Jirabiraka Zorrotzako auzobiran

Patxi Xabier Fernández Monje
EH Bilduko Bilboko zinegotzia
@jabotxa62

Egunero jirabiraka gabiltza, fisikoki eta burmuinari zukua ateratzean. Honaino, nobedaderik ez.

Zinegotzi lanetan ere bai. Bilbon, munduko hiriburua izanik, batzuetan nahi baino zeregin nekezagoa da eta. Etengabe jirabiraka. Hala bulegoan udal zirrikituetan espediente bat eskatzeak dakarren letania, nola edozein sailetako kontratazio mahai batera joatea.

Bestela, barne bilera batean egon gaitezke, estrategiak prestatzeko eta agendak errepasatzeko, edo egun agintean daudenekin proposamenen bat negoziatzen. Administrazio kontseiluetako deialdiak ugaritzen dira, baita ekitaldi instituzionaletan presentzia ziurtatzeko edo ezeztatzeko eskaerak ere. Ezkontzak aipatu dituzu? Ba bai, maiz, bikote askoren bizitzaren etapa berriak gure sinadura darama.

Aitzitik, parte naizen udal taldean argi eta garbi daukagu gure jardueraren ardatza zein den: kalean eta udaletxean pisu berbera eduki behar du gure jardunak. Onartu beharra daukat esatea erraza dela oso, baina teoriatik errealitatera jirabiraka gabiltza. Udala gertuen dagoen instituzioa izanik, gakoa hau da: beharrezkoa den hurbiltasun  hori nola lortu? Nola bihurtu gertutasuna eraginkorra pertsonen bizitzak hobetze aldera?

Normaltasunak dio eragileekin bilerak ez direla falta: kezkak, egitasmoak, proposamenak, salaketak, zalantzak edota kudeaketaren gabeziak ezagutzeko parada izaten dugu. Ongi etorriak dira, baina ia beti motz geratzen zaizkigu eta nahi baino gehiagotan testuingurutik at.

Beraz, buruari eraginez, jirabiraka genbiltzan eta jiratzeari utzi genion… biratze “hutsa”-ri ekiteko eta horrela auzobirak jaio ziren.

Trukoa “erraza” da oso: auzoetako eragilerik sustraituenekin eta  arlo estrategikoetan murgildu edota gizarte-ehuna ordezkatzen dutenekin egoteko, entzutea eta, batez ere, ikastea.

Errekalden eta Santutxu ibili ginen aurreko hilabeteetan eta pasa den astean Zorrotzaren txanda heldu zen.

Eta biraka IKASTEKO, letra larriz. Ikasteko abagunea izan genuen eragile askorekin hitz egin ostean: eskoletako eta institutuko zuzendariekin; IGEetako kideekin; Auzoka eta Gure Lurraren proiektuen partaideekin; adinekoen etxeko erabiltzaileekin; Lagunkoia ekimen txalogarriaren bultzatzaileekin edota, besteak beste, Auzo Elkartearen boluntarioekin auzoan zenbat falta den egiaztatzeko.

Jira-biraka gabiltza, Zorrotzatik Bilboko beste auzo batera mugituko gara, errealitate desberdinetan sakontzeko, baina beti nahi berberarekin: egiten dugunaren berri eman eta, batik bat, herritarrak zuzenean entzun. Biraka hobetzeko.