Chill Mafiak agur

Haize freskoa bezalakoa izan zen. 2021eko otsailaren 21a da eta “Zure kebapa” kantuko bideoklipa erakutsi dizu lagun batek. Freskotasuna eta halako identifikazio bat. Ez dituzu ezagunak, baina zure lagun batzuek bai. Egun pare baten ondoren “Gazte arruntaren koplak”-ekin lehertu zen dena. Ordutik ibilbide gorabeheratsu bat, beti jopuntuan egon direlako sentsazioa eta hainbat hanka-sartze. Eta parranda asko, jakina. Agur esango du Chill Mafiak, ez adiorik .

Baloraziotan hasiko dira orain asmo oneko betaurrekodunak, erredakzioetako saguak eta bost xentimoko iritzi emaileak. Zer izan zen, nola ulertu beharra dago “fenomenoa”, zer ekarri ote zioten euskal kulturari. Nola hasi ziren eta nola bukatu. Last Tour eta beste. Baietz zirudien, baina… Ez dute gezurrik esango. Filtrozko betarrekorik gabe errealitatea interesgarria da, halere.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo. Eguneratu du joko zelaia edo behintzat zelai horretan ildo berria jorratu. Emankorra. Ez die gainontzeko agenteei zuzenean eragin, hau da, dinamika zaharrei eutsi diete askok eta askok; etorriko direnei bidea leundu die, ordea. Iraultzarik ez da gertatu, beharrik ere ez, landak ongarritzea nahikoa baita datozenek erein dezaten. 

Zer izan da Chill Mafia? Akaso Iruñeko koadrila bat besterik ez, beraiek esan izan duten moduan. Prekarietatean jaiotako belaunaldi bateko katebegiak. Gazteen noraez eta kokatu ezina gorpuztu dutenak hala nahi izan gabe. Ez dira inoren ez ezeren bozeramale izan. Batzuek esango dute akatsak egin dituztela. Nik neuk ez ditut begi onez ikusten egindakoetako asko. Ez du garrantzi handirik horrek, baina. Kontua da dardara, lurrikara izatera iristen ez den baina plaka tektonikoak zalantzan jartzera behartzen duen ekina. Euskal kultura marko erreal batean kokatu dute, fikzio tutelatutik atera. Eta bai, lehen ere bazeuden kultura ofizialetik kanpoko proposamenak, markoak puskatzearen aldeko ekarpenak. Ez dira ez lehenengoak, ez azkenekoak. Baina bai agian arrotzenetakoak, festara gonbidatuta ez zeuden ezusteko bisitariak. Ez horregatik.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo…