Jaien balorazioa: “auzolana” ardatz

Behin auzoko jaiak pasata eta haietatik errekuperatzeko denbora nahikotxo izan ondoren, jaien ebaluazio objektiboa egiteko momentua heldu da. Aurten, zerbitzu publikoen balioa nabarmentzeko helburuarekin, auzoko eskola publikoei laga diegu pregoia, gora zuek!

Zorrotzako Jai Batzordeko kideen eta kolaboratzaileen esfortzu eta borondatezko lanari esker, aurten ere adin guztietarako pentsaturiko programazioa kaleratzea lortu dugu, eragozpen guztiak gaindituta. Izan ere, prezioen igoerak jaietan ere izan du bere inpaktua, eta estimatutako aurrekontuak igoerara moldatu behar izan ditugu.

Programazioaren aldetik mota guztietako kirol erakustaldiak eta tailerrak izan dira; eta 60 urte gorako ekintzen alde apustu egiten jarraitzen dugu. Auzoko taldeen ekarpenek (bertso saioak, koadrilen lehiaketak, dantzen agerraldia, txokolatada…), tabernek eskainitako ekitaldi musikal eta gastronomikoekin batera, gure programazioa aberastu egin dute. Datorren urteko haurrentzako programazioa hobetzea izango da helburua, besteak beste.  Barreak, algarak, dantzak eta ospakizunak ugariak izan diren arren, jaien giro alaia estaltzen saiatu diren gertakizun batzuk ere izan dira. Horien aurrean esan beharreko gauza bakarra: inolako erasorik gabeko auzo baten alde lan egiten jarraituko dugu auzokideok.

Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu zuen denbora auzoari eskaintzen diozuen guzti horiei: zuen laguntza ezinbestekoa da, eskerrik asko bihotzez! Jarrai dezagun batera lan egiten, auzo bizi eta anitza eraikitzen, “auzolana” lelotzat hartuta. Gure ebaluazioa amaitutzat eman dugu. Orain zuen balorazioa egiteko unea da. Edozein ekarpen egin nahi izanez gero, edota hurrengo jaietan parte hartu nahi izanez gero, jar zaitez Jai Batzordearekin harremanetan. Pozik izango gara gurekin batera jende proaktiboa izateaz. Anima zaitez!

Barreak, algarak, dantzak eta ospakizunak ugariak izan dira… 
Datorren urteko haurrentzako programazioa hobetzea izango da helburua, besteak beste

Chill Mafiak agur

Haize freskoa bezalakoa izan zen. 2021eko otsailaren 21a da eta “Zure kebapa” kantuko bideoklipa erakutsi dizu lagun batek. Freskotasuna eta halako identifikazio bat. Ez dituzu ezagunak, baina zure lagun batzuek bai. Egun pare baten ondoren “Gazte arruntaren koplak”-ekin lehertu zen dena. Ordutik ibilbide gorabeheratsu bat, beti jopuntuan egon direlako sentsazioa eta hainbat hanka-sartze. Eta parranda asko, jakina. Agur esango du Chill Mafiak, ez adiorik .

Baloraziotan hasiko dira orain asmo oneko betaurrekodunak, erredakzioetako saguak eta bost xentimoko iritzi emaileak. Zer izan zen, nola ulertu beharra dago “fenomenoa”, zer ekarri ote zioten euskal kulturari. Nola hasi ziren eta nola bukatu. Last Tour eta beste. Baietz zirudien, baina… Ez dute gezurrik esango. Filtrozko betarrekorik gabe errealitatea interesgarria da, halere.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo. Eguneratu du joko zelaia edo behintzat zelai horretan ildo berria jorratu. Emankorra. Ez die gainontzeko agenteei zuzenean eragin, hau da, dinamika zaharrei eutsi diete askok eta askok; etorriko direnei bidea leundu die, ordea. Iraultzarik ez da gertatu, beharrik ere ez, landak ongarritzea nahikoa baita datozenek erein dezaten. 

