Zorrotzak badu aldizkari bat

XIX. mendeko bigarren erdialdean ibili zen Euskal Herrian Luis Luziano Bonaparte printzea, Napoleon I. enperadore handiaren iloba. Hizkuntzalaria zen ikasketaz eta interes handia garatu zuen euskararekiko, Londresen Anton Abadia ezagutu eta gero. Dialektologian aditua, euskalkien lehenengo maparen egiletzat hartua izan da. Gauza interesgarriak esaten ditu Bilboko eta Barakaldoko euskararen egoerari buruz. Tartean, Zorrotza. Bonaparteren arabera “Olaveaga y Deusto con Zorroza son también bascongados, aunque se habla mucho castellano”. Horixe dio Jose Antonio Uriarte apaizari bidalitako gutunean. Beste idazki batzuetan Zorrotzako baserrien erdia euskalduna zela aipatzen du.

Urteak joan dira geroztik eta zeharo bestelakoa da egoera. Hilzorian egon zen euskara Zorrotzan XX. mendean zehar, XIX. mendea ondo sartuta oraindik euskaldun samarra izanagatik. Datuak besterik ez dira, denboraren oldarrak eramandako hitz soilak; baina balio beza “aquí nunca se ha hablado euskera” diotenei esateko baietz, eta termino historikoetan atzo goizera arte, gainera. Euskaldunak exotiko eta aborigen izan garen auzo horretan, ordea, XX. mende bukaeran euskara hutsezko aldizkaria sortu zuen jende talde batek. Ez dakit batzuetan jabetzen garen ekimen batzuen garrantziaz. Zer den inguru arrotz batean komunitate gutxiagotu baten alde egitea. Inori axola ez zaionean. Are, ikurrina paparrean daraman askorentzat ere lehentasuna ez denean. Baskoen herrian euskara bera arrotz denean auzoaren berri euskaraz emango zuen hedabidea sortzearen balentria. Euskara museoko pieza baino, komunikatzeko bitarteko bihurtzea. Ekimen hori.

Kimu bat erdal herrian. Arestik esana da, “Bilboko simaurtegian lore bat aurkitu nuen”. Okerbideak badaki mintzaerarik, ordea, nagusiki espainola. Eta arroztea, asimilazioa, galera. Euskararen biziraupena ez da misterioa, Mitxelenak esan zuen gisan, norbanako askoren ekimenaren ondorio baizik. Katea higatu bai, begiren bat galdu ere bai, baina ez delako guztiz eten. Hain zuzen, euskal hitza historiaurreko leizeen zera misteriotsu legez irudikatzen zenean, mitologia eta kondairen oihartzun magikotzat hartzen zenean. Orduan apustua euskara egunero -zera, aldizka- herritarren eskuetan jartzeko, tinta usaina emateko, taberna, denda eta farmazietan ikusgai jartzeko. Auzoari euskaraz emateko hitza, arrozte eta erdalduntzearen gainetik. Kimu haietatik datoz gaurko basoak. Baso prekarioak izan arren. Bejondeiola Zorrotz Morrotzi. 100 gehiago izan daitezela.

Seberia Bilbaínak ez ditu ingurumen araudiak betetzen

Carlos Rodríguez

Sebería Bilbaina haragi-azpiproduktuak eraldatzen dituen enpresa kooperatiboa da; hain zuzen, sebo urtua eta haragi-irina ekoizten ditu animalien hondakinak (seboa eta hezurrak) erabiliz.

Fabrika hau, gaur egun Zubileta auzoan (Burtzeña) dagoena, 1906an jaio zen Matikon, garai hartan hiltegia zegoen lekuan. Hiltegiko instalazioak Zorrotzara ekartzearekin batera, egurra inportatzen zuen enpresa zahar baten lokaletara eraman zuen ekoizpena, Zorrotza aurrean dagoen Zubileta auzora.

