Zorrotzarrok prest aukera ugariz betetako jai egitarauaz gozatzeko

Aurten 20 urte bete dituen Txinbotarrak konpartsak izango du jaiei hasiera emango dion txupinazoa botatzeko ardura. Guztira bederatzi egun izango dira, auzokide guztiek, gazteenetatik zaharrenetaraino,  gozatzeko jarduerez beteta. 

AITOR MARÍN

Irailaren 26tik aurrera jaietan murgilduko gara berriro zorrotzarrok. Musikaz, antzerkiaz, kirolaz, eta ondo pasatzeko aukera ugariz betetako bederatzi gau eta eguneko programaz disfrutatzeko aukera izango dugu aurten ere: txosnak, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, etab. ez dira faltako Azoka parkeko esparruaren barruan zein kanpoan.

Adin guztientzako jarduerak prestatzen ahalegindu da berriro Jai Batzordea. Gazteentzako eta umeentzako eskaintza zabala osatu dute (kuadrillen lehiaketa barne), baita nagusientzat ere, 60 urtetik gorakoei espresuki zuzendutako ekintzak izango baitira laugarren urtez.  Guztion parte hartzea eskatzeaz gain, jaiak posible egiten dituzten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie Jai Batzordeak. “Boluntarioen ahalegin nekaezinari esker itzuliko dira jaiak: Aste Nagusiko sukaldean lan egiten dutenei esker zein jaietatik haratago auzoari bizia ematen dioten taberna eta saltokiei esker”.

Musikari dagokionez, Kresala (ostiralean) eta Versus (larunbatean) taldeek berriro errepikatuko dute Azoka parkeko eszenatokian lehenengo asteburuan. Bigarren asteburuan berriz, Trikizio erromeria eta XSakara eta Bad Sound taldeak arituko dira eszenatokian.

Euskara bultzatzeko ekintzak

Aurten  jada urteroko hitzordu handia bihurtu den jaietako lehenengo igandeko bertso saio handia babestuko du Zorrotzako Euskal Txokoak. Irailaren 29an eguerdiko 12etan, Amets Arzallus, Jone Uria, Saioa Alkaiza eta Jon Maia bertsolari handiak taularatuko dira Azoka plazako kioskora. Horretaz gain, Askabide Kultur elkarteak babestuta, urriaren 3an Tor Magoarekin poteoa antolatuta dago 19:30etik aurrera. Bukatzeko, txikienek dantzatzeko eta abesteko aukera izango dute Euskal Txokoak babesten duen Gora bihotzaken “Azken taupadak!” ikuskizun musikalean, urriaren 4an larunbatean, eguerdiko 12:30ean Azoka plazan.

Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu zuen elkarretaratze batek

Ehun lagun baino gehiagok parte hartu zuten irailaren 5ean kontzentrazio zaratatsu batean Gazako genozidioa salatzeko. Palestinarekin elkartasuna eta Israelekiko harremanak eteteko eskatu zuten pankartaren atzean bildu ziren Fray Juan kalera inguratu ziren lagunek. Elkarretaratze hau Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan egun eta ordu berean egindako beste bat izan zen, Gernika Palestina plataformak deituta. 20 eragile politiko, sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin zuten deialdiarekin, Israel “munduaren begien aurrean egiten ari den ankerkeria” ezin dela gehiago luzatu ozen eskatzeko.

“Landa” parke berria inauguratu dute

ZORROTZ MORROTZ

Pasa den uztailaren 10ean, Zorrotzako Muturrean, Artsenalbidean, Renfe Aldiriko trenbidea eta itsasadarraren artean definitutako espazioan dagoen “Landa” parke berria inauguratu zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, korporazioko beste kide batzuekin batera. Guztira 11.022 metro koadro dauzka parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak ditu. Udalak 2 milioi eta seiehun mila euro baino gehiago inbertitu ditu hamar hilabete gutxi gorabehera luzatu diren lanetan.