Zer izan da Chill Mafia? Akaso Iruñeko koadrila bat besterik ez, beraiek esan izan duten moduan. Prekarietatean jaiotako belaunaldi bateko katebegiak. Gazteen noraez eta kokatu ezina gorpuztu dutenak hala nahi izan gabe. Ez dira inoren ez ezeren bozeramale izan. Batzuek esango dute akatsak egin dituztela. Nik neuk ez ditut begi onez ikusten egindakoetako asko. Ez du garrantzi handirik horrek, baina. Kontua da dardara, lurrikara izatera iristen ez den baina plaka tektonikoak zalantzan jartzera behartzen duen ekina. Euskal kultura marko erreal batean kokatu dute, fikzio tutelatutik atera. Eta bai, lehen ere bazeuden kultura ofizialetik kanpoko proposamenak, markoak puskatzearen aldeko ekarpenak. Ez dira ez lehenengoak, ez azkenekoak. Baina bai agian arrotzenetakoak, festara gonbidatuta ez zeuden ezusteko bisitariak. Ez horregatik.

Chill Mafiak ez du euskal kultura lehertu, bide berriak seinalatu bai. Hautsa astindu eta gelak egurastu ere bai. Iruditeria eta hizkera berri bat ekarri du. Performantze kulturala ulertzeko modu berri bat, eskema zaharkitu, kontsentsu ustel eta aspaldiko inertzietatik kanpo…

Iraila

Konturatzerako beste irail bat etorri zaigu gainera. Iritsi bezala alde egin du udak. Lerrook idazten ditudan unean oraindik ere udan gaudela diote telebistan. Zeru grisen pean errutina berri batean murgilduta dabilenarentzat, ordea, udatik gutxi du irailak. Tira, irakasle jendearen kontuak dira hauek, izan badirenez uda betean lan eta lan jardun ondoren oporraldia orain hartuko dutenak. Horientzat esanahi zeharo desberdina izango du irailak.

Trantsizio garaia izan ohi da niretzat iraila, ortzimuga berriak ikusmiratzekoa. Berriak eta ez hain berriak. Hortxe dago konfort eremuaren kontzeptu hori, batzuek gorrotatua. Konfort eremua berez da desiragarria, nire irudiko. Guztion nahia beharko luke lasai eta zoriontsu bizitzeak, norbere buruarekin zein besteekin bakean. Autokonplazentziatzat dute hainbatek turbokapitalismo eta hiperaktibitatearen garaian. Izatekotan, konfort eremua zein den zehaztea, horrek dirudi garrantzitsuagoa. Ustez bertan goxo egonda lokatzetan egotea. Noraeza erosotasunarekin nahastea eta korronteak eraman zaitzala uztea.

Agian, eremuak eremu, irailaren sasifilosofia hori guztia jarri beharko genuke auzitan, inposatu nahi diguten bukaera-hasiera binomiotik atera, produktibitatearen hasierarekin lotuta baitago. Izan ere, hau dioskute, lau haizeetara, “eskolara buelta” itxurako esloganek: “Bukatu da aisia, gozatzeko denbora, gurpilera sar zaitezte berriro!” Horren kontra matxinatu daiteke norbera, bizimoduaren bitartez. Hainbeste zor diogu aisirik batere ez duen jendeari.

… Agian, eremuak eremu, irailaren sasifilosofia hori guztia jarri beharko genuke auzitan, inposatu nahi diguten bukaera-hasiera binomiotik atera, produktibitatearen hasierarekin lotuta baitago

Gerra

Mendebaldeko kulturaren muin-muinean dago gerra. Betidanik izan da gerrarik, borrokarik. Hortxe dago Homeroren Iliada, gerlariaren figura gizontasunaren eredutzat ezartzen duena. Antzinatea gatazkaz beteta dago, jakina denez, eta horietako bat jasotzen du liburuak; persiarren eta greziarren artekoa, hain zuzen. Literatura kanonaren oinarrian dago, beraz, gerra. Gaur egunetik hurbilago, ordea, XX. mendea da, ezbairik gabe, gerraren mendea. Gerra modernoa, historialariek aipatu dutenez, I. Mundu Gerrako frantziar larreetan jaio zen. Somme eta Verdungo basatzan loratu zen egun dugun gerraren iruditeria, gatazka beliko batean sistematikoki lehenbizikoz erabili zen eraikuntza garrantzitsuarekin batera: lubakia.

