Sader-Profersaren jarduerari amaiera emateko epemuga jartzeko eskatu die erakundeei beste manifestazio batek

Zorrotzako bi lantegi hauen lekualdatzearen inguruan eta jarduerari amaiera emateko epemuga bat eskatu zieten Udala eta Eusko Jaurlaritzari martxoaren 27an Basurtutik Zorrotzaraino bidea manifestazioan bete zuten mila pertsona inguruk

TESTUA ETA ARGAZKIA: AITOR MARÍN

“Etengabe pozoi hutsa” etxebizitzetara iristeaz nekaturik, mila lagun inguruk parte hartu zuen Sader eta Profersaren jarduerari amaiera emateko eta aire garbia eskatzeko martxoaren 27an egin zen manifestazioaren bukaeran, lantegien aurrean. Basurtuko FEVE geltokitik atera zen protesta, eta hasieran bildutako ehundaka pertsonari, askoz jende gehiago batu zitzaien manifestazioa Zorrotzara heldu zenean.

“Hondamendi hutsa” den lantegiko sarreraren aurrean, komunikatu bat irakurri zuten Sader Profersa Kanpora plataformako bi kidek. Zorrotzako eta inguruko beste auzo kaltetuetako bizilagunak ez dira fio erakundeek egindako promesez eta iragarpenez. Bi lantegi hauen “lekualdaketaren ipuina” duela hamar urte baino gehiago hasi zela kritikatu zuten, baina hori gauzatu beharrean, gaur “bere horma eta teilatuak hegan doaz”, eta auzotarrek horren abisua eman behar dietela larrialdi zerbitzuei.

Protestaren antolatzaileek Udalari zein Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eta jendaurreko adierazpen publikoak egiteko  eskatu zieten. Aburto alkateari eta Udalari galdetu zioten zenbat denbora gehiago onartuko duen Bilboko erdiguneko etxebizitzen ondoan hondakin arriskutsuak tratatzen jarraitzea. Nora Abeteri, Mugikortasun eta  Hiri-berroneratzearen arduradunari, berriz, beste galdera bat bota zioten; ea inoiz bere buruari galdetu dion airearen kalitatearen datuak zergatik ez diren hobetzen. “Horma hauetatik ateratzen den hautsa arnastea probatu al duzu?”

Gainera, manifestariek gogorarazi zuten Sader bi urtez jarraian hondakin arriskutsuak tratatzeko zuen muga gainditu zuela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak tratamendu ahalmena handitzea baimendu dio, eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari galdetu diote handitze hori aldizkari ofizial batean noiz argitaratu den eta ea baimen hori “hondamendia den txabola” honetarako ere baliozkoa al den.