Scroll – Asier Urkiza
Asier Urkiza
Ohikoa izaten da gaur egun burua lurrinduta ibiltzea. Lausoaldi batean gabiltza atzera eta aurrera, uneoro arrastaka garamatzen estimuluen pean. Denboraren pisua gure gain eror dadin uzteko gaitasuna kamustu zaigula iruditzen zait. Edo bederen niri. Buruan milaka ideia eta bat ere ez, hego haize etengabe batek garuna laztanduko balitzaigu legez. Eta hego haize, zoro haize, badakizue. Mugikorra dagoeneko gorputz-adar bihurtuta, arretari eustea da egungo erronka nagusia. Ez dakit gure pertzepzio gaitasunean jadanik atzera ezinezko eraldaketarik gertatu ote den, ez dakit, ez dakit berandu ez ote gabiltzan. Millenialak garenok, are, boomerrak ere mugikorraren putzu sakon eta ilunean hondoratuta bagaude, nola ibiliko da ba sakelekoa eskuan jaio den belaunaldia… Ez nuke apokaliptikoegia jarri nahi, ezta gain-kritikan erori ere, baina kezkatzen nauen gaia da, aspalditik.
Nire buruarengan islatuta ikusten dut lehen-lehenik, ingurukoengan gero. Estimulu azkar eta laburren garaian bizi gara. Eta hori ematen dute Tik-tokek, Youtubek, Twitterrek eta Facebookek. Kontua, halere, ez da sare sozialak jo-puntua ezartzea, berez tresna erabilgarriak izan baizitezkeen. Tarteka hori ere badira, bestalde. Baina ez dezagun ahaztu algoritmoetan, algoritmo errepikakor, ikaragarri sinple baina eraginkorretan oinarritutako multinazionalak direla aplikazio horiek, milioiak tonaka irabazten dituztenak jende saldoak scroll egin ahala. Asko eta asko, Tik-tok esaterako, eduki sexualizatuak eskaintzen dizkiete hamabi urteko umeei eta hauek munduko gauzarik normalena bezala irensten dituzte. Eduki horiek zabaltzen diete pornoaren atea, inolako sexu heziketarik jaso aurretik. Eta jakina, arreta tartea ikaragarri murriztea dakar horrek guztiak, urtetan, egunean hainbat orduz bideo laburrak irensten egoteak eduki baduelako eraginik.
Millenialak garenok, are, boomerrak ere mugikorraren putzu sakon eta ilunean hondoratuta bagaude, nola ibiliko da ba sakelekoa eskuan jaio den belaunaldia… Kezkatzen nauen gaia da, aspalditik
Zaila zaie, ondorioz, iritzi artikulu baten ideia nagusiari antzematea, poema baten irakurketak eskatzen duen egonarri eta patxada izatea, gai baten inguruko iritzi kritikoa garatzea. Baina, eremu akademikora ez mugatzeko, lagunarteko harremanetan pazientzia izatea ere bai, begiak ireki eta inguruari so egitea. Sistemaren antsietatea anplifikatzen dute gailuek, sosegua, oreka ia desagertzeraino. Izan ere, halako laino bat dugu buruan, pertzepzioa lausotu eta desitxuratzen duena. Nik ez diot aplikaziook eta ditxosozko mugikorra alde batera utzita jendarte osasuntsuago eta zoriontsuago batean biziko ginatekeenik, ezta mobila betiko baztertu behar dugunik ere. Pentsatzekoa da, ordea, reset orokor baten ideia. Lehen edan bezala, jadanik berandu izan daitekeelako auzia birbideratzeko. Gordina da hau guztia, baina horrelaxe daude gauzak.