Bigarren manifestazioa egin du Sader-Profersa plataformak

Ekainaren 6an manifestazio berria egin zuen Sader-Profersa plataformak. Oraingoan, itsasadarraz bestalde. Protesta Sarrikoko metro geltokitik abiatu eta Zorrotzaurreko irlan bukatu zen, Sader eta Profersa aurrez aurre dituzten etxebizitza berriak eraikitzen ari diren orubean.

Antolatzaileek salatu zutenez, “gaur-gaurkoz, ez ditugu bi istripuen ondorioz Profersari zabaldutako espedientearen xehetasunak ezagutzen”. Era berean, bi enpresen jarduera lekualdatzeko data zehatz baten beharra aldarrikatu zuten. Bien bitartean, kontrolak areagotzea eskatu zuten, bai airearen kalitateari dagokionez, bai kamioi astunen joan-etorriari dagokionez, daramatzaten gaien arrisku mota identifikatuz. Gainera, plataformak ohartarazi zuen Saderrek bere jarduerarekin jarraitzen duela airera kutsadura igortzen, oso zaharkituta dagoen fabrikako teilatutik, pitzaduretatik eta zuloetatik hautsak ateratzen direlako.

Hedabideetako azken berriak

Bigarren manifestazioaren ondoren zenbait berri agertu dira hedabideetan. Hain zuzen, biharamunean, Profersak Eusko Jaurlaritzari eskatutako dokumentazioa aurkeztu ziola jaso zuten zenbait komunikabidek. Jaurlaritzak hura aztertu eta enpresari bisita egingo omen dio, berriz irekitzeko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Bestetik, ekainaren 13an El Correo egunkariak Agaleus taldeak Bilboko portuan 17.500 metro koadroko lursaila eskatu duela jakinarazi zuen, Saderrentzat. Lekualdatzeak 15 milioi euroko kostua izango duela aipatzen da. Obrak bi urtez luzatuko lirateke eta fabrika berriaren ekoizpena %20 handiagoa izango litzateke. Erreportajeak, ordea, ez du inolako aipurik egiten Profersari buruz.

Berriak berri, plataformak mobilizazioaren bidea urratzen jarraitzen du. Azken asteotan, sinadurak biltzen ari dira kalean jarritako mahaietan. Udaren ostean, bildutako sinadurak aurkeztea dute helburu.