baimendutako kuota handituz.

Enpresek eta udal agintariek askotan adierazi dute lantegiek isuritako kea ez dela osasunerako kaltegarria. Ez gaude batere ados hemen bizi garen bizilagunok. Idatzia poesian aditua ez naizela onartzen hasi dut. Zientzian ere ez naiz jantzia, baina urteetan uko egin diote neurketak egiteari,  eta egin izan diren bakanek (azkena institutuko ikasleek egindako herri zientziako azterketa) kontrakoa diote.

Ezinezkoa da Arestik 2025ean poemarik idaztea, jakina. Baina gaur egungo auzoko portuko lanegun arrunta deskribatu beharko balu, ziur nago Zorrotzako portuan aldarrika egongo litzatekeela berriro. Kasu honetan, ordea, auzokideokin batera, “Sader Profersa kanpora!” aldarrikatuko luke.

Jirabiraka Zorrotzako auzobiran

Patxi Xabier Fernández Monje
EH Bilduko Bilboko zinegotzia
@jabotxa62

Egunero jirabiraka gabiltza, fisikoki eta burmuinari zukua ateratzean. Honaino, nobedaderik ez.

Zinegotzi lanetan ere bai. Bilbon, munduko hiriburua izanik, batzuetan nahi baino zeregin nekezagoa da eta. Etengabe jirabiraka. Hala bulegoan udal zirrikituetan espediente bat eskatzeak dakarren letania, nola edozein sailetako kontratazio mahai batera joatea.

Bestela, barne bilera batean egon gaitezke, estrategiak prestatzeko eta agendak errepasatzeko, edo egun agintean daudenekin proposamenen bat negoziatzen. Administrazio kontseiluetako deialdiak ugaritzen dira, baita ekitaldi instituzionaletan presentzia ziurtatzeko edo ezeztatzeko eskaerak ere. Ezkontzak aipatu dituzu? Ba bai, maiz, bikote askoren bizitzaren etapa berriak gure sinadura darama.

Aitzitik, parte naizen udal taldean argi eta garbi daukagu gure jardueraren ardatza zein den: kalean eta udaletxean pisu berbera eduki behar du gure jardunak. Onartu beharra daukat esatea erraza dela oso, baina teoriatik errealitatera jirabiraka gabiltza. Udala gertuen dagoen instituzioa izanik, gakoa hau da: beharrezkoa den hurbiltasun  hori nola lortu? Nola bihurtu gertutasuna eraginkorra pertsonen bizitzak hobetze aldera?

Normaltasunak dio eragileekin bilerak ez direla falta: kezkak, egitasmoak, proposamenak, salaketak, zalantzak edota kudeaketaren gabeziak ezagutzeko parada izaten dugu. Ongi etorriak dira, baina ia beti motz geratzen zaizkigu eta nahi baino gehiagotan testuingurutik at.

Beraz, buruari eraginez, jirabiraka genbiltzan eta jiratzeari utzi genion… biratze “hutsa”-ri ekiteko eta horrela auzobirak jaio ziren.

Trukoa “erraza” da oso: auzoetako eragilerik sustraituenekin eta  arlo estrategikoetan murgildu edota gizarte-ehuna ordezkatzen dutenekin egoteko, entzutea eta, batez ere, ikastea.

Errekalden eta Santutxu ibili ginen aurreko hilabeteetan eta pasa den astean Zorrotzaren txanda heldu zen.

Eta biraka IKASTEKO, letra larriz. Ikasteko abagunea izan genuen eragile askorekin hitz egin ostean: eskoletako eta institutuko zuzendariekin; IGEetako kideekin; Auzoka eta Gure Lurraren proiektuen partaideekin; adinekoen etxeko erabiltzaileekin; Lagunkoia ekimen txalogarriaren bultzatzaileekin edota, besteak beste, Auzo Elkartearen boluntarioekin auzoan zenbat falta den egiaztatzeko.

Jira-biraka gabiltza, Zorrotzatik Bilboko beste auzo batera mugituko gara, errealitate desberdinetan sakontzeko, baina beti nahi berberarekin: egiten dugunaren berri eman eta, batik bat, herritarrak zuzenean entzun. Biraka hobetzeko.

Munduaz ahaztea

Asier Urkiza

Bizitza, sinple sinpleak irudituagatik barneratzen zailak diren irakaspenez betea dago. Denborak baino ez ditu ekartzen horietako batzuk, hausnarketak eta norbere buruaren azterketa sakonak besteak. Erraz esanda, zaila dela kontua. Azkenerako gauza zentzudunak, logikoak direla konturatzen zara. Baina horra hor paradoxa, sufrimendu eta pairamen asko behar da horren ondorio argira iristeko.

Gatozen zehatzagora. Besteekiko enpatia ikasi egiten da. Eta ez naiz ari besteen lekuan jartzeaz bakarrik, hori izanagatik enpatiaren esanahia berez. Besteek diotena zergatik dioten ulertzeaz ari naiz; askotan hurkoari zerbait aurpegiratzean, kontuak ateratzean, larderiaz hitz egitean, nor bere buruaz ari dela ulertzeaz. Hau da, A-k zerbait jakinarazten dio B-ri, beretzat garrantzitsua den zerbait, berezia oso. B-ren erreakzioa, ordea, ez da izan A-k espero zuena bezalakoa. Hotza izan da, ez da harengatik behar adina poztu, are, komentario sarkastiko bat edo beste ere bota dio. Normala den bezala, zapuztu egin da A, lagunarekin mindu. Erantzun zeharo gizatiarra, bestalde. Baina aztarrika hasiz gero, barnera begira jarrita, honelako ondoriora irits gaitezke: B-ren erantzuna ez da izan A-rekikoa, A-k esandakoa beragan piztutako gatazka eta azaleratuko arrakalek eragindakoa baizik. Alegia, A-rekin baino, bere buruarekiko norgehiagokan ari dela B.

Horrela gabiltza denak finean, bestearekin ari garelakoan gure buruarekin borrokan. Gure nahi, desio, zaputzaldi eta minekin. Bestearekin ari garelakoan, bai, maiz gainera bestearengan jarriz gure buruarentzat den amorrua, ustez bestea gorrotatuz ispilu-joko baten bidez gure burua gorrotatzen ari garenean. Horrekin ez dut esan nahi bizitzan gertatu oro gure buruaren luzapena besterik ez denik, kanpo mundurik egon ez eta egoa baino existitzen ez denik. Ez. Kanpo mundua egon badago eta zilegia dirudi horrekiko maitasun, gorroto, arbuio edo miresmen jarrerak garatzea. Bietako zein gauden unean gorpuzten, baina, ez da erraza bereizten. Borroka intimoa eta sozialean ari garen. “Pertsonala politikoa da” esan zuen feminismoaren bigarren olatuak. Eta bai, baina pertsonala pertsonala ere bada, eta politikoa politiko. Bietako bakoitzak bere autonomia gordetzen duela, alegia. Tira, arinkeria ere ematen du garaiotan horrelakoez mintzatzea. Mundua hankaz gora dagoela entzuten da, bateko gerra besteko agintari autoritario. Faxismoaren gorakada eta neoliberalismo basatiaren enegarren koxka estutzea. Noiz ez du munduak gerrarik ezagutu, ordea? Hilotzez beteta egon da nor eta Europa bera, XX. mende erdialderaino ia. Ez dira garai hauek beste batzuk baino askoz ilunagoak, eta halere badago hori sinestarazteko nahi bat. Izango da akaso albistegiari begira diezaiogun fikzio kate bati bezala, Netflixen azkenengo telesaila begiratzen den moduan, gerra bideojoko hutsa bailitzan… Horrela, gure buruaz ahaztu arte, zeinak, ondorio gisa, munduaz ahaztea ere ekarriko baitu, jakina. Izan ere, zer da enpatia?

Zorrotza eta metroa. Maitasun eta gorroto istorioa

Raúl Méndez.

EH Bilduko batzarkidea (@rmurigoitia)

Bilboko metroaren 1. eta 2. lineak planifikatzeko orduan, Zorrotza ibilbidetik kanpo uztea izan zen akats nagusietako bat. Itsasadarraren azpiko pasabidea Lutxana eta Gurutzeta artean egin beharrean, San Mamesen egin izan balitz, Zorrotza 2. lineako lehen geltokia izango litzateke, eta metro geltokia izango luke 2000ko hamarkadaren hasieratik.

Baina, kudeatzaile publikoen utzikeriaren ondorioz, duela 25 urte posible izan ez zena,  partzialki konpon daiteke etorkizun hurbilean. FEVEren geltokia lurperatzeak eta metroaren 4. linearen trazadura berriak egoera horri irtenbidea ematea ahalbidetuko lukete.

