Udalak Zirgarien parke berriaren lizitazioa onartu du Chimbo lantegi zaharra zegoen orubeko egungo aparkalekuan
Proiektuak auzokideen kritikak eragin ditu, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez delako egon, egungo aparkalekuko leku guztiak kenduko direlako eta Saderrentzat eremu publikoa uzten delako
Bilboko Udalak Renferen trenbidearen eta itsasadarraren artean 11 mila m2-ko parke bat eraikitzeko lizitazioa onartu du, duela urte batzuk Chimbo xaboi fabrika zegoen orubeko egungo aparkalekuan. Proiektu berri honek berdeguneak, haurrentzako jolasak, ariketa fisikoa egiteko guneak, bidegorria eta kalistenia eta parkour guneak aurreikusten ditu, besteak beste. Udalak 2,65 milioi euro gorde ditu Zirgarien parkea izena izango duen gune berri hori eraikitzeko.
Auzokideen kritikak
Udalak argitaratutako infografietan, Sader eta Profersaren kokapena izkutatzen da. Zentzu honetan, Zorrotzako herri-mugimenduak «oso susmagarria» deritzo proiektua egunkarietan agertzeari usain txarrak sortzen dituzten enpresa horien lekualdatzea eskatzen zuen maiatzaren 2ko manifestazioa izan eta egun gutxira. Halaber, Auzo Elkartea kexu da proiektuaren planoetan aparkaleku bat gorde delako Saderrera doazen kamioientzat. «Onartezina da espazio publikoa enpresa pribatu bati oparitzea, are gehiago horrelako enpresa bati» salatu du elkarteak. Gainera, ohartarazi dutenez, «aparkalekua ezkutatzeko, lau metroko altuera duen horma bat eraikiko da, segurtasunik gabeko gune bat sortuz».
Kritika ugari eragiten dituen beste alderdi bat egungo aparkalekutik aparkaleku guztiak kentzea da. Izan ere, aparkaleku falta da Zorrotzako bizilagunen kexa nagusienetako bat.

Parte-hartzerik eza
Parte hartze falta ere gogor salatu du Auzo Elkarteak, proiektua ez baita eraman Barruti Kontseilura «proposamenak eta hobekuntzak egin ahal izateko». Elkarteko kideek argi utzi nahi dute «ez duela parkea baztertzen, Zorrotzako beharretara egokitu baizik». Gainera, kexu dira lau urte daramatzatelako Zorrotzako Kaia irekitzeko eskatzen, eta berroneratze horri buruz ez da ezer aipatu, «2022ko Udal Aurrekontuetan partida ekonomiko bat onartuta egon arren».