EAJ berriro garaile, EH Bildu bigarren eta gero eta gertuago
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak Zorrotzan
Eusko Alderdi Jeltzaleak eutsi zion apirilaren 21ean duela lau urte lortutako garaipenari Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Zorrotzan. Alderdi guztiek (oraingoan bananduta aurkeztu den Elkarrekin Podemos zena izan ezik) bozetan gora egin dute, 2020ko hauteskundeak pandemia garaian egin zirelako, eta parte hartzea oso eskasa izan zelako (%41). Horrek asko baldintzatzen du duela lau urteko emaitzekiko konparaketa.
EAJ irabazle argia bada ere, eta 200 boto inguru gehiago lortu arren, duela lau urte baino %3 boto gutxiago izan dute jeltzaleek. Aldiz, bigarren indarrari eutsi dion EH Bilduren gorakada oso nabarmena da. 400 boto gehiago lortu dituzte subiranistek aurten (5 puntuko igoera). 200 bototan murriztu du aldea EH Bilduk, eta lehen indarretik 424ra gelditu da.
Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularraren igoerak parekoak izan arren bozkei dagokionez (183 eta 177 hurrenez hurren), portzentualki 0,4 egiten dute gora sozialistek eta ia %3 popularrek.
Bukatzeko, bananduta aurkeztea garesti atera zaio ezker konfederalari. Ez Sumarrek, ez Ahal Duguk, ezin izan dute ere duela lau urte elkarrekin atera zuten erdira heldu, nahiz eta hasieran aipatu bezala, parte hartzeak nabarmen egin gora.