Azken bizpahiru hamarkadetan, enpresak auzoan ospe txarra hartu du eta hartzen ari da, usain desatsegin eta higuingarriak sortzen baititu, eta horrek sortzen du bizilagun askok leihoak itxi behar izatea, batez ere gauez.

Hori dela eta, duela gutxi Auzo Elkarteak idatzi bat bidali dio enpresari, usain txarrak isurtzeari utz diezaion eskatzeko edo,  behintzat, isurketak ahalik eta gehien gutxitzeko, horretarako beharko liratekeen hobekuntza teknologikoak edo iragazketa-sistema zorrotzago bat ezarriz. Orain arte ez dugu erantzunik jaso.

Egia esan, beren jarduera dela eta, enpresa mota horiek aldian-aldian Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-ikuskapenak egitera behartuta daude. Zehazki, Seberia Bilbainak 2025eko maiatzean jaso zuen azken ikuskapena.

Auzo Elkartean ikuskapen horri dagokion txostena aurkitu dugu, eta ikusi dugu Seberiak ez dituela betetzen hainbat irizpide; hala nola, airearen kalitatearen eta uraren babesari dagozkionak, ezta hondakinen eta lurzoruen kudeaketari eskatzen zaizkionak ere.

Ez-betetze horiei oso garrantzitsuak iritzita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailera jo dugu, enpresa horri lehenbailehen zuzentzeko eska diezaion.

Industria Sailetik jakinarazi digutenez, Sebería Bilbainak ingurumena kudeatzeko bi enpresa kontratatu berri ditu, irregulartasun horiek konpontzen has daitezen.

Hala ere, Sader eta Profersarekin izandako esperientzia txarra ikusita, Zorrotzako auzo-mugimenduan ez gara fidatzen Eusko Jaurlaritzaren ikuskaritzez, eta are gutxiago, enpresa horrek ez-betetze horiek berme osoz eta azkar ebazteaz.

Era berean, susmatzen dugu  Sebería enpresa zaharkituta dagoela, ez duela azpiegitura egokirik eta ez dagoela teknologikoki eguneratuta, Sader eta Profersa bezalaxe.

Beraz, erne jarraitu behar dugu, eta, era berean, gonbidatu Zorrotzako bizilagunak kexak jartzera, industria horrek haien bizi-kalitatea murrizten duela uste badute.

Sader Profersa kanpora!

Garbiñe González

Zorrotza, Olabeaga, Altamira, San Inazio, Deustu eta Basurtoko bizilagunok, baita Lutxana eta Burtzeña bezalako inguruko auzoetakoek ere, gutun honen bidez salatu nahi dugu urte luzez pairatzen ari garen egoera jasanezina, Sader eta Profersa enpresen jarduera oso kutsakorren ondorioz.

Ez da arazo puntual bat, eguneroko errealitate iraunkorra baizik, gure ingurune osasuntsu batean bizitzeko eskubidea zuzenean urratzen duena. Usain jasanezinak, emisio kutsagarriak eta etengabeko eragozpenak gure egunerokoaren parte bihurtu dira, gure bizi-kalitateari kalte larria eraginez. Gero eta bizilagun gehiagok jasaten dituzte narritadurak, ondoeza fisikoa eta kezka gero eta handiagoa dute esposizio jarraitu honek epe luzera izan ditzakeen ondorioengatik, bereziki haurren eta adinekoen kasuan.

Onartezina da 2015ean instalazio hauek lekualdatzeko hartutako konpromiso irmoa gaur arte bete ez izana. Hamarkada bat baino gehiago igaro da inolako konponbiderik gabe. Egoera honek erakundeen utzikeria agerian uzten du eta herritarroi mezu argia helarazten digu: gure auzoak bigarren mailan utzi dira.

Ez dugu zalantzan jartzen jarduera industrialaren eta sortzen duen enpleguaren garrantzia, baina ezin da inola ere milaka pertsonaren osasunaren kontura mantendu. Ingurumen-araudia zorrotz bete behar da, salbuespenik gabe, eta hartutako konpromisoak gauzatu egin behar dira, ez hitz hutsak izan.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:

•      Instalazioen behin betiko lekualdaketarako egutegi berehalakoa, publikoa eta loteslea.

•      Emisioen kontrol zorrotza, independentea eta etengabea egungo kokalekuan jarraitzen duten bitartean.

•      Kutsadura-mailen inguruko informazio gardena, herritarrentzat eskuragarria eta ulergarria.

•      Biztanleriarengan duen eragina benetan murrizteko neurri eraginkor eta premiazkoak.

Bizilagunok ezin dugu egoera hau gehiago onartu ezta jasan ere. Ordua da administrazioek arduraz eta irmotasunez jarduteko.

Izarrak, nondik diz-diz?

Asier Urkiza

Egunotako albiste izugarri eta irudi zitalen artean bideo bat harrapatu dut scroll saio nahi baino luzeago horietan. Izenik ezagutzen ez diodan influencer –eragintzaile proposatu beharko gure akademia txit gorenari, ala?- bat mintzo Malagako zinema festibaleko alfonbra gorrian. Kazetariak galdetu zera, ea azkenaldiko film espainiarren bat gomendatu dezakeen -gogora bedi azkenaldiko- eta eragintzale delakoak, aurpegia talo gelditu ostean -pero… peli, qué rollo?-, horrelaxe bota du: Bai, ochoapellidoseko berria, aurrekoan ikusi nuen eta bai gustatu!

Erantzun ona eragintzaileak, eragin irismen handikoa, alegia; ezin gutxiago espero Instagramen 568.000 jarraitzailetik gora dituen eragintzaile peto honengandik. Ona bai, ez onena. Izan ere, espainiar errefrau bilduma oparoak dioskun bezala, edozein santuri otoitz egiten dio Jainkoa ezagutzen ez duenak. Nola ahaztu, bada, Dani Güiza futbolari ohiak elkarrizketa batean erantzun zuena, hurrenez hurren, film eta aktore gustukoengatik galdetu ziotenean. Torrente (filma), Torrente (aktorea -Santiago Segura esan gura zukeen, baina tira-) eta emakumezko aktorea… bai, zera, Torrenten azaltzen den hori…

Jakina denez, ezin da sekula gutxietsi espainiar intelligentsia, hiru buruko herensugea baino beldurgarriagoa berau. Kontua da, konturik badago behintzat, biralizatu egin dela zinema festibaleko sarkinaren bideoa eta, horrekin batera, lehendik ere bazebilen eztabaida ostera ere piztu. Zer egiten dute influencerrek zinema festibaletan? Kexa azaldu dute dagoeneko zenbait aktorek, eurek -zera, zinemak- izan behar dutelakoan horrelako sari banaketen erdigune eta ez jarraitzaile ugari izan beste meriturik ez duen influencer saldoak. Koma bat ere ez diogu kenduko aktoreen adierazpen txit errespetagarriari. Hori bai, galde diezaiotela beren buruari -edo tira, galdetuko diegu guk- ea zenbateraino den haiateko askoren distira gaitasun dramatiko eta jardun artistikoaren ondorio, ala, zer dakit nik -ideia zoro bat- ikusleen artean izan dezaketen balizko jarraitzaileen araberakoa. Ez ote dira, haiek ere, influencer?

Zorrotzako Muturrerako planak auzoko beharrizanei aurre egin behar dizkio

Zorrotzako Auzo Elkartea

Zorrotzako Muturrerako bigarren planaren aurkezpenaren ondoren, Zorrotzako Auzo Elkarteko kideok ezinbestekotzat jotzen dugu proiektuak auzoaren eta hiriaren beharrei benetan erantzungo dieten hainbat hobekuntza jasotzea.

Lurperatzeari dagokionez, trenbidea lurperatzea eta geltokirako bi sarbide sortzea aldarrikatzen dugu: bata Clara Campoamorretik, eta bestea Montevideo etorbidetik, Soka kaleko 11. zenbakiaren paretik.

Etxebizitzaren arloan, gure ustez beharrezkoa da tipologien nahasketa errealaren aldeko apustua egitea, salmenta libreko etxebizitzak (itsasadarraren ondoan aurreikusitakoak) eta babes ofizialeko etxebizitzak (Kadagua aldean planteatuta daudenak) ez bereizteko. Auzo berri bat eraiki behar da oreka eta kohesio sozialaren irizpideekin. Gainera, etxebizitzen eraikuntza Molinos Vascos eta Cordeleria zaharrera hurbiltzea proposatzen dugu, eta hirugarren sektoreko erabilera Hub-aren eremuaren ondoan kokatzea.

Mugikortasunari dagokionez, honako hauek proposatzen ditugu: portura sartzeko trenbide zaharra oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide gisa mantentzea; ikusentzunezko hubetik Burtzeñako zubirako sarbidea erraztea; bidegorria Montevideo-Fray Juan etorbideko biribilgunearekin lotzea; biztanleria-kopurua handitze logikoaren aurrean behar den aparkalekua aurreikustea; eta oinezkoentzako zubi bat eraikitzea Zorrotzako Muturra eta Barakaldo lotuko dituena. Era berean, funtsezkoa iruditzen zaigu eremua urbanizatzea eta Renferen trenbideak lurperatzea etxebizitzak eraikitzen hasi aurretik.

Ekipamenduei dagokienez, ezinbestekoa da osasun-zentroa Montevideo-Fray Juan etorbideko biribilgunetik ahalik eta hurbilen jartzea eta ekipamenduetarako erreserbatutako gainerako espazioen xedea argi eta garbi zehaztea.

Ondareari dagokionez, Euskal Errotak eta kordeldegi zaharra zuzkidura-erabileretara bideratzea eskatzen dugu, eta ez hotel batera edo antzeko beste erabilera batzuetara. Halaber, Alzolaren zubia oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bihurtzea proposatzen dugu; era berean, Saelmat-eko hormartea kontserbatzea, bere mendilerroko silueta bereziarekin, baita Zorrotzako tailerrak ere; eta auzoarentzat balio historiko handia duten ondare elementuak babestea, hala nola La Punta kaia, itsasadarra zeharkatzen zuen antzinako gasolinoaren geralekua eta Landa parkeko mineral-kargaleku zaharraren hondakinak.

Berdeguneei eta aisialdiari dagokienez, ezinbestekoa da Zorrotzan aurreikusitako populazio-hazkundeari erantzungo dion parke handi bat sortzea, baita estali gabeko igerilekuak eraikitzea ere, Kadaguatik gertu dagoen ingurunea aprobetxatuz.

Azkenik, berretsi nahi dugu Sader eta Profersa lehenbailehen lekualdatu behar direla. Auzoaren eskaera historikoa da, eta funtsezko baldintza bizilagunen osasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko.

Auzotik mundura begira:Elkartasuna memoria eta borroka 2026ari hasiera emateko

Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea

Aurreko baten, prentsa bidez, auzoari aurkeztu geuntsan geure taldea Zorrotz Morrotzen. Hontxe, 2025 urtea agurtu genduan aldarrikapenekaz eta 2026en emongo doguzan lehenengo pausoekaz, eskaintzen deuskuen bide eder hontan, zabalduko doguz.

Joan zan urtean hainbat hitzaldi antolatu eta gero, jaietako elkarteratzeak Palestinaren alde… amaitzeko, eta Palestinarrei gure laguntasuna adierazteko, elkarteratze bi antolatu genduzan, Frai Juan eta Jon Urzelai kaleen arteko bazterrean, eguerdiko ordu batean.

Orain erronka barrie hartu dogu eta otsailaren 7an hitzaldi bat antolatuko dogu Askabide tabernan, arrastiko seietan. Hitzaldi barik, elkarrizketa aurreikusten dogu: Xabik (Antifaxista adituak) datuak azaldu eta gero danon artean eztabaidatzeko gune bat sortuko dugu.