Kurioski, gaurko egunean ez da hori gerra esan eta burura datorkigun lehen gertakaria historikoa, Bigarrena aipatu ohi baita askoz gehiago. Ez dakit izango den Hollywood, amerikarren propaganda joria -lehenengoan parte hartze txikiagoa izan zuen-, edo Bigarrenak nazismoarekin izandako lotura, baina hura geratu da iruditeria kolektiboan iltzatuago, Lehenengoa izanda ere irudi horren oinarria. Akaso triskantzaren tamaina ere izan daiteke, izan ere, eta horrelakoetan konparazioak gorrotagarriak izan arren, Bigarrenaren suntsipenaren hedadura askoz handiagoa da. Kontua da egunotan liburu jakin bat iritsi zaidala eskuotara eta horrek eman dit gaiari buruz zer pentsa. Ernst Jüngerren In Stahlgewittern Altzairu erauntsia euskaraz- da berau. Jüngerrek mendebaldeko frontean soldadu gisa egindako urteen narrazioa da, modu gordin eta zuzenean kontatua. Pentsarazi dit zenbaterainoko eragina izan zuen gerra hark, esaterako, literaturan. Artean oro har. Bigarrenak irudimena geldiarazi zuen, -garai batez bakarrik, gero etorriko zen Spielberg-, Lehenengoak, ordea, garaiko idazle eta artista askorengan utzi zuen marka, lan ugariren pizgarri bihurtuz.

Europan Gerra danborren durundia entzuten hasi den honetan, uste dut gerraren ideiaz gogoetatzen hastea komeni zaigula. Ez da, jakina, egunerokoaren larritasunean erosoena. Nahikoa dugu Netflixen beste kapitulu bat jartzearekin, gerraren erauntsiak leihoak eztandarazi arte. Gerrari buruz irakurri, Saving Private Ryanetik harago joan eta gerran murgildu. Halere ez dugu gerraren ideia zipitzik izango. Baina beharbada harekin fribolizatzeko joera apalduko zaigu zertxobait eta utziko diogu ahoberokeriak esateari. Edo, larritasun handiagoz, beste aldera begiratzeari. Gerraz pentsatzea baita gerrari, hura gertatzeari aurre egiteko modurik onena. Nahiz eta, ez dezagun ahaztu, betidanik egon den gerrarik, borrokarik. Apika ez betiko, iragan irudikatu baten nostalgiaz. Bide Ertzeanen kantu hartan bezala, “Gerrarik ez zen, gerra baino lehen”.

… Beharbada gerrarekin fribolizatzeko joera apalduko zaigu zertxobait eta utziko diogu ahoberokeriak esateari. Edo, larritasun handiagoz, beste aldera begiratzeari. Gerraz pentsatzea baita gerrari, hura gertatzeari aurre egiteko modurik onena

Euskal Erroten agonia motela

Tristea eta tamalgarria da Euskal Errota Handien eraikinak, Zorrotzako eta Bizkaia osoko ondare historikoaren elementu garrantzitsuenetako batek, eraiki eta 100 urtera duen hondatze-irudia ikustea, kolapsoaren ertzean.

1924an inauguratu zen eta bere jarduera industrialak bost urte bakarrik iraun zuen. Ordutik aurrera, gero eta narriadura handiagoa izan du, eta ez zuen ezertarako balio izan Eusko Jaurlaritzak 2009an “monumentu kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun” izendatzeak.

Zorrotzako Auzo Mugimenduak eta IOHLEEek (Industri Ondarearen eta Herri Lanen Aldeko Euskal Elkartea) urteak daramatzate adierazten erakunde guztietan narriadura geldiezina dela eta premiaz esku hartzeko eskatzen. Hala ere, eraikinaren jabe den Almacenes Comerciales SL enpresak ez du bete eraikina behar bezala mantentzeko legezko betebeharra. Bestalde, Foru Aldundiak luze jo du gai honetan, nahiz eta mantentzearen erantzule subsidiarioa izan. Izan ere, Aldundiak eraikinaren mantentze-lanen proiektu bat aurkezteko eskatu zien jabeei 2021ean, baina ez dago proiektu hori aurkeztu izanaren berririk, eta ez da bete Aldundiak enpresa jabeari zigorra jarriko ziolako mehatxua.

Bestalde, 2022ko abenduan, erakunde publikoek eraikina erostea edo desjabetzea eskatzen zuen EH Bilduren ekimen bat eztabaidatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Ekimena ez zen onartu, eta asmo-adierazpen soil batek ordezkatu zuen. Aurrerago, 2023ko martxoan, Foru Aldundiak ere atzera bota zuen EH Bilduren beste ekimen bat, eraikina erostea edo desjabetzea eskatzen zuena.

2023ko martxoan bertan, Bilboko epaitegi batek izapideak egiteko onartu zuen herritar partikular batek eraikinaren jabearen aurka (ACSA sozietatea) jarritako salaketa, mantentze-faltaren ustezko ondare-delitu batengatik. Azken berria 2024ko urtarrilean atera da, Aldundiak iragarri baitu “aurten 1,2 milioi euro inbertituko dituela eraikinaren mantentze-lanetan”.

Egia esan, eraiki eta 100 urtera, eraikin horrek zutik dirau, hormigoiz egina izan zelako. Material oso gogorra delako. Hain zuzen ere jabeek eta mantentzeko ardura duten erakundeek duten aurpegia bezain gogorra.

Bai Zorrotzako Auzo Mugimenduak, bai IOHLEEek (Industria Ondarearen eta Herri Lanaren Defentsarako Euskal Elkartea) urteak daramatzate instantzia guztietan narriadura geldiezina adierazten eta lehenbailehen esku hartzeko eskatzen.

Scroll – Asier Urkiza

Asier Urkiza

Ohikoa izaten da gaur egun burua lurrinduta ibiltzea. Lausoaldi batean gabiltza atzera eta aurrera, uneoro arrastaka garamatzen estimuluen pean. Denboraren pisua gure gain eror dadin uzteko gaitasuna kamustu zaigula iruditzen zait. Edo bederen niri. Buruan milaka ideia eta bat ere ez, hego haize etengabe batek garuna laztanduko balitzaigu legez. Eta hego haize, zoro haize, badakizue. Mugikorra dagoeneko gorputz-adar bihurtuta, arretari eustea da egungo erronka nagusia. Ez dakit gure pertzepzio gaitasunean jadanik atzera ezinezko eraldaketarik gertatu ote den, ez dakit, ez dakit berandu ez ote gabiltzan. Millenialak garenok, are, boomerrak ere mugikorraren putzu sakon eta ilunean hondoratuta bagaude, nola ibiliko da ba sakelekoa eskuan jaio den belaunaldia… Ez nuke apokaliptikoegia jarri nahi, ezta gain-kritikan erori ere, baina kezkatzen nauen gaia da, aspalditik.

Nire buruarengan islatuta ikusten dut lehen-lehenik, ingurukoengan gero. Estimulu azkar eta laburren garaian bizi gara. Eta hori ematen dute Tik-tokek, Youtubek, Twitterrek eta Facebookek. Kontua, halere, ez da sare sozialak jo-puntua ezartzea, berez tresna erabilgarriak izan baizitezkeen. Tarteka hori ere badira, bestalde. Baina ez dezagun ahaztu algoritmoetan, algoritmo errepikakor, ikaragarri sinple baina eraginkorretan oinarritutako multinazionalak direla aplikazio horiek, milioiak tonaka irabazten dituztenak jende saldoak scroll egin ahala. Asko eta asko, Tik-tok esaterako, eduki sexualizatuak eskaintzen dizkiete hamabi urteko umeei eta hauek munduko gauzarik normalena bezala irensten dituzte. Eduki horiek zabaltzen diete pornoaren atea, inolako sexu heziketarik jaso aurretik. Eta jakina, arreta tartea ikaragarri murriztea dakar horrek guztiak, urtetan, egunean hainbat orduz bideo laburrak irensten egoteak eduki baduelako eraginik.