Nautikan girotutako jolasgune bi jarri dira haurrentzat, parkea itsasadarretik eta kaitik gertu dagoela kontuan hartuta. Lehenengoa, hiru urte arteko haurrentzat; bigarrena, hiru eta hamabi urte bitartekoentzat. Eremu biek jolas inklusiboak, irisgarriak eta egokituak dauzkate. Halaber, kirol-eremu bi sortu dira: parkour motako kirol-eremua, hainbat formatako blokeekin, ad hoc diseinatutako zirkuitua sortuz; eta kalistenia-eremua, hainbat barra-multzorekin.

Parke berriak, gainera, 2.800 metro koadro belardi eta zuhaixka-eremu dauzka. Bertan 64 zuhaitz berri landatuko dira (lizarrak, haltzak, urkiak eta altzifreak). Proiektatutako horietatik 46 landatu dira, eta udazkenean landatuko dira gainerakoak.

Halaber, aurreko fasean egindako bidegorriari jarraipena eman zaio, lehenik trenbideen ondoan, eta kaian zehar  ondoren. Horretaz gain, inguruan ibilgailuak aparkatzeko bi gune sortu dira, 63 plazarekin. Hasierako proiektuan, Sader enpresako kamioiak aparkatzeko lekua aurreikusten bazen ere, azkenean, eremu hori erabilera publikorako bideratu da.

Hasieratik kritikak eragin dituen proiektua

Landa parkearen proiektuak auzokideen kritikak eragin zituen obren lizitazioa onartu zenetik. Auzo Elkartea oso kritiko agertu zen proiektuarekin, ekarpenik jasotzeko aukerarik ez zelako egon. Gainera, aparkalekurik eza auzokiden arteko kexa nagusienetakoa izanda, Jabonerako orube zeneko aparkaleku guztiak kendu ziren.

Auzokide batzuk kexu agertu dira, landatutako zuhaitzak oso txikiak direlako eta egun eguzkitsuetan ez dagoelako itzal-eremurik. Baina batez ere, bizilagunen artean ezinegon handiena sortzen duena da ekipamendu publiko berri hori Sader eta Profersa lantegien ondoan dagoela; horren ondorioz,  egun askotan ezinezkoa baita instalazioez gozatzea, enpresa horiek sortzen dituzten isurketek eragindako usain txarrengatik. Hainbat herritarrek parkea inauguratzera etorri zen alkatearen bisita baliatu zuten banderolekin eta kartelekin bi enpresa kutsatzaile horien lekualdaketa berriro eskatzeko, bitan banatu behar izan zuten kontzentrazio batean. Izan ere, Ertzaintzak isunak jartzeko mehatxua egin zuen, elkarretaratze hura jakinarazita ez zegoelako eta baimenik gabe kontzentratu daitekeen pertsonen kopurua gainditu zutelako.

Edukiontzietan nahita piztutako hainbat sutek kalteak eragin dituzte fatxadetan eta ibilgailuetan

ZORROTZ MORROTZ

Udan, nahita piztutako suteak izan dira Zorrotzako hainbat zaborrontzietan, eta kalteak eragin dituzte zenbait fatxada eta ibilgailutan. Halaber, etxean lotan zeuden pertsona batzuk artatu behar izan dituzte ospitalean, kea arnasteagatik. Eragindako sute horiek auzoko hainbat lekutan gertatu dira, beti goizaldean eta asteburuetan. Orain arte, ez da atxiloturik egon.

Sader eta Profersa Zorrotzatik behingoz ateratzeko data bat zehatz dezala eskatu diote auzotarrek Udalari beste protesta batean

Aire garbia arnastu eta etxeko leihoak beldurrik gabe ireki nahi dituztela aldarrikatu zuten hainbat herritarrek Bilboko udaletxean, Sader Profersa kanpora plataformak deituta. Bildutakoek Bilboko Udalari gogorarazi zioten hamar urte bete direla Sader enpresarekin hitzarmena sinatu zuenetik Zorrotzan bere jarduera eten zezan.

TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN

Sader Profersaren jarduera hirigunetik ateratzeko behin betiko amaiera-data argia eskatu zioten hainbat auzotarrek Bilboko Udalari ekainaren 12an udaletxeko eskaileretan egindako beste elkarretaratze batean.

Egoera larria eta premiazkoa den honetan, instituzioek ezer ez egiteari eustea ez dela ulergarria uste dute Sader Profersa kanpora! plataformako kideek. “Ez da onargarria hondakin arriskutsuen industria hau hirigunean mantentzea”. Arazoak urte osoan eragiten badu ere, udan tenperatura handiagoak direnean, zailagoa da jasatea, bizilagunek ezin baitituzte leihoak lasaitasunez ireki: “Arrain ustela, zaborra, amoniakoa, sufre dioxidoa… askotarikoak dira kiratsak. Haizearen norabidearen arabera, jasanezina da leihoak irekitzea.”

Protestaren antolatzaileek gogora ekarri zuten hau guztia azken urteotan ikus-entzunezko lan askoren agertoki bihurtu den Bilbon gertatzen ari dela. Baina udalerrian bertan ere, duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen eta inork ikusi nahi ez duen telesail bat badagoela salatu zuten: Zorrotza eta inguruko auzoetako bizilagunek “osasun-larrialdi jasanezin” bateko egiazko telesailean murgilduta jarraitzen dutela salatu zuten.

Fikziozkoa izatea nahiago balute ere, Sader eta Profersa enpresek sortzen duten kiratsa eta kutsadura “ez da industria abandonatu baten paisaia, ezta zinema dekoratua ere, benetako jarduera bat baizik, arrisku handikoa eta biztanleriarentzat ondorio larriak dakartzana”. Eta telefilmen eta zinemaren metaforari eutsita, utzikeria instituzionala eta herritarren nekea azalarazten dituen “istorio amaigabe” honen kronologia egin zuten Sader Profersa kanpora! plataformako kideek elkarretaratzea bukatu baino lehen irakurritako komunikatuan.

Hala, plataformako kideek berriro gogorarazi zuten 2012an instituzio publikoak, enpresak eta Auzo Elkarteak biltzen zituen “Usainen Mahaiak” azken bilera egin zuela, “elkarrizketa-gune egonkorrik sortu gabe eta eskatutako osasun-asterketa epediomologikoak baztertuta”. Handik hiru urtera, 2015ean, Bilboko Udalak gaur egun bete ez den hitzarmen bat sinatu zuen Saderrekin, bere jarduera Zorrotzan amaitzeko  prozesua bizkortzeko.

Ordutik, usain jasanezinengatik eta arnasa hartzeko aire egokirik ezagatik 112ra egindako deiak zenbatezinak izan dira; 2022an eta 2023an Saderrek baimendutako hondakin arriskutsuen kopurua gainditu zuen; 2024an bi istripu gertatu ziren eta behin-behinean ongarri-planta itxiarazi zuen horrek; eta azken ikuskapenek adierazi dute airearen, uraren eta lurzoruaren babes-neurriak ez direla betetzen. Aurrekari  hauek guztiak gorabehera, eta nahiz eta enpresen jarduera auzotik lekualdatzeko herri-mobilizazioak ugariak izan diren, herritarrek ez dute erantzun argirik jaso.

Institutuko airea ez da osasungarria

Era berean, Sader Profersa kanpora! plataformak jakinarazi zuen soilik egun batzuk lehenago Zorrotzako institutuko ikasleek AmiAire airearen kalitatea monitorizatzeko zientzia herrikoiaren proiektuan parte hartu zutela. Ikasleek egindako lanak frogatu zuen beren geletako airea ez dela osasungarria, eta halaber, lantegitik gertuen zegoen neurgailuak datu okerrenak jaso zituela, partikula kopuru gehien antzemanda.

Bilboko Udalak FEVEko bi tren pasabideak lurperatzeko sinatutako hitzarmena luzatzea onartu du

ZORROTZ MORROTZ

Bilboko Udalak Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren, Adifen eta Udalaren arteko hitzarmena aldatzea eta luzatzea onartu zuen ekainaren 11ko Gobernu Batzarrean, FEVEren trenbidea auzoan integratzeko eta bi tren pasabideak lurperatzeko. 1. eranskina onartuta,  hitzarmena lau urtez luzatu eta urteko ordainketak egokitu dira.