Horregatik, funtsezkoa da lehenbailehen eta abiadura handiz aurrera egitea auzoarentzat garrantzi handia duten bi eraikuntza-proiektu horien idazketan. Metroa Bilboko hegoaldeko auzoetara, eta horien artean Zorrotzara, iristeko apustua egiteko garaia da.

Geltokia lurperatzea 120 milioi euro ingurukoa izango litzateke, Bilboko Udalaren eta ADIFen artean ordainduko litzateke, eta 2030 baino lehen egin liteke. Aldi berean, Bilboko metropoli-trenbidearen 4. lineako eta hegoaldearen eraikuntza-proiektuaren idazketa bizkortu behar da. 300 milioitik gorako balioa duen proiektua da hori, lurperatzearekin denboran eta faseetan egokitu behar dena.

Azken batean, metroaren 4. linearen trazadura berria Moyua geltokitik hasi beharko litzateke, Irala eta Errekaldetik igarota, eta, ondoren, Basurtuko ospitalearen inguruan dagoen FEVEren egungo linearekin bat egin, Zorrotzaraino iritsi eta Alonsotegin Enkarterrirekin lotu beharko litzateke. Bertan, kotxetegi eta tailer berriak proiektatu ahal izango lirateke.

Beraz, esan dezakegu teknikoki eta ekonomikoki posible dela metroa Zorrotzaraino heltzea hurrengo hamarkadaren hasieran.

Mugikortasun paradigma berri baten aurrean gaude, apurka-apurka, ibilgailu pribatua alde batera utzi eta garraio publikoa zein gutxiago kutsatzen duten garraiobideak erabiltzera eramango gaituena. Horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoa eskainiko diguten garraio-azpiegitura berriez hornitzea, baita egungo maiztasunak eta ordutegiak hobetzea ere.

Metroaren 4. linearekin, Zorrotza Bilborekiko konexioak hobetuko ditu, eta metroaren sisteman integratuta egongo da horrek dakarren guztiarekin: gaueko zerbitzua, tarifa integratua, lineen transbordoak doan, etb.

Gorroto-diskurtsoen, muga-zergen, gerren eta berrarmatzearen garaian, eman diezaiogun ilusio pixka bat gure auzoari. Lor dezagun guztion artean hau benetako maitasun istorio batean bukatzea.

Hurrengo geltokia… Zorrotza!

Esan dezakegu teknikoki eta ekonomikoki posible dela metroa Zorrotzaraino heltzea hurrengo hamarkadaren hasieran

Talde, elkarte eta Zorrotzako auzotarrentzako oharra

Alazne Gogoratuz Memorialaren talde antolatzaileak auzoari jakinarazi nahi dio tamalez antolaketa mailako arrazoiengatik bertan behera utzi behar dugula 2017tik ospatu den kultur ekitaldi hau.

Urte hauetan kalitatezko ikuskizunak eskaintzen ahalegindu gara, normalean Zorrotzatik urrun dauden antzoki eta aretoetan eskaintzen diren dantza bezalako adierazpen artistikoak gure auzora hurbilduz.

Pozik gaude honaino iritsi izanagatik, 6 edizio bete ditugulako eta zorrotzarrek eta bisitariek dantzaren magian murgiltzeko aukera izan dutelako prezio ezin hobean. Gainera, Alazne Gogoratuz Memoriala oso erakusleiho preziatua izan da gure inguru hurbileko dantza konpainia eta eskolentzat.

Hori guztia lortzeko, zalantzarik gabe azpimarratu nahi genuke Zorrotzako talde, dendari eta pertsona askok, batez ere Auzo Elkarteak eta Merkatarien Elkarteak, urte hauetan Memorialari eman dioten laguntza eskerga.

Halaber, Jon Amurizak, lehenengo edizioetan, eta Mikel del Vallek, azkenetan, egindako lan ona nabarmendu nahi dugu, alderdi tekniko eta artistikoei aurre egiten eta abentura hau ederto gidatzen jakin baitute.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Bilboko Udaleko Kultura Sailari, hasieratik Kiroldegiaren esparrua lagatzeagatik zein azpiegitura teknikoaz arduratzeagatik, eta Laboral Kutxari, urte hauetan guztietan egin duen ekarpen ekonomikoagatik. Eskerrik asko eta hurrengora arte.
Zorrotza, 2025eko otsaila.

Alazne Gogoratuz Memorialaren talde antolatzaileak auzoari jakinarazi nahi dio tamalez antolaketa mailako arrazoiengatik bertan behera utzi behar dugula 2017tik ospatu den kultur ekitaldi hau.

