Gerra
Mendebaldeko kulturaren muin-muinean dago gerra. Betidanik izan da gerrarik, borrokarik. Hortxe dago Homeroren Iliada, gerlariaren figura gizontasunaren eredutzat ezartzen duena. Antzinatea gatazkaz beteta dago, jakina denez, eta horietako bat jasotzen du liburuak; persiarren eta greziarren artekoa, hain zuzen. Literatura kanonaren oinarrian dago, beraz, gerra. Gaur egunetik hurbilago, ordea, XX. mendea da, ezbairik gabe, gerraren mendea. Gerra modernoa, historialariek aipatu dutenez, I. Mundu Gerrako frantziar larreetan jaio zen. Somme eta Verdungo basatzan loratu zen egun dugun gerraren iruditeria, gatazka beliko batean sistematikoki lehenbizikoz erabili zen eraikuntza garrantzitsuarekin batera: lubakia.
Kurioski, gaurko egunean ez da hori gerra esan eta burura datorkigun lehen gertakaria historikoa, Bigarrena aipatu ohi baita askoz gehiago. Ez dakit izango den Hollywood, amerikarren propaganda joria -lehenengoan parte hartze txikiagoa izan zuen-, edo Bigarrenak nazismoarekin izandako lotura, baina hura geratu da iruditeria kolektiboan iltzatuago, Lehenengoa izanda ere irudi horren oinarria. Akaso triskantzaren tamaina ere izan daiteke, izan ere, eta horrelakoetan konparazioak gorrotagarriak izan arren, Bigarrenaren suntsipenaren hedadura askoz handiagoa da. Kontua da egunotan liburu jakin bat iritsi zaidala eskuotara eta horrek eman dit gaiari buruz zer pentsa. Ernst Jüngerren In Stahlgewittern –Altzairu erauntsia euskaraz- da berau. Jüngerrek mendebaldeko frontean soldadu gisa egindako urteen narrazioa da, modu gordin eta zuzenean kontatua. Pentsarazi dit zenbaterainoko eragina izan zuen gerra hark, esaterako, literaturan. Artean oro har. Bigarrenak irudimena geldiarazi zuen, -garai batez bakarrik, gero etorriko zen Spielberg-, Lehenengoak, ordea, garaiko idazle eta artista askorengan utzi zuen marka, lan ugariren pizgarri bihurtuz.
Europan Gerra danborren durundia entzuten hasi den honetan, uste dut gerraren ideiaz gogoetatzen hastea komeni zaigula. Ez da, jakina, egunerokoaren larritasunean erosoena. Nahikoa dugu Netflixen beste kapitulu bat jartzearekin, gerraren erauntsiak leihoak eztandarazi arte. Gerrari buruz irakurri, Saving Private Ryanetik harago joan eta gerran murgildu. Halere ez dugu gerraren ideia zipitzik izango. Baina beharbada harekin fribolizatzeko joera apalduko zaigu zertxobait eta utziko diogu ahoberokeriak esateari. Edo, larritasun handiagoz, beste aldera begiratzeari. Gerraz pentsatzea baita gerrari, hura gertatzeari aurre egiteko modurik onena. Nahiz eta, ez dezagun ahaztu, betidanik egon den gerrarik, borrokarik. Apika ez betiko, iragan irudikatu baten nostalgiaz. Bide Ertzeanen kantu hartan bezala, “Gerrarik ez zen, gerra baino lehen”.
… Beharbada gerrarekin fribolizatzeko joera apalduko zaigu zertxobait eta utziko diogu ahoberokeriak esateari. Edo, larritasun handiagoz, beste aldera begiratzeari. Gerraz pentsatzea baita gerrari, hura gertatzeari aurre egiteko modurik onena