Sader eta Profersa Zorrotzatik behingoz ateratzeko data bat zehatz dezala eskatu diote auzotarrek Udalari beste protesta batean
Aire garbia arnastu eta etxeko leihoak beldurrik gabe ireki nahi dituztela aldarrikatu zuten hainbat herritarrek Bilboko udaletxean, Sader Profersa kanpora plataformak deituta. Bildutakoek Bilboko Udalari gogorarazi zioten hamar urte bete direla Sader enpresarekin hitzarmena sinatu zuenetik Zorrotzan bere jarduera eten zezan.
TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN
Sader Profersaren jarduera hirigunetik ateratzeko behin betiko amaiera-data argia eskatu zioten hainbat auzotarrek Bilboko Udalari ekainaren 12an udaletxeko eskaileretan egindako beste elkarretaratze batean.
Egoera larria eta premiazkoa den honetan, instituzioek ezer ez egiteari eustea ez dela ulergarria uste dute Sader Profersa kanpora! plataformako kideek. “Ez da onargarria hondakin arriskutsuen industria hau hirigunean mantentzea”. Arazoak urte osoan eragiten badu ere, udan tenperatura handiagoak direnean, zailagoa da jasatea, bizilagunek ezin baitituzte leihoak lasaitasunez ireki: “Arrain ustela, zaborra, amoniakoa, sufre dioxidoa… askotarikoak dira kiratsak. Haizearen norabidearen arabera, jasanezina da leihoak irekitzea.”
Protestaren antolatzaileek gogora ekarri zuten hau guztia azken urteotan ikus-entzunezko lan askoren agertoki bihurtu den Bilbon gertatzen ari dela. Baina udalerrian bertan ere, duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen eta inork ikusi nahi ez duen telesail bat badagoela salatu zuten: Zorrotza eta inguruko auzoetako bizilagunek “osasun-larrialdi jasanezin” bateko egiazko telesailean murgilduta jarraitzen dutela salatu zuten.

Fikziozkoa izatea nahiago balute ere, Sader eta Profersa enpresek sortzen duten kiratsa eta kutsadura “ez da industria abandonatu baten paisaia, ezta zinema dekoratua ere, benetako jarduera bat baizik, arrisku handikoa eta biztanleriarentzat ondorio larriak dakartzana”. Eta telefilmen eta zinemaren metaforari eutsita, utzikeria instituzionala eta herritarren nekea azalarazten dituen “istorio amaigabe” honen kronologia egin zuten Sader Profersa kanpora! plataformako kideek elkarretaratzea bukatu baino lehen irakurritako komunikatuan.
Hala, plataformako kideek berriro gogorarazi zuten 2012an instituzio publikoak, enpresak eta Auzo Elkarteak biltzen zituen “Usainen Mahaiak” azken bilera egin zuela, “elkarrizketa-gune egonkorrik sortu gabe eta eskatutako osasun-asterketa epediomologikoak baztertuta”. Handik hiru urtera, 2015ean, Bilboko Udalak gaur egun bete ez den hitzarmen bat sinatu zuen Saderrekin, bere jarduera Zorrotzan amaitzeko prozesua bizkortzeko.
Ordutik, usain jasanezinengatik eta arnasa hartzeko aire egokirik ezagatik 112ra egindako deiak zenbatezinak izan dira; 2022an eta 2023an Saderrek baimendutako hondakin arriskutsuen kopurua gainditu zuen; 2024an bi istripu gertatu ziren eta behin-behinean ongarri-planta itxiarazi zuen horrek; eta azken ikuskapenek adierazi dute airearen, uraren eta lurzoruaren babes-neurriak ez direla betetzen. Aurrekari hauek guztiak gorabehera, eta nahiz eta enpresen jarduera auzotik lekualdatzeko herri-mobilizazioak ugariak izan diren, herritarrek ez dute erantzun argirik jaso.
Institutuko airea ez da osasungarria
Era berean, Sader Profersa kanpora! plataformak jakinarazi zuen soilik egun batzuk lehenago Zorrotzako institutuko ikasleek AmiAire airearen kalitatea monitorizatzeko zientzia herrikoiaren proiektuan parte hartu zutela. Ikasleek egindako lanak frogatu zuen beren geletako airea ez dela osasungarria, eta halaber, lantegitik gertuen zegoen neurgailuak datu okerrenak jaso zituela, partikula kopuru gehien antzemanda.