Donostia, euskararen hiriburu

Bilbo: Euskararen hiriburua izeneko erakusketa ibiltaria jarri zuen martxan Bilboko Udalak iragan azaroan eta ordutik hona auzoz auzo dabil. Erakusketak Bilbo eta euskararen arteko lotura, alkate jaunaren hitzetan, “estua, sakona eta erabatekoa” azpimarratzea zuen helburu. Ongi etorriak izan daitezela horrelako ekimenak, baiki, eta ez dut zalantzarik erakusketak azalduko dituela hainbat auzi jakingarri. Aurkezpenean, ordea, honako hau ere bota zen, erakusketa bera bezain esanguratsua: “Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. Ez da, jakina, irakurtzen dugun lehenengo aldia. Datuak eskutan ez da gezurra izango. Analisi sakonago bat egin orduko, baina, apar bihurtzen da olatua.

Horrelakoak irakurri eta ezin beste bilbokeri baten aurrean gaudela pentsatzeari utzi. Galdetzen diot neure buruari ea zergatik izan behar al dugun beti gehienak, nagusiak, lehenengoak. Bada joera bat ez dudana bat ere atsegin, uste baino hedatuago gurean, topikoak topiko. Hainbatetan haserretu zaizkigu lagun gipuzkoarrak, adarra jo ere bai, teleberriak -gaur egunek horretarako ere ez du ematen, gizajoak- telebilbao ematen duela, egunero ari direla tai gabe Bilbo gora Bilbo behera, hezur-muinetaraino sartu nahi dietela gainerako euskaldunei Bilbon jokatzen dela partida, Bilbo dela erpina eta gainerakoak osagarri baino ez. Bilbo da Hiria eta besteak herrixka gajoak. Gipuzkoar eta enparauen ezinikusia gehiegia da batzuetan, ahaztuko balute bezala Bilbon ere badirela bigarren mailako bilbotarrak eta ez dela berdin Abando edo Otxarkoaga. Are gehiago, herra Vocento bezalakoek sustatzen dutela gehienbat eta ez dela makala euskaldunak Bilbora destainaz begira jartzea Madril eta Parisera beharrean.

Gatozen berriro erakusketara eta baieztapen lapidariora: “Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. % 3,5 da Bilboko euskararen erabilera Soziolinguistika Klusterreko azkenengo neurketaren arabera (2021); Donostikoa, aldiz, %15,3. Baina esperientziak neurketek baino gehiago balio duenez sarri, zilegi bekit aipatzea gure azken asteburukoa, Donostian. Hoteleko bi harreragilerekin harrema izan dugu, biak euskaldunak; hiriko hainbat alderditan -alegia, ez bakarrik Alde Zaharrean edo euskaldunok elkartu ohi garen guneetan- entzun dugu euskara inguruan; 50 urte inguruko koadrila osoak entzun ditugu euskaraz poteatzen, auzo normal samar batean; hiriko alderdi pijoenetan ere entzun ditugu euskaldunak; taberna guzti-guztietan euskaraz eskatu ahal izan dugu, arazorik gabe, tabernari batzuek erdaraz erantzunda ere; entzun dugu jendea gaztelaniaz arituta ere euskarazko hitzak eta esaldiak sartzen, euskararekiko atxikimendua edo adierazten duena eta Bilboko gune erdaldunetan imajinatu ere ezin daitekeena egin; azkenik, saltoki eta taberna askoren errotuluak eta menuak euskaraz irakurri ahal izan ditugu, Bilbon, legez behartuta egon arren, hain ohikoa ez dena. Tira, zerrenda infinituki luzatzeko asmorik ez daukat eta karaktere gabe geratzen ari naiz. Laburbilduz, begira diezaiotela beren zilborrari erakusketen antolatzaileek eta erosokeriaren aparretan murgildu ordez, har dezatela kontuan donostiar idazle haren esanak: “Edo Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko”. Partida ez da bukatu.

“Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. Ez da, jakina, irakurtzen dugun lehenengo aldia.

Auzo garbiago baten alde

Zorrotzak aurpegi asko ditu. Esate baterako, ospe ona dugu gizarte-sare aberatsa izateagatik, gure kaleetan eta ospakizunetan egoten den giro onagatik eta auzo batu eta aldarrikatzailea garelako.