Millenialak garenok, are, boomerrak ere mugikorraren putzu sakon eta ilunean hondoratuta bagaude, nola ibiliko da ba sakelekoa eskuan jaio den belaunaldia… Kezkatzen nauen gaia da, aspalditik

Zaila zaie, ondorioz, iritzi artikulu baten ideia nagusiari antzematea, poema baten irakurketak eskatzen duen egonarri eta patxada izatea, gai baten inguruko iritzi kritikoa garatzea. Baina, eremu akademikora ez mugatzeko, lagunarteko harremanetan pazientzia izatea ere bai, begiak ireki eta inguruari so egitea. Sistemaren antsietatea anplifikatzen dute gailuek, sosegua, oreka ia desagertzeraino. Izan ere, halako laino bat dugu buruan, pertzepzioa lausotu eta desitxuratzen duena. Nik ez diot aplikaziook eta ditxosozko mugikorra alde batera utzita jendarte osasuntsuago eta zoriontsuago batean biziko ginatekeenik, ezta mobila betiko baztertu behar dugunik ere. Pentsatzekoa da, ordea, reset orokor baten ideia. Lehen edan bezala, jadanik berandu izan daitekeelako auzia birbideratzeko. Gordina da hau guztia, baina horrelaxe daude gauzak.

Poliedroak

Poliedroak gara. Emakumea, langilea, militantea, ama, alaba, ahizpa, laguna, maitalea, euskalduna, ekologista, feminista, internazionalista, … Zenbat izaera izan ditzake gorputz bakarrak? Zenbat kontraesan gorde dezake horrelako egitura konplexu bakar batek bere baitan?

Kontua da duela zazpi urte Frankismoari lotutako izenak ezabatu eta emakumeoi zor zaigun ikusgarritasuna emateko ekimen baten baitan, Udalak Clara Campoamorri gure auzoko kale bat eskaini ziola, eta iazko urritik haren mural erraldoia ikus daitekeela bertan. Ondoan, lelo hau: “Askatasuna erabiliz ikasten da”. Eta egiari zor, ikusten dudan aldiro, barruak nahasten zaizkit.

Ikuspegi feministatik ezin zaio ukatu emakumeon alde egindako ekarpena; miresgarria da  horrek ekarri zizkion sufrimendu eta miserien gainetik bereari eusteko izan zuen adorea. Baina hori poliedroaren aurpegi bat baino ez da,  hainbesteko distira daukana, non begiratzen diotenak itsutu egiten dituen eta gainerako aldeak  ikustea galarazten dien.

Izan ere, emakumeon eskubideen defendatzaile nekaezinak pulpitoa, zapaldu ororen askatasuna aldarrikatzeko erabili ordez, Espainiaren nagusitasuna defendatzeko erabili zuen,  besteak beste, euskaldunon aldarrikapen historikoak zein hizkuntza desagerrarazteko politikak bultzatuz. (Hori sinetsarazi nahi badigute ere, Euskal Herriaren asimilazio eta anikilazio prozesua ez baitzen Francorekin hasi).

Horrenbestez, nekez uler dezaket emakume hau Euskal Herrian askatasunaren ikurtzat hartzea,  Estokolmo sindromeak jota ez bada behintzat. Ni neu ere beste poliedro bat naizelako, alderdi asko dituen poliedroa, eta ezin nezake nire alderdietako bat besteen gainetik jarri. Hau da, ezin dut  feminista eta euskaldun artean aukeratu, izaera biek osatzen bainaute. Beraz, ezin mirets dezaket nire izaeraren zati garrantzitsu bat ukatu eta desagerrarazten saiatu den pertsona. Askatasuna ere poliedrikoa delako. Eta emakume askerik gabe herri librerik ez dagoen moduan, emakumeak ezin garelako libre izan gure herria, gure kultura, gure identitatea eta gure hizkuntza ukatzen dizkiguten bitartean.

Ezin dut  feminista eta euskaldun artean aukeratu, izaera biek osatzen bainaute. Beraz, ezin miretsi nire izaeraren zati bat ukatu eta desagerrarazten saiatu den pertsona

Horri gehitu behar zaio euskal herritar askok Espainiara begira bizitzeko duten joerak sorrarazten didan ezinegona eta kezka, mundua Espainian hasi eta bukatuko balitz bezala, haien historia geure eginez eta geureari bizkarra emanez. Bizenta Mogel, Mari-Luisa Erdocio, Julia Fernandez, Maurizia Aldeiturriaga, Elbira Zipitria, Maialen Lujanbio, Beatrice Molle … Emakume borrokalari eder askok osatzen dute Euskal Herriaren historia eta geografia, bakoitzak bere lubakian, euskaratik eta euskaraz, gizonen  neurrira egindako gizartean arrakalak sortuz ondorengo emakumeoi bidea ireki digutenak.