2019ko urtarrilean, lankidetza-protokoloa sinatu zuten Sustapen Ministerioak, Bilboko Udalak eta ADIFek, gai horri heltzeko. Hain zuzen ere, protokolo horren xedea  FEVEren linearen trenbidea Zorrotzako geltokiaren inguruan txertatzea eta obrek eragingo duten hiri-eraldaketa gauzatzea zen.

Jarduketa horiek garatzeko, 2021eko uztailaren 14an sinatu zen orain luzatuko den hitzarmena.

Proposatzen diren jarduketen artean, aurreikusten da metro bateko zabalerako linea Zorrotza auzotik igarotzean lurperatzea, Zazpilanda azpian –1.933 metro inguruko luzerarekin, arrapalak eta sarbide-tarteak barne–, eta, ondorioz, dauden bi trenbide-pasaguneak kentzea. Gainera, lurpeko geltoki berri bat eraikiko da auzoan.

A8 autobidearen gaineko pasabidea berrituko da

ZORROTZ MORROTZ

Udalak iragarri duenez, hiriko “azpiegitura berezietan” egiten den zaintza-lanaren ondorioz, hainbat beharrizan antzeman dira, eta mantentze-lanak egin behar dira oinezkoentzako hainbat pasabidetan, besteak beste, Usandizaga musikaria eta Ikastalde kaleak lotzen dituen eta A8 autobidearen gainetik igarotzen den oinezkoentzako pasabidean. Gure inguruko klima hezeak eragin ditu antzemandako narriadura gehienak.

Azpiegitura hori Aldundiaren jabetzakoa da, eta, beraz, bi erakundeek akordio batera iritsi beharko dute berritze-lanak egiteko eta, ondoren, jabetza eskualdatzeko.

XXVIII. Ipuin Lehiaketaren sariak banatu dira

ZORROTZ MORROTZ

Euskal Txokoak urtero antolatzen duen ipuin lehiaketaren sariak banatu berri dira ekainaren 23an Azoka parkean egindako umeentzako ikuskizun baten ondoren. Epaimahaiak benetan lan handia izan du berriro, guztira 200 ipuin baino gehiago jaso baitira. Gainera, aipagarria da lanen kalitatea: aurreikusita zeuden maila bakoitzeko lehenengo eta bigarren sariei, nagusien kasuan, hirugarren bat gehitu behar izan diete eta, horrez gain, bi mailetan aipamen batzuk egin behar izan ditu epaimahaiak. Mila esker idazle guztiei parte hartzeagatik!

Zorionak sarituei. Hona hemen haien izenak:

12 urtetik behera:

•          1. saria: Mikel De La Fuente Llantada.

•          2. saria: Miren Herrera Barreiro.

•          Aipamena: Bjahina Doubali.

DBH eta batxillergoko ikasleak:

•          1. saria: Ugaitz Martín Ortega.

•          2. saria: Aiala Rodríguez Sautua.

•          3. saria: Jone Osobio Rueda.

•          Aipamenak: Ziyad Ahachami eta Erika Gallardo Espinosa.

Molinos Vascosen estalkiak amiantoa dauka

Eraikinaren estalkia birgaitzeari ekitean, material toxiko horren ia hogei tona kendu beharko dira. Amiantoa eraikinaren teilatuan dago eta jausi iraunkorrak izaten ari dira azken hilabeteetan

TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN

Molinos Vascos eraikineko gero eta hondatuago dagoen teilatuan geratzen diren zuntz-zementuzko plantxek amiantoa dute. Material hori toxikoa da plantxa horiek manipulatzen edo apurtzen badira. Aldundiak eraikina berreskuratzeko idatzitako proiektuaren arabera, zehazki, amiantoarekin kutsatutako 19,48 tona material kentzea aurreikusi da.

Eraikinen estalkiak zaharberritzeko obra laster hastekoa da, lizitazioko azken fasean dago kontratua behin esleitutakoan. Baina bitartean, eta batez ere azken hilabeteotan, estalkia gehiago eta oso azkar hondatu da eta teilatuko plantxa batzuk lurrera erori dira.

El Correo egunkariko informazio baten arabera, Aldundiak azaldu du Bilbo Udaleko suhiltzaileak adi daudela egoerari. Albiste beraren arabera, Udalak berak adierazi du “ez dagoela arriskurik, horma bat eta hesi perimetral bat daudelako”, eta aldizka ikuskapenak egiten direla, balizko arrisku berriak antzemateko eta egoera aldatu ez dela ziurtatzeko.  Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, ordea, ez dago ados, eta kezka handiz hartu du albistea. Eraikinaren estalkia kolapsatzear dagoela urteak salatzen eman ondoren, eskandalizatua agertu da jakitean “airean erortzen eta ikusten ari garena oso material kantzerigenoa dela”. Federazioak azalpenak eskatu dizkio Udalari jakiteko nola ez dituen orain arte neurriak hartu. Izan ere, 7/2022 Legeak amiantodun instalazioen eta kokalekuen errolda bat egitera eta 2023ko apirila baino lehen hura kentzeko plangintza-egutegia egitera behartzen bazuen ere, Udalak 2024ko abenduan ez zeukan izapide hori beteta, Molinos Vascos eraikinean amiantoa zegoela jakin arren. Era berean, material toxikoa erabat kendu arte, bizilagunen osasuna babesteko eta amiantoaren eraginpean ez egotea bermatzeko zer babes-neurri hartuko diren argitzeko eskatu dio Udalari Auzo Elkarteen Federazioak.

Sader-Profersaren jarduerari amaiera emateko epemuga jartzeko eskatu die erakundeei beste manifestazio batek

Zorrotzako bi lantegi hauen lekualdatzearen inguruan eta jarduerari amaiera emateko epemuga bat eskatu zieten Udala eta Eusko Jaurlaritzari martxoaren 27an Basurtutik Zorrotzaraino bidea manifestazioan bete zuten mila pertsona inguruk

TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN

“Etengabe pozoi hutsa” etxebizitzetara iristeaz nekaturik, mila lagun inguruk parte hartu zuen Sader eta Profersaren jarduerari amaiera emateko eta aire garbia eskatzeko martxoaren 27an egin zen manifestazioaren bukaeran, lantegien aurrean. Basurtuko FEVE geltokitik atera zen protesta, eta hasieran bildutako ehundaka pertsonari, askoz jende gehiago batu zitzaien manifestazioa Zorrotzara heldu zenean.

“Hondamendi hutsa” den lantegiko sarreraren aurrean, komunikatu bat irakurri zuten Sader Profersa Kanpora plataformako bi kidek. Zorrotzako eta inguruko beste auzo kaltetuetako bizilagunak ez dira fio erakundeek egindako promesez eta iragarpenez. Bi lantegi hauen “lekualdaketaren ipuina” duela hamar urte baino gehiago hasi zela kritikatu zuten, baina hori gauzatu beharrean, gaur “bere horma eta teilatuak hegan doaz”, eta auzotarrek horren abisua eman behar dietela larrialdi zerbitzuei.

Protestaren antolatzaileek Udalari zein Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eta jendaurreko adierazpen publikoak egiteko  eskatu zieten. Aburto alkateari eta Udalari galdetu zioten zenbat denbora gehiago onartuko duen Bilboko erdiguneko etxebizitzen ondoan hondakin arriskutsuak tratatzen jarraitzea. Nora Abeteri, Mugikortasun eta  Hiri-berroneratzearen arduradunari, berriz, beste galdera bat bota zioten; ea inoiz bere buruari galdetu dion airearen kalitatearen datuak zergatik ez diren hobetzen. “Horma hauetatik ateratzen den hautsa arnastea probatu al duzu?”

Gainera, manifestariek gogorarazi zuten Sader bi urtez jarraian hondakin arriskutsuak tratatzeko zuen muga gainditu zuela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak tratamendu ahalmena handitzea baimendu dio, eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari galdetu diote handitze hori aldizkari ofizial batean noiz argitaratu den eta ea baimen hori “hondamendia den txabola” honetarako ere baliozkoa al den.