Beste alderdi batzuetan, berriz, Zorrotzak ospe txarra du, adibidez, jasaten ditugun usain txarrengatik edo trafikoak eta inguruko industriek eragiten duten kutsaduragatik. Ziur aski, horregatik daramatzagu urteak jasaten dugun kutsadura aktiboki salatzen eta, aldi berean, eskatzen SADER eta PROFERSA beste leku batera eraman ditzatela.

Azken batean, guztiok auzo osasuntsuago batean bizi nahi dugu; baina hori aldarrikatzeaz gain, gutako bakoitzak zerbait gehiago egin ahal du?

Nire ustez, erantzuna baiezkoa da. Izan ere, badira gure esku dauden hobetu beharreko alderdi batzuk. Adibidez, zorua garbiago egon liteke jendeak ez balitu zorura botako plastikozko poltsak, tabako paketeak, latak eta abar, horretarako paperontziak egonda.

Bestalde, erretzaile batzuen jarrerak beste arazo bat sortzen du, zorura edo estoldetara botatzen dituztelako zigarro hondakinak. Honek sortzen duen arazoa begi bistakoa da, zigarrokinek dituzten kutsatzaile toxikoek itsasoan amaitzen dutelako, hondakin-uren bidez.

Hobetu daitekeen beste alderdi bat etxe-animaliekin lotuta dago, batez ere txakurrekin; izan ere, espaloietan, atarietan eta denda eta tabernetako sarreretan eragiten duten kaltea saihestu ahal izango litzateke zenbait jabek hobeto zainduko balituzte beren maskotak.

Auzo honek borrokan jarraituko du industria gogaikarri eta kutsakorrak joan daitezen, baina gutako bakoitzak keinu txikiekin lagun dezakegu Zorrotza garbiagoa eta osasungarriagoa izan dadin. Merezi du eta, neurri handi batean, gure esku dago.

Guztiok auzo garbiago batean bizi nahi dugu; baina hori aldarrikatzeaz gain, gutako bakoitzak zerbait gehiago egin ahal du?

Jaien balorazioa: “auzolana” ardatz

Behin auzoko jaiak pasata eta haietatik errekuperatzeko denbora nahikotxo izan ondoren, jaien ebaluazio objektiboa egiteko momentua heldu da. Aurten, zerbitzu publikoen balioa nabarmentzeko helburuarekin, auzoko eskola publikoei laga diegu pregoia, gora zuek!

Zorrotzako Jai Batzordeko kideen eta kolaboratzaileen esfortzu eta borondatezko lanari esker, aurten ere adin guztietarako pentsaturiko programazioa kaleratzea lortu dugu, eragozpen guztiak gaindituta. Izan ere, prezioen igoerak jaietan ere izan du bere inpaktua, eta estimatutako aurrekontuak igoerara moldatu behar izan ditugu.

Programazioaren aldetik mota guztietako kirol erakustaldiak eta tailerrak izan dira; eta 60 urte gorako ekintzen alde apustu egiten jarraitzen dugu. Auzoko taldeen ekarpenek (bertso saioak, koadrilen lehiaketak, dantzen agerraldia, txokolatada…), tabernek eskainitako ekitaldi musikal eta gastronomikoekin batera, gure programazioa aberastu egin dute. Datorren urteko haurrentzako programazioa hobetzea izango da helburua, besteak beste.  Barreak, algarak, dantzak eta ospakizunak ugariak izan diren arren, jaien giro alaia estaltzen saiatu diren gertakizun batzuk ere izan dira. Horien aurrean esan beharreko gauza bakarra: inolako erasorik gabeko auzo baten alde lan egiten jarraituko dugu auzokideok.

Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu zuen denbora auzoari eskaintzen diozuen guzti horiei: zuen laguntza ezinbestekoa da, eskerrik asko bihotzez! Jarrai dezagun batera lan egiten, auzo bizi eta anitza eraikitzen, “auzolana” lelotzat hartuta. Gure ebaluazioa amaitutzat eman dugu. Orain zuen balorazioa egiteko unea da. Edozein ekarpen egin nahi izanez gero, edota hurrengo jaietan parte hartu nahi izanez gero, jar zaitez Jai Batzordearekin harremanetan. Pozik izango gara gurekin batera jende proaktiboa izateaz. Anima zaitez!

Barreak, algarak, dantzak eta ospakizunak ugariak izan dira… 
Datorren urteko haurrentzako programazioa hobetzea izango da helburua, besteak beste

Chill Mafiak agur

Haize freskoa bezalakoa izan zen. 2021eko otsailaren 21a da eta “Zure kebapa” kantuko bideoklipa erakutsi dizu lagun batek. Freskotasuna eta halako identifikazio bat. Ez dituzu ezagunak, baina zure lagun batzuek bai. Egun pare baten ondoren “Gazte arruntaren koplak”-ekin lehertu zen dena. Ordutik ibilbide gorabeheratsu bat, beti jopuntuan egon direlako sentsazioa eta hainbat hanka-sartze. Eta parranda asko, jakina. Agur esango du Chill Mafiak, ez adiorik .

Baloraziotan hasiko dira orain asmo oneko betaurrekodunak, erredakzioetako saguak eta bost xentimoko iritzi emaileak. Zer izan zen, nola ulertu beharra dago “fenomenoa”, zer ekarri ote zioten euskal kulturari. Nola hasi ziren eta nola bukatu. Last Tour eta beste. Baietz zirudien, baina… Ez dute gezurrik esango. Filtrozko betarrekorik gabe errealitatea interesgarria da, halere.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo. Eguneratu du joko zelaia edo behintzat zelai horretan ildo berria jorratu. Emankorra. Ez die gainontzeko agenteei zuzenean eragin, hau da, dinamika zaharrei eutsi diete askok eta askok; etorriko direnei bidea leundu die, ordea. Iraultzarik ez da gertatu, beharrik ere ez, landak ongarritzea nahikoa baita datozenek erein dezaten. 

Zer izan da Chill Mafia? Akaso Iruñeko koadrila bat besterik ez, beraiek esan izan duten moduan. Prekarietatean jaiotako belaunaldi bateko katebegiak. Gazteen noraez eta kokatu ezina gorpuztu dutenak hala nahi izan gabe. Ez dira inoren ez ezeren bozeramale izan. Batzuek esango dute akatsak egin dituztela. Nik neuk ez ditut begi onez ikusten egindakoetako asko. Ez du garrantzi handirik horrek, baina. Kontua da dardara, lurrikara izatera iristen ez den baina plaka tektonikoak zalantzan jartzera behartzen duen ekina. Euskal kultura marko erreal batean kokatu dute, fikzio tutelatutik atera. Eta bai, lehen ere bazeuden kultura ofizialetik kanpoko proposamenak, markoak puskatzearen aldeko ekarpenak. Ez dira ez lehenengoak, ez azkenekoak. Baina bai agian arrotzenetakoak, festara gonbidatuta ez zeuden ezusteko bisitariak. Ez horregatik.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo…

Iraila

Konturatzerako beste irail bat etorri zaigu gainera. Iritsi bezala alde egin du udak. Lerrook idazten ditudan unean oraindik ere udan gaudela diote telebistan. Zeru grisen pean errutina berri batean murgilduta dabilenarentzat, ordea, udatik gutxi du irailak. Tira, irakasle jendearen kontuak dira hauek, izan badirenez uda betean lan eta lan jardun ondoren oporraldia orain hartuko dutenak. Horientzat esanahi zeharo desberdina izango du irailak.

Trantsizio garaia izan ohi da niretzat iraila, ortzimuga berriak ikusmiratzekoa. Berriak eta ez hain berriak. Hortxe dago konfort eremuaren kontzeptu hori, batzuek gorrotatua. Konfort eremua berez da desiragarria, nire irudiko. Guztion nahia beharko luke lasai eta zoriontsu bizitzeak, norbere buruarekin zein besteekin bakean. Autokonplazentziatzat dute hainbatek turbokapitalismo eta hiperaktibitatearen garaian. Izatekotan, konfort eremua zein den zehaztea, horrek dirudi garrantzitsuagoa. Ustez bertan goxo egonda lokatzetan egotea. Noraeza erosotasunarekin nahastea eta korronteak eraman zaitzala uztea.

Agian, eremuak eremu, irailaren sasifilosofia hori guztia jarri beharko genuke auzitan, inposatu nahi diguten bukaera-hasiera binomiotik atera, produktibitatearen hasierarekin lotuta baitago. Izan ere, hau dioskute, lau haizeetara, “eskolara buelta” itxurako esloganek: “Bukatu da aisia, gozatzeko denbora, gurpilera sar zaitezte berriro!” Horren kontra matxinatu daiteke norbera, bizimoduaren bitartez. Hainbeste zor diogu aisirik batere ez duen jendeari.

… Agian, eremuak eremu, irailaren sasifilosofia hori guztia jarri beharko genuke auzitan, inposatu nahi diguten bukaera-hasiera binomiotik atera, produktibitatearen hasierarekin lotuta baitago