Munduaz ahaztea

Asier Urkiza

Bizitza, sinple sinpleak irudituagatik barneratzen zailak diren irakaspenez betea dago. Denborak baino ez ditu ekartzen horietako batzuk, hausnarketak eta norbere buruaren azterketa sakonak besteak. Erraz esanda, zaila dela kontua. Azkenerako gauza zentzudunak, logikoak direla konturatzen zara. Baina horra hor paradoxa, sufrimendu eta pairamen asko behar da horren ondorio argira iristeko.

Gatozen zehatzagora. Besteekiko enpatia ikasi egiten da. Eta ez naiz ari besteen lekuan jartzeaz bakarrik, hori izanagatik enpatiaren esanahia berez. Besteek diotena zergatik dioten ulertzeaz ari naiz; askotan hurkoari zerbait aurpegiratzean, kontuak ateratzean, larderiaz hitz egitean, nor bere buruaz ari dela ulertzeaz. Hau da, A-k zerbait jakinarazten dio B-ri, beretzat garrantzitsua den zerbait, berezia oso. B-ren erreakzioa, ordea, ez da izan A-k espero zuena bezalakoa. Hotza izan da, ez da harengatik behar adina poztu, are, komentario sarkastiko bat edo beste ere bota dio. Normala den bezala, zapuztu egin da A, lagunarekin mindu. Erantzun zeharo gizatiarra, bestalde. Baina aztarrika hasiz gero, barnera begira jarrita, honelako ondoriora irits gaitezke: B-ren erantzuna ez da izan A-rekikoa, A-k esandakoa beragan piztutako gatazka eta azaleratuko arrakalek eragindakoa baizik. Alegia, A-rekin baino, bere buruarekiko norgehiagokan ari dela B.

Horrela gabiltza denak finean, bestearekin ari garelakoan gure buruarekin borrokan. Gure nahi, desio, zaputzaldi eta minekin. Bestearekin ari garelakoan, bai, maiz gainera bestearengan jarriz gure buruarentzat den amorrua, ustez bestea gorrotatuz ispilu-joko baten bidez gure burua gorrotatzen ari garenean. Horrekin ez dut esan nahi bizitzan gertatu oro gure buruaren luzapena besterik ez denik, kanpo mundurik egon ez eta egoa baino existitzen ez denik. Ez. Kanpo mundua egon badago eta zilegia dirudi horrekiko maitasun, gorroto, arbuio edo miresmen jarrerak garatzea. Bietako zein gauden unean gorpuzten, baina, ez da erraza bereizten. Borroka intimoa eta sozialean ari garen. “Pertsonala politikoa da” esan zuen feminismoaren bigarren olatuak. Eta bai, baina pertsonala pertsonala ere bada, eta politikoa politiko. Bietako bakoitzak bere autonomia gordetzen duela, alegia. Tira, arinkeria ere ematen du garaiotan horrelakoez mintzatzea. Mundua hankaz gora dagoela entzuten da, bateko gerra besteko agintari autoritario. Faxismoaren gorakada eta neoliberalismo basatiaren enegarren koxka estutzea. Noiz ez du munduak gerrarik ezagutu, ordea? Hilotzez beteta egon da nor eta Europa bera, XX. mende erdialderaino ia. Ez dira garai hauek beste batzuk baino askoz ilunagoak, eta halere badago hori sinestarazteko nahi bat. Izango da akaso albistegiari begira diezaiogun fikzio kate bati bezala, Netflixen azkenengo telesaila begiratzen den moduan, gerra bideojoko hutsa bailitzan… Horrela, gure buruaz ahaztu arte, zeinak, ondorio gisa, munduaz ahaztea ere ekarriko baitu, jakina. Izan ere, zer da enpatia?