Plataforma berria sortu da Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko
Handik eta egun gutxira, istripu bat gertatu zen Profersan, eta jendartean harrabotsa eta kezka zabaldu zituen. Gertakari horren ostean plataformak manifestazio batera deitu zuen, “orain inoiz baino gehiago lantegiak Zorrotzatik kanpo” nahi dituelako
IGOR GUTIÉRREZ
Bilbo hiriguneko hainbat auzo elkarte eta eragile plataforma berri batean bildu dira, Sader eta Profersa enpresen lekualdatzea bizkortzeko asmoz. Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak otsailean egin zuen deialdia sare sozialen bidez eta erantzun zabala jaso. Bilerara Zorrotzako bizilagun eta elkarteetako kideez gain, San Inazio, Deusto, Erribera edo Basurtuko jendea ere hurbildu zen.
Agaleus taldeko enpresek eragozpen eta kezka handiak sortzen dituzte gure auzoaz haratago. Izan ere, auzo desberdinetatik hainbat ekintza egiten ari dira jadanik: datuak arakatu, igorpenak neurtzeko gailuak erosi, epaitegietan salaketak jarri… Bada, egindako lana komunean jarri ondoren, batera joateko beharra ikusi zuten.
Koordinakundearen leloa eta irudia berreskuratuta, “Sader-Profersa kanpora!” plataformak bere lehen asanblada informatiboa antolatu zuen apirilaren 18an, Auzo Etxean. Hitzaldi gela leporaino bete zen, eta jende asko kanpoan geratu behar izan zen.

Bertan, enpresei buruzko datu esanguratsu bezain kezkagarriak eman ondoren, parte hartzerako deia zabaldu zuten. Era berean, change.org plataformaren bidezko sinadura bilketa abiatu zuten, astebetean 1500 sinaduratik gora lortu zuena. Zehazki, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta dago, eta besteak beste, zera eskatzen zaio: Sader eta Profersari Ingurumen Baimen Bateratua oraingo kokalekuan ez berriztea, eta Bilboko Udalarekin zein Agaleus taldearekin elkarlanean aritzeko, enpresentzako kokaleku egoki bat bilatzeko, hirigunetik kanpo, langileen eskubideak babestuta.
Hurrengo asteetan, asanblada informatiboa Bilboko beste auzo batzuetan errepikatzeko asmoa dute. Eta plataformak lehenengo pausoak ematen zituen bitartean, apirilaren 26an istripu bat gertatu zen Profersan, erreakzio kimiko baten ondorioz, jendartean harrabotsa eta kezka handia zabaldu zituena. Horren ondorioz, Sader Profersa kanporak deituta, ehundaka pertsona manifestazio jendetsuan atera ziren maiatzaren 2an kalera Zorrotzan, justu ale honen itxieran.