Auzoko kaleetako plaken eta hormen bidez  gizarte parekide eta justuago bat eraikitzea posible egin duten emakumeak goraipatzea iniziatiba ederra da benetan, baina aurre egin diezaiogun behingoz Estokolmo sindromeari, aldarrika dezagun geurea. Zorionez, berton emakume zoragarriak ditugu, apaltasun, ausardia eta erabakitasunez, Euskal Herriko gizarte poliedrikoaren norabidea argitu eta argitzen dutenak. Bete ditzagun gure kaleak haien izen eta irudiekin, hurrengo belaunaldien eredu izan daitezen, Euskal Herriaren poliedroak bere argi propioz, inori itzal egin barik baina inoren itzaletan egon gabe, indar handiz dirdir egin dezan.

Alaitz Aldabaldetreku

Epitafioa, obituarioa ala adierazpen solemnea?

Denbora aurrera doa
zahartzen ari gara.
Maitasuna ez dut atzo bezala islatzen.


Pablo Milanesen ‘Años’ abestia hausnarketa malenkoniatsu eta sakona da denboraren joanari buruz eta honek maitasun harremanetan duen eraginari buruz. Isilmandatua dirudien arren, nire maitasuna eta haren isla primeran daude. Baina politikoki motibaziorik ez izateak ezinegona sortzen dit.

Motibazio politikorik ezak ez du zerikusirik adinarekin; are gehiago, adinarekin erradikalizatzen ari naiz. Motibazio politikorik eza nire erreferente politikoaren noraezetik dator. Biratu behar zen transatlantiko hura jitoan dago. Nik honela, gordinkeriara, laburbiltzen dut: iraultzaile izatetik sozialdemokrata izatera, sozialdemokrata izatetik erreformista izatera.


Askoz hobeto azaldu zuen Joxerra Bustillok GARA egunkarian abenduaren 28an argitaratutako «Expectativas» iritzi artikuluan:

«Gertatu ohi dena da oposizioko indarrek, gaur egun EH Bildu den bezala, beren garaipen- itxaropenen hazkundearen aurrean erantzun ohi dutela, zentraltasuna apur bat behartuz. Horrek pragmatismo dosi bat dakar eztabaida politikoaren gai nagusiei dagokienez, eta horrek koalizioaren profil ezkertiar garbia desitxuratu dezake.»


Zentraltasuna, erreformismoa… sinonimoak ote dira?


Gai asko datozkit gogora: Madrilgo diputatuen kongresuan egindako lana, Hezkuntza Legea, Palestinako genozidioa, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren legeak, EAJrekin gobernatzeko aldez aurreko jarrera… Nire ustez, gai hauetan zein gainontzeko gaietan zentraltasuna bete dugu, hau da, erreformistak izan gara.


Norbaitek esango du mingotsa naizela, hobe dela txarra txarrena baino, euskal gizarteak oso ondo baloratzen duela egindakoa, eta hauteskunde autonomikoetarako inkestetan islatzen dela.


Botoa emango dut, botoa emango dizuet, noski, botoa ematerakoan ez dut sudurra estalita eramango, baina ilusiorik gabe, gogorik gabe egingo dut… «Eraiki ahal izateko harmonia ikaragarri hau, bihotzak zahartzen dituena.»

Bizitza lanbide

Asier Urkiza

Il mestiere di vivere, alegia, Bizitza lanbide – 1997an Maite Lopetegik euskarara ekarria- izenburua jarri zion Cesare Pavesek bere egunerokoari. Bizimoduaren artea, bizitzearen erronka. Ars vivendia. Ez da txorakerietarako kontua. Bizitzea da denik eta abenturarik zirraragarriena, baina ez da arnaste, egote hutsa. Aitzitik, bizimodua eraiki beharra dago, erabakiak hartuz, aktiboki; erabakirik ez hartzea, hau da, haizeak nora gu hara, hori ere erabakirik hartzea delako. Egunerokoan gauzatzen da bizimodua, horretan zehazten ditugu egin beharreko zirt edo zartak, orduen pilaketa trinko horretan funtsatzen da, ondorioz, bizitza. Aldakorra da, dinamikoa, ezegonkorra. Hori dela eta, egunero borrokatu beharra dago, egunero jokatzen baita partida. Parte-hartu behar dugu bizitzan, dadoa bota. Hordago eta enbido. Kartak ez ditugu beti aukeratzen, baina inork ez digu jokatuko guk egin ezean.

