Donostia, euskararen hiriburu
Bilbo: Euskararen hiriburua izeneko erakusketa ibiltaria jarri zuen martxan Bilboko Udalak iragan azaroan eta ordutik hona auzoz auzo dabil. Erakusketak Bilbo eta euskararen arteko lotura, alkate jaunaren hitzetan, “estua, sakona eta erabatekoa” azpimarratzea zuen helburu. Ongi etorriak izan daitezela horrelako ekimenak, baiki, eta ez dut zalantzarik erakusketak azalduko dituela hainbat auzi jakingarri. Aurkezpenean, ordea, honako hau ere bota zen, erakusketa bera bezain esanguratsua: “Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. Ez da, jakina, irakurtzen dugun lehenengo aldia. Datuak eskutan ez da gezurra izango. Analisi sakonago bat egin orduko, baina, apar bihurtzen da olatua.
Horrelakoak irakurri eta ezin beste bilbokeri baten aurrean gaudela pentsatzeari utzi. Galdetzen diot neure buruari ea zergatik izan behar al dugun beti gehienak, nagusiak, lehenengoak. Bada joera bat ez dudana bat ere atsegin, uste baino hedatuago gurean, topikoak topiko. Hainbatetan haserretu zaizkigu lagun gipuzkoarrak, adarra jo ere bai, teleberriak -gaur egunek horretarako ere ez du ematen, gizajoak- telebilbao ematen duela, egunero ari direla tai gabe Bilbo gora Bilbo behera, hezur-muinetaraino sartu nahi dietela gainerako euskaldunei Bilbon jokatzen dela partida, Bilbo dela erpina eta gainerakoak osagarri baino ez. Bilbo da Hiria eta besteak herrixka gajoak. Gipuzkoar eta enparauen ezinikusia gehiegia da batzuetan, ahaztuko balute bezala Bilbon ere badirela bigarren mailako bilbotarrak eta ez dela berdin Abando edo Otxarkoaga. Are gehiago, herra Vocento bezalakoek sustatzen dutela gehienbat eta ez dela makala euskaldunak Bilbora destainaz begira jartzea Madril eta Parisera beharrean.
Gatozen berriro erakusketara eta baieztapen lapidariora: “Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. % 3,5 da Bilboko euskararen erabilera Soziolinguistika Klusterreko azkenengo neurketaren arabera (2021); Donostikoa, aldiz, %15,3. Baina esperientziak neurketek baino gehiago balio duenez sarri, zilegi bekit aipatzea gure azken asteburukoa, Donostian. Hoteleko bi harreragilerekin harrema izan dugu, biak euskaldunak; hiriko hainbat alderditan -alegia, ez bakarrik Alde Zaharrean edo euskaldunok elkartu ohi garen guneetan- entzun dugu euskara inguruan; 50 urte inguruko koadrila osoak entzun ditugu euskaraz poteatzen, auzo normal samar batean; hiriko alderdi pijoenetan ere entzun ditugu euskaldunak; taberna guzti-guztietan euskaraz eskatu ahal izan dugu, arazorik gabe, tabernari batzuek erdaraz erantzunda ere; entzun dugu jendea gaztelaniaz arituta ere euskarazko hitzak eta esaldiak sartzen, euskararekiko atxikimendua edo adierazten duena eta Bilboko gune erdaldunetan imajinatu ere ezin daitekeena egin; azkenik, saltoki eta taberna askoren errotuluak eta menuak euskaraz irakurri ahal izan ditugu, Bilbon, legez behartuta egon arren, hain ohikoa ez dena. Tira, zerrenda infinituki luzatzeko asmorik ez daukat eta karaktere gabe geratzen ari naiz. Laburbilduz, begira diezaiotela beren zilborrari erakusketen antolatzaileek eta erosokeriaren aparretan murgildu ordez, har dezatela kontuan donostiar idazle haren esanak: “Edo Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko”. Partida ez da bukatu.
“Bilbo da euskaldun gehien daukan euskal hiria”. Ez da, jakina, irakurtzen dugun lehenengo aldia.