Zorrotzako Portuan Aldarrika
Aitor Marín Castro
Pasa den ekainaren 5ean 50 urte bete ziren Gabriel Aresti poeta euskaldun handia hil zela. Ez dut nahi ez naizena armatzea, eta ez naiz batere Arestiren obran aditua, ezta oso poesiazalea ere. Hala ere, jakina da, euskal literaturako poetarik handiena ez bada, euskal literaturaren figurarik handienetakoa, eta zalantzarik gabe, euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa izan zela.
Euskal literaturako figura garrantzitsuenen sailkapena egitera ausartzen ez naizen bezala, Arestiren lanik garrantzitsuena zein izan zen ere ez dut esango. Baina Nire aitaren etxea defendatu nahi dudanez, nik bat aukeratu behar badut, Arestik 1963an idatzitako Zorrotzako Portuan aldarrika poemaren alde egingo nuke.
Poema horretan, gure auzoko kaiko lanegun bat deskribatzen du Arestik. Anton eta Gilen izeneko pertsonaien bidez, errealismoz eta gizatasunez tintatzen du egileak bertan gertatzen den guztia uneoro. Lanaren gogortasuna eta nekea presente hartuta, langileen elkartasunaren aldarrikapen ederra da.
Zorrotzarra naizen aldetik, oso polita eta interesgarria egiten zait une hartako bizipenak irudikatu ahal izatea, gure auzoko lekurik garrantzitsuenetariko batean. Baina zer da gune hori gaur egun? Ba Anton eta Gilen bezalako langileak badaude, baina ez enborrak mozten, lantegi zaharkitu pare batean lanean baizik. Egun, aleman barkurik ez da Zorrotzara iristen. Horren ordez, eta uretatik heldu beharrean, errepidetik auzoko erdigunea zeharkatu ondoren, Sader eta Profersa lantegi kutsagarrietan tratatzeko hondakin toxikoak dituzten kamioiak iristen dira etengabe. Batzuk hurbiletik, baina kanpotik datozenak ere badaude. Saderrek legez jaso zezakeen hondakin arriskutsuen kopurua gainditu du azken urteotan. Eusko Jaurlaritzak, gertaera horiek zigortu beharrean, enpresa saritu du baimendutako kuota handituz.
Enpresek eta udal agintariek askotan adierazi dute lantegiek isuritako kea ez dela osasunerako kaltegarria. Ez gaude batere ados hemen bizi garen bizilagunok. Idatzia poesian aditua ez naizela onartzen hasi dut. Zientzian ere ez naiz jantzia, baina urteetan uko egin diote neurketak egiteari, eta egin izan diren bakanek (azkena institutuko ikasleek egindako herri zientziako azterketa) kontrakoa diote.
Ezinezkoa da Arestik 2025ean poemarik idaztea, jakina. Baina gaur egungo auzoko portuko lanegun arrunta deskribatu beharko balu, ziur nago Zorrotzako portuan aldarrika egongo litzatekeela berriro. Kasu honetan, ordea, auzokideokin batera, “Sader Profersa kanpora!” aldarrikatuko luke.