Euskal Herriko eskuin muturraren erradiografia: jaiotza, garapena eta gaur egun arteko bilakaera. Animatu eta parte hartu, ondo etorrie izango zara.

Aurrerago, Bardeetako poligonoari buruz beste hitzaldi bat antolatuko dogu auzo etxean, martxoaren 13an, barikue, arrastiko sei eta erdietan. Bardeetako poligonoaren aurkako taldeko batzuk etorriko dira parte hartzera.

Eta zapatun, martxoaren 14an, NATOren aurkako erreferenduma gogoratzeko eta gure borrokak aurrera jarraitzen dauela ozen esateko, manifa antolatuko da Euskal Herri mailan. Mobilizazio honen inguruko informazioa aurrerago emongo dogu.

Beste erronka bat hartu dogu aurton, Lenin eguna ospatzea auzoan, azkenekoaren hamar urteurrena aprobetxatuz. Bere garaien parte hartu ebien pertsona zein taldekaz jarri gara kontaktuen eta beharrean hasi gara. Baten bat animetan bada, ondo etorria izango da asanbladara.

Eta hemendik aurrera, barriek ekarriko deuskuen inguruen jarraituko dogu beharrean. Adi egon geure deialdiei!!!!!

Burtzeñako zubi zintzilikaria eraiki zeneko bigarren mendeurrenean

Joaquín Cárcamo Martínez
Aparejadorea, ikertzailea eta dibulgatzailea

Bere bigarren mendeurrena oharkabean igaro da. 2025. urtean, 200 urte bete dira Burtzeñako zubia eraiki zenetik, Estatu espainoleko lehen zubi zintzilikaria izan zena, eta ez Barakaldok, ez Bilbok ez diote gutxieneko aipamenik eskaini. Sarri samar, duela bi mende askok egiten zuten ibilbide bera egiten dut (orduan, bere taulatu eskasa zapalduz egiten zuten; baina, gaur egun, nire oinak zubiaren zoladura sendoaren gainean ibiltzen dira). Zubi berritzaile hura ahaztuta geratu delako kexuarekin zeharkatzen dut. Antonio de Goicoechea (Bermeon jaiotako arkitekto ilustratua) -ezagutza teoriko eta praktikoa zeukana-  eta arriskua bere gain hartzea erabaki zuten enpresari batzuen interesari esker gauzatu zen proiektua.

Madrilgo Gazetaren 1825eko martxoaren 31ko albistearengatik, badakigu data horretan zubia amaituta eta martxan zegoela jada …

Zubia eraikitzeko, Agustin de Humaran arkitektoak proiektatutako harrizko zubiaren estribuen zati bat aprobetxatu zen. Abando (garai hartan Bilbotik independentea zena) eta Barakaldoko udalek sustatutako ekimen publikoei esker, 1819. urtean hasi ziren eraikitzen, eta ez zen amaitu bitarteko pilen fundazioek porrot egin zutelako. Egoera ikusita, ekimen pribatuek heldu zioten erronkari, eta zubi esekiaren konponbide berriaren aldeko apustua egin zuten: Kate-katenarioen gainean zintzilikatutako zubi bat izango zen, britainiar errealizazioetan inspiratua.

Zubiak istripuak, gerrak eta suteak saihestu zituen eta, azkenean, 1850ean esku publikoetara pasatu zen berriro. Bi urte geroago, 1852an, kablez egindako zubi zintzilikatu batek ordezkatu zuen, oraingo honetan, Seguín familiak Frantzian ezagun egin zituen zubien antzera…

Zubia non egon zen behintzat badakigu, eta hori ez da gutxi; eta leku horretan, hiri eraldaketek urteetan aldatua izan arren, bideak eta ibaiak bere horretan diraute. Estatu espainiarreko lehen zubi esekia izan zena ez dago bertan jada, baina bere tokian irauten du, eta ezinbestekoa da imajinatzea garai horretan estribu zaharrak, harrizko dorreak eta kableak, eta zurezko taula ezegonkorrak zintzilikatu zituen pendula. Egituraren mugimendua sentitu ere senti daiteke . Zubia, jada existitzen ez dena, presente dago gaur egun.

Ongi etorria eman diogu urte berriari, eta atzera begira, pena sorrarazten dit azken hamabi hilabete hauetan inork  gure historiaren pasarte hau gogoratzeko beharra sentitu ez izana, gure herrikideei azaltzeko  Seguin anaiek europar kontinenteko lehen zubi zintzilikatuak Rodano gainean altxatzen zituzten une berean, Euskal akademiko ilustratu batek antzeko priektu bat gauzatu zuela gure lurraldean.

Testu hau egileak “De hierro y de hormigón” bere blogean (www.dehierroydehormigon.com) gaztelaniaz 2025eko abenduaren 26an argitaratutako jatorrizko testuaren laburpena da. Egileari eskerrak ematen dizkiogu itzultzeko eta gure aldizkarian argitaratzeko emandako baimenagatik.

Artisten esanak

Asier Urkiza

Hala zioen Gorka Urbizuk iragan azaroaren 7an Berrian argiratutako elkarrizketan: “Kultura hoteletako okupazioaren arabera neurtzeko joera gailentzen den bitartean, jai daukagu”. Elkarrizketan hainbatetan egiten dio erreferentzia kulturaren espektakularizazioari eta horrek dakartzan kalteei, ideia jakingarriak emanez. Interesgarriak dira, izan, Urbizuk botatako asko. Algoritmoak gidatutako estimulu azkarren garaian, patxadaren aldeko apustua da Urbizurena; unea, benetakotasuna eta biluztasuna bilatzen ditu hutsalkeriaren sasoian. Ni neu ere iritzi berekoa naiz gauza gehienetan eta aipatutako ideia zenbait partekatzen ditut. Urbizuren musikaren zalea ere banaiz, nahiz eta horrek ez duen, berez, ezer esan nahi. Zerbaitek kirrinka egiten dit, ordea.

Bada zerbait eraman ezin dudana bere burua mundutik at kokatzen duen artistaren figuran. Ez da Urbizurena kasu bakarra eta ez da bere obra goitik behera blaitzen duen kontua ere. Arriskurik badu joera horietan sakontzeko, nire irudiko. Ez dut esan nahi gizarte gaiak ez zaizkionik axola. Hala balitz eskubide osoa luke, gainera. Ez da hori kasua, edonola ere, bere kantuetan gizarteari buruzko iritzi eta sententzia ugari daude-eta. Arazoa, arazorik badago behintzat, sententziak izatean datza. Kantuen letretan gizartea albotik begira epaitzen duen aztertzaile zorrotza da Urbizu, sententziak ematen ditu han eta hemen, ezin du jasan jendearen arrunkeria eta galdurik dago mediokritatearen itsaso zabalean. Ihesbideak xerkatzen ditu eta artera -musikara- jotzen du ukendu bila. Horiek denak ezagunak dira aspalditik artearen munduan, Erromantizismotik zer esanik ez. Artista jeinu bakarti gisa, bere talaiatik herri xehea leziatzen eta hari bazka -estetikoa, jakina- eskaintzen diona.

Artisten harrokeria -ez dut esaten Urbizurena hori denik- ulergarria ere izan daiteke. Finean, zeuk sortutakoa norbaiti erakusteko ausardia ere behar da, harrokeria puntu bat, esan dezagun, beharrezkoa. Sorkuntza artistikoak behar du akaso besteengandik bereiztea, masatik aldentzea ikuspegi zabalagoa izateko. Jan zaitzake pertsonaiak, ordea. Eta irits zaitezke zeure burua ongiaren eta gaizkiaren gainetik kokatzera eta, demagun, elkarrizketa batean kulturaren merkantilizazioaz eta hutsalkeriaz hitz egitera, kontzertuen gurpil zoroaz, Victoria Eugenian lau kontzertu jarraian egiten dituzun bitartean. Edo Spotify-n agertzeko garrantziaz hitz egin, euskal musikarien aldetik boikot kanpaina bat abian dagoenean. Gauza bat edo bestea egin dezakezu. Futbol zelaiak bete, akziodun sionisten musika festibaletan jo edo Arrasateko gaztetxean. Artisten kasuan, baina, egiteak balio du, ez hainbeste esateak.

Euskal Errotak: Estalkiaren konpontze lanen hasiera, noizko?

Carlos Rodríguez

Bizkaiko Foru Aldundiak irailean “Euskal Erroten estalkia berreraikitzeko lanekin hasiko dela” iragarri zuen arren Zorrotzako bizilagunok mesfidati agertzen gara. Izan ere, inork ez du ikusi ez pertsonen, ez ibilgailuen mugimendurik, ez aldamiorik, ez antzekorik.

Foru erakundeak bere gain hartu ditu berreraikitze lanak, modu subsidiarioan, jabea den ACSA sozietatearen utzikeriagatik, horrek ez baitu inolako ekintzarik egin eraikin historikoa egoera onean mantentzeko, Aldundiak askotan eskatu dion arren.

Gauzak horrela, egingo den edozein ekintza ongietorria izango da, baina ezin da minutu bat gehiago ere itxaron, eraikinaren teilatuak narriadura maila handia erakusten baitu eta degradazio prozesu azkar eta aktiboan baitago, zeina berehala gelditzen ez bada, atzera bueltarik ez duen hondamendira eraman dezakeen.

Aldundiak jakinarazi duenez, lanen lehen fasea egungo uralitazko estalkia kendu eta pilatutako amiantoa deskutsatzea izango da, bertan lan egingo duten pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Nahiz eta Aldundiak “estalkiaren berreraikitze lanak 9 hilabetetan amaitzea” espero duela iragarri, hau da, “2026. urtearen erdialdean”, Zorrotzan nahikoa arrazoi eta aurrekari ditugu aurreikuspen horiek zalantzan jartzeko.

Beraz, zain jarraitzen dugu.

Elkar gaitezen, kanta, ospa eta dasta dezagun eta har ditzagun indarrak

Andrea Vadillo. Zorrotzako Jai Batzordea

Aurten ere, boluntarioen ahalegin nekaezinari esker itzuliko dira gure auzoko jaiak, programazio hau aurrera eramateko aukera ematen digun diru kopurua biltzeko Aste Nagusiko sukaldean lan egiten dutenei esker, jaietatik haratago auzoari bizia ematen dioten taberna eta saltokiei esker. Hori guztia gabe, gureak bezalako jaiak ez lirateke posible izango.

Azkenean iritsi diren jai hauetan, goza dezagun errespetuz, guztiok aske sentituz eta sentiaraziz. Eraso matxista, arrazista eta homofoboek ez dute lekurik gure kaleetan.

Bederatzi eguneko gozamena iristear da, adin eta gustu guztietarako pentsaturiko jarduerak. Une ezin hobea elkar ezagutzeko, elkartzeko eta urteetan aldarrikatutako aldaketen alde borrokatzen jarraitzeko, guztiontzako auzo hobe baten alde.

Beraz, elkar gaitezen, kanta, ospa eta dasta dezagun eta, batez ere, har ditzagun indarrak inguratzen gaituen errealitateari aurre egiteko, uko egin ezin diogun errealitate honi. Pribilegiozko bederatzi egun hauek ez diezagutela enpatia lausotu, jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten, milaka errugaberen genozidioa eta gosetea salatzen. Gora Zorrotzako Jaiak! Gora TxinboMikel! Gora Palestina askea! Israeli boikot!