Bizitzak zentzurik duen galdera zaharrari ez diot erantzunik aurkitu, baina argi dut zentzurik izatekotan guk geuk eraiki beharrekoa dela. Eraikuntza hori egunerokoa da, tai gabekoa. Eta ederra da, garratza da, goxoa da, gogorra da. Langintzaren metaforekin jarraituz, Lavorare stanca -Lan egiteak nekatzen du– du izenburu Paveseren poema liburu batek. Bizitza nekagarria, biziminak eta ezinbiziak sarritan bizi gaituztenez. Izan ere, aspaldian jendea nekatuta antzematen dut nik, etsiak hartuta. Kopetilun samar eta inertziaz bezala aurrera egiten. Ez da joera berria, pandemia arotik arrastaka dakarguna baizik. Korronteak eramate hori da, hain zuzen, bizitza lantzearen kontrakoa. Bizitza landu beharra dago, bai, harginak harria nola, hari forma emateko, hura itxuratzeko. Eraman gaitzaten uztea -inertziak, sare sozialek, indiferentzia orokortuak, Twitterrek, gain-informazioak, Ideologiak- sistema petral honen ur sakonetan barneratzea da, bizimodu maingu bat besarkatzea. Ezerezerantz amiltzea, gero eta gutxiago gizaki, gero eta gehiago algoritmo. Alokatutako bizimodu bat bizitzearen antzeko zerbait.

Ez dago erraz eta ez dago bide bakarrik. Cesare Pavesek buruaz beste egin zuen Torinoko hotel batean, 41 urte zituela. Izan zen bere bizitzaren aztertzaile zorrotza eta akaso zorroztasun moral horrek eraman zuen galbidera. Akaso, eta paradoxikoki, bizitzarekiko gehiegizko atxikimenduak ekarri zion eguneroko errealitatea mendean hartzeko ezina, bere lagun Natalia Ginzburgi kasu egiten badiogu: “ez zion amore eman nahi eguneroko ibilbidea maitatzeari, zeina aurrera baitoa beti bat, eta itxuraz sekreturik gabe”. Bukaera tragikoa gorabehera, egunen joana maitatzeko adibide ederra ematen du piamontearrak. Hura sortzea, eraikitzea, ulertzea, besteekin batera egitea. Nork eraiki behar du berea, ordea, nork bere bidea urratu.

Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea eratu dogu eta lehen pausoak ematen hasiak gara

Zorrotzako NATOren Aurkako Taldea

NATO erakunde armatu bat da, Mendebaldeko kapitalismoa defendatzeko eta inperialismo gordinaren estrategian, beste herrialde batzuetan eskuak sartzeko, lapurretak egiteko edo gustatzen ez zaizkien gobernuak desagerrarazteko.

1986an egin zan erreferendumean Euskal Herriak ezetz esan eutson NATOri baie naz eta hori, aurrera jarraitu dau gaur egun arte, gero eta diru gehiago sartzen armetan, naz eta beraiek eragindako krisiak egon.

Auzoko talde hau osatu zan, igaz Bilbon egin zan NATOren aurkako manian. Mani horretan, lagun batzuek ikusi gendun ikuspuntu antzekoak geneuzkala eta auzoan honen inguruen zeozer egin behar genduela.

Manirako propaganda zabaltzen hasi ginan eta gero aurrera egitea adostu gendun. Garaien Ukraniako guda egoan pilpilean eta horregaz abiatzeko puntu bet ikusi gendun. Donbasseko alkartasunako Bilboko taldeagaz kontaktuen jarri ginan eta gaiaren inguruko dokumental bat auzoan emateko ideia atera zan.

Geure artean ondo lotzeko eta Bilboko taldeagaz ondo finkatu arte, denbora joan da eta azkenean abenduan egin dogu ekitaldie, dokumental baten aurkezpena.Batera Karabana Antifaxistaren aurkezpena egin gendun eta Euskal Herria Donbass Komitearen aldizkariaren aurkezpena ere